Prentsa Oharren banner

Alkateak gogorarazi du asteburu honetan ez dela jai-ekitaldirik batere izango, eta dei egin du arduraz eta zentzuz jokatzeko

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek herritarrei gogorarazi die asteburu honetan ez dela jai-ekitaldirik batere izango, eta arduraz eta zentzuz jokatzeko deia egin die, bai egun horietan, bai uda osoan.

Uda honetan, ondo pasa, burua galdu gabe” lemaren ildotik, Gorka Urtaranek oso mezu argia zabaldu du: “Asteburu honetan ez da Blusa eta Nesken Eguneko jairik izango, handik gutxira ere Andre Maria Zuriaren jai-ekitaldirik izango ez den bezala. Aisialdia aprobetxatzera animatzen ditugu herritarrak, burua galdu gabe ondo pasatzeko. Horrek esan nahi du: jende-pilaketei ihes egitea, maskara behar bezala erabiltzea, kalean festarik ez egin eta kale-zurrutean ez ibiltzea, eta gure eta besteen osasuna arriskuan jartzen duten egoerak saihestea”

Alkateak gogorarazi du marka guztiak hausten ari dela Covid birusaren transmisioak. “Ezin dugu horrela jarraitu”, esan du amaitzeko. “Uda osoan garatzen ari garen kultur programazioa dugu Gasteizen, eta herritarrak bertako ekitaldietan parte hartzera animatzen dugu, baina, hori bai, betiere ardura eta sen ona oinarri hartuta“.

Share

“Uda honetan ondo pasa burua galdu gabe”, Udalaren mezua ongi pasatzeko eta aldi berean osasuna zaintzeko

Alkateak eta Kultura zinegotziak atseden hartzeko eta dibertitzeko dei egin dute, baina birusaren transmisioa eragozteko gomendioak ahaztu gabe

Gorka Urtaran audioa

“Uda honetan ondo pasa burua galdu gabe” mezua zabaldu nahi du Gasteizko Udalak herritarren artean, ongi pasa dezaten, baina beren osasuna eta gainerakoena zainduz. Alkate Gorka Urtaranek eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok atseden hartzeko eta dibertitzeko dei egin dute gaur goizean, baina covid gaixotasunaren transmisioa eragozteko gomendioak ahaztu gabe.

Alkateak azaldu duenez, “aurten, inoiz baino gehiago, atseden hartu behar dugu, disfrutatu, dibertitu. Indarrak berreskuratu behar ditugu, urte eta erdi hau oso gogorra izan baita, baina burua galdu gabe egin behar dugu, zentzuz, zuhurtziaz eta buruz jokatuz“.

Kultura zinegotziak adierazi duenez, “aurtengo udan aire zabaleko kultur programa antolatu dugu, beharrezko neurriak hartuta. Gasteiztarrek arte eszenikoez gozatzea nahi dugu, leku seguruetan”.

Helburu bikoitza iruditan eta eslogan batean islatzeko, Udalak naturaltasuna eta umorea baliatzearen alde egin du, burua galdu gabe dibertitzen den eta besteak dibertitzen dituen pertsona bat irudikatuz. Horretarako, buruhandien konpartsako zenbait pertsonaia erabili ditu, baina jai-giroan ibili ordez, beste mota bateko jardueretan ondo pasatzen agertzen dira.

Esate baterako, ikuskizun bati begira; bidaian; igerilekuan, urtegian edo hondartzan, edo ostalaritzaz gozatzen. Erakunde mezua uda osorako da, jaiak izango liratekeen datetan bereziki azpimarratuz, logikoa denez. “Iaz ez zen jai-ekitaldirik izan. Aurten, kultur jardueraren bat mantendu nahiko genuke, baina birusaren intzidentzia datuek eta dagozkien segurtasun arauek markatuko dute agenda; horiek esango dute zer egin dezakegun, betiere segurtasun-neurriak bermatuz”, azaldu du alkateak.

Kontzientziazio-kanpaina aste honetan zabalduko da bide publikoan (opiak, mupi digitalak, autobusak, San Migeleko elizako balkoia eta neurri handiko kuboak), udal instalazioetako eta TUVISAren autobusetako pantailetan, era guztietako hedabideetan, sare sozialetan eta udalaren webgunean.

 

Share