Prentsa Oharren banner

Asteazkenean ekingo dio udal bandak denboraldi berriari, Principal antzokian

Luis González tronpeta-jotzailea izango da bakarlari gonbidatua, inaugurazio-kontzertuan

 

‘Berriro elkartzearen poza’ izenburupean, datorren asteazkenean, irailak 30, ekingo dio Gasteizko Udal Musika Bandak denboraldi berriari, Principal antzokian, arratsaldeko zortzietan.

Inaugurazio-kontzertuan joko duten errepertorioa azaldu du Luis Orduña zuzendariak, prentsaurrekoan: “Apirilaren 22an, bertan behera utzi behar izan genuen kontzertua, Covid19ak ekarri zuen alarma sanitarioaren ondorioz. Luis González bakarlari ospetsua zen gurekin jotzekoa. Ia sei hilabete geroago, Principal antzokian izango gara, eta ahalik eta ongien egiten ahalegindu beharra daukagula uste dugu. Eta berarekin arituko gara, egitaraua beste bat izango bada ere”, azkaldu du Orduñak.

Hain zuzen ere, obra hauek hautatu dira: David Maslankaren ‘Give us this day’ (2006), Arturo Márquezen ‘Danzón nº2’ (1994), Ginés Martínez Veraren ‘Concierto para trompeta’ (2019) eta Tania Leónen ‘Alegre’.

Denboraldi osoari izena emateko aukeratu den izenburuaren arrazoia azaldu du zuzendariak. “Izenburua argia da, ‘Berriro elkartzearen poza’. Izan ere, horixe sentitzen dugu, eta gaur aurkezten ditugun obretan islatzen dela uste dut. Alaiak dira, kitzikagarriak, hunkigarriak, bizitzaz beteak; David Maslanka estatubatuarrak proposatzen duen norberaren kontzientziaren bilaketatik hasi eta Ginés Martínez Vera murtziarraren musikan sumatzen den bizipozarekin bukatu; tartean, berriz, Arturo Márquezen musikak eskaintzen duen berotasuna”, nabarmendu du.

Kontzertuan parte hartuko duten artisten eta ikusleen segurtasuna bermatzeko beharrezko diren neurriak hartuko dira.

Salgai daude dagoeneko denboraldi osoko abonamenduak, 14 euroan, eta sarrera solteak, berriz, 3 euroan —Principal antzokiaren ohiko salmenta-bideak baliatu ahal izango dira—.

Uraren ezkutuko lorategia

Bestalde, beste bi emanaldi eskainiko ditu udal bandak hurrengo egunetan, Uraren Ezkutuko Lorategian —bandaren udako programazioa hartu duen lekuan—. Urriaren 2an eta 9an izango dira, ostiralez. Internet bidez nahiz 945 16 16 18 telefonoan eskura daitezke gonbidapenak.

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org/banda

Share