Prentsa Oharren banner

Udalak Judimendi, Adurtza eta Salburura zabalduko du superetxadien plana

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok azaldu duenez, Santa Luzia, Jose Uruñuela, Dultzaina eta Mariano San Miguel Musikariaren kaleak izango dira estrategiaren barruan sartzen hurrengoak, eta Salburuko sektore batean ere esku hartuko da, zeina Brusela hiribideak, Deba Arroaren kaleak eta Salburua bulebarrak mugatzen baitute.

 

Udalaren superetxadien plana Santa Luzia eta Mariano San Miguel Musikariaren kaleetan (Judimendi) eta Jose Uruñuela eta Dultzaina kaleetan (Adurtza) jarraituko da garatzen, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok arloko batzordean jakinarazi duenez. Horretaz gain, Salburuko sektore batean ere esku hartzea aztertzen ari da saila, zeina Brusela hiribideak, Deba Arroaren kaleak eta Salburua bulebarrak mugatzen baitute, eta Zabalganeko Ilustrazioaren hiribidean esku hartzea aurreikusi da halaber.

Amaia Barredok gogora ekarri duenez, auzoz auzo zehazten ari dira jarduketa horiek, espazioak baketzeko, trafiko masiboa moteltzeko eta soberako trafikoa kanpora ateratzeko, aparkalekuak kendu gabe: “espazio publikoa berriz diseinatzeko proposamena oinarrituko den funtsezko pieza dira. Horri esker, ingurumen-kalitatea areagotuko duten aldaketak egin ahal izango dira, hiriko berdeguneak eta kaleko aisialdiko erabilerak eta jarduerak areagotzeko aukera emanez, eta kaleen erosotasuna eta bizigarritasuna are gehiago hobetzera bideratutako kontzeptu berriak sartu ahalko dira, baita oinezko joan-etorriak eta herritarrek espazio publikoa erabili eta gozatu dezaten sustatu ere”.

Amaia Barredoren iritziz, superetxadiak “aukera paregabea dira merkataritza dinamizatzeko, oinezkoentzat egokitu diren guneetan egiaztatu ahal izan denez, esaterako, Antso Jakitunaren kalean, Santa Barbara plazan eta, berriki, Tornay Medikuaren kalean. Ildo horretatik, trafikoa moteltzeko esku-hartzeak egin dira, bidegorri berriak egokitu, eta oinezkoentzako lehentasuna ezarri zenbait kaletan”.

Jarduketa horietako bat San Antonio kalearen berregituratzea da, non hosto laranja eta gorrixkekiko bi eguzkilore handi margotu baitira Florida kalearekiko bidegurutzean eta Legebiltzarreko tranbia-geltokiaren ondoan. Sinbolo horrek sustrai sendoak ditu euskal folklorean, antzinatik paratu ohi baita baserrietako ateetan babesgarri gisa. Udalak oinezkoen lehentasuna irudikatzeko aukeratu du, eta beste kale batzuetara ere zabalduko du, superetxadiak hedatu ahala. “Espazio publikoa beste modu batean kudeatzeko ari gara lanean. Esku-hartze horrek irauteko asmoa du, hirian espazio publiko berria eratzeko xedez. Horrexegatik dago sinbolismoz betea, eta Udalak espazio publikoaz duen ikuspegia ongi islatzen duela uste dut. Herritarrek seguru mugitzeko duten eskubidea bermatu ahal duen espazio publikoa izateaz gain, urrunago joan nahi dugu.  Espazio publikoaz gozatzeko eta herritar orok hura bizi ahal izateko eskubidea bermatzen duen lekua izatea nahi dugu”, nabarmendu du zinegotziak.

 

Orain Gasteiz plana

San Antonio eta Miranda de Ebro kaleetako jarduketak Urtaranen gobernuak landutako Orain Gasteiz planean espazio publikorako iragarri ziren ekintzen barruan sartzen dira. Gasteizko ia auzo guztietan barrena hainbat jarduera martxan jartzea proposatzen zuen planak, hiria normaltasun berrira egokitzeko.

Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana oinarri hartuta, hiru eremutan diseinatu ziren neurriak: espaloiak zabaltzea oinezkoak ibiltzeko zenbait espaziotan, bizikleta-konexioak sortzea lantokietara eta industrialdeetara, eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planean —berrikusten ari da orain— identifikatutako superetxadietan jarduketak garatzea.

Plana betetzeko 400.000 eurotik gorako inbertsioa egingo da; zehazki, 8,5 kilometro espaloi handituko dira, 8 kilometro bizikleta-bide berri egingo, eta superetxadien barruan esku hartuko.

Plana mailaz maila garatzen ari da, fase bakoitzari emandako lehentasunaren arabera, eta 2020an zehar ezartzea da asmoa. Zegokionean esan zen bezala, jarduera horietako batzuk behin betikoak izango dira, eta beste batzuk behin-behinekoak, baina baliteke azken horiek denboran irautea.

Hasteko, jende ugari dabilen espazioetan oinezkoentzako espaloiak zabaltzeko esku-hartzeak egin ziren. Lan gehienak baliabide propioak erabiliz egin ziren, behin-behineko, piboteak, hesiak eta pintura baliatuz batez ere, deseskalatze prozesuaren 0 fasean.

Sei kaletako espaloiak zabaltzeko jarduera horiei esker, segurtasun-distantzia bermatu ahal izan zen hasierako faseetan, mugikortasuna oso mugatua baitzen, ordu-tarteetan banatuta. Maiatzaren hasieran ekin zitzaien lanei, hiriko kale jendetsuenetan: Manuel Iradier eta Florida kaleak; gero, Frantzia eta Ortiz de Zarate kaleetara zein San Antonio eta Frantzia kaleen arteko bidegurutzera zabaldu ziren; azkenik, Domingo Beltran de Otazu eta Ramiro Maeztu kaleen arteko bidegurutzean eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean, Done Jakue hiribideko zubian (Madril kalearen gainetik), Bake kalean eta Zadorra hiribidean jarraitu zuten.

Hiriko lantokietarako eta industrialdeetarako bizikleta-konexioak hobetzeko alternatibei dagokienez, aurreikusitako gehienak garatu dira, eta zenbait lan txiki baino ez da geratzen bidegorri berriak amaitzeko kale hauetan: Artapadura, Gamarrako atea, Ozeano Barea, Legutianoko Atea eta Oto hiribidea.

Abiarazteko geratzen zen azken konexioa Bremen kaleko bidegorria zen, eta Udalak joan den irailaren 4an esleitu zuen, 133.783,92 euroan. Bide  horrek Mariturri hiribideko eta Antonio Machado kaleko bizikleta-bideak lotuko ditu, eta laster hasiko dira egiten. Promociones y Pavimentaciones enpresari esleitu zaio kontratua, eta gauzatzeko epea hiru hilabetekoa da.

 

Share