Prentsa Oharren banner

91.224 abonatu zituzten Udalaren kirol-instalazioek 2020. urtea bukatzean

2020ko abenduaren 31n, 91.224 abonatu zituzten Udalaren kirol-instalazioek, 2019. urtearen bukaeran baino % 6,44 gutxiago. Hain zuzen ere, 2.466 alta izan ziren joan den urtean, eta 8.751 baja; beraz, 6.285 pertsonako saldo negatiboa.

Adin-tarteei gagozkielarik, 5 urtetik 17ra bitartekoena zen ugariena 2020. urtea bukatzean —19.705 abonamendu—, eta, ondotik, 45 urtetik 54ra bitartekoena —15.854 abonamendu— eta 35 urtetik 44ra bitartekoena —15.361 abonamendu—. 55 urtetik 64ra bitarteko abonatuak 9.258 ziren, 65 urtetik 74ra bitartekoak 7.580, 18 urtetik 24ra bitartekoak 7.243, 25 urtetik 34ra bitartekoak 7.211, 4 urtera artekoak 5.098, 75 urtetik 84ra bitartekoak 3.497, eta 85 urtetik gorakoak 417.

Emakumezko abonatuak 47.083 ziren —% 51,6— eta gizonezkoak, berriz, 44.141 —% 48,4—. 45 urtetik 54ra bitartekoen tartean izan ziren baja gehien joan den urtean, guztira 1.499, adin-tarte horretako abonatuen % 9,5. Aitzitik, 4 urtera artekoen adin-tartean izan zen aldaketarik txikiena, 2019ko kopuruaren aldean: 169 abonamendu gutxiago.

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek adierazi duenez, datu horiek erakusten dute herritarrek kirol-instalazio eta zerbitzuen udal-sarearekiko fideltasunari eutsi egin diotela, kirola egitea hain zail izan den urte horretan. “Udalaren kirol instalazioak hiru hilabetez itxi behar izatea ekarri zuten berekin krisi sanitarioak eta alarma-egoerak. Ulertzekoa da egoera horrek eragina izatea abonatuen kopuruaren bilakaeran, baina, batez ere, abonatu gehienek gure instalazio-sareak eskaintzen duen zerbitzuan duten konfiantza nabarmendu da”, azpimarratu du.

Joan den urriaren bukaeran, Gasteizko Udalak kirol-instalazioetako abonamenduaren zenbatekoaren % 25 itzuli zuen, baliatu gabeko aldia konpentsatzeko; guztira, 1,5 milioi euro ordaindu zituen. Gogora ekarri beharra dago Udalak kirol instalazioetako abonamenduengatik biltzen duenak ekipamendu sare horren kostu osoaren herena estaltzen duela, gutxi gorabehera.

Share

Banakako erreserbak egiteko aukera udalaren kirol instalazioetan

Udalaren kirol instalazioetan banakako erreserbak egiteko aukera ematen du orain udalak, eta hau duela hiru aste bizikideek erreserbatzeko abian jarritako aukerari gehitzen zaio. Kirol espazio bakoitzean pertsona bakarrarentzat egin ahalko da banakako erreserba; ezingo da laguntzailerik bertan egon, eta beste pertsona batzuen beharrik gabe egin daitezkeen kirol-modalitateetarako pentsatuta dago (kanpo geratzen dira banaka praktikatzeko makinen aukera dutenak, esaterako tenisa edo padela).

Kirol modalitate hauetarako eskatu ahalko da instalazioen banakako erreserba:

  1. Frontoia (BETI JAI bakarrik): esku pilota, gomazko pilota, paleta argentinarra, larruzko paleta, frontenisa, zesta-punta. Pertsona bat erreserba bakoitzeko
  2. Squasha (pertsona bat erreserba bakoitzeko)
  3. Banakako kirol-jarduera kantxan: areto-futbola, saskibaloia, eskubaloia. Pertsona bat erreserba bakoitzeko

Erabiltzaileek Gasteizko Udalaren web-orriaren bidez egin ahalko dute erreserba, edo aurrez aurre, gizarte etxe eta kirol instalazioetako informazio eta kontrol zerbitzuetan. Norberak bere kirol-materiala erabili beharko du, halakorik beharrezkoa izanez gero, eta nahitaezkoa izango da oinetakoak aldatzea kirol-espaziora sartu aurretik.

12 urtetik gorakoek egin ahal dute erreserba, eta instalazioa bi orduz, gehienez, erabil daiteke. Erreserba zortzi egun lehenago eska daiteke, gehienez.

Azkenik, instalazioa erabili ahal izateko, identifikatu egin beharko da Informazio eta Kontrol Zerbitzuan, NAN/AIZ edo Udal Txartela (HUT) erakutsita. Kirola egitean errespetatu egin behar dira instalazioa erabiltzeko baldintzak, une bakoitzerako ezarritako osasun-protokoloak betez.

Share

Prebentzio- eta segurtasun-jarraibide berrietara egokitu da kirol-jardueren udal-programazioa

Udal-ikastaroetan programatutako kirol-jarduera gehienei eutsi die Gasteizko Udalak, alarma-egoerara moldatzeko Eusko Jaurlaritzaren azken dekretuak berekin ekarri dituen prebentzio- eta segurtasun-jarraibide berrietara egokitu ondoren. Bi kontu ziren kirol-jarduerari eragiten ziotenak, funtsean: 21:00etan bukatzera behartzen duen ordutegi berria, batetik, eta espazioen edukiera % 40era murriztea, bestetik.

Ordutegiari dagokionez, 41 ikastaro moldatu behar izan dira egoera berrira, 21:00etaik aurrera programatuta zeudenez gero. Bat izan ezik, beste guztiak mantentzea lortu da, hasiera- eta bukaera-orduak aldatuz.

% 40eko edukiera berria gainditzen zuten jardueren kasuan, alternatibak bilatu dira, azalera handiagoko espazioetan, eta orobat banatu dira bitan zenbait jarduera, mugapenetara moldatzeko. Salburuko, Aldabeko eta Iparraldeko gizarte-etxeetako ikastaro batzuetan bakarrik eman behar izan zaie baja izena emandako zenbait pertsonari, beste konponbiderik ezean.

Gainerako ikastaroei ez die eragin ordutegi berriak, ezta edukiera-murrizketek ere, eta, hortaz, ez dute aldaketa nabarmenik izan. Nolanahi ere, azaroaren 7az geroztik itxita daude kirol-instalazio guztietako dutxak, eta aldagelen erabilera, berriz, premia jakin batzuetara mugatuta dago. Maskara erabiltzea nahitaezkoa da, une oro.

Share

Udalak kirol instalazioen abonamendu guztien % 25 itzuliko du urrian

Urriaren bigarren hamabostaldian, udalaren kirol instalazioetara abonatuta dauden orori ofizioz itzuliko zaie abonamenduaren zenbatekoaren laurdena, osasun krisialdian izandako itxialdiaren ondorioz. Hasiera batean bi aukera aztertu ziren itzulketa gauzatzeko: aurten eskabidea eginez, edo datorren urteko kuotan automatikoki deskontatuz. Azkenean, kudeaketa eraginkorragoa izan dadin eta herritarrek izapiderik egin beharrik izan ez dezaten, urrian abonatu orori ofizioz itzultzea erabaki da, eskabiderik egin beharrik gabe.

 

Urte hasieran, 97.509 pertsona zeuden abonatuta udalaren kirol instalazioetara, hau da, erroldatutako biztanleen % 38,2. Abonamendu horietako 63.291 A motakoak dira (25 urte betetik aurrera), zeinek urtean 95,4 balio baitute. Gainerakoak honela banatzen dira: B motakoak (18-24 urte bitartekoak), 7.354, 79,1 euro; C motakoak (5-17 urte bitartekoak), 22.382, 19,9 euro, eta D motakoak (0-4 urte bitartekoak), 4.482, doakoak. Gogoan izan behar da familiek eta 24 urte arteko ikasleek hobariak dituztela kuotetan.

 

Iñaki Gurtubai alkateordeak gogorarazi duenez, Udalak kirol instalazioetako abonamenduengatik biltzen duenak ekipamendu sare horren urteko kostuaren herena estaltzen du gutxi gorabehera. Azaldu duenaren arabera, alarma-egoera zela eta instalazioak itxita egon ziren bitartean instalazioak zein programak mantentzeko lanak ordaindu behar izan ziren, pandemiaren ondoren berriro erabili ahal izateko. Horretaz gain, instalazioak ireki ahal izan direnean neurri osagarriak hartu beharrak ohikoa baino gastu handiagoa ekarri du.

Share