Prentsa Oharren banner

“Baikortasunerantz” kontzertuarekin amaituko du abonamenduko bere denboraldia Udal Bandak

Principal antzokian izango da emanaldia, maiatzaren 12an (asteazkena), 19:00etan

Kartela_banda_kontzertua_

Maiatzaren 12an (asteazkena), arratsaldeko zazpietan, “Baikortasunerantz”, abonamenduko azken kontzertua, emango du Gasteizko Udal Musika Bandak, Principal antzokian. Luis Orduñak zuzenduko du, eta Annelien van Wauwe eta Raül Verdú klarinete-joleak izango dira emanaldiko gonbidatuak.

Honako pieza hauek osatuko dute errepertorioa: Joselu Ruiz de Gordoaren “Txori Gorria”, erabateko estreinaldia; Eric Whitacre-ren ‘Godzilla eats las Vegas’; Dirk Brossé-ren ‘War Concerto’, eta Kimberly Archer-en ‘Common Threads’, zeina lehenengo aldiz joko baitu Bandak.

Kontzertua aurkezteko prentsaurrekoan, Gasteizko Udal Bandaren zuzendari Luis Orduñak eta Raül Verdúk hartu dute parte. Horretaz gain, bideo bat proiektatu da, Annelien van Wauwe artistaren mezu batekin.

Zuzendariaren oharrak

“Kontzertu honetan, Gasteizko Udal Musika Bandak emozioetan zehar bidaiatzera gonbidatuko gaitu, eta, hala, tristezia eta goibeltasunetik positibismo eta umorera eramango gaitu ikusleok. Hori da, hain zuzen ere, kontzertuaren benetako hari nagusia: Balkanetako gerratik, betiere “esna” dagoen Las Vegas hiriraino eramango gaituzte Bandak eta bakarlari gonbidatuek, eta, soinuaren bidez, gerrek eragindako mina nabarituko dugu, baina baita umore-sena eta dibertsio hutsa ere.”

“Kimberly Archer konpositore amerikarraren musikarekin hasiko da kontzertua. Lehenengo lan horren izena “hari komunak” edo izango litzateke euskaraz. Eta konposizioaren diskurtsoan autoreak mantentzen duen umore-sena da, hain zuzen, lanak jorratzen duen “hari” hori. Lanak, indartsu eta erritmikoa, hasiera bizkor-bizkorra emango dio kontzertu optimista honi.”

“Egitarauko hurrengo lana, askoz ere serioago, sakonago eta konplexuagoa da, Dirk Brossé konpositore belgikarraren “War Concerto” edo gerra-kontzertua. Lan honetan, Udal Bandak eta Annelien van Wauwek gerrak eragindako ondorio suntsitzaileetan murgilduko gaitu, horretan gurasoak galdu dituen haur tolesgabe baten begietatik, kasu honetan. Konpositoreak gerrarekiko errefusa eta protesta sendoa erakutsi nahi ditu, baina, aldi berean, hobea izango den etorkizunerantz gidatu nahi gaitu oso modu sentikor eta baikorrean, betiere atzean utzi duen hondamendi ikaragarriak ahantzi gabe.”

“Hurrengo lana Gasteiztarrek ondo ezagutzen duten Joselu Ruiz de Gordoa konpositorearen estreinaldi bat da; mundu fantastiko batera eramango gaitu Raül Verdú Selles-en klarinetearen eta Bandaren bitartez. Ikusten dugunean berehalako ongizatea eragiten digun natura eder, aratz eta birjina hori irudikatzen du “Txori gorria” lanak. Eta halakoxea da Ruiz de Gordoa arabarraren musika: lañoa eta atsegina, eta, aldi berean, positibista eta magikoa.”

“Oso obra berezi batekin, musika ia zinematografikoarekin amaituko da kontzertua. Eric Whitacre konpositore estatubatuarrak fikziozko istorio bat kontatuko du musikaren bidez: film japoniarretako Godzilla munstroak bizia lortu, eta Las Vegas hiria suntsituko du. Lan honek, seguruenik ez du epel utziko inongo entzulerik.”

 

 

 

Share