Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 uztaila 2019 13:11

Uztailaren 25eko 10:30ean hasiko da norgehiagoka, Txikien Lasterketaren bigarren edizioarekin 

Alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak Blusen Eguneko Upelen Lasterketaren laugarren edizioa aurkeztu du gaur, zeinean ehun blusa eta neska baino gehiago lehiatuko baitira, 25 taldetan banatuta.

Zinegotziarekin batera, Nekazaritza foru diputatu Eduardo Aguinaco, Vitoria-Gasteiz Wine City-ren lehendakari Javier Elejalde, lasterketaren arduradun eta Blusa eta Nesken Batzordearen ordezkari Luis Izaga eta Gorka Ortiz de Urbina, Zeledon, izan dira probaren aurkezpenean; azken horrek astinduko du irteteko bandera.

Aurreko urteetan bezala, Espainia plazan hasi eta amaituko da lasterketa.

Vitoria-Gasteiz Wine City elkarteak eta Blusen eta Nesken Batzordeak antolatu dute laugarren Upelen Lasterketa. Gasteizko Udalak, Vital Fundazioak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen dute ekitaldia. “Norgehiagoka hori Andre Maria Zuriaren jaien atarikoa da, eta aisialdia, turismoa eta ardoaren kultura nahasten dituen elementu dinamizatzailea bihurtu da. Udalak lasterketarekin bat egitera animatzen ditu herritarrak”, adierazi du Maider Etxebarriak.

“Gure helburua zen  kalitateko ardoaren kultura —halakoxeak baitira Arabako Errioxako eta Aiarako Haraneko ardoak—  eta jaia lotzea jarduera dinamizatzaile baten bitartez, Upelen lasterketaren bitartez, zehazki, eta gure itxaropenak soberan betetzen ari dira”, azaldu du Wine City elkartearen lehendakari Francisco Javier Elejaldek.

10:30ean hasiko da norgehiagoka, Txikien Upelen Lasterketaren bigarren edizioarekin. Bi kidek osatuko dituzte taldeak, eta 100 metroko ibilbidea bete beharko dute, txandaketarik gabe. Parte hartu nahi duten umeek zuzenean eman ahalko dute izena, gehienezko kopurua bete arte. Ascensores Bertako enpresak emango dio garaikurra talde irabazleari.

Ondoren, helduen lasterketa egingo da. Gorka Ortiz de Urbinak, Zeledonek, astinduko du hasierarako bandera, 11:30ean. Bi txanda egingo dira. Taldeak Espainia plazatik irtengo dira, Andre Maria Zuriaren plazarantz; gero, Mateo Moraza kaletik igoko dira, eta Agirre Lehendakariaren kaletik (garai bateko Espainiako Bankua) igaro ondoren Espainia plazara itzuliko dira.

Bi blusa edo neskek bultzatuko diete upelei, eta ibilbidea amaitutakoan, beren taldeko beste bi kidek hartuko dute lekukoa. Gainera, ibilbidean zehar ikuskatzaileak egongo dira —Gaztedi errugbi taldeko boluntarioak—, upela etengabe biraka dabilela eta gutxienez pertsona bat hura ukitzen ari dela egiaztatzeko.

Berritasun gisa, Elurra, Yumandy eta Perezosos Roller klubetako patinatzaileek, besteak beste, helduen lasterketaren ibilbidea egingo dute, parte hartzen duten koadrilen ikurrekin. Irristaketa erakustaldia ere egingo dute, eta lasterketan parte hartzen duten blusak eta neskak animatuko.

Upelen Lasterketa dagoeneko erreferentzia bihurtu da Andre Maria Zuriaren jaien atarikoan. Ekitaldiaren aurkezpenean azpimarratu den bezala, Arabako Errioxako ardoak eta Aiarako txakolinak omenaldi merezia jasotzen dute jaietako jarduera horren bidez.

Sari berezia —Bastidako Mitarte upeltegiko 225 litroko upela— helmugan sartzen den lehen talde mistoarentzat izango da. Horretaz gain, hainbat sari banatuko dira Done Jakue egunean: Arabako Errioxako ardoak eta Arabako txakolina, eta esperientziak Arabako Errioxan.

Arabako Atletismo Federazioa arduratuko da denbora neurtzeaz, bai txikien bai helduen lasterketetan.

Hauek laguntzen dute Upelen Lasterketa egiten: Mitarte upeldegia, Ascensores Bertako, Arabako Atletismo Federazioa, Eroski, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidea, ABRA-Arabako Errioxako Upeltegien Elkartea, El Corte Inglés, Arabako Txakolina, Eventokit, Fideliza-Grupo Xabide eta Gurutze Gorria.

 

 

 

Share