Prentsa Oharren banner

Eskola-kiroleko 275 talde ari dira gaur egun udal-instalazioetan entrenatzen

Guztira, eskola-kiroleko 275 talde ari dira gaur egun Udalaren kirol-instalazioetan entrenatzen. Joan den hilaren bukaeran eskola-kirolaren programa baimendu zenez geroztik, Gasteizko Udalaren ekipamendu-sarean 40 kirol-modalitatetik gora praktikatzea ahalbidetu du entitateen, federazioen eta Udaleko Kirol Zerbitzuaren arteko elkarlanak.

100 entitate baino gehiago dira eskola-kirolean dihardutenak, eta saskibaloia, gimnasia eta futbola dira  gehien praktikatzen diren modalitateak, beste askoren artean, hala nola igeriketa, aerobika, mahai-tenisa, karatea, judoa, esgrima eta abar. Hori posible egiteko, jarduera egingo duten instalaziora egokitutako ekintza-plana aurkeztu behar izan dute kirol-entitateek, segurtasun sanitarioaren arloan Udalak ekipamendu bakoitzerako eman dituen zehaztapenetara moldatua.

Baldintzek horretarako aukera ematen badute, hurrengo egunetan udal-instalazioen sarean jardungo duten eskola-kiroleko taldeen kopuruak gora egiten jarraitzea espero da, bai baitira 57 entitate, eskabidea egin badute ere oraindik ekintza-plana aurkeztu ez dutenak. Era berean, 70 entitatek oraindik ez dute aurkeztu Eskola Kirolaren Programan parte hartzen dutenei Arabako Foru Aldundiak ematen dien dokumentazioa.

“Jakitun gara, zein egoera bizi duen kirolak pandemiaren ondorioz, bereziki eskola-kirolaren esparruan lan egiten duten entitate eta pertsonek. Ahalegin handia egin dute, kirola egiten jarraitu ahal izateko aparteko baldintzetara moldatzeko, eta gaur egun 275 talde dira kirola egiten ari direnak, horrek heziketaren, osasunaren nahiz gizarte-integrazioaren arloan dakartzan onura guztiekin”, adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek, zeinek orobat eskertu baitu zirkunstantzia zail horietara egokitzeko ahalegina.

Gogoratu beharra dago alarma-egoera berria dela eta hartutako azken neurrien ondoren eskola-kiroleko lehiaketak oro etenda daudela. Hori bai, eskola-kiroleko entrenamenduak baimenduta daude, taldeka nahiz banaka. Taldeka egiten diren jarduera edo entrenamenduetan, gehienez 6 lagunek parte har dezakete, talde bakoitzean.

Talde bat baino gehiago izan ahalko da aldi berean —ez da taldeen edo horien arduradunen arteko kontakturik baimentzen—, eta arduradun berak talde bat baino gehiago eduki ahal izango du. “Egoera sanitarioa aldakorra da, eta ezin dugu ahaztu larriagotzen bada neurri murriztaileagoak hartu beharko ditugula, baina, ahal den bitartean, Udalak, kirol-entitateekin batera, bere esku dagoen guztia egingo du eskola-kirola egiten jarraitzerik izan dadin”, esan du, azkenik, Livia Lópezek.

Share