Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  31 maiatza 2019 11:52

Bizikletan zihoan 16 urteko mutil gazte bat zauritu zen atzo Etxezarra kalean, gidatzen ari zen bizikletaren aurka auto batek talka egin zuenean. Larrialdi-zerbitzuek artatu zuten adingabea, eta gero, Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Asparrena kalean gertatutako beste istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan auto bat eta patinete bat zeuden nahastuta. Patinetea gidatzen ari zen gizonezkoa, 42 urtekoa, zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

Udaltzainek zauriturik gabeko beste 13 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, eta 61 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira, bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egiteagatik, nahitaezko alkoholemia-probak egiteari uko egin ziolako, nahiz eta proba orientagarrian 0,91 miligramo alkoholeko emaitza eman zuen. Pertsona hori Salburuako Bulebarrean ikusi zuten motozikleta batean, abiadura bereziki motelean eta sigi-sagak eginez gidatzen ari zela.

Udaltzainek atzo 27 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 17 jarduera egin zituzten.

Makal-biloak eragindako suteak

Suhiltzaileek atzo sei aldiz esku hartu behar izan zuten hiriko kale desberdinetan makal-biloa eragindako suteak itzaltzeko: Nieves Cano, Domingo Martínez de Aragón, Amadeo García de Salazar, Blas de Otero, Conde Don Vela eta Joaquín Collar kaleetan.

Horrez gain, zenbait esku-hartze izan zituzten, erleak edo liztorrak agertu zirelako Joaquín Collar, Gasteiz Etorbidea, Alejandro Mendizabal Ingeniaria, Eskibel Etorbidea, San Prudentzio eta Marie Curie kaleetan, baita Margarita, Aztegieta eta Mendoza herrietan ere.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 maiatza 2019 12:55

Bizikletan zihoan 16 urteko neska gazte bat, motoa gidatzen ari zen 27 urteko gizonezko bat eta haur jaio berri bat zaurituta geratu ziren atzo, hirian gertatutako hiru trafiko-istriputan.

Goizeko hamaikak baino minutu batzuk lehenago, bizikletan zihoan neska bat bizikleta gainetik erori zen, Arriagako Atea kaletik zihoala. Bertan artatu zuten, eta gero, anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen.

Zuazoko Atea kalean istripu bat gertatu zen auto batek eta motozikleta batek elkarren artean talka egin zutelako. Motoa gidatzen zihoan gizonezkoa Txagorritxu Ospitalera eraman zuten zauriturik.

Heraclio Fournier kaleko espaloian, berriz, oinez zihoan emakume batek gidatutako haur-kotxearen aurka jo zuen bizikleta batek. Haur jaio berria Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Gida-baimenik eta asegururik gabe

Udaltzaingoak beste hamaika trafiko-istriputan esku hartu zuen, nahiz ez zen zauriturik izan, eta 30 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira gida-baimenik gabe gidatzeagatik. Ertzaintzaren patruila batek abiadura handian gidatzen ari zela ikusi zuen Tomas de Zumarraga Dohatsua eta Domingo Beltrán kaleen arteko elkargunean. Alkoholemia-proban emaitza positiboa eman zuen, baita kokainarekiko toxikoen proban ere, eta beraz, administrazio-bidetik salaketa jarri zioten. Gainera, haren dokumentazioa eta ibilgailuarena egiaztatzean, ikusi zuten gida-baimenik, asegururik eta IATrik gabe gidatzen ari zela.

Udaltzaingoaren agenteek 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, bilatzeko, atxilotzeko eta Gasteizko Epaitegian aurkezteko errekisitoria bat baitzeukan gainean. Agirrelandako bulegoetan beharrezko izapideak egin ondoren, gizonezko hori epailearen esku jarri zuten.

Atzoko egun osoan barrena, Udaltzaingoak 10 salaketa izapidetu zituen eta polizia judizialaren 14 jarduera burutu zituen.

 Edukiontzi batek su hartu du

Atzo Pablo Uranga Margolariaren kalean paper eta kartoientzako edukiontzi batean piztutako sua itzali zuten suhiltzaileek. Eta gaur goizaldeko ordu biak baino minutu batzuk lehenago Domingo Beltrán kaleko etxebizitza batera joan dira kea zegoela jakinarazi dietelako, nahiz eta azkenean ez zegoen kerik. Etxebizitzan keroseno eta gasezko zenbait estufa topatu dituzte martxan, aireztapen gutxirekin, eta anbulantzia bat eskatu dute buruko mina zeukatela adierazi duten bizilagun batzuei arreta egiteko.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 maiatza 2019 14:14

Udaltzaingoaren Agenteek 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, Lakua auzoan aparkatuta zeuden bi ibilgailutan kalteak egin izanaren delituaren ustezko egile gisa.

Agirrelandako polizia-etxera egindako dei batek ohartarazi zuen bi gaztek kalteak eragin zituztela, nahita, Voluntaria Entrega kalean aparkatuta zegoen ibilgailu batean. Patruila bat bertara joan zen eta egiaztatu zuen bai furgoneta batek eta bai motozikleta batek ere kalteak jasan zituztela. Lekukoek emandako deskribapenei jarraiki, gazteetako bat non zegoen jakin zuten, eta gero, atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten. Izapide egokiak bete ondoren, aske utzi zuten.

Udaltzainek zauriturik gabeko 7 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, eta 62 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira, edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik. Gidatzen zuen ibilgailuak Teodoro González de Zarate kalean aparkatuta zegoen beste baten aurka talka egin zuen.

Udaltzainek 13 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 14 jarduera egin zituzten.

Istripua Legution   

Atzo suhiltzaileen laguntza eskatu zuten, kamioi batek eta auto batek elkarren artean talka egin zutelako N-240 errepidean, Legutio herrian. SPEISeko langileak bertara joan ziren, eta inguru guztia garbitzen aritu ziren, trafikoa bere onera etor zedin.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 maiatza 2019 12:11

Bizikletan zihoan 19 urteko mutil gazte bat eta bi moto-gidari –32 urteko emakume bat eta 34 urteko gizon bat– zaurituta geratu ziren atzo hiru trafiko-istriputan.

Zabalgana hiribidean oinezkoentzako pasabide batean gertatutako aurrez aurreko istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripuan auto bat eta bizikleta bat zeuden nahastuta, eta bizikleta-gidaria zaurituta zegoenez, anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen.

Arriagako Atean auto baten eta moto baten artean beste istripu bat gertatu zen atzeko talka baten ondorioz. Talka hori zela eta, motoa gidatzen zihoan 32 urteko emakumea zaurituta geratu zen, eta anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

Motoa gidatzen zihoan 34 urteko beste gizonezko batek lesioak izan zituen istripu bakun batean, Pedro de Asua kaletik zihoala motozikletaren kontrola galdu ondoren. Anbulantzia bateko osasun-langileek artatu zuten, baina ez zen beharrezkoa izan ospitalera eramatea.

Udaltzainek beste 6 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 15 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 16 jarduera egin zituzten.

Farola bat bota dute

Suhiltzaileek Gamarrako Atean esku hartu zuten atzo, luzera handiko kamioi batek farola bat bota zuelako eta minutu batzuetan trafikoa etenarazi zuelako.

Beren etxebizitzetan lurrera erori ziren beste bi pertsonak egindako deiari erantzunez haiei laguntzera ere joan ziren.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 maiatza 2019 13:09

Ibilgailu batean zihoazen bi emakume, 32 urteko gidaria eta 34 urteko bidaiari bat, zaurituta geratu ziren larunbatean, Bakea eta Frantzia kaleen arteko elkargunean izandako istripu batean, ibilgailu hori irauli eta hiri-altzarietan zenbait kalte material eragin ondoren. Bi emakumeak zaurituta geratu ziren, nahiz eta lehena bakarrik eraman zuten anbulantzian Santiago ospitalera.

Udaltzaingoa gidaria ikertzen ari da, bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egiteagatik, alkoholemia-probetan emaitza positiboak eman zituelako.

Udaltzainek beste 21 trafiko-istriputan esku hartu dute asteburu honetan, nahiz ez den inor zauritu eta 3 gidari ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delituengatik.  

Motoan zihoan 22 urteko mutil gazte bat geldiarazi egin zuten Arriagako Kofradiaren eta Uruguai kaleen arteko elkargunean egiten ari ziren alkoholemiaren prebentzio-kontrolean. Bere dokumentazioa eta gidatzen ari zen motozikletarena eskatu ziotenean, egiaztatu zuten ez zeukala gida-baimenik, inoiz ez zuelako halakorik lortu, eta ondorioz, izapideak abiarazi zizkioten Guardiako Epaitegian.

Udaltzaingoa izapidetzen ari den argiketa batean 45 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira, bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egiteagatik, edari alkoholdunen eraginpean gidatzen aritu zelako eta Forondako Atea kalean ibilgailu anitzeko istripu batean nahastuta egon zelako. Gidari honek talka egin zuen bere aurretik zuen ibilgailuaren aurka; ibilgailu hori geldirik zegoen, semaforo gorriaren aurrean geldirik zegoen beste baten atzean, eta azkenik, haren aurka ere talka egin zuen.

29 urteko gizonezko bat ere ikertzen ari dira, Santiago hiribidean edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik.

Asteburuan alkoholemiako bost prebentzio-kontrol egin dira hirian, eta horietan, 100 gidarik baino gehixeagok egin behar izan dituzte arauzko alkoholemia-probak. Horietatik bostek emaitza positiboa eman dute eta salaketa jarri zaie administrazio-bidetik.

Udaltzainek 35 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 21 jarduera egin zituzten.

Bizikleten kontrol-kanpaina

Udaltzaingoak, gaurtik hasi eta maiatzaren 31ra bitartean, bizikleten eta bide gorrietan gaizki aparkatutakoen kontrol-kanpaina bat egingo du, 2018-2023 Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Iraunkorraren Udal Plan Estrategikoaren barruan. Udaltzainek zorrotz betearaziko dituzte zirkulazio-arauak, baita bizikletak igarotzeko baimena duten eremuak eta ordutegiak ere. Horrez gain, 16 urtetik beherako adingabeek kaskoa erabil dezatela eta gauez nahitaezko argiak erabiltzen direla zainduko dute.

Gainera, asteburuan zehar, Agirrelandako polizia-etxeak bat egingo du 2015-2020 Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren Plan Estrategikoarekin, motozikletak, ziklomotorrak eta bizikletak kontrolatzeko kanpaina bat abiaraziz.

Ibilgailu batek su hartu du

Suhiltzaileek gauerdia pasatu ondoren esku hartu dute gaur, Giza Eskubideen hiribidean garaje komunitario batean aparkatutako ibilgailu batean piztutako sutea itzaltzeko. SPEISeko langileak iritsi direnean, sua ia guztiz itzalita zegoen, bizilagun batzuek su-itzalgailu batzuk hustu dituztelako ibilgailuaren gainean.

Arratzua-Ubarrundian oinezkoentzako pasabide baten azpian ibaiaren ertzean zegoen adin handiko pertsona bat erreskatatu zuten atzo, bere kabuz irteteko gai ez zelako. Suhiltzaileak alturako ibilgailu batekin joan ziren bertara, eta garabi modura erabili zuten ibilgailua, pertsona horri lagundu ahal izateko, eta osasun-zerbitzuek artatu zuten gero.

Suhiltzaileek bi etxebizitzetan ere esku hartu zuten joan den larunbatean: lehen etxebizitza Santiago kalean dago, eta logeletako batean sugarrak topatu zituzten; bigarren etxebizitza Ortiz de Zarate kalean dago, eta sukaldeko labean piztu zen sua.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 maiatza 2019 12:37

Udaltzaingoaren Agenteek 57 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, eztabaida batean bere bikotekidea jotzeagatik.

Gertaera horiek arratsaldeko hirurak baino minutu batzuk lehenago izan ziren. 092 zenbakira egindako dei batek ohartarazi zuen emakume baten garrasiak entzun zitezkeela Koroatze auzoko etxebizitza batetik oihuka. Patruila bat bertara joan zen eta biktimarekin eta haren bikotekidearekin hitz egin zuen. Elkarren artean izandako eztabaida gogor batean gizonezkoak jo egin zuen, eta ile-xerlo batzuk erauztera ere iritsi zen. Udaltzainek anbulantzia bat eskatu zuten emakumeari arreta egiteko, eta handik ospitale batera eraman zuten anbulantzian; gizonezkoa atxilotu egin zuten eta gaur goizean epailearen esku geratu da.

Halaber, 24 urteko gizonezko bat eta 41 urteko emakume bat atxilotu zituzten atzo, beren gainean errekisitoria judizial bana zeukatelako. Polizia-etxean bidezko izapideak egin ondoren, epailearen esku jarri zituzten.

Auto batek oinezko bat harrapatu du

Atzo, 13:00ak baino minutu batzuk lehenago, Hezeguneen Pasealekuko oinezkoen pasabide batean gertatutako harrapaketaren nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan 85 urteko gizonezko bat zauritu zen eta Santiago Ospitalera eraman zuten.

Udaltzaingoak beste 4 trafiko-istriputan esku hartu zuen, eta gidatzen zihoan 29 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira alkoholaren eta drogen eraginpean gidatzeagatik. Pertsona hori bolantean eserita semaforo baten aurrean lo topatu dute bart gaueko 4:30ean, Mexiko eta Tomas de Zumarraga Dohatsua kaleen arteko bidegurutzean.

Udaltzainek atzo 24 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 11 jarduera egin zituzten.

Sutea zaborra biltzen duen kamioi batean

Suhiltzaileak Zuazobidea kalera joan ziren atzo, zaborra biltzen duen kamioi bati laguntzera, airearen iragazki batek su hartu zuelako.

Abendaño kalean etxebizitza baten sukaldean piztutako sua itzali zuten. Su-lamek altzari batzuei eragin zieten.

N-622 errepidera ere joan ziren, Zigoitia parera, kamioi batek gurpil bat galdu zuelako, sutan hasi ondoren. Suhiltzaileek gurpilean piztutako sua itzali zuten eta errepidetik kanpora atera zuten, trafikoa berrezarri zedin.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  23 maiatza 2019 13:27

Udaltzaingoaren Agenteek 36 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa.

Gaueko ordu bata eta erdiak baino minutu batzuk lehenago Ballester Apezpikuaren kalean izan dira gertaerak, emakume bat laguntza eskatzen ari zela. Gertaeren lekuko izan den beste emakume batek lagun egiten ziola topatu dute bertara joan diren udaltzainek.

Biktimak eztabaida gogor bat izan du bere bikotekidearekin, eta hark astindu eta jo egin du. Eskainitako deskribapenari esker, patruila batek han inguruan topatu du erasotzailea, eta ondorioz, atxilotu egiten dute. Gaur epailearen esku geratuko da.

Bi pertsona zauritu dira ibilgailuek harrapatuta

70 eta 26 urteko bi emakume zaurituta geratu ziren atzo gertatutako bi harrapaketetan. Lehena Green Capital plazan izan zen, eta bertan, auto batek lesioak eragin zizkion oinez zihoan 70 urteko emakume bati; bertara hurbildutako larrialdi-zerbitzuek artatu zuten eta, gero, anbulantzian eraman zuten Santiago Ospitalera. Argiketa-talde bat harrapaketa horren nondik norakoak ikertzen ari da.

26 urteko beste emakume bat Santiago Ospitalera eraman zuten, Koroatze eta Eulogio Serdán kaleak elkartzen diren tokian oinezkoentzako pasabidean motozikleta batek harrapatu eta zaurituta geratu ondoren. Motozikleta gidatzen ari zen gizonezkoa lurrera erori zen, baina oinez zihoan emakumeak bakarrik behar izan zuen ospitalean artatua izatea.

Zaramaga kalean bide gorritik zihoazen bi bizikletaren arteko beste istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Txirrindularietako bat, 37 urteko gizonezkoa, zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek toki horretan bertan artatu zuen.

Udaltzainek beste 15 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 14 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 15 jarduera egin zituzten.

Sutea etxebizitza batean

Suhiltzaileek gaueko lau eta erdiak pasatuta esku hartu behar izan dute Aretxabaletako etxebizitza abandonatu batean piztutako sutea itzaltzeko. Sutearen kondar batzuk aparkatuta zegoen ibilgailu baten gainera erori dira eta kalteak eragin dizkiote.

Alibarra kalean Eraztun Berdeko begiratoki batetik Zadorrara eroritako zakur bat erreskatatu zuten atzo suhiltzaileek. SPEISeko langileek begiratokitik zintzilikatuz atera zuten. Animaliak mugitzeko arazoak zituen atzeko hanketan, eta horren ondorioz, itotzeko arriskuan egon zen.

Amarita herrixkaren ondoko lastategi batean piztutako sua ere itzali zuten atzo, eta Bizkaiko suhiltzaileekin batera jardun zuten N-240 errepidean bi kamioiren artean izandako aurrez aurreko talkan; talkaren ondorioz, bi kamioiek su hartu eta gidarietako bat hil egin zen, ibilgailuan harrapatuta geratu ondoren.

Atzo arratsaldeko lehen orduan, Juan Carlos I. hiribideko etxebizitza batean zartagin batean piztutako suak beharrezko egin zuen suhiltzaileek parte hartzea, Suteak kalteak eragin zituen sukaldeko ke-erauzgailuan, eta osasun-zerbitzuek bi pertsona artatu zituzten kea arnasteagatik.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 maiatza 2019 10:28

Atzo furgoneta baten eta TUVISAko autobus baten artean Izarbenta kalean gertatutako trafiko-istripu baten zergatiak ikertzen ari da Udaltzaingoa. Talka horren ondorioz, furgoneta gidatzen ari zen 33 urteko emakumea eta herri barruko autobusean zihoazen bi pertsona, 39 urteko emakume bat eta 49 urteko gizonezko bat, zaurituta geratu ziren eta anbulantzian eraman zituzten Txagorritxu Ospitalera. Gidatzen zihoan emakumea Santiago Ospitalera bideratu zuten gero.

Udaltzainek beste 5 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 13 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 9 jarduera egin zituzten. 

Moto batek su hartu du

Suhiltzaileek garaje baten barrualdean moto batean piztutako sutea itzaltzeko esku hartu behar izan dute gaur, Abraham Lincoln kalean, Zabalganan. Goizeko seiak jota jaso dute dei hori parkean, eta sua azkar itzali badute ere, berotasunak zenbait kalte eragin ditu garajeko hodi batzuetan.

Beste dei batek ere suhiltzaileen laguntza eskatu zuen A-3002 errepidean, Arratzua-Ubarrundian, aire libreko lastategi bat suak hartu zuelako. Suhiltzaileak iritsi zirenean, sua oso aurreratua zegoen, eta horrenbestez, SPEISeko suhiltzaileak hura kontrolatzen saiatu ziren, inguruko beste toki batzuetara gehiago zabaldu ez zedin.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  21 maiatza 2019 12:34

Motoa gidatzen ari zen 51 urteko gizonezko bat zauritu zen atzo, Zumabide kaleko 40 zenbakiaren parean bera gidatzen ari zen motozikletaren eta auto baten artean izandako talkaren ondorioz. Talka horren ondorioz, zenbait lesio izan zituen, eta larrialdi-zerbitzuek tokian bertan artatu zuten, nahiz eta ez zen beharrezkoa izan osasun-zentro batera eramatea.

Bizikletaz zihoan 13 urteko mutil gazte bat Txagorritxu Ospitalera eraman zuten, Fermin Lasuen kalean zihoala istripua izan ondoren.

Udaltzainek beste 9 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 36 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 11 jarduera egin zituzten.

Abiadura kontrolatzeko kanpaina

Udaltzaingoak, maiatzak 26 arte –igandea–, trafiko-kanpaina berezi bat egingo du Gasteizko herri-bideetan abiadura kontrolatzeko helburuarekin.

Hain zuzen ere, automobilen eta ziklomotorren abiadura kontrolatuko dute, horrekin loturik ikusten dituzten arau-urratzeak hautemateko eta administrazio bidetik zuzentzeko. Halaber, Guardiako Epaitegian egoki diren izapideak abiaraziko dizkiete 115 km orduko abiaduraren gainetik dabiltzan gidari guztiei.

Bide Segurtasunaren 2018-2023 Udal Plan Estrategikoan aurreikusitako zaintza eta kontroleko ekintzen barruan sartzen da kanpaina hau, eta hori, aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoarekin lotua dago. Bi txosten horien funtsezko helburua bide-segurtasuna bermatzea da, Euskadiko bide publikoetan horrekin loturiko ezbeharren eta lesioen kopuruak murriztearekin batera.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  20 maiatza 2019 14:07

Lau pertsona zauritu dira hirian asteburuan barrena gertatu diren trafiko-istripuetan.

Udaltzaingoak jakinarazi du joan den ostiralean bi furgoneten arteko talka baten ondorioz istripu bat gertatu zela, furgoneta horietako bat modu desegokian aldatu zelako errei batetik bestera, Burgos kalearen 21 zenbakiaren parean. Furgoneta horietako batean 2 urteko adingabe bat zihoan, eta talkaren ondorioz, larrialdi-zerbitzuek protokoloz artatu zuten, baina ez zen beharrezkoa izan osasun-zentro batera eramatea.

Egun horretan bertan beste istripu bat gertatu zen Wellington Dukea eta Landaberde kaleak elkartzen diren biribilgunean, eta bertan nahastutako auto bateko gidariak autoaren kontrola galdu, zintarriaren aurka talka egin eta zuhaixka batzuen gainean iraulita gelditu zen. Ibilgailuan hiru pertsona zihoazen, eta gidaria, 20 urteko mutil gaztea, zaurituta geratu zenez, anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera. Autoa iraultzean izandako gasolina-isuria kontrolatzeko eta bateria deskonektatzeko esku hartu behar izan zuten suhiltzaileek.

Argiketa-talde bat larunbatean gertatutako istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da; istripu horretan, bizikletan zihoan 13 urteko mutil bat zaurituta geratu zen, San Inazio Loiolakoa kaleko espaloitik errepidera jaitsi zenean, lehentasuna zeukan autobus bat zetorrelako bertatik. Talka horren ondorioz, bizikleta herri-garraioko ibilgailuaren azpian geratu zen eta txirrindularia, zaurituta zegoenez, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Bizikletan zihoan 35 urteko gizon bat erori egin zen atzo, Florida parketik bizikletan zihoala. Istripuaren ondorioz zaurituta geratu zen, eta beraz, anbulantzia bateko osasun-langileek artatu eta Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zuten.

Udaltzaingoak beste 22 trafiko-istriputan parte hartu du asteburu honetan, baina horietan ez da zauriturik izan eta bost gidari ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delituengatik: hiru alkoholaren eraginpean gidatzeagatik eta beste bi gida-baimenik gabe egiteagatik. Lehena, 23 urteko mutil gazte bat, Mariturri Bulebarra eta Ozeano Barea kalea elkartzen diren tokian, eta bigarrena, 41 urteko gizon bat, Koroatze eta Arriagako Atea kaleen arteko elkargunean bere ziklomotorraz semaforoa gorrian pasatzen ari zela ikusi zutenean.

Alkoholemia positiboak

Udaltzaingoak irekia duen argiketa batean 58, 27 eta 32 urteko hiru gizonezko ikertzen ari dira, hurrenez hurren, edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik.

Ostiralean 092ra egindako dei batek ohartarazi zuen, itxura guztien arabera, moto-gidari bat mozkorturik zihoala Koroatze auzoan barrena. Patruila batek Simon de Anda kalean topatu zuen 58 urteko gidaria, eta nahitaezko alkoholemia-probetan emaitza positiboa eman zuen.

Bigarren gidaria Bake kalearen eta Errege Atea kalearen arteko elkargunean egiten ari ziren alkoholemiako prebentzio-kontrol batean gerarazi zuten, eta hirugarrena, trafiko-istripu batean nahastu zen, Aranbizkarra kalean aparkatuta zegoen ibilgailu baten aurka talka egin ondoren, eta beraz, nahitaezko alkoholemia-proba eginarazi zioten eta emaitza positiboak eman zituen.

Udaltzaingoak izapideak abiarazi zizkien hiru gidariei Guardiako Epaitegian.

Asteburuan alkoholemiako bederatzi prebentzio-kontrol egin dira hirian, eta horietan, 150 gidarik baino gehixeagok egin behar izan dituzte arauzko alkoholemia-probak. Horietatik seik emaitza positiboa eman dute eta administrazio bidetik jarri zaie salaketa, eta beste bat, berriz, bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik ikertzen ari dira.

Udaltzainek 33 salaketa izapidetu dituzte asteburuan eta polizia judizialaren 11 jarduera egin dituzte.

Sutea sukalde batean

Budapest hiribideko etxebizitza bateko sukaldean zegoen zartagin batean piztutako sutearen ondorioz, ke-erauzgailuak su hartu zuen, eta haren goiko altzariek hainbat kalte izan zituzten su-lamen eta kearen ondorioz. Suhiltzaileak iritsi zirenerako, etxebizitza horretan bizi denak esku-oihal batzuen bidez sua itzaltzea lortu zuen, eta beraz, sua guztiz itzalita zegoela egiaztatu eta koadro elektrikoa aztertu zuten, baita sukaldea argindarrik gabe utzi ere, matxura hori profesional batek berrikusi arte.

Share

« HurrengoakAurrekoak »