Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 urria 2019 13:13

Atzo, Simon de Anda kaleko espaloian, 18:00ak baino minutu batzuk geroago gertatutako auto-harrapaketa baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa talde bat. 96 urteko emakume batek zeraman gurpil-aulki motorduna jo zuen garajera sartzen ari zen ibilgailu batek. Talka horren ondorioz, edadeko emakumea lurrera erori eta buruan kolpea hartu zuen. Anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen eta gaur gauean hil egin da.

Atzo Salbatierrabide kalean bi ibilgailuren artean talka egin izanaren ondorioz gertatutako istripuan autoa gidatzen ari zen 50 urteko emakumea zaurituta geratu zen. Anbulantzia batek ospitalera eraman zuen, bertan artatu ondoren.

Udaltzaingoak beste 13 trafiko-istriputan esku hartu du, baina ez da zauriturik izan eta ez da inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. 17 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren 18 jarduera egin dituzte.

Suhiltzaileak

Hedegile kaleko etxebizitza bat zurkaiztu zuten atzo suhiltzaileek, obra batzuk egiten ari diren bitartean artesiak hauteman dituztelako bigarren solairuko bi habetan. 14:00ak jota jaso zuten deia. Ez zen beharrezkoa izan eraikinean bizi diren pertsonak kanporatzea; udal arkitektoak egin zituen ikuskaritza-lanak.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 urria 2019 13:36

Udaltzaingoaren agenteek 33 eta 27 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo, bi pertsonari lesio larriak eragin zizkien eraso-delitu banaren ustezko egileak direlakoan.

15:00ak aldera, Iradier Arena inguruan, Udaltzaingoaren patruila batek bi ohiko delitugile hauek pintura urdineko spray bat eta su-pizgailu bat erabiltzen ikusi zituen 57 urteko gizonezko baten burura sugarra jaurtitzeko, hainbat erredura eraginez.

Erasotzaileek bertatik ihes egin zuten, eta handik pixka batera, berdin jokatu zuten Errioxa kalean, 60 urteko beste gizonezko bati eraso eginez. Handik alde egin eta geroxeago atxilotu egin zituzten Babesgabetuen plaza inguruan, eta Agirrelandako polizia-etxera eraman ondoren, bertan jarraitzen dute, epailearen esku jartzen dituzten arte.

Erasoa jasan zuten bi gizonezkoak kalean bizi dira normalean, eta bi anbulantzietako osasun-langileek artatu ondoren, ospitaleetara eraman zituzten.

Lapurreta indarkeriaz

29 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, Herrandarren kaleko merkataritza-establezimendu batean indarkeriaz egindako lapurreta baten ustezko egilea delakoan. Arroparen artean ezkutatuta zenbait salgai eramaten saiatzen ari zela atxikita eduki zuen segurtasun-zaindariari eraso egin zion.

Bi auto-harrapaketa

26 urteko emakume bat eta 8 urteko mutiko bat zaurituta geratu ziren atzo gertatutako bi auto-harrapaketetan.

Lehena Ozeano Barearen kalean gertatu zen, emakume bat errepidea oinezkoentzako pasabidetik zeharkatzen ari zela. Anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

Beste auto batek 8 urteko mutikoa harrapatu zuen, Jeronimo Roure kalean errepidea oinezkoentzako pasabidetik kanpo gurutzatzen ari zela. Udaltzaingoa istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da. Anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen adingabea.

Gamarrako Atea kalean izandako trafiko-istripu bat ere ikertzen ari dira; istripu horretan bost ibilgailuk elkarren aurka talka egin zuten. Bi pertsona zauritu ziren: autoetako bat gidatzen ari zen 37 urteko gizonezkoa, Txagorritxu Ospitalera eraman zutena, eta 51 urteko emakume bat, beste ibilgailu bateko bidaiaria, eta hau Santiago Ospitalera eraman zuten.

Udaltzaingoak beste 10 trafiko-istriputan esku hartu zuen atzo, nahiz ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. Horrez gain, 14 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 14 jarduera egin zituzten.

Sutea 4 edukiontzitan

Atzo, Koldo Mitxelena kalean, lau edukiontzitan piztutako suteagatik esku hartu behar izan zuten suhiltzaileek; zuhaitz bat ere kaltetu zuen suak. Deia 22:45ak baino minutu batzuk lehenago jaso zuten parkean, eta sugarrek erabat kiskali zituzten hondakin organikoen eta ontzien edukiontziak, eta partzialki paperaren eta beiraren edukiontziak.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 urria 2019 12:58

Udaltzaingoaren agenteek 38 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo arratsaldean, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa, Erdi Aroko Hiriguneko etxebizitza batean bere bikotekidea jotzeagatik.

092 zenbakira egindako dei batek eraso horren berri eman zuen, eta hala, patruila bat bertara joan eta bikotearekin eta gertaeren lekuko batekin elkarrizketatu zen. Biktimak aitortu zuen bere bikotekideak jo egin zuela. Bertsio guztiak entzun ondoren, eta erasoaren ondorioz emakumeak zeuzkan aztarnak ikusirik, udaltzainek atxilotu egin zuten gizonezkoa, eta gaur goizean epailearen esku geratuko da.

39 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, 20:00ak aldera, Herrandarren kaleko merkataritza-establezimendu batean indarrez egindako lapurreta-delitu baten ustezko egilea delakoan.  Lokaleko segurtasun-zaindari batek hura atxikitzea lortu zuen, nahiz eta gizonezko horrek jokabide erasokorra erakutsi zuen eta ihes egiten ere ahalegindu zen. Gaur goizean epailearen esku geratuko da.

Bizikletaz zihoazen bi emakume zauritu dira

Bizikletaz zihoazen 16 eta 26 urteko bi emakume zauritu ziren atzo trafiko-istripuan. Lehena Juan Garai kalearen eta Latinoamerika Plazaren arteko elkargunean gertatu zen, neska adingabeak zeraman bizikletaren aurka auto batek talka egin zuenean. Neska gaztea Santiago Ospitalera eraman behar izan zuten.

Bigarren istripua, halaber, auto baten eta bizikleta baten arteko talkaren ondorioz gertatu zen, Zabalgana eta Giza Eskubideen hiribideen arteko bidegurutzean. Talka horren ondorioz, bizikletaz zihoan 26 urteko emakumea zaurituta geratu zen eta Santiago Ospitalera eraman behar izan zuten anbulantzian.

Atzo Zabalgana hiribidean gertatutako istripu baten xehetasunak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan bi auto eta motozikleta bat zeuden nahastuta, nahiz eta autoetako bat aparkatua zegoen, eta motoa gidatzen ari zen 29 urteko gizonezkoa zaurituta geratu zen. Bertara joandako larrialdi-zerbitzuek artatu zuten eta, gero, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Udaltzaingoak beste 17 trafiko-istriputan esku hartu du, baina ez da zauriturik izan eta ez da inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. 19 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren 14 jarduera egin dituzte.

Higiezina ikuskatzea

Udaltzaingoaren Agenteek Olarizu Hiribidean esku hartu zuten atzo arratsaldean, bertan ikuskaritza-lan batzuk egiten ari ziren udal langile batzuei babesa emateko, izan ere, okupa bezala bizi diren pertsona batzuk eragozpenak sortzen ari baitzitzaizkien. Patruilak iritsi zirenean, langileei nahiz udaltzainei garrasika eta mehatxuka jarraitu zuten haiek, eta udaltzainekin borrokan ere ibili ziren, eta horren ondorioz, indar proportzionala erabili behar izan zuten haiek geldiarazteko.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 urria 2019 13:17

Udaltzaingoaren Agenteek 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, bizikleta bat lapurtzearen delitua eta agintaritza-agenteen aurkako atentatuaren beste delitu bat egin dituen ustezko egile gisa.

Koordinazio Zentralak patruila bati eskatu zion Dato kalera joan zedila, antza denez gizonezko bat bizikleta bat lapurtzen ahalegintzen ari zelako aparkaleku batean. Eskainitako xehetasunei esker, udaltzainek bizikleta baten giltzarrapoak manipulatzen aurkitu zuten gizona, eta horren ondorioz, hura identifikatzeari ekin zioten. Poliziarekin izandako esku-hartze horretan ziurtatu zuen bi bizikleta bere jabetzakoak zirela, baina horien jatorria zalantzazkoa zenez, kendu egin zizkioten eta gizonezkoak bertatik alde egin zuen.

Handik minutu batzuetara, kalez jantzita zihoan beste patruila batek Alamedako Markesaren plazan ikusi zuen, eta han, bizikleta bat bereganatzea lortu zuen. Udaltzain batek, ordea, harrapatu egin zuen eta ustezko lapurra haren aurka oldartu zen. Horrexegatik atxilotu zuten, eta Guardiako Epaitegian izapide egokiak bete ondoren, aske utzi zuten.

Bi pertsona zauritu dira

Motozikleta bat gidatzen ari zen emakume bat, 45 urtekoa bera, eta bizikletaz zihoan neska gazte bat, 14 urtekoa, zaurituta geratu ziren atzo trafiko-istripu banatan.

Lehen istripua Errementari kalearen eta Harategi Kantoiaren arteko elkargunean izan zen, motoz zihoan emakumea lurrera joan baitzen bizikletaz zihoan neskaren aurka talka ez egiteagatik. Emakumea ospitale batera eraman zuten.

14 urteko mutil gazte bat zauritu zen bere bizikleta gainetik erori ondoren, Mexiko eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleen arteko elkargunean zebilela. Larrialdi-zerbitzuek artatu zuten, eta gero, Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Udaltzaingoak beste 18 trafiko-istriputan esku hartu du, baina ez da zauriturik izan eta ez da inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. 20 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren 7 jarduera egin dituzte.

Fatxada bateko luzitua lurrera erori da

Suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten atzo, fatxada bateko luzituaren zati bat oinezko baten gainera erori zelako Herrandarren kalean. Pertsona horrek ez zuen minik izan, eta SPEISeko langileek fatxada osoa berrikusi eta erortzeko arriskua zuten elementuak kendu zituzten.

Bide publikoko zuhaitzekin loturiko bi dei ere jaso zituzten: lehenengoan jakinarazi zieten zuhaitz bat erori zela Pascual Andagoia kalean, eta suhiltzaileek erretiratu egin zuten, eta bigarrenak ohartarazi zien Nieves Cano kaleko zenbait zuhaitz kolokan zeudela, baina suhiltzaileek aztertu zituzten eta ez zuten ohiz kanpoko ezer ikusi.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   07:13

Udaltzaingoaren agenteek 20 urteko mutil gazte bat eta 30 urteko gizonezko bat atxilotu zituzten atzo, bide publikoan beren bikotekideak jotzeagatik genero-indarkeriazko delitu banaren ustezko egile direlakoan, lehena Judimendi auzoan eta bigarrena Erdi Aroko Hirigunean.

Goizeko hamarretan, 092 zenbakira egindako dei batek ohartarazi zuen gizonezko batek emakumezko bat jo zuela bide publikoaren erdian, Judimendi hiribidean. Patruila batek bi bikotekideak eta haiekin batera zihoan beste neska gazte bat aurkitu zituen bertan.  Udaltzainek haien bertsioak entzun zituzten, baita gizonezkoak biktima jo zuela berretsi zuten beste lekuko batzuenak ere, eta beraz, hura atxilotzeari ekin zioten eta gaur epailearen esku geratuko da.

Ordubete geroago, Udaltzaingoaren agenteek bigarren gizonezko bat atxilotu zuten, 30 urtekoa, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile delakoan, Harategi Kantoian eztabaida batean bere bikotekidea jotzeagatik. Herritar bat eta Udaltzaingoaren patruila bat gizonezkoak emakumezkoari egindako irain eta mehatxuen lekuko izan ziren. Atxilotua epailearen esku geratuko da gaur.

Udaltzainei ez obeditzea

Udaltzaingoaren Agenteek 50 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean, agintaritza-agenteen aurkako desobedientzia, erresistentzia eta atentatuaren delitu banaren ustezko egilea delakoan.

Gizonezkoa oinezkoei agiraka egiten ari zitzaien kalean, eta udaltzainek jokabide hori alde batera utz zezala eskatu zioten. Hura identifikatzeari ekin ziotenean, ukatu egin zen eta udaltzainak jotzen ere ahalegindu zen, eta horrexegatik, atxilotu egin zuten.

Atzo goizaldera, halaber, 32 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, agintaritza-agenteen aurkako beste delitu baten ustezko egilea zelakoan. Gizon horrek kalteak eragin zituen Pintore kaleko ostalaritza-lokal batean.  Polizia esku hartzen ari zen bitartean, bortizkeria handiz jokatu zuen, irainak zuzendu zizkien udaltzainei eta eraso ere egin zien.

Istripuak

Bost pertsona zauritu dira joan den ostiralaz geroztik gertatutako trafiko-istripuetan. Zadorra hiribidean furgoneta baten eta auto baten arteko talkaren ondorioz gertatutako istripuan bigarren ibilgailu hori gidatzen zihoan 19 urteko neska gaztea zaurituta geratu zen. Bertara joandako larrialdi-zerbitzuek artatu eta, gero, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Arriagako Atea kaleko oinezkoentzako pasabide batean beste istripu bat gertatu zen hiru autoren arteko talkaren ondorioz. Talka hori dela eta, lehen ibilgailua gidatzen zihoan emakumea, 44 urtekoa, zaurituta geratu zen, eta anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman behar izan zuen.

Oinez zihoan 46 urteko gizonezko bat eta bizikletaz zihoan 21 urteko mutil bat zaurituta geratu ziren Forondako Atea kaleko bidegorrian izandako harrapaketan. Antza denez, oinezkoa bidegorrian sartu zen, begiratu ere egin gabe, eta txirrindularia zetorren bertatik, lehentasuna izanik. Anbulantzia batek biak artatu zituen, gertaera horiek izandako tokian bertan, baina ez zen beharrezkoa izan ospitalera eramatea.

Bizikletaz zihoan 22 urteko neska gazte bat, halaber, zaurituta geratu zen, oinezkoentzako pasabide batean bat-batean sartu ondoren, José Mardones kalearen eta Santiago hiribidearen arteko bidegurutzean, semaforoa oinezkoentzat gorrian zegoela. Errepidetik lehentasunez zetorren motozikleta baten aurka talka egin zuen. Anbulantzia batek artatu zuen txirrindularia, eta gero Santiago Ospitalera eraman zuen.

Udaltzaingoak beste 24 trafiko-istriputan esku hartu behar izan du asteburuan, nahiz ez den zauriturik izan, eta 5 gidari ikertzen ari dira alkoholaren eraginpean gidatzeagatik. Horietako bat, 42 urteko gizonezkoa, ikertzen ari dira, dagozkion alkoholemia-probak egiteari uko egiteagatik.

Ikertutako gidarietako bat, 28 urteko gizonezkoa, semaforo bat gorrian igarotzen ikusi zuten Arriagako Atea kalearen eta Larrugile kalearen arteko bidegurutzean; 49 urteko beste gizonezko batek kontrako norabidetik ekin zion Wellington Dukearen kaleko biribilguneetako batean, eta hirugarrengoa, 26 urteko gizonezkoa, Bakearen kalean ezohiko moduan gidatzen ari zela ikusi zuten. Emaitza positiboa eman zuen alkoholemian nahiz kalamuan.

Asteburuan, alkoholemiaren prebentziorako 7 kontrol egin ditu hirian Udaltzaingoak, eta horietan, 140 gidari inguruk egin behar izan dituzte alkoholemiaren nahitaezko probak. Horietatik lauk emaitza positiboa eman zuten.

Udaltzaingoak 38 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 20 jarduera egin zituen.

Trafiko-istripuak 6 basurderengatik

Suhiltzaileek atzo gaueko hamaikak aldera esku behar izan zuten auto batek istripu bat eduki zuelako sei basurde kumerengatik N-240 errepidean, Miñanoko Parke Teknologikoaren irteeran, Bilborako norakoan.

Horrez gain, sastrakadi batean piztutako sute txiki bat itzali zuten Zadorran, Eraztun Berdearen ondoan.

Baia Ibaiaren kaleko eraikin bateko trastelekuan sute bat piztu zen koltxoi batek su hartu ondoren. Suhiltzaileek hura itzali eta ingurua egurastu zuten.

Joan den larunbatean beste sute bat piztu zen Konstituzio plazan jarritako barraka baten besoetako batean. SPEISeko langileak iritsi zirenerako sua itzalia zegoen. Udaltzaingoaren ikerketa-unitateak baimena eskatu zuen funtzionamenduari berrekiteko, eta kalteak izan zituen beso hori baliogabetuta geratzeko baldintzarekin onartu zuten.

Suhiltzaileek sute bat itzali zuten larunbatean, Bitorialanda kaleko fabrika zahar baten orubean, baita tximista baten ondorioz basoan piztutako beste sute txiki bat ere, A-3008 errepidearen aldamenean.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 urria 2019 12:53

Udaltzaingoaren agenteek 25 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, Armentiaganako merkataritza-establezimendu batean indarkeriaz baliatuz lapurreta-delitu baten ustezko egilea delakoan.

Saltokiko arduradun batek polizia bertaratzeko eskatu zuen, gizonezko bat salgairik ordaindu gabe dendatik alde egiten saiatzen ari zela atxiki ondoren.   Udaltzainak iritsi zirenean, ustezko lapurra emakumezko langile batekin borrokan ikusi zuten, eta jo eta lurrera bota ere egin zuen, eta ihes egitea lortu bazuen ere, udaltzain batek harrapatu egin zuen eta polizia-etxera eraman zuten.

21 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten atzo Koroatze auzoan, bilatzeko, atxilotzeko eta Epaitegian aurkezteko errekisitoria judizial bat zeukalako beraren gainean. Ibilgailu bati kalteak eragin ondoren identifikatu zuen Udaltzaingoak. Gaur goizean epailearen esku geratuko da.

Zigorra urratzea

Udaltzaingoaren agenteek 43 urteko gizonezko bat eta 42 urteko emakume bat atxilotu dituzte gaur goizeko lehen orduan, biek elkarrekiko zuten urruntze-agindua urratzeagatik. Goizeko 7ak jota, eztabaida bat eduki dute Sansomendiko taberna batean, eta horren ondorioz, herritar batek 092ra deitu du. Udaltzainek atxilotu eta Agirrelandara eraman dituzte, eta bertan epailearen esku geratuko dira.

Trafiko-istripuak

Sei pertsona zauritu dira atzo gertatutako lau trafiko-istriputan.

Bizikletaz zihoan 27 urteko emakume bat zauritu zen Alboka kalean erori ondoren. Anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen.

Toni Morrison kalean bi ibilgailuren artean izandako trafiko-istripu bat ikertzen ari da argiketa-talde bat. Bi autoetako gidariak, 53 urteko gizonezko bat eta 52 urteko emakume bat, zaurituta geratu ziren eta Santiago Ospitalera eraman zituzten.

Perretegana kalean beste bi autoren artean gertatutako beste trafiko-istripu bat ere ikertzen ari dira. Ibilgailuetako batean zihoan gidaria, 27 urteko gizonezkoa, zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

Gidatzen zihoan 30 urteko gizonezko bat eta bidaiari gisa zihoan 22 urteko gizonezko bat zaurituta geratu ziren atzo, Maite Zuñiga eta Lasarteko Atea kaleen elkargunean bi ibilgailuren artean izandako talkaren ondorioz. Txagorritxu Ospitalera eraman zituzten biak.

Udaltzaingoak beste 16 trafiko-istriputan esku hartu du, baina ez da zauriturik izan eta ez da inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. 19 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren 10 jarduera egin dituzte.

Zenbait pertsonak kea arnastu dute

Gaur goizaldera bi pertsona eraman behar izan dituzte ospitalera, Tomas de Zumarraga Dohatsuaren kaleko etxebizitza bateko sukaldean piztutako sutean kea arnasteagatik. Iritsi direnerako, higiezineko jabeek sutea itzalia zuten. SPEISeko langileek sua itzalita zegoela ziurtatu eta etxebizitza egurastu dute.

Aldabe kaleko garaje batean piztutako suteak hainbat kalte eragin zituen bi ibilgailutan. Suhiltzaileek sua itzali zuten eta beharrezko eguraste-lanak egin zituzten.

Tomas de Zumarraga Dohatsuaren kaleko eraikin batetik eroritako horma-zatiek zenbait kalte eragin zituzten ibilgailu batean. Suhiltzaileek ikusi zuten horma altxatuta zegoela zenbait puntutan, eta puntu horiek txukundu ondoren, komunitateari horren berri eman zioten, konpondu zitzan.

Suhiltzaileak Espainia plazako ostalaritza-establezimendu bat ikuskatzera joan ziren atzo, frijigailu batek su hartu baitzuen bertan.  Ez zuten bestelako arriskurik sumatu, baina jabeei gomendatu zieten ospitalera joan zitezela, kea arnastu zutelako.

N-240 errepidean, Legution, hozkailu-trailer batek izandako istripuaren ondorioz, garraiatzen ari zen zama errepidean zabalduta geratu zen. Suhiltzaileek errepidea garbitu zuten, trafikoa bere onera etor zedin.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 urria 2019 13:28

Udaltzaingoaren Agenteek 40 eta 33 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo, genero-indarkeriaren delitu banaren ustezko egile gisa, bikotekideak jotzeagatik.

Lehen esku-hartzea eguerdian izan zen, emakume batek 092 zenbakira deitu eta Salburua auzoko bere etxebizitzara polizia etortzeko eskatu zuenean, bertatik ihes egitea lortu baitzuen, eztabaida batean bere bikotekideak jo eta aizkora batez mehatxu egin ondoren.

Emakumeak gertatutakoa berretsi zien udaltzainei, eta beste patruila bat ustezko erasotzailearekin elkarrizketatu zen etxebizitza horretan. Bi bertsioak entzun ondoren, eta emakumeak zeuzkan lesioak ikusirik, atxilotu egin zuten gizonezkoa, eta gaur goizean epailearen esku geratuko da.

Biktimari ospitaleraino lagundu zioten eta, gero, baita Agirrelandara ere, dagokion salaketa jar zezan.

Bigarren gizonezkoa, 33 urtekoa, arratsaldean atxilotu zuten. 092 zenbakira egindako beste dei batek ohartarazi zuen emakume bat garrasika laguntza eske ari zela Erdi Aroko Hiriguneko etxebizitza batean. Patruila bat bertara joan zen. Han, udaltzainek biktimarekin, haren bikotekidearekin eta beste gizonezko batekin hitz egin zuten; beste gizon hori etxebizitzaren jabea zen eta atxilotuak emakumea jo eta mehatxatu zuen eztabaidaren lekuko izan zen. Lekukotza guztiak entzun ondoren, udaltzainek atxilotu egin zuten ustezko erasotzailea, eta gaur goizean epailearen esku geratuko da.

Emakumeari ospitale bateraino eta Agirrelandako polizia-etxeraino lagundu zioten, eta han salaketa bat jarri zuen bere bikotekidearen aurka.

Pertsona bat zauritu da

Atzo eguerdian istripu bat gertatu zen, Gamarrako Atea eta Zadorraren Hiribidearen arteko biribilgunean bi autok elkarren aurka talka egin ondoren. Talka horren ondorioz, ibilgailuetako batean bidaiari gisa zihoan 29 urteko emakume bat zaurituta geratu zen, eta osasun-zerbitzuek artatu bazuten ere, ez zen beharrezkoa izan ospitalera eramatea.

Udaltzaingoak beste 18 trafiko-istriputan esku hartu zuen, nahiz ez zen zauriturik izan, eta gidatzen zihoan 47 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik, bere ibilgailua Varsovia hiribidean aparkatzen ari zela trafiko-istripua izan ondoren.

Udaltzainek atzo 20 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 24 jarduera egin zituzten.

Autobus baten gurpilek su hartu dute

Suhiltzaileek dei bat jaso zuten atzo, A-1 errepidetik zihoan autobus baten atzealdeko gurpilak sutan zeudela esateko. Gidariak su-itzalgailu bat hustu zuen suak eragindako lekuan eta suhiltzaileek eragindako bi gurpiletako sua itzaltzea amaitu zuten.

Suhiltzaileen talde bat Murgiara joan zen, familiabakarreko etxe baten garajean piztutako sua itzaltzera. 5 m2 inguruko eremu batean hedatu ziren kalteak. Jabeak hautsezko su-itzalgailu bat erabili zuen sua itzaltzeko. Suhiltzaileek uraz itzaltzea amaitu zuten eta etxebizitza egurastu zuten.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 urria 2019 12:55

Udaltzaingoa 20 urteko mutil gazte bat ikertzen ari da, gida-baimenik gabe eta ausarkeria nabarmenaz gidatzeagatik bide-segurtasunaren aurkako delitu bana egin ote duen jakiteko.

Gertaera horiek atzo goizeko lehen orduan izan ziren, eta Aretxabaleta inguruan zaintza-lanak egiten ari zen patruila batek orduantxe ikusi zuen ibilgailu bat Iturritxu kalerantz gehiegizko abiaduran zihoala. Udaltzainek abiada gelditzeko agindu zioten, baina halere, gidariak ez zien kasurik egin eta berdin-berdin gidatzen jarraitu zuen, harik eta A-2130 errepidean geldiarazi zuten arte, El Salvador hilerriko bidegurutzera iritsi baino lehen.

Dokumentazioa eskatu ziotenean, gidariak aitortu zuen ez zeukala gida-baimenik, eta halaxe egiaztatu zuten udaltzainek Koordinazio Zentralarekin, esekipen judizial bat zuelako.  Hori guztia ikusirik, izapideak abiarazi zituzten Guardiako Epaitegian.

Lau pertsona zauritu dira

Bizikletaz zihoan 24 urteko mutil gazte bat zaurituta geratu zen atzo gertatutako istripu batean, Gamarrako Atea kalearen eta Kantabrikoaren Hiribidearen elkargunean; anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

Handik pixka batera, bizikletaz zihoan 18 urteko beste neska gazte bat zauritu zen Korazonisten Kalearen eta Nieves Cano kalearen arteko bidegurutzean oinezkoentzako pasabide batean auto batekin izandako istripuan. Talka horren ondorioz, neska gaztea Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Bi autoren artean gertatutako istripu baten xehetasunak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Auto horietako batek ihes egin zuen, eta beste autoko gidaria, 31 urteko gizonezkoa, zaurituta geratu zenez, larrialdi-zerbitzuek artatu eta, gero, Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zuten.

Bartzelona kalean pertsona bat harrapatu zuten auto batekin izandako istripu batean. Istripu horren xehetasunak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripuaren ondorioz, oinez zihoan 83 urteko gizonezkoa zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen.

Udaltzaingoak beste 16 trafiko-istriputan esku hartu zuen, nahiz ez den zauriturik izan, eta beste bi gidari ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. 43 urteko emakume batek trafiko-istripua izan zuen, eta emakumearen nahiz ibilgailuaren dokumentazioa aztertzen hasi zirenean, ikusi zuten ez zeukala gida-baimenik, eta beraz, izapideak abiarazi zituzten Guardiako Epaitegian.

49 urteko beste emakume bat ere ikertzen ari dira Etxezarra kalean edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik.

Udaltzaingoak 19 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 14 jarduera egin zituen.

Eraikin bat hustu dute

Suhiltzaileek Dato kaleko eraikin bateko lehen solairua eta behe-solairua tinkatu zituzten atzo, egurrezko habe batean akats bat atzeman zutelako. Lurrera eraisteko arriskua zegoenez, beharrezkoa izan zen eraikinetik jendea ateratzea. Tinkatze-lan horiek egin ondoren, SPEISeko langileek bertako biztanleei lagundu egin zieten beren ondasunetako batzuk hartu ahal izan zitzaten.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 urria 2019 12:42

Udaltzaingoaren agenteek 24 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egilea delakoan.

092 zenbakira egindako dei batek ohartarazi zuen eztabaida gogorrean zeudela Erdi Aroko Hiriguneko etxebizitza batean eta emakume bat laguntza eske ari zela. Bertara joan zen patruilak ate ondoan topatu zuen biktima, bikotekidearekin batera.  Biek aitortu zuten eztabaidan aritu zirela familia-arrazoiengatik eta une jakin batean gizonak emakumea jo zuela.

Biktimak zeuzkan lesioak ikusita, udaltzainek ustezko erasotzailea atxilotzeari ekin zioten. Patruila batek ospitalera eraman zuen emakumea eta, gero, Agirrelandako polizia-etxera lagundu zion, salaketa egokia jartzera. Atxilotua epailearen esku geratuko da gaur goizean.

Lapurreta indarkeriaz

Udaltzaingoaren agenteek 38 urteko emakume bat atxilotu zuten atzo, Herrandarren kaleko merkataritza-establezimendu batean indarrez egindako lapurreta-delitu baten ustezko egilea delakoan.

Lokalaren arduradun den emakumeak lapurreta egiten ari zela harrapatu zuen beste emakume hori eta han atxikitzen ahalegindu zen. Borrokaldi horretan, ustezko lapurrak mehatxu egin eta jo egin zuen, baita laguntzera joandako beste emakume bezero bat ere.

Ustezko lapurrak dendatik irtetea lortu zuen, baina biktimak eskainitako deskribapenari esker, udaltzain motodunek han inguruan topatu zuten eta atxilotzeari ekin zioten. Guardiako Epaitegian izapide egokiak bete ondoren, epailearen esku geratu zen.

Lege-haustea eta errekisitoria

Udaltzaingoaren agenteek 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, kautelazko neurri bat urratu izanaren delituaren ustezko egilea delakoan.

092 zenbakira egindako dei batek Legutioko Atea kaleko ostalaritza-establezimendu batera polizia etortzeko eskatu zuen, zerbitzu horren eskatzaileak adierazi baitzuen bere bikotekide ohiak urratu egin zuela berarenganako urruntze-agindua eta agiraka egin ziola, bere lantokian zegoen bitartean.

Patruila iritsi zenerako, gizona alde egina zen. Biktimak emandako deskribapenari esker, beste udaltzain batzuek kale horretan bertan aurkitzea lortu zuten. Agindu hori indarrean zegoela egiaztatu ondoren, hura atxilotzeari ekin zioten. Gaur goizean epailearen esku geratuko da.

Atzo gizonezko bat atxilotu zuten bere etxebizitzan, bilatzeko, atxilotzeko eta epaitegi batean aurkezteko errekisitoria judizial bat zuelako gainean. Arratsalde horretan bertan epailearen esku geratu zen.

Bi pertsona zauritu dira

Atzo Ballester Apezpikuaren kalean gertatutako auto-harrapaketa baten xehetasunak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan auto bat zegoen nahastuta. Talkaren ondorioz, 18 urteko neska gazte bat zaurituta geratu zen, eta larrialdiko osasun-zerbitzuek artatu bazuten ere, ez zen beharrezkoa izan ospitale batera eramatea.

Bizikletaz zihoan 38 urteko gizonezko bat zauritu zen, halaber, auto batek harrapatuta, Micaela Portilla eta Koldo Mitxelena kaleen elkargunean, nahiz eta ez zen beharrezkoa izan ospitale batera eramatea.

Udaltzaingoak atzo beste 11 trafiko-istriputan esku hartu zuen, baina ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. 18 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren 14 jarduera egin dituzte.

Kea eraikin batean

Suhiltzaileak Errege-Erregina Katolikoen kalera joan ziren atzo, etxebizitza batean kea zegoela ohartarazi zutelako. Kearen sorburua sutan ahaztutako kazola bat izan zen. SPEISeko langileek bi pertsonari lagundu zioten, eta osasun-langileek ere artatu zituzten, eta horrez gain, baliabide mekanikoak erabili zituzten etxebizitza eta komunitateko eskailera egurasteko.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  7 urria 2019 13:42

Bere bikotekidea labana batez zauritu ondoren larunbatean Udaltzaingoak atxilotutako 39 urteko gizonezkoa epailearen esku geratu da gaur goizean.

Gertaera horiek arratsalde erdialdera izan ziren. Koordinazio Zentralak eskatu zuen patruila bat Errege-Erregina Katolikoen kaleko etxebizitza batera joan zedila, emakume bat labanaz sastakatu zutelako. Udaltzainek kalean topatu zuten biktima, aurpegia eta lepoaldea odolduta zeuzkala. Etxebizitzatik ihes egitea lortu zuen, bere senarrak labana batez buruan ebaki bat egin ondoren. Gizona etxebizitza barruan giltzapetu zen, 2 urteko bien semearekin. Egoera hori ikusirik, udaltzainak indarrez sartu ziren bebarrura eta bikotea bizi zen solairuraino igo ziren.

Bikotearen etxebizitzako atearen aurrean zeudela, ustezko erasotzailearekin elkarrizketa bat izaten ahalegindu ziren. Hasieran bazirudien patruilei kasu egiten hasiko zela, baina azkenean etxebizitza barruan giltzapetzea erabaki zuen. Egoera horren aurrean, Udaltzaingoak Ertzaintzaren berehalako erantzuteko patruila baten, anbulantzia baten eta suhiltzaileen laguntza eskatu zuen.

Osasun-zerbitzuek biktima ospitalera zeramaten bitartean, Ertzaintzaren agenteek etxebizitza barruan sartzea lortu zuten, ustezko erasotzailea menderatu zuten –Udaltzaingoak hartu zuen hura zaintzeko ardura– eta haur txikia erreskatatu zuten. Udaltzainek labana aurkitu zuten eta etxebizitzaren miaketa zehatzago bat egin zuten.

Istripuak

Joan den ostiralaz geroztik Udaltzaingoak 37 trafiko-istripu erregistratu ditu, eta horietan 7 pertsona zauritu dira.

Bizikletaz zihoan 42 urteko gizonezko bat zaurituta geratu zen ostiralean, Mediterraneoaren hiribideko bidegorrian auto batek harrapatu ondoren. Talka horren ondorioz, lurrera erori zen eta zenbait lesio izan zituen; bertara joandako larrialdi-zerbitzuek artatu zuten, baina ez zen beharrezkoa izan ospitale batera eramatea.

Egun horretan, halaber, istripu bat gertatu zen Nafarroako Errege-Erreginak kalean auto baten eta motozikleta baten arteko talkaren ondorioz. Motoz zihoan 29 urteko gizonezkoa zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek artatu eta, gero, Santiago Ospitalera eraman zuen.

Handik pixka batera, beste istripu bat gertatu zen Abendaño eta Adriano VI. kaleen arteko bidegurutzean, bizikletaz zihoan 39 urteko gizonezko batek bere bizikletaren kontrola galdu eta lurrera erori ondoren. Bertara joandako larrialdi-zerbitzuek artatu eta, gero, Santiago Ospitalera eraman zuten.

41 urteko emakume bat zauritu zen ostiralean, bere autoan Arriagako Atea kaletik zihoala, beste bi ibilgailurekin izandako istripu anizkoitz batean nahastuta. Anbulantzia batek eraman zuen Txagorritxu Ospitalera.

Bizikletaz zihoan 15 urteko mutil gazte bat ere zauritu zen, El Prado kaleko espaloitik bizikletan zihoala kontrola galdu eta lurrera erori ondoren. Osasun-langileen talde batek artatu eta Santiago Ospitalera eraman zuten.

Gau horretan bertan bizikletaz zihoan beste gizonezko bat ere zaurituta geratu zen, Madril kalean furgoneta batek harrapatu ondoren. Bizikletaz zihoan 22 urteko mutil gaztea Santiago Ospitalera eraman zuten. Furgonetako gidaria bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik ikertzen ari dira, edari alkoholdunen eraginpean gidatzen ari zelako.

Patinete elektriko bat tartean zela izandako istripu baten xehetasunak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Patinetez zihoan 56 urteko emakumea zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

Udaltzaingoa hiru gidari ikertzen ari da: 35 urteko gizonezko bat, gida-baimenik gabe gidatzeagatik, eta beste bi, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik. 42 urteko gizonezkoa Salburua Bulebarrean izandako trafiko-istripu batean nahastuta zegoen. 57 urteko bigarren auto-gidaria beste istripu batean nahastuta zegoen, Madril hiribidean bizikleta baten aurka talka egin zuelako.

Asteburuan Udaltzaingoak alkoholemiako 7 prebentzio-kontrol egin ditu, eta horietan, 140 gidari inguruk egin behar izan dituzte nahitaezko probak: 5 gidarik emaitza positiboa eman zuten, eta salaketa jarri zaie administrazio-bidetik.

Udaltzaingoak 38 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 15 jarduera egin ditu asteburuan.

Share

Aurrekoak »