Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 urria 2018 14:48

 

Teodoro González de Zárateren familiak erretratu bat eman du dohaintzan, zeina leku nagusian jarri baita tropa frankistek 1937an hildako alkatearen izena eramango duen aretoan

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Udalak omenaldi beroa egin dio gaur Teodoro González de Zárateri, haren familia bertan zegoela; Gasteizko lehen alkate hautetsia izan zen hura, eta tropa frankistek 1937an hil zuten.

Gorka Urtaran alkateak Teodoro González de Zárateren senideek haren erretratu bat dohaintzan eman izana eskertu du; haren izena daraman aretoan leku nagusian egongo da gaurtik aurrera koadroa.

Maite González de Zárate bilobak eman du dohaintzan koadroa. Esker oneko agertu da, eta gaurkoa “emozioz eta eskertzaz betetako eguna” dela esan du, “koadroak egon behar duen lekuan egotea lortu dugulako“.

 

Tomás Alfarok 1933an egindako olio-pintura da. 1937ko martxoaren 31n hil zuten tropa frankistek Teodoro González de Zárate. Azazetako mendatean fusilatu zuten beste 15 pertsonekin batera, denak altxamenduaren aurkako joera ideologiko eta formazio politikoetako kide zirelarik.

Gorka Urtaran alkateak eskerrak eman dizkio Teodoro González de Zárateren familiari dohaintzagatik, eta gogoratu du agintaldi honetan “lan handia” egin dela “giza eskubideak eta bakearen kultura aldezteko”. “Bai gertuko memoriari dagokionez —banakako omenaldiak egin zaizkie hala ETAren terrorismoaren biktimei nola polizia indarkeriaren biktimei, martxoaren 3ko biktimei, esaterako— bai memoria historikoari dagokionez: memoriaguneak sortu dira, duela gutxi omenaldia egin zaie Heinkel hegazkinaren biktimei,  emakumeek “Red Álava” izenekoan betetako papera ezagutarazi da, frankismoaren biktimen eguna sortu, eta haien omenezko eskultura jarri, besteak beste. Gaur beste urrats bat egin dugu, aretoari “Teodoro González de Zárate alkatea” deitzea erabaki baitugu aho batez.

 

 

 

Share