Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  23 urtarrila 2019 13:35

Udaltzaingoak 80 esku hartze egin zituen 2018an bide publikoan gertatutako txakur-hozken kasuak zirela eta; 50 kasutan pertsonei egin zieten horzka eta gainerakoetan beste txakur batzuei. Gehienetan, animaliak aske zeudelako gertatu zen. Egoera horietan –092an udaltzainak bertaratzeko eskaria jaso ondoren–,  esku-hartze protokoloa aktibatu zuten Agirrelandako Ingurumen taldeko patruilek.

Esku hartze horietan, udaltzainak eskatutako lekuetara joaten dira eta, aldeen datuak jaso ondoren, albaitari batek horzka egin duen txakurra aztertu behar duela adierazten duen jakinarazpena ematen dute, 101/2004 dekretuan xedatutakoaren haritik. Azterketa kliniko hori ahalik eta azkarren egin behar da, eta jabeak aukeratu egin dezake Animaliak Babesteko Zentrora eraman eta bertan egitea, edo etxean egitea, albaitari baten zerbitzuak baliatuta.

Udaltzainek erietxe batera joateko esaten diote erasoa jasan duen pertsonari, bertan sendatu dezaten, eta lesio-partea eman diezaioten. Datu horiekin guztiekin txostena idazten da, udalaren Osasun Publikoaren Zerbitzura bidaltzeko, eta txakurren jabeek egin ahal izan dituzten bestelako arau-hausteak ere adierazten dira bertan. 2018an mota honetako 45 dosier izapidetu ziren.

Txakurra sailkatzea

Informazio hori guztia jaso ondoren, txakurra sailkatzeko izapideak abiarazten dira, eta txakur hori edukitzeko baldintza berezi batzuk ezarriko dira, urtebetez: muturrekoa eta bi metrotik beherako kate luzaezina eraman beharko du, eta, horretaz gain, 120.000 euroko estaldura duen asegurua izan beharko du. Aldi horretan, jabeek txakurren sailkapena aldatzeko aukera izango dute; horretarako txakurraren hezitzaileak edo etologoak  txakurraren sailkapena positibotzat jo beharko du peritu-txostenean.

Txakurrak horzka egin ondoren herritarrak lesioen eta kalteen gaineko erreklamazioa egin nahi izanez gero, animaliaren jabearen aseguru-etxera bideratu beharko du. Kudeaketa hauek emaitzarik lortu ezean, bide zibilaren bitartez sala liteke. Horretaz gain bide penala ere badago; iaz lau argiketa izapidetu ziren Agirrelandan bide horretan (arduragabekeria larriek eragindako lesio larriagoen kasuetarako bide irekia da).

Txakur batek beste bati horzka eginez gero, patruila bertara joaten da, hala eskatuz  gero, eta datu guztiak jasotzen ditu, zauritutako animaliaren jabeak animalia albaitariarengana eraman aurretik  Aurreko kasuan bezala, dagokion txostena egiten da Osasun Publikora bidaltzeko, gertatu ahal izan diren administrazio arau-hausteak tramitatu eta bide judiziala abiarazi (kalte-ordainei dagokionez adostasunik ez badago).

 

Share