Prentsa Oharren banner

Gasteizek bere turismo-eskaintza aurkeztu du Madrilen

Lan jardunaldia “Etorri bidaiatzera” kanpainaren parte da, eta horrekin Arabak bisitariak bilatu nahi ditu Espainiako hainbat hiritan

Gasteizek bere turismo-eskaintza “seguru eta jasangarria” aurkeztu du gaur Madrilen berrogeita hamar bat bidaia agentziaren, bidaia agentzia handizkariren eta prentsa espezializatuko kazetariren aurrean. Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren eta Turismoaren zinegotzi Maider Etxebarriak hiriaren turismo-eskaintza goraipatu du “Etorri bidaiatzera” kanpainaren barruan antolatutako lan jardunaldian, Araba eta bere hiriburua nazio mailan ezagutarazteko pentsatua. Aurkezpenean bigarren diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren foru diputatu Cristina Gonzálezek, Gatz Harana Fundazioaren zuzendari Pablo de Oraák eta Santa Maria Katedrala Fundazioaren zuzendari Jon Lasak ere hartu dute parte.

Etxebarriak azpimarratu duenez, Gasteizek eskaintza “oso eta kalitatezko” bat dauka, eta ekoturismoa, ondarea eta gastronomia uztartzen ditu, besteak beste. “Oso hiri gutxik ematen diote bisitariari hain ondo zaindutako Erdi Aroko hiriguneaz gozatzen egon, eta oinez minutu gutxitan espazio naturaletara iristeko aukera, bertan erlaxatu, ibili eta kirola egiteko”, azpimarratu du.

Share

Antonio Resines aktorea, Gasteiz eta Arabako turismoa sustatzeko bideo baten protagonista

Bideoa kanpaina indartsu baten bidez zabalduko dute sare sozialetan

Maider Etxebarria: “Gasteizen eta Araban ondarea, natura eta gastronomia ez ezik, lasaitasuna eta segurtasuna ere baditugu”

Cristina González: “Ekintza honen bitartez, estatuko merkatuko bisitarien arreta eta bisitariak beraiek erakarri nahi ditugu”

Antonio Resines aktorea da Gasteiz eta Araba turismo-helmuga gisa sustatzeko bideo baten protagonista; ibilbide ikusgarri baten bitartez bertako erakargarri nagusiak erakusten ditu bideoak. Ikus-entzunezkoa gaurtik aurrera zabalduko dute sare sozialetan, kanpaina indartsu baten bitartez. Hainbat artisten eta komunikabideetako profesionalen babesa du hanpaina horrek eta, haiek, guztira, milioi bat jarraitzaile baino gehiago dituzte.

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak bultzatu dute kanpaina, estatuko merkatuko bisitarien arreta piztu eta bertara erakartzeko.”Antonio Resines oso aktore ezaguna da eta publikoak oso maite du, eta ziur gaude uda berezi honetan gure turismo baliabideak ezagutarazten lagunduko digula”, azaldu du Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko diputatu Cristina Gonzálezek.

Lehenengo alkateorde eta Ekonomia, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak ziurtatu du Gasteiz eta Arabak oso eskaintza erakargarria dutela, natura, ondarea, gastronomia eta turismo aktiboa baitituzte, eta honako hau nabarmendu du: “Eskaintza hori are erakargarriagoa da orain, une honetan jende askok nahi dituen beste gauza batzuk ere baditugulako: ingurune zabalak, lasaitasuna eta segurtasuna. Eta horren berri eman nahi dugu”.

Turismoa sustatzeko proiektu horrek hainbat tresna ditu ikus-entzunezko ekoizpena ‘biralizatzeko’ eta, era horretan, ahalik eta pertsona kopuru handienarengana iristeko. Besteak beste, kanpaina indartsu bat jarriko dute abian sare sozialetan. Hainbat artistek eta komunikabideetako profesionalek hartuko dute parte kanpaina horretan eta, haiek, guztien artean, milioi bat jarraitzaile baino gehiago dituzte.

Ibilbide osoa

Ikus-entzunezkoa Gasteizko Andra Maria Zuria plazan hasten da eta Erdi Aroko Almendrako txokorik ospetsuenetako batzuk erakusten ditu ondoren, esaterako, Otxanda Andrearen dorrea edo Montehermoso jauregia; horren ostean, Gasteizko pintxo famatuak dastatzen ditu eta, gero, Santa Maria katedralaren sekreturik ezkutuenak erakusten. Ikusleek tenpluaren zorupea ikusi ahal izango dute, nabe nagusia, triforioa eta dorrea.

Arabako Errioxa da Araban zeharreko bidaiaren bigarren etapa. Bertan, upategi ezagunenetako batzuk ikusten dira, eta ondoren, mahastien artean afari erromantiko batez gozatu, eta Guardiako kaleetan barna ibiliko da ikuslea. Handik, Gesaltza Añanara egiten du salto bideoak, Gatz Harana erakusteko: Michelin izarrak dituzten sukaldari entzutetsu askok erosten duten gatza egiteko erabiltzen diren larrainak, ur gazia garraiatzen duten kanalak eta gatz spa.

Ikus-entzunezkoa irudi karrusel batekin amaitzen da, eta Arabako eskualdeetako baliabide nagusietako batzuk erakusten ditu, bata bestearen atzetik azkar-azkar: Nerbioi ibaiaren jauzia, Kexaako monumentu multzoa, Landako eta Garaioko barrualdeko hondartzak, Zabalateko gaztelua, Santa Katalina lorategi botanikoa, Varonatarren dorrea, Vasco-Navarro bide berdea, Izkiko golf zelaia, Alaitzako eta Gazeoko eliza margotuak, parke naturalak etab.

Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia sustapen estrategia integral eta koordinatua garatzen ari dira aurten, hiru ardatzen inguruan: barne turismoa sustatzeko “Geldi zaitez” kanpaina, oraindik garatzen ari dena; Antonio Resines protagonista duen sare sozialetako kanpaina, batez ere merkatu nazionalari zuzendua, eta hirugarren kanpaina bat, datozen egunetan argitaratuko dena, eta hurbileko turismoa erakartzea helburu duena.

Share