Prentsa Oharren banner

Udalak 45.000 euroko laguntza emango dio Teatro Paraíso konpainia gasteiztarrari  

Gasteizko Udalak Teatro Paraíso konpainiarekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du, 2020an haur eta gazteei zuzendutako antzezte jarduerak garatzeko. Zehazki, Iparralde gizarte etxeko Beñat Etxepare aretoko programazioa kudeatu eta garatzeaz arduratuko da, eta  ‘POCTEFA-Mind the Gap’ europar proiektua aurrera eramateaz.

“COVID-19arekin lotuta Teatro Paraíso taldeak planteatu duen proiektua ikastetxeetarako itzuleran lagundu nahi du, itxialditik irtetea eta komunitateko bizitzaz gozatzea ospatzearren”, azaldu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Teatro Paraíso-k 45.000 euroko dirulaguntza jasoko du, honela banatuta: batetik, 35.000 euro Beñat Etxepare antzokiko jarduerak kudeatzeko; bestetik, 10.000 euro ‘POCTEFA-Mind the Gap’ proiektua finantzatzeko.

Beñat Etxepare antzokiko programazioak 3 eta 16 urte bitarteko publikoarentzako ikuskizunak barne hartuko ditu. Areto horretan sorkuntza artistikoa ere bultzatzen da, bai konpainia egoiliarrarena bai beste proiektu batzuena. Orobat, “Ikusle izatearen artea” programa egiten da bertan, hausnarketa eta prestakuntza-jarduerak eta ikusleei hurbiltzeko jarduerak barne hartzen dituena, hala nola “Agertokira”, ikusleekiko solasaldiak eta ‘Vital Antzerki’.

Bestetik, Udalaren Antzoki Sareak kreditu-erreserba bat (7.000 euro, BEZ barne) egingo du “Zerbitzu enpresak” partidaren kontura Beñat Etxepare antzokiko jardueretarako, behar diren teknikari laguntzaileak eta atezain eta aretozainak jartzeko. Partida hori agortzen denean Teatro Paraíso arduratuko da zerbitzu horiek ordaintzeaz.

Beñat Etxepare antzokiak proiektuaren ohiko babesle eta laguntzaileen sostengua egiaztatu du dagoeneko: Eusko Jaurlaritza, Biargi Sarearen bidez; Vital Fundazioa; La Casa del Libro; ‘El Correo’, eta EITB.

‘POCTEFA-Mind the Gap’

‘POCTEFA-Mind the Gap’ europar proiektuak arte-hezkuntzarekin eta alfabetatze kulturalarekin lotutako zenbait ekintza biltzen ditu: Beñat Etxepare sari-banaketa, bitartekaritza artistikoari buruzko mintegia, ‘Artea eta hezkuntza’ ikastaroak eta Gasteizko familiekin egitekoak diren jarduera artistikoak.

Europar Batasuna agertuko da proiektuaren sustatzaile gisa, artearen alorreko prestakuntza eta hezkuntza jarduerei ekarpen zuzena eta esklusiboa egiten baitie. Europar ekarpenak egitekoak diren ekintzen % 70 finantzatzen du.

Share