Prentsa Oharren banner

6.900 plaza baino gehiagok osatzen dute Gasteizko Udalaren udako kirol-programazioa

 

  • Gehienak, 5.534, gizarte-etxeetako eta kirol-instalazioetako jarduerak dira.
  • 576 plaza jarduera nautikoen kanpainakoak dira; hastapeneko bost modalitate eskaintzen dira haren barruan.
  • 55 urtetik gorakoentzako natura-inguruetako irteeren kanpainan, 15 irteera egingo dira, eta bakoitzean 50 pertsonak hartuko dute parte gehienez.

 

DOSSIER UDAKO KIROL PROGRAMAZIOA

Barietatea da uda honetarako Gasteizko Udalak programatu dituen kirol-jardueren eskaintzaren ezaugarri nagusia. Bai jarduera motetan —arinetatik gogorrenetara—, bai helburu diren pertsonen profiletan —8 urtetik 99 urtera—, askotarikoak dira. Gizarte-etxeetako eta kirol-instalazioetako udako jardueren programa, jarduera nautikoen kanpaina eta 55 urtetik gorakoentzako ibilaldiak gehituta, guztira 6.910 plaza eskaintzen dira.

“Eskaintza seguru, askotarikoa eta, batez ere, udarekin batera herritarrei datorkien erritmo-aldaketarako pentsatua aurkezten ari gara. Gainera, saiatu gara kirol-jarduerak ahalik eta ondoen egokitzen hilabete hauetan egoten den eskaerara, eta hor daude aire zabaleko eta igerilekuetako hainbat aukera. Eta, hirugarren helburu bat izan dugu: aukera erakargarriak proposatzea bai kirol ohitura handia dutenentzat, bai urtearen gainerakoan kirola egiteko aukerarik izan ez dutenentzat”, adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopezek.

 

Gizarte-etxeetako eta kirol-instalazioetako jarduerak

Gizarte-etxeetako, kiroldegietako eta Mendizorrotzeko eta Gamarrako esparruetako udako kirol-jarduerek 259 ikastaroko programa bat osatzen dute, eta guztira 5.534 eskaintzen dira horretan. Mendizorrotzeko eta Gamarrako esparruetako udako kanpainetan gertatzen den bezala, programazio guztiak egokituta dago indarrean dauden osasun-murrizketetara.

Uztailean eta irailean egingo dira jarduerak. Programatutako 259 ikastaroetatik, 201 hilabetekoak izango dira, eta beste 58 hamabost egunekoak, honela banatuta:

Hilabeteko ikastaroak:

  • Uztailean: 3tik 30era bitartean.
  • Irailean: 1etik 28ra bitartean.

 

Hamabost egunekoak:

  • Uztailaren lehen hamabostaldian; 3tik 16ra bitartean.
  • Uztailaren bigarren hamabostaldian: 17tik 30era bitartean.
  • Irailaren lehen hamabostaldian; 1etik 14ra bitartean.
  • irailaren bigarren hamabostaldian: 15etik 28ra bitartean.

Aurreikusitako hamabost eguneko espezialitateetakoak dira padela (gazte zein helduentzat) eta tenisa (hiru adin-tartetan). Halaber, 8 urtetik 12 urte bitarteko haurrentzat ere programatu dira erraketa-jokoak, baita adin guztietarako hondartza-boleiboleko ikastaroak eta igeriketa estiloetakoak, haiek ere adin guztietarako.

Honakoa hauek izango dira hilabeteko ikastaroak: aquagima, aquaerobica, sasoia lantzea, luzaketak, mantentze-gimnasia, padela, tai jia eta yoga, besteak beste. Jarduera horiek ere hainbat adin-tartetarakoak dira, eta hainbat ordutegi-tartetan programatu dira, ahalik eta herritar gehienen beharretarako egokitzeko.

Izena emateko epea 2021eko ekainaren 9an hasiko da, 08:30ean. Gizarte-etxe eta kiroldegietako informazio-zerbitzuetan, Mendizorrotzeko kirol-esparruan, Gamarrako parkean eta herritarrei laguntzeko bulegoetan eman ahal izango da izena jarduera horietarako. 010 informazio-telefonoaren eta udalaren webgunearen bidez ere egin ahal izango da.

Udalaren kirol-instalazioetako abonamendua duten pertsonek baino ezingo dute eman izena Mendizorrotzeko kirol-esparruan programatutako jardueretan. Gamarran progamatuetakoetan, ordea, abonamendua dutenek zein udako abonamendua dutenek eman ahal izango dute izena.

 

2021eko jarduera nautikoen kanpaina

Mendizorrotzeko eta Gamarrako udako jardueren programazioarekin batera, udako hilabeteetarako kirol nautikoen zenbait modalitatetako hastapen-jardueren eskaintza aurkeztu du Kirol eta Osasun Saileko zinegotziak.

2020an horrelako jarduerak programatu ezin izan ondoren, espero da herritarrek harrera ona egingo dietela uda honetarako aurreikusitako bost espezialitateei:

  • Kanoa-kayak
  • Belarako hastapenak
  • Windsurfa
  • Haurrentzako bela (optimist)
  • Stand up paddle surfa

Guztira 54 ikastaro programatu dira, eta haiekin, 392 plazakoa da eskaintza, betiere kontuan hartuta jarduerako parte-hartzaileen ratioa osasun-egoeraren ondoriozko prebentzio-neurrietara egokitzen dela. Plaza horiei izena emateko epea apirilean izan zuten eta berariaz 7-15 urte bitartekoentzat ziren jarduera nautikoen kanpuseko plazak gehituz gero, guztira 576 plaza dira. Jarduera guztiak Vitoria Klub Nautikoan egingo dituzte, Uribarri-Ganboan, eta ekainaren hirugarren astetik abuztuaren amaierara arte iraungo dute.

Maiatzaren 31n hasiko da Jarduera Nautikoen Programan izena emateko epea. Nahitaezkoa da igeri egiten jakitea, eta ikastaroa hasten den unean 11 urte beteak izatea, gutxienez, salbu eta Belarako hastapen-ikastaroan (horretan, 16 urte beteak izan behar dituzte) eta Haurrentzako bela-ikastaroan (hori 7 eta 15 urte bitarteko pertsonentzakoak da). Ohiko tokietan eman ahal izango da izena: gizarte-etxeak eta Udalaren kirol-instalazioak, Udalaren webgunea eta 010 telefonoa.

ARGIBIDE GEHIAGO: Jarduera nautikoen kanpaina

 

+55 ibilbideak

Azkenik, uda honetarako Gasteizko Udalak antolatu duen kirol-programazioaren hirugarren blokea 55 urtetik gorakoentzako natura-inguruetako irteerei dagokie. Natura-inguruetako irteeren kanpaina urteko bi garaitan banatu ohi da: ekaina-uztaila aldia, eta iraila-urria aldia. 2021eko uda-udaberri garaiko irteeren kasuan, COVID-19a prebenitzeko osasunaren arloko neurrietara egokitu da haien formatua, eta, ondorioz, parte-hartzaileen kopurua murriztu da; ibilbide mota aldatu da (Gasteiztik hurbilagokoak) eta ezberdin banatu dira asteko egutegian.

Ekainaren 7an hasiko dira irteerak, eta haien helburua da 55 urtetik gorako pertsonak mendira eta natura-ingurune hurbilenera gerturatzea; horretarako irteerak erraz egiteko modukoak dira, eta zailtasunaren arabera sailkatuta daude ibilaldiak. Irteeretan, honako mendi hauetara igoko dira, besteak beste: Zaldiaran, Pikozorrotz, Basotxo eta Egaña (Gasteizko Mendiak).

Irteerak gehienez 50 lagunentzat izango dira eta astelehenetik ostiralera.

Ibilbide guztiak zirkularrak dira, 8km-tik 14km-ra bitartekoak, eta irteera ordua guztientzat berdina bada ere (9:30 h), topalekua ibilbidearen arabera aldatuko da.

Izen-emateak gizarte-etxeen eta udal kirol-instalazioen sarean egin ahal izango dira, irteera bakoitza baino 7 egun lehenago hasi eta irteera baino 2 egun lehenago arte, eta parte-hartzaileei ibilbideari buruzko informazio osoa eskura emango zaie.

 

ARGIBIDE GEHIAGO: +55 irteerak natur inguruetan

 

Share