Prentsa Oharren banner

‘Globaliz-acción!’ kontzertua egingo da Principal antzokian apirilaren 21ean 19:00etan

Udal Bandaren abonamenduko seigarren kontzertuan Rayuela Ensemble laukoteak hartuko du parte

 

Gasteizko Principal Antzokian izango da Udal Musika Bandaren abonamenduko seigarren kontzertua, apirilaren 21ean (asteazkena), arratsaldeko zazpietan; “Globaliz-acción” du izenburu. Rayuela Ensemble saxofoi-laukotea izango da bakarlari gonbidatua eta Luis Orduña zuzendariaren esanetara arituko da.

Gasteizko taldeak Oscar Mussoren “Covidzation” abestia joko du (erabateko estreinaldia izango da), Raquel Sánchezen “Alhambra, el último reino”, eta Julie Girouxen “Khan”. Errepertorioan kanta gehiago egongo dira: Otto M. Schwarzen “Around the World in 80 Days”, Thomas Dossen “Spotlights” eta Philippe Geissen “Sir Patrick”.

Abesti guztiak lehen aldiz joko ditu bandak, “Sir Patrick” izan ezik.

Kontzertua aurkezteko prentsaurrekoan Luis Orduñak eta Rayuela saxofoi-laukotearen bozeramale Nahikari Olorizek hartu dute parte. Azken honek ilusioa erakutsi  du osasun krisia izanik ere emanaldi hau egin ahal izateagatik.

Zuzendariaren oharrak

“Globalizazioa da Udal Musika Bandak eta Ensemble Rayuelak kontzertu honetan irudikatu nahi duten helburua. A priori, gaur egungo kontzeptu bat da erabat. Hala ere, globalizazioa elkarren menpekotasuna duten lurraldeen eta herrialdeen arteko komunikazio gisa ulertzen badugu, merkataritza-, gizarte-, kultura- zein politika-mailan, ikusiko dugu ez dela inolaz ere errealitate moderno bat. Aldiz, gizateriaren historian beti bilatu izan den helburu bat dela esatera ausartuko nintzateke.

Kontzertu honetan Julie Giroux konpositore estatubatuarraren musika entzun ahalko dugu. Bere melodien bidez, historiako pertsonarik ospetsuenetako bati jartzen dio soinua, Gengis Khani hain zuzen ere. Gudari eta konkistatzaile mongoliar honek gizateriak inoiz ezagutu duen bigarren inperiorik zabalena eraiki zuen XIII. mendeko lehen bi hamarkadetan: Mongolen Inperioa.

Mende horretan bertan, 1238an hain zuzen, Muhammad ibn Nasrek Nazari Erresuma edo Granadako Emirerria sortu zuen, zeina Iberiar penintsulako azken estatu musulmana izango baitzen: garai bateko Al-Andalus. Agintaritza horren emaitza Granadako Alhambra izan zen. Gaur, hura “bisitatzeko” aukera izango dugu Raquel Sánchez konpositore valentziarraren musikaren bitartez.

Esan bezala, Mongolen Inperioa bigarren inperiorik hedatuena izan zen, eta Britainiar Inperioak soilik gainditu zuen. Eta hemen kokatzen da kontzertuko beste obretako bat: “Around the World in 80 Days”, Otto M. Schwarz konpositore austriarrarena, eta, jakina, Jules Verne idazle frantsesaren istorio ezagunean oinarritua.

Azkenik, Oscar Musso konpositore andaluziarraren lanak egun bizi dugun fenomenora eramango gaitu, azken hamarkadetan gertatu den garrantzitsuena: COVID-19aren pandemia.

Honekin guztiarekin argi geratzen da globalizazioa gizakiak berezkoa duen gauza bat dela, eta, gainera, historian aurrera egin ahala gero eta azkarrago gertatzen dela. Erdi Aroan hamarkadak behar zituzten inperio hauek sortzeko, eta urteak haietan barrena ibiltzeko; XIX. mendean azalera handi horiek aste batzuetan zeharkatu zitezkeela erakusten digu Phileas Foggek. COVID-19arekin ikusi dugu Txinan sortutako birus batek egun batzuk baino ez dituela behar mundu osoan zehar zabaltzeko, edo ordu gutxi batzuk.

Luis Orduña

 

Share

“Gasteiz Talent” ekimenari esker, Udal Bandarekin jo ahal izango dute hiriko musika-ikasleek

Bi kontzerturekin hasiko da zikloa: otsailaren 17an, bat, eta martxoaren 17an, bestea

Gasteizko Udal Musika Bandak “Gasteiz Talent” ekimena jarri du abian, eta ari esker kontzertuak emango ditu hiriko musika-eskolekin lankidetzan.

Asteazkenean, otsailaren 17an hasiko da zikloa, “Gazte Talentudunekin”” kontzertuarekin; horretan, Udal Bandak, Luis Aranburu Musika Eskolak eta Jesus Guridi musika-kontserbatorioko bakarlariek. Kontserbatorioan bertan egingo da, 19:00etan. Iker Olazabal izango da zuzendaria.

Kontserbatorioko ikasle Alejandra Vallejok (marinba) eta Marina Aguirrek (fagota) hasiera emango diote ekitaldiari, Paul Creston-en “Marinbarako kontzertinoa” eta Nino Rota-ren “Amacord” obrak joz, hurrenez hurren.

Haien ostean, Luis Aramburu Eskolako ikasleek Udal Bandaren laguntzarekin soinu-banda oso ezagunez osaturiko errepertorioa joko dute: “Misioa: Ezinezkoa”, “Spider-Man”, “Parke Jurasikoa” o “Karibeko Piratak”.

Musika-eskolako Boogie Orkestak emango dio amaiera bikaina ekitaldiari: Udal Bandarekin interakzioa egingo du, eta elkarrekin inprobisatuko dute Raúl Romoren konposizioak oinarri hartuta eta haren zuzendaritzapean.

“Ikusleak animatzen ditugu Kontserbatoriora joan daitezen, hemengo artista horien proposamenez gozatzeko. Talentu handia dago gure artean. Animatzen zaituztet ezagutzera. Kultura segurua da”, adierazi du Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estíbaliz Cantok.

“Energiak, erronkak, indarrak eta ilusioak batzen badituzu ideia berean, emaitza ahantzezinak lortzen dira”, gehitu du Jesus Guridi musika-kontserbatorioko zuzendari Puy Asurmendik.

Gonbidapenak Musiketxean (San Antonio kaleko, 14) eskura daitezke, jendearentzako ordutegiaren barruan (08:30-21:00). Gehienez, 4 gonbidapen pertsonako.

“Bakarlari Talentudunak”

Martxoaren 17an, berriz, “Bakarlari Talentudunak” kontzertua egingo da; horretan, Udal Bandak lagunduko die Kontserbatorioko ikasle bakarlariei. Luis Orduñak zuzenduko ditu.

Ikusleek aukera izango dute dantzara gonbidatzen duten doinuak, lasaiagoak diren beste batzuekin batera, zeinek gogoeta egitera bultzatuko baitute.

Ikasleek zenbait musika-tresnarako bakarkako zatiak joko dituzte (tronpa, pianoa, klarinetea, flauta eta saxofoia), Saint-Saensen, Waigneinen, Ferrer Ferránen eta Pedro Iturralderen obretan.

Elena Angulok (tronpa), Sara Cuencak (flauta), María Arribak (klarinetea), Enara Eguiletak (saxofoia) eta Enma Aguinacok (pianoa) hartuko dute parte.

Argibide gehiago 

 

 

Share