Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 uztaila 2018 12:36

  • Txikientzako Upelen Lasterketa ere egingo da aurten, lehen aldiz

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak Blusa eta Nesken Egunean (uztailak 25) egitekoa den Kupelen Lasterketaren III. edizioa aurkeztu du, ekimenean parte hartzen duten entitateen arduradunekin batera: Eduardo Aguinaco, Nekazaritzako foru diputatua; Josune Albizu, Vital fundazioaren zuzendaria; Luis Izaga, Kupelen Lasterketaren arduraduna; Blusen eta Nesken Batzordea, eta Francisco Javier Elejalde, Wine City elkarteko idazkaria. Martín Fiz atleta ere izan da bertan, lasterketari irteera emateaz arduratuko baita aurten. Blusen eta Nesken 15 kuadrilletako 26 taldek (4 lagun talde bakoitzean) hartuko dute parte lasterketan, Plaza Berrian hasi eta bertan amaitzeko.

Wine City elkarteak eta Blusen eta Nesken Elkarteak antolatutako Upelen lasterketaren III. edizioak Gasteizko Udalaren, Vital Fundazioaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du.

Aurten lehenengoz egingo den Txikientzako Upelen Lasterketarekin hasiko da jardunaldia, eta ondoren etorriko da helduen lasterketako taldeen desfilea. Segidan, Martin Fiz olimpiar atleta arduratuko da hiru txanda izango dituen helduen lasterketako irteerako banderakada emateaz.

Ekimen nahiko berria bada ere, Upelen Lasterketa dagoeneko erreferentzia bihurtu da Andre Maria Zuriaren ohorezko jaien atarikoan. Jai-giroko ekitaldi horren bidez, Arabako Errioxako ardoak eta Aiarako txakolinak merezitako omenaldia jasotzen dute.  “Duela hiru urte Arabako kalitateko ardoa eta Gasteizko jaiak uztartzea erabaki genuenean, konbentzimendu osoa geneukan ekimenak harrera ona izango zuela; alabaina, iaz bildutako jendetzak ustekabean harrapatu gintuen. Aurten, baina, iazko edizioko 25.000 ikusleren kopurua gainditzea aurreikusten dugu”, azaldu digu Francisco Javier Elejaldek, Blusen eta Nesken Elkartearekin batera Upelen Lasterketa antolatzen duen Wine City elkarteko idazkariak.

“Bertan ditugun jaietan eta antzeko uneetan erakusten du bereziki Gasteizek lehen mailako helmuga enogastronomikoa dela. Kupelen Lasterketaren bidez hiriak ardoaren kulturarekin bat egiten duela erakutsi nahi dugu, turismo eta merkataritza jarduera dinamizatzen duen ekitaldia baita”, adierazi du Nerea Melgosak.

Iazko ibilbideak izandako arrakasta ikusirik, aurten ere ibilbide bera egingo da, antolatzaileek gaurko prentsaurrekoan adierazi dutenez. 26 taldeak Plaza Berritik abiatuko dira, Andre Mari Zuriaren plaza zeharkatu, Mateo Morazatik gora igo, Lehendakari Agirretik (Espainiako Bankua zenetik) igaro eta berriro ere Plaza Berrira itzuliko dira. Bi blusak/neskak bultzatuko dute upel bakoitza eta ibilbidea burutzen dutenean, taldeko beste bi kideri utziko diete lekua (hiru txanda osatu arte).

Gainera, komisarioak (Gaztedi Rugby Taldeko boluntarioak) egongo dira ibilbidean zehar banatuta, upela ibilbide osoan lurrean biraka doala eta pertsona bat gutxienez upelarekin kontaktuan dagoela egiaztatzeko.

Aurten, helmugara iristen den lehen talde mistoak eskuratuko du sari berezia: Mitarte upategiko 225 litroko upela. Izan ere, Arabako Errioxako ardoak, Arabako txakolina, esperientziak Arabako Errioxan eta beste sari asko ere banatuko dira Santiago Egunean; Sariak Plaza Berrian banatuko dira: Sari Nagusia ez ezik, beste hiru sari ere bai, horien artean helmugara iristen den lehen talde mistoarentzako sari berezia.

Umeentzako lasterketa

Txikientzako Upelen Lasterketa Plaza Berrian egingo da eta 2 kidez osatutako taldeek 100 metroko ibilbidea egingo dute, txandarik gabe.  12 talde egongo dira guztira, eta horietako bakoitzean 10 eta 15 urte bitarteko bi neska-mutil. Ascensores Bertako enpresaren eskutik jasoko du saria talde irabazleak.

Helduen lasterketan nahiz umeentzako lasterketan, Arabako Atletismo Federazioa arduratuko da ibilbidearen amaierako denborak hartzeaz.

Hurrengo edizioan, parte hartuko duten taldeen kopurua handitzea pentsatzen ari da antolakuntza, lasterketak sortu duen interesa ikusirik.

Upelen lasterketaren III. edizioan, laguntzaileak dira Mitarte upategia, Ascensores Bertako, Arabako Atletismo Federazioa, El Corte Inglés, Eroski, Arabar Errioxako Ardoaren Ibilbidea, Arabako Errioxako Upategien Elkartea (ABRA), Arabako Txakolina eta Gurutze Gorria.

 

 

 

 

 

Share