Prentsa Oharren banner

Esleitu dira udaletxeko estalkia berritzeko lanak

Tokiko Gobernu Batzarrak Esparza Obras y Proyectos SL enpresari esleitu dizkio udaletxeko teilatua eraberritzeko lanak, 282.479,15 euroan (BEZa barne), hau da, hasierako prezioa 88.000 euro baino zertxobait gehiago beheratu da.

“Estalkia oso hondatuta dago, eta horrek filtrazioak eta kondentsazio-hezetasuna sortzen ditu. Horregatik, teila guztiak berrituko ditugu, eta isolamendua instalatuko dugu, eraikinaren portaera termikoa hobetzeko eta kondentsazioak eragozteko“, azaldu du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek.

Bide batez, beste alderdi batzuk hobetuko dira, esaterako, segurtasun-neurriak ezarriko dira gerora mantentze-lanak egin behar direnerako.

Lanak gauzatzeko epea 190 egun naturalekoa da.

Udaletxea eraikin neoklasikoa da; Justo Antonio Olagibel arkitektoak diseinatu zuen, eta 1791ko abenduaren 24an inauguratu zen, egun hartan egin baitzuen Udalak lehen saio instalazio berrietan.

 Beste esku-hartze batzuk

Horretaz gain, Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak udal eraikinak mantendu eta hobetzeko beste lan batzuk egitea aurreikusi du: Ibaiondoko gizarte etxeko estalkiak konpontzea, 79.609,68 euroko aurrekontua (BEZa barne) eta gauzatzeko 45 eguneko epea aurreikusita, eta estalkiak berritzea San Ignacio ikastetxe publikoko haurren eraikinean zein Gurutzmendi haur-eskolan, 80.426,34 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).

Orobat, aldagela bat egokituko da Oreitiasoloko lantegiko solairuartekoan, 163.714,04 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).

 

 

Share