Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 azaroa 2018 13:25

Udal Administrazioaren Sailak 28,3 milioi euroko aurrekontu-proiektua aurkeztu du 2019rako, hau da, % 4,75 gehiago aurtengoaren aldean.

Informazioaren teknologien alorreko helburuei dagokienez, Sailak “administrazio adimentsua garatzen jarraitu nahi du, herritarrek Udalarekin duten harremana hobetu, eta udal eraikinen egoera eta segurtasuna bermatu”, Carlos Zapatero zinegotzi ordezkariak Ogasuneko Batzordean azaldu duenez.

Zapaterok iragarri du udal administrazioak sinadura elektronikoa ezartzen eta dosier elektronikoa garatzen jarraituko duela 2019an, 317.000 euro inbertituz. Orobat, ahalegin handia egingo da “herritarrek gailu mugikorren bidez zerbitzu publikoak eskuratzerik izan dezaten. Horretarako, mugikorretarako herritarren postontziaren zerbitzua berrituko dugu, eta beste batzuk gehituko ditugu, ikastaroetan izena emateko, udal espazioak erreserbatzeko, tasa eta zergen helbideratzeak kudeatzeko, etab.”. 

Bestetik, 120.000 euro jarriko dira sistema informatikoen segurtasuna eta herritarren konfiantza handitzeko;  zehazki, prozesuak berrikusteko eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoa betetzen den zaintzeko erabiliko dira. Orobat, 300.000 euro erreserbatuko dira Segurtasun Planaren barruko ekintzetarako, eta 350.000 euro zerbitzariak eta artxibatze digitala berritzeko.

2019an, halaber, Iruzur Fiskalaren kontrako Prebentzio Planaren amaiera landuko da —200.000 euroko partida egokitu da horretarako— eta software librea sustatzen jarraituko da —Linux sistema eragilea duten ekipo berrien hornidura jarri da abian, herritarrek erabiltzerik izan dezaten—.

 

Eraikinen mantentzea

Udal Eraikinen mantentzeari dagokionez, inbertsioen kapituluan 500.000 euro erreserbatu dira zenbait eraberritze-lani ekiteko: San Ignacio ikastetxeko terraza (150.000 €), udaletxeko estalkia (240.000 €) eta udaletxeko begiratokiak (121.000 €).

Era berean, Ariznabarreko eta Lakua-Arriagako futbol-zelaietako belar artifiziala berritzea aurreikusi da, 600.000 euroko aurrekontuarekin; lan horiek datorren udan egitea aurreikusi da, denboraldian erabiltzea ez eragoztearren.

Bestetik, Udal Administrazioaren Sailak udalaren 42 eraikin energia elektrikoz hornitu, mantendu eta eraberritzeko baldintza-agiria abiaraziko du; horren aurrekontu-zuzkidura urtean 210.000 euro gehiago izango da, eta 280.000 euro berritzeko inbertsioetan. “Gure instalazioen energia-eraginkortasuna eta efizientzia lortzen jarraitu nahi dugu, baita kontsumoak aurrezten ere. Batez ere, emisio kutsatzaileak gutxitzeko asmoz”, esan du Carlos Zapaterok.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 urria 2018 11:26

Udalak 5.590.025 euro erabiliko ditu urtebetez udal jabetzako 400 etxebizitza, eraikin eta instalazioren —gizarte etxeak, haur eskolak, adinekoen zentro soziokulturalak, kiroldegiak, etab.— energia kudeatzeko eta girotze eta ur beroko instalazioen mantentzeko.

Giroa enpresari 2009an esleitutako kontratua eguneratzea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak; enpresak 2019ko irailera arte jarraituko du zerbitzua ematen.

Instalazioak kudeatu eta mantentzeak hainbat lan hartzen ditu barne:

  • Erregaiaren hornikuntza, kontsumoen kontrola, zerbitzuaren kalitatea eta hornikuntza bermeak.
  • Prebentziorako mantentzea, urteko egun guztietan 24 orduko zerbitzua ematea barne, instalazioek zuzen funtzionatu dezaten eta garbi egon daitezen.
  • Hondatutako osagaiak konpondu eta aldatzea eta zaharkituko ekipoak berritzea.
  • Instalazioetan egin daitezkeen inbertsio berriak aztertu eta garatzea.

Iaz, prebentziorako mantentzeko 27.150 jarduera egin zituen Giroak, 310 ekipo aldatu, eta beste 130 konpondu.

“Kudeaketa eraginkorra egiten ari gara, ekipoak berritzea, herritarrei erosotasun estandarrak betetzen dituzten zerbitzuak eskaintzea, energia aurreztea eta gasen isurketa gutxitzea ahalbidetzen duena”, azaldu du Udal Administrazioaren zinegotzi Carlos Zapaterok.

Egindako azken azterlanen arabera, udal eraikinetan kontsumitutako energia termikoaren % 15ek du jatorri berriztagarria (biomasa eta eguzki energia), bat ere karbono emisiorik gabea, eta azken zortzi urteetan % 40 gutxitu da atmosferara isuritako CO2-a.

Hori guztia oraingo kontratuari esker lortu da: galdara-gelak berritu dira biomasa jartzeko, gasolioren ordez gas naturala sartu da, eta igerilekuetan uraren beroa berreskuratzeko sistemak instalatu dira.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  23 maiatza 2018 12:00

 

Doako wifi-zerbitzua dute dagoeneko Atariak eta Principal antzokiak, erabiltzaileek internetera sarbidea izan dezaten. Teknologia hori ezartzeko lanak bukatu berri ditu Udal Administrazioaren Sailak.

Konektatzeko aukera eskaintzen duten beste hainbat udal espazio eta aretori gehitzen zaizkie horrela bi eraikin horiek. Zerrendako azkenak, joan den urtean, autobus-geltokia, Espainia plaza eta adinekoentzako 15 zentro soziokulturalak izan ziren.

Horietan bezala, Atarian eta Principal antzokian ere aurrerantzean erabiltzaileek aukera izango dute WIFI-VG-free sarearen bitartez internetera doan sartzeko, beren gailu mugikorretatik. Atari baten bitartez sartu ahalko da, erabiltzaile-kodea eta pasahitza idatziz —mugikor-zenbaki bat edo posta elektroniko bat eman beharko da horretarako—.

Beheko solairuan eta lehenengoan eskainiko du zerbitzu Principal antzokiak, eta Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroan, berriz, beheko solairuko erakusketa-aretoan, auditoriumean, kafetegian eta eraikinaren kanpoaldeko estalpean, aintziraren ondoan.

Kasu batean nahiz bestean, doako sarbide-guneak dituzten gainerako udal eraikinetan bezala, 256 Kbp-ko banda-zabaleraren muga du sareak, Balore Merkatuaren eta Konpetentziaren Batzordeak —Espainian telekomunikazioen sektorea arautzen duen agintea— ezarritako betebeharrak betetzeko.

“Doako wifia ezarroz erraztu egin nahi dugu Interneterako sarbidea bisitari asko hartzen dituzten lekuetan, bai gasteiztarrentzat, bai bisitarientzat, nahi duten informazio guztia eskuratzerik izan dezaten. Gainera, teknologia herritarren eguneroko bizitzan txertatzen lagundu nahi dugu, harta iristeko aukera demokratizatuz. Eta hori guztia, jakina, lege- eta segurtasun betebehar guztiak betetzen ditugularik”, adierazi du Udal Administrazioaren Saileko zinegotzi Carlos Zapaterok.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 maiatza 2018 13:04

 

 

 

 

 

 

 

 

 

11ko futboleko, 7ko futboleko eta errugbiko entrenamenduak eta partida ofizialak egin ahalko dira

Hainbat hilabete iraun duten lanen ondoren, Lakua 03ko kirol instalazioetan belar artifizialeko zelaietako bat berreskuratu da, klubek eta herritarrek oro har erabil dezaten; izan ere, urteak zeramatzan itxita, egoera txarrean zegoelako.

Kiroleko zinegotzi Estíbaliz Canto eta Udal Administrazioko zinegotzi Carlos Zapatero izan dira gaur zelaia ikusten, zeina udal zelaien artean harearen ordez belar artifiziala zuten lehenetakoa izan baitzen, duela 19 urte. Obrari esker, eskaera handia duen kirolgune bat berritu eta modernizatu da, eta aurrerantzean 11ko eta 7ko futbolean eta errugbian aritu ahalko da bertan.

650.000 euro baino zertxobait gehiago inbertitu da lan hauek egiteko: belar artifiziala jartzea, saneamendu berriak, ureztapen-sistema eta kirol-ekipamendua (ateak, eserlekuak, eta abar).

Kirol denboraldia bukatzearekin bat burutu dira lanak, beraz, instalazioa berriro irekitzen denean orain arte ondoko zelaian entrenatzen eta jokatzen zuten futbol-taldeak izango dira lehen erabiltzaileak, han espazioa partekatu behar izan baitute. Zelai berriak instalazio hori arintzeko balioko du, eta errugbi taldeei ere aukera emango zaie azalera berri batean jokatzeko.

Kirol instalazioak luzaroegi egon dira geldi —adierazi du Cantok— eta horren ondorioz mantentzeko lana handiagoa izan da garaiz eta behar bezala egin izan balitz baino”. Kirol arduradunaren esanetan, gai horrek “hasieratik kezkatu gaitu bi sailetan, eta horretan jardun dugula erakusten du lan honek; gure instalazioak berritzea gure lehentasunetako bat da, are gehiago kirolaren hiria izan nahi dugunean. Hori dela eta, —amaitu du— gainerako instalazioetan ere urratsak egiten jarraitzeko asmoa dugu”.

Lakua 03ko futbol zelaiak 105×65 metro ditu. Sorreran hondarrezkoa zen eta 1999an pasa zen belar artifizialekoa izatera. 2016an hondatzen hasi zen, eta kirola egiteko egoki izateari utzi zion. Iaz egindako azterlan teknikoek jolas-eremua erabat berritu beharra ikusi zuten, eta orain amaitu dira lan horiek.

Kirol instalazioak hobetzea lehentasunetako bat da udal gobernuarentzat. Aurretik, Ariznabarreko futbol-zelaiko aldagelak eraberritu zituen, eta datozen hilabeteetan Aranbizkarreko futbol-zelaiko aldagelak eraikitzeko asmoa du.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 urtarrila 2018 11:22

Udal Administrazioaren Sailak 74 obra egin ditu agintaldi honetan Gasteizko 37 ikastetxetan. Mantentze Zerbitzuak 1,2 milioi euro inguruko hobekuntzak egin ditu ikastetxeetan: ikasgelak margotu, estalkiak aldatu, irisgarritasuna hobetu, led argiztapena instalatu edo jolastokiak konpondu.

Azken hiru urteetan, Carlos Zapaterok zuzentzen duen sailak instalazioak berritu ditu haur eskoletan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan zein Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroetan.

“Lan horien bitartez ikastetxeek zituzten gabeziak konpondu ditugu, eta batzuetan instalazioen energia-kontsumoa murrizteko ere balio izan dute, itxitura berriak eta kontsumo txikiko argiztapena jarri baititugu”, azaldu du Carlos Zapatero zinegotziak.

2015ean, 298.254 euro inbertitu ziren horrelako lanetan; 2016an, 544.092 eurora igo zen kopurua, eta 2017an, 376.129 euroko lanak gauzatu ziren.

Orain arte egindako proiektu nabarmengarrienak hauek dira: kanpoaldeko zurajea berritzea Mirentxu haur hezkuntzako ikastetxean (74.510 euro, 2015ean); Haurtzaro haur-eskolako jolastokia hobetzea (69.322 euro, 2016an), eta hodiak aldatzeko eta suteetarako sarearen hartunea hobetzeko lanak Zaramagako haur-eskolan (66.487 euro, 2016an).

Judimendi LHIan egin da esku-hartze gehien, lau, zehazki. Zoladura eta saneamendua berritu eta konpontzeko lanak egin dira, led luminariak instalatu, eta korridoreak eta ikasgelak margotu. Guztira, 31.330 euro inbertitu dira.

Beste hamabi ikastetxetan, hala nola Paulo Freire-Abetxuku HHII, Umandi ikastola, Toki Eder eta San Martin, hirutan esku hartu da urte hauetan.

2017ko obrak

2017an, Mantentze Zerbitzuak 26 obra egin zituen hiriko hamabost ikastetxetan, horien arteko garrantzitsuena, Zaramagako haur eskolan igogailua instalatzea (59.537 euro). Beste lan garrantzitsu batzuk Toki Ederreko haurren eraikineko estalkia konpontzea (25.954 euro) eta Maria de Maeztu ikastetxeko zoladura aldatzea (20.242 euro) izan ziren.

Udal Administrazioaren Saila laster bilduko da Hezkuntzarekin, 2018an egin beharreko lanak zehazteko. Aurrekontu-luzapenak 200.000 euroko partida aurreikusten du horretarako.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 urtarrila 2018 13:48

 

 

 

 

 

 

 

Aste honetatik aurrera, seinale batek Espainia plazatik dabiltzan pertsonei jakinaraziko die bertan doako wifi publikoa dutela.

Plazako faroletan jarritako lau seinalek adierazten dute wifi-VG-free sarera konektatzeko aukeraz, zeina maiatzean jarri baitzuen abian Udal Administrazioaren Sailak, “herritarrak internetera konektatu ahal izan daitezen eta kontsultak eta zuzemenak egiteko zein besterik gabe informazioa bilatzeko lagungarri diren askotariko zerbitzuetan sartu”, azaldu du Carlos Zapatero zinegotziak.

Wifi gune hori autobus-geltokian jarritako beste batekin batera hasi zen funtzionatzen. Bi zerbitzuetan banda-zabalera mugatua da, ezin baita 256 Kbps baino gehiago doan eskaini, Balore Merkatuaren eta Konpetentziaren Batzordeak ezarritako betebeharrak betetzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 urria 2017 11:49

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Sindikoaren gomendio batek ekarri zuen lan hori, baita Haurtzaro eskolakoa ere, zeinetarako 150.000 euroko aurrekontua aurreikusi baita 2018rako

Zaramagako haur hezkuntzako udal eskolak igogailua estreinatu du, baita ur-hodien instalazio berria ere, Sindikoaren gomendio bati jarraituz joan den maiatzaren 31n Hezkuntza Zerbitzuak eta Mantentze Zerbitzuak koordinaturik hasitako lanei esker. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto, Udal Administrazioaren zinegotzi Carlos Zapatero, Sindiko Martin Gartziandia eta zenbait udal arduradun izan dira inaugurazioan.

Gobernu honek entzuten duela erakusten du lanak, eta hezkuntza zein kirol instalazioak berritzen joateko konpromiso sendoa duela, denbora gehiegi egon baitira geldirik”, adierazi du Cantok.

Giltec Arquitectos Técnicos SL enpresak egin  du igogailuaren obra, 59.537,90 euroan; uztailaren 24an hasi zen, eta urriaren 27an bukatu. Ur-hodiak aldatzeko eta suteetarako sarearen hartunea handitzeko lanek 68.057,33 euroko kostua izan dute; maiatzaren 31n hasi eta irailaren 1ean amaitu ziren.

Aipatutako konpromisoa betetzeko, Hezkuntza Zerbitzuaren 2018rako aurrekontu-proposamenean 150.000 euro aurreikusi dira Haurtzaro haur hezkuntzako udal eskolan beste igogailu bat instalatzeko. “Udal instalazioetan horrelako lanak egiten jarraituko dugu, kirol-instalazioetan zein Haurtzaro haur hezkuntzako udal eskolan, gure konpromisoak betetzeko eta instalazio modernoak eta ematen ditugun kalitateko zerbitzuekin bat datozenak eskaini ahal izateko”, amaitu du Hezkuntzako arduradunak.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 ekaina 2017 13:48

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Gasteizko Udalak AENORen ISO 50001 ziurtagiria jaso du udal eraikinen energia kudeaketa dela eta, azken urteetan energia termikoaren kontsumoa % 28 murriztea lortu baita, eta kontsumitutakoaren % 15ek iturri berriztagarria baitu.

“Ziurtagiri horrek bermatzen du gure instalazioetan kontsumitzen den energia zuzen kudeatzen dela, eta lanean jarraituko dugu kontsumoak murrizteko eta erabiltzaileen erosotasuna handitzeko”, azaldu du Udal administrazioaren zinegotzi Carlos Zapaterok. Harekin batera izan dira AENORen Euskadiko ordezkaritzako zuzendari Luz Emparanza eta GIROAko zuzendari nagusi Juan Manuel Tarazena; azken enpresa hori arduratzen da udal eraikinen energia kudeaketaz.

Garatu den metodologiari esker, 2010az geroztik udal eraikinen multzoan energia termikoaren kontsumoa % 28 murriztea lortu da; orotara 350 instalazio dira, gizarte etxeak, kiroldegiak, ikastetxeak, egoitzak, zentro sozialak eta bulegoak barne.

Orobat, % 40 gutxitu da atmosferara isurtzen den CO2 kopurua, energia-eraginkortasunaren hobekuntzari eta energia berriztagarriko iturriei (biomasa) esker. Baso-hondakinak baliatzen dituen energia mota hori 13 instalaziotan ezarri da, besteak beste, zenbait gizarte etxe, kiroldegi eta igerilekutan, Europa biltzar jauregian, eta Gamarrako zentro sozialean.

 

Energia berriztagarriak

Gaur egun, udal eraikinetan kontsumitzen den energia termikoaren % 15ek du jatorri berriztagarria (biomasa eta eguzkia), bat ere karbono emisiorik gabea.

“Datu horiek kontuan hartuta esan dezakegu Gasteiz klima-aldaketaren kontrako borrokaren abangoardian dagoela, Parisko gailurrean ezarritako helburuak betetzen ari baikara, bai eta Euskadiko Energia Estrategian eta udalaren iraunkortasun eta ingurumen plan estrategikoetan ezarritakoak ere”, esan du Carlos Zapaterok.

Giroako zuzendari nagusi Juan Manuel Tarazenak, berriz, Gasteizek duen pribilegiozko lekua nabarmendu du, “ingurumenaren alorrean lehen postuetan baita. Mugarria da udal eraikin guztiak ziurtatzen ditugun lehenak eta Estatuko gainerakoentzat erreferentziazko eredua izatea”.

AENORen Euskadiko ordezkaritzako zuzendari Luz Emparanzak azaldu du, ildo beretik, Gasteizko Udala “nabarmen gainditzen ari” dela “Europar Batasunak ezarritako helburuak. EBren politikak betetzen lagundu du, kontsumoak nabarmen murriztuz”.

Etorkizunari begira, Udal Administrazioaren Sailak biomasa instalazio berriak jartzen jarraituko du, kontsumitzen den lehen mailako energiaren % 50 berriztagarria izan dadin; argi guztien ordez led teknologia jartzen eta energia fotovoltaikoa handitzen ere jarraituko du.

 

 

Share