Prentsa Oharren banner

Duela 3 urte emandako diru laguntza bat itzultzeko eskatuko die Udalak Etxerat eta Sareri, EAEko Auzitegi Nagusiaren epai bat betez

Gasteizko Udalak Etxerat eta Sare elkarteei duela 3 urte emandako diru-laguntza bat itzultzeko eskatuko die, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak maiatzaren 12an emandako epai baten berri izan ostean. Epai horrek Udalari itzulketa hori eskatzeko eskatzen dio.

Epaiak “alderdikoitzat” jotzen ditu bi elkarteen proiektuak eta helburuak, eta ulertzen du administrazioak ez lukeela horrelako proiekturik babestu behar.

Udalak 5.000 euroko diru-laguntza eman zion 2017an elkarte bakoitzari, urte horretarako Bizikidetza eta Aniztasuna zerbitzuaren laguntzen deialdi ofizialaren barruan.

Share

Ogasuneko zinegotziak ohartarazi du Udalaren aurreikuspen ekonomikoek okerrera egin dutela

  • Udalaren diru-sarrerak 60 milioi euro gutxituko direla aurreikusten da

 

Koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioek aurreikuspen ekonomikoak aldatzera behartu dute Udala. Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik gaur Udalbatzari jakinarazi dionez, azken asteetan aurreikusten ari zen diagnostiko larriak okerrera egin du. Izan ere, diru-sarrerak 60 milioi euro gutxituko direla aurreikusten da. Horietatik, 15 milioi diru-sarrera propioei dagozkie, eta gainerako 45 milioiak, Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsari (FOFEL). Urte hasieran, Arabako Foru Aldunditik 177 milioi euro jasotzea espero zuen Udalak; orain, ordea, 132 milioi izango direla jotzen da.

Ez dut uste inoiz tamaina horretako sarrera jaitsierarik izan denik Udalaren historian“, esan du Iñaki Gurtubaik egoera laburtzearren. “Horixe da egoera. Bilketa jaitsiko da, gizarteak ere hein berean jasango duelako. Hilabete zailak ditugu zain, eta horren aurrean gastu aukerak aztertu behar ditugu“, erantsi du Ogasuneko zinegotziak.

Udal kontuen kudeaketan iraunkortasunari eutsi behar zaiola oinarritzat hartuz, Urtaranen gobernuak hiru ardatzetan antolatuko du plan ekonomikoa: gastuari eustea, malgutasunez jokatzea zorraren amortizazioan, eta ohikoak ez diren sarrerak bilatzea.

Iñaki Gurtubaik zehaztu duenez, gastuari eusteko 38,47 euroko diru-partidak atxiki dira aste honetan. Horrek ez du esan nahi aurrekontu-partidak kentzea, baizik eta horiek zati batean edo osorik erreserbatzea, zuhurtziaz kudeatzearren. “Egoeraren bilakaera eta sail bakoitzaren irizpideak kontuan hartuta, baliteke atxikipen horiek aldatzea. Eta zorpetzeko gaitasuna handitzen bada, horiek askatzeko prest gaude“, zehaztu du alkateordeak.

Atxikitako partiden lehen multzoa aurrekontu-partidan kreditua duten aurrekontu-partidei dagokie, 24,8 milioi euro. Beste multzo bat (3,59 milioi euro) koronabirusa dela eta ematerik izan ez den jarduera eta zerbitzuei dagokie; horiek aldatu edo bertan behera utzi beharko lirateke. Beste 10 milioi aurrekontuko 1. kapituluari (langile-gastuak) dagozkio. Neurriak ez lieke plantillaren oinarrizko ordainsariei eragingo.

Atxikipen horiek azkenean duten bilakaera gorabehera, hiru alor hauetan aurrekontua ez da ukituko, lehentasunezkoak baitira: osasuna babestea, gizarte-ongizatea bermatzea eta jarduera ekonomikoa sustatzea.

Gobernu taldeak martxan jarritako plan ekonomikoaren bigarren ardatza zorraren amortizazioaren malgutasuna da. Horrekin lotuta, finantza-erakundeekin negoziatzen hasi da, maileguak amortizatzeko ordainketak atzeratu ahal izateko. Aldi berean, Arabako Foru Aldundiaren zorpetze-ahalmena handitzea erabakiko balitz dekretuz, baliteke Udalak FOFELen bitartez jasotzen duen ekarpena horrenbeste ez gutxitzea.

Azkenik, ohikoak ez diren diru-sarrerak bilatzea da aurreikuspen ekonomiko larriei aurre egiteko hirugarren ardatza. Zehazki, udalaren ondarea saltzeko eragiketak azkartzeko aukerak aztertzen ari dira, beste kontzeptu batzuei dagozkien diru-sarreren galera konpentsatzeko.

Oposizioko taldeek oraingo egoeran laguntzeko erakutsi duten prestutasuna eskertu du Iñaki Gurtubaik. “Adosten dugun guztia herritarren mesederako izango da“, amaitu du alkateordeak.

 

 

Share

Udal langileei eta egoitzetako erabiltzaileei 1.400 koronabirus-test egitea kudeatu du dagoeneko Udalak 

Gasteizko Udalak kudeaturik, Osakidetza COVID-19a detektatzeko 1.432 proba egiten ari da egoitzetako erabiltzaileen, funtsezko zerbitzuetako langileen zein plantillako beste langile batzuen artean, eta hartara alkateak ezarritako konpromisoa betetzen ari da. “Koronabirusarekiko sentiberen diren pertsonei eta haiekin lan egiten dutenei arreta ematea guztiz lehentasunezkoa izaten ari da gobernu honentzat osasun krisialdi osoan“, azpimarratu du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

Besteak beste, 140 test (PCR eta serologikoak) egin zaizkie adinekoei laguntzeko San Prudentzio zentro integraleko erabiltzaileei. Orobat, 415 proba (PCR eta serologikoak) egin zaizkie San Prudentzio ALZIko eta udalaren etxebizitza komunitarioetako langileei.

Funtsezko zerbitzuetako langileei dagokienez, Prebentzio eta Su Itzaltze Zerbitzuko langile guztiei egiten ari zaizkie probak, 125 orotara. Herritarren Segurtasuneko langileei ere berehala egingo zaizkie kontrolak (400 probatik gora), eta Etxean Laguntzeko Zerbitzuko langile orori (200 test baino gehiago).

Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak gainerako langileei Osalanen bitartez beste 152 proba egitea kudeatu du, beraz, orotara 1.432 pertsonari egingo zaizkie testak, gehienak proba bikoitzeko sistemaren bidez.

Osasun eta Kirol zinegotziak Euskadiko populazio osoaren gainean egin diren fidagarritasun handiko testen bolumen handia nabarmendu du, estatuko bigarren autonomia-erkidegoa baita 1.000 biztanleko egin den PCR proben kopuruari dagokionez. “Arabaren kasuan, zortzi puntu gehiago da indizea, 1.000 biztanleko 69 PCR egin baitira, hau da, populazioaren arabera proba gehien egin duen lurraldea da, ia 23.000 PCR; horiei 13.300 test azkar baino gehiago erantsi behar zaizkie. Orotara, 36.000 PCRtik gora”, gogorarazi du Livia Lópezek.

Share

Udalak semaforo gehiagotan jarriko du anbar koloreko argi keinukaria, oinezkoentzako zenbait semaforo itzaliko ditu, eta semaforo zikloak aldatuko

Manuel Iradier kalean eta zenbait bidegurutzetan hasiko dira neurriak ezartzen 

Gasteizko Udaleko Trafiko Zerbitzuak aldatu egingo ditu hiriko semaforoetako batzuk, anbar koloreko argi keinukaria jartzearren. Kale batzuetan trafikoa murriztu eta zirkulazio-erreiak kendu direnez, semaforo-erregulazioa kentzea dago, esaterako, Manuel Iradier eta Florida kaleetan. Hartara, oinez doazenek lehentasuna izango dute berriro oinezkoen pasabide margotuetan, oinezkoentzako semaforo gorriak baldintzatzen baitzuen orain arte. Gasteizko inguru batzuetan, berriz, itzali egingo dira semaforoak.

Etorkizuneko mugikortasunak garraiobide ezberdinen arteko bizikidetza bilatu behar du, eta Udala lanean ari da oinezkoek espazio publikoa berreskuratzen jarrai dezaten.

Aldaketen ondorioz, ibilgailuentzako semaforoak anbar egongo dira, eta oinezkoentzako semaforoak, itzalita. Anbar koloreko semaforoak kontu handiz ibiltzera behartuko ditu gidariak eta, beharrezkoa bada, bidea ematera. Horrek esan nahi du galtzadatik zirkulatzen duten ibilgailu guztiek (autoek zein bizikletek) oinezkoek zebra-bideetan duten lehentasuna errespetatu beharko dutela.

Dagoeneko Manuel Iradier kaleko semaforoetan programatu da anbar koloreko argi keinukaria, 6.00etatik 10.00etara eta 20.00etatik 23.00etara izan ezik, eta Berpizkundearen plazaren ondokoa kenduta.  Baliteke ordutegiak aldatzea deskonfinamenduaren fase ezberdinetan. Olagibel eta Foru kaleen arteko eta Estibaliz hiribidearen eta Urriaren Hamabiaren kalearen arteko bidegurutzeetan ere antzera erregulatu dira semaforoak; eguneko 24 orduetan funtzionatuko dute horrela.

Bestetik, Udalak hiriko semaforo-zikloak aldatu ditu trafikoa gutxitu dela baliatuz, eta asteburuetako ohiko funtzionamendura moldatu. Zikloak laburragoak dira, itxaronaldiak eta semaforoa berde dagoen tarteak gutxiago dira, eta zirkulazio-fluxuak, arinagoak. Oinezkoek igarotzeko behar duten denbora arautzen duten irisgarritasun arauak kontuan hartuko dira, jakina.

 

 

 

Share

Udalak suteak itzaltzeko autoeskaileradun ibilgailu bat lagako dio Arabako Foru Aldundiari

Gaur goizean, Ogasun Batzordeak ontzat eman du Gasteizko Udalaren Prebentzio eta Su Itzaltze Zerbitzuaren ibilgailu-parkeko autoeskaileradun ibilgailu bat  Arabako Foru Aldundiari lagatzeko proposamena. Kamioiaren zereginak orain artekoak bezalakoak izango dira, baina Foru Aldundiaren suhiltzaileen zerbitzuari atxikita.

Hartara, Gasteizko Udalak erositako autoeskaileradun kamioi berriak ordezten duen ibilgailua Aldundiari emateko konpromisoa beteko da.  Eskaileradun kamioi berria laster gehituko da udal flotara; 30 metroko altuera har dezake, eta 750.079 euroko inbertsioa eskatu du.

Udalak eta Arabako Foru Aldundiak 2017ko urrian sinatutako hitzarmen baten bidez, Arabako Foru Suhiltzaileak erakunde autonomoak dirulaguntza bat eman zuen Gasteizko suhiltzaileen etxerako kamioi bat erosteko. Ibilgailu berria erabiltzeko moduan zegoenean, gaur lagatzea erabaki den autoeskaileradun ibilgailua Aldundiari emateko konpromisoa hartu zuen Udalak.

Share