Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 urtarrila 2019 11:36

Gaurtik otsailaren 17ra arte ikusi ahalko da Montehermoso kulturuneko ur-biltegian “Invisibilidad Revelada” argazki erakusketa. Duela 4 urte abiarazitako proiektu artistiko baten azken fasea da, zeinaren helburua baitzen baliabiderik ez  duten eta gizarte-esklusio egoeran dauden pertsonak ikusaraztea, gehienetan oharkabean geratzen zaizkigu eta.

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak sustatu du ekimena, eta arlo horretako zinegotzi Peio López de Munainek eta Carlos Lalastrak aurkeztu dute erakusketa; azken hori izan da erakusketaren komisarioa, eta berak sortu du proiektua, Andrea Abrigar argazkilariarekin batera.

Azken urteetan hiru fasetan garatutako lanaren emaitza da XX erakusketa. “Ikusezintasun partekatua” proiektua izan zen abiapuntua, zeinean kultura eta sorkuntzaren arloko 13 pertsonak hartu baitzuten parte. Ondoren, “Ikusezintasun partekatua +” lana etorri zen, ahuldade maila handia duten eta gizarte esklusio egoeran dauden pertsonen desiretan zentratua. Orain, amaitzeko, zirkulua ixten da, batzuk besteekin lotuz: artisten taldea eta Harrera Sozialerako Udal Zentroko (CMAS) biztanleak.

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak proiektuaren azken bi faseetan lagundu du, “haren filosofia guztiz bat datorrelako gizarte esklusioaren alorrean jorratzen ari garen lan-ildoarekin. Esklusioari aurre egiteko, agerian jarri behar da, eta begietara begiratu. Ulertzen zaila gertatzen da gure gizartean hain ongizate maila handia lortu izana eta, hala ere, pertsona batzuk eskean ibiltzera edo kalean bizitzera behartuta egotea. Egoera horretan dagoen pertsona bakoitzak istorio bat ezkutatzen du; zaila da horri ez erreparatzea, eta ez dugu horretaz ahaztu nahi, horren azterketak eman baitiezaioke irtenbidea arazoari”, esan du Peio López de Munainek.

Tokiko artistek CMAS udal aterpean bizi diren pertsonekin egin zituzten hiru lantegitan du oinarri “Invisibilidad Revelada” erakusketak. Artisten eta esklusio-egoeran dauden pertsonen errealitateen artean itxuraz amildegi bat dagoen arren, bazen elkarren arteko loturarik, bai kulturan bai bizitzan bizirautea baita kontua.

Gaur arratsaldean inauguratuko da erakusketa; Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken Sailaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vital fundazioaren laguntza ere izan du.

Share