Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 maiatza 2019 18:49

ALKATEAREN AUDIOA

Gasteizko Udalak ‘Vitoria-Gasteiz Basket Capital 2019’ kanpainaren barruko beste ekimen bat aurkeztu du gaur arratsaldean, Euroligaren Lauko Finalerako astebete falta dela. Zehazki, tamaina handiko baloi berde bat jarri du Dato kalearen eta San Prudentzio kalearen arteko izkinan, zeinak VGBasketCapital logotipoa baitarama, Europako saskibaloiaren hiriburua dela azpimarratzeko.

 

Gorka Urtaran alkateak gogorarazi du Lauko Finala “gure hiriak hartu duen ekitaldi handienetako bat” izango dela, eta Udala zein sustatzen duten gainerako erakundeak “guztiz prest” daudela baliatzeko. “Erronka bat dugu aurretik, baita aukera paregabea ere, Gasteiz munduaren aurrean eta hainbat arlotan lehen mailako helmuga gisa ager dadin. Ziur nago ez ditugula itxaropenak zapuztuko, eta historiako Final Four onena antolatuko dugula”, azaldu du.

Herritarrek dagoeneko atera dituzte lehen selfie eta argazkiak 2 metroko altuera eta 1,78 metroko diametroa duen “eskulturaren” ondoan. Baloia berdea da, eta Arabako hiriburuaren skylinea dauka margotuta. Porexpanez egina dago; tenpera eta kolaz estali ondoren bernizezko akabera eman zaio.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 apirila 2019 18:13

 

 

Udalak berrogei bat txoko saskibaloiko jaurtiketa-gune gisa dekoratuko ditu hiri osoan, laster izango den Lauko Finalari keinutxo bat egiteko eta gazteak gizabidezko jokabideen inguruan kontzientziatzeko

Alkatearen audioa 

Gaur arratsaldean, “Vitoria-Gasteiz Basket Capital 2019” kanpainako beste ekintza bat aurkeztu du Udalak; horretan, bat egingo dute kirolaren balioek eta hirian gizabidez jokatzearen balioek, eta keinutxo bat egingo dio laster izango den Euroligako Lauko Finalari, zeinak EAEko hiriburua Europako eta munduko kirolaren gune neuralgiko bihurtuko baitu maiatzaren erdialdean.

Gorka Urtaran alkateak, Peio López de Munain alkateordeak, Pilar García de Salazar diputatu nagusiordeak, Jesús Vázquez Saski Baskoniako zuzendari nagusiak, Livia López Araskiko lehendakariak, Oscar Vázquez Araberriko lehendakariak, Julio Roca Zuzenak-eko lehendakariak, Luis Miguel Corres Arabako Saskibaloi Federazioaren lehendakariak eta Aker eta Katamotz maskotek ekimena aurkeztu dute: hiriko berrogei txokotan paperontzien inguruak saskibaloiko jaurtiketa guneak balira bezala apainduko dituzte, “Saskiratu hiri Green baten alde” lelopean.

Hala, mugarri horien bidez, hiria aurten saskibaloiaren hiriburu dela gogorarazteaz gain, paperontziak egoki erabiltzeko eskatu nahi zaie herritarrei, bisitari gehienek Gasteizen inguruan izan ohi duten iritzi positiboa manten dadin, gure hiria garbia delako irudia, alegia.

Alkateak gogorarazi du, hain zuzen ere, Gasteiz bisitatzen dutenek, besteak beste, hiriaren garbitasuna azpimarratu ohi dutela. Inkestez gain, datuek ere hori adierazten dute. Biztanle bakoitzak 38,24 kilo paper birziklatzen ditu urtean. Gasteizek estatuko batez bestekoa bikoizten du horretan eta, horren harira, Pajaritas Azules saria lortu du aurten. Gorka Urtaranek nabarmendu duenez, “hilabete barru Gasteizek 20.000 pertsona hartuko ditu, horietatik % 70 kanpotarrak, Euroligako Lauko Finala dela-eta. Baina horri itxaron beharrik gabe, bihar bertan turistak iritsiko dira Gasteizera. Erakuts diezaiegun hiri atsegina dugula, garbia eta kirolaren balio positiboei lotua. Gaur aurkeztutako ekintzak Gasteiztar guztion ezaugarri diren bi balio uztartzen ditu: saskibaloiarekiko grina eta gizabidea, eta gainera, gazteenentzako mezu bat ere bidaltzen du, jolas-gonbitea egiten die hiri green baten alde saskiratzen josta daitezen”.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 apirila 2019 20:10

Gaur arratsaldean, Gasteizko udaletxean harrera ekitaldi instituzionala egin zaie hirian saskibaloia sustatu duten pertsonei. Ekimena #VGBasketCapital kanpainaren barruan dago, eta, Gorka Urtaran alkatea buru zuela, omenaldia egin die duela 80 urte saskibaloian jarduten hasi zirenei. “Bide luze honetan ekarpena egin duzuen pertsona guztioi esker, gaur egun, harro gaude taldeak Euroligan, Emakumezkoen Ligan, ACBn, Gurpil-aulki gaineko Ohorezko Mailan, urrezko LEB ligan, zilarrezko LEB ligan eta abarretan edukitzeaz… harro gaude prestakuntza-saskibaloiko oinarri zabal bat izateaz bai geure udalerrian bai probintzian… harro gaude lehenengo mailako ekitaldiak hartzeaz, Lauko Finala edo emakumezkoen saskibaloi-kopa, esaterako… harro gaude, halaber, Basket Capital-a izateaz”, nabarmendu du alkateak. Gorka Urtaranek, gainera emakumeen protagonismoa azpimarratu du saskibaloiaren hasierari begira.

Ekitaldi hunkigarrian, hiriko jokalariak, epaileak, mahaiak, agintariak, gurpil-aulki gaineko saskibaloiko ordezkariak, kirol-kazetariak, federazioak eta klubak elkartu dira. Roberto Arrillaga kazetariaren bideo bat emititu da eta Xabier Añua eta Rafa Muntionek ere hitza hartu dute ekitaldian.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 otsaila 2019 13:26

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

  • Emakumeen kirolari, batez ere Araski taldeari, babesa erakutsi nahi diote erakusleihoetan, Saskibaloiko Erreginaren Kopa dela eta

 

Hiriko dendariek Araskiko jokalariak babesteko beste ekimen bat aurkeztu dute: “Erreginen erakusleihoak”. 80 saltegik baino gehiagok bat egin dute ekintzarekin, eta datorren ostegunean jokatzekoa den Saskibaloiko Erreginaren Koparen harira apainduko dituzte euren erakusleihoak. Horretarako, Gasteiz On elkarteak aholkuak eta laguntza logistikoa eman dizkie saltegiek Gasteizen saskibaloi-giroa sortzen lagunduko duten kanpainan.

Iñaki Prusilla Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak parte hartu du “Errreginen erakusleihoak” ekimenaren aurkezpenean, eta erakusleihoetako batzuk bisitatu ditu Felipe García Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren zuzendariarekin, Livia López Araskiko lehendakariarekin eta Patricia García Gasteiz On elkarteko kudeatzailearekin batera. Ekimenean parte hartzen dute erdialdeko 26 dendak, Lakua-Pilar-Sansomendi aldeko 8 dendak, Zabalganako 5ek, Babesgabetuak-Frantzia aldeko 8k, Alde Zaharreko 20k, Gasteiz hiribidea-Antso Jakituna-San Martin aldeko 18k eta Zaramagako 3k.

Prusillak nabarmendu du nola inplikatzen diren hiriko saltegiak Gasteizen ekitaldi handi bat egiten den bakoitzean. “Oraingo honetan ezin zen gutxiago izan, eta hala dela egiazta dezakegu: laurogei saltegiren baino gehiagoren erakusleihoek Araskiren kolore berdea oinarri hartu, eta harrituta utziko dituzte bezeroak zein egun hauetan hiria bisitatzen dutenak” adierazi du.

Hala, “Erreginen erakusleihoak” gehitzen zaizkie Vitoria-Gasteiz Basket Capital 2019 ekimenaren barruan espazio publikoa girotzeko Udala sustatzen ari den gainerako ekintzei. Horren harira, besteak beste, banderatxoak jarri dira kaleko kale nagusietan, eta Erreginaren Koparako atzerako kontaketa abian jarri da Udaletxearen fatxadan. Halaber, datozen egunotan, Araskiko jokalarien argazkiekin tamaina errealeko hamabost siluetak korrituko dituzte hiriko zenbait txoko.

Horretaz gain, hiriko dendek “Aurrera neskak” bufanda banatuz ere laguntzen dute Vitoria-Gasteiz Basket Capital ekimenean; bufandak ehun saltegi ingurutan lor daitezke 30 eurotik gorako erosketak egitean.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 otsaila 2019 14:36

Alkatearen audioa

Vitoria-Gasteiz Basket Capital 2019” kanpaina gaur goizean abiatu da ofizialki. Atzera kontaketa literalki martxan jartzeko unea heldu da. Plaza Berrian egin den ekitaldi sinbolikoan Baskonia, Araski, Saenz Horeca Araberri, Arabako Saskibaloi Federazioa eta Zuzenak taldeetako adin guztietako zaleek Udaletxeko fatxadan eseki den kontagailu bat aktibatu dute.

Xabier Añúa entrenatzaile historikoak eta Sara Ortega jokalariak saskibaloiko pilota saskiratzen duten unean jarri da martxan atzera kontaketa hori. Baloia Buesa Arenatik abiatu da goiz honetan eta, pasez pase, errebotez errebote, hiriko hainbat kale zeharkatu ditu Mendizorrotzetik igarota Plaza Berrira heldu orduko.

Gorka Urtaran alkateak talde eta zale guztien inplikazioa eskertu du “gure hiriak kirolaren eta ohitura osasungarrien aldeko apustua egiten duela agerian uzten dutelako, Gasteizen DNAren parte diren balioak –hiri osasungarri eta iraunkor baten aldekoak– proiektatzen dituztelako, eta kirolari eta osasungarritasunari loturiko turismo-helmuga gisa indartzen gaituelako ere”.

Ekintza guztiak edota kirol hitzorduei buruzko informazioa eskuratzeko, jo helburu horretarako beren beregi sortutako web orrira:  www.vitoria-gasteiz.org/vgbasketcapital

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 otsaila 2019 11:03

 

 

 

 

 

 

Alkateak marka berria aurkeztu eta iragarri du jarduera-egutegi bat sortu dutela “gure taldeekiko dugun harrotasuna eta hiriak kirol-balio positiboekin duen lotura erakusteko”  

Igandean hasiko dute adin guztietako zaletuek datorren hilabeteetan hirian gertatuko diren bi txapelketa handietarako atzera kontaketa: Erreginaren Kopa eta Lauko Finala

Gasteizek saskibaloiarekiko duen grina erakusteko aukera izango du datorren hilabeteetan, alkateak gaur aurkeztu duen “Vitoria-Gasteiz Basket Capital 2019” kanpainan programatutako hiri-ekintzen bidez.  Izan ere, 2019an, hiriko talde nagusien ohiko norgehiagokez gain, beste bi kirol-hitzordu garrantzitsuren egoitza izango da Gasteiz: Erreginaren Kopa eta Euroligako Lauko Finala.

“Hainbat ekintza hari gara antolatzen kirol norgehiagoka horiek hirian izango duten eragina indartzeko, ez soilik tokiko ekonomian eta turismoaren eta ostalaritzaren sektorean eragina izango dutelako, baita gure hiriak kirolaren eta ohitura osasungarrien aldeko apustua egiten duela agerian uzten duelako, Gasteizen DNAren parte diren balioak –hiri osasungarri eta iraunkor baten aldekoak– proiektatzen dituelako, eta kirolari eta osasungarritasunari loturiko turismo-helmuga gisa indartzen gaituelako ere”, azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak.

“Vitoria-Gasteiz Basket Capital 2019” kanpaina igande honetan abiatuko da ofizialki, nahiz eta urtarrilaz geroztik Udala ekintza batzuk antolatzen aritu den, besteak beste, hiria promozionatzeko bideoa eta Arabako Pastelgile eta Gozogileen Elkartearekin elkarlanean sortutako saskibaloi baloien itxurako txokolatezko bonboien aurkezpena.

Atzera kontaketa eta banderatxoak

Lehen ekintza horiek burututa, datozen norgehiagoketarako atzera kontaketa literalki martxan jartzeko unea heldu da: igande honetan Plaza Berrian egingo den ekitaldi sinbolikoan Baskonia, Araski eta Zuzenak taldeetako adin guztietako zaleek Udaletxeko fatxadan esekiko den kontagailu bat aktibatuko dute. Xabier Añúa entrenatzaile historikoak eta Sara Ortega jokalariak saskibaloiko pilota saskiratzen duten unean jarriko da martxan atzera kontaketa hori. Baloia Buesa Arenatik abiatuko da goiz horretan eta, pasez pase, errebotez errebote, hiriko hainbat kale zeharkatuko ditu Mendizorrotzetik igarota Plaza Berrira heldu orduko.

Gainera, hiriko kale nagusietan ikus daitezke jada Gasteiz saskibaloiaren hiriburua dela aldarrikatzen duten banderatxoak, eta datozen egunetan ekintza gehiago iragarriko dira.

Ekintza horiei edota kirol hitzorduei buruzko informazioa eskuratzeko, jo helburu horretarako beren beregi sortutako web orrira:  www.vitoria-gasteiz.org/vgbasketcapital 

 

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 otsaila 2019 11:36

 

 

 

 

 

 

Baskoniaren aldeko bandera handi bat jarri da udaletxeko aurrealdean, bihar Madrilen hastekoa den 2019ko Errege Kopan parte hartuko baitu.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  6 otsaila 2019 14:16

Martxoaren 1etik 3ra egingo da, Ibaiondoko eta Mendizorrotzako kiroldegietan, eta 150 jokalari inguruk hartuko dute parte

 

 

 

Haur-kategoriako hamahiru taldek, emakumezkoen saskibaloi Dia Ligan parte hartzen duten klubetako harrobietan integratuak, Txiki Koparen beste edizio bati ekingo diote, martxoaren 1etik 3ra bitartean. Ibaiondoko gizarte etxea izango da helburu nagusi emakumezkoen kirola bultzatzea duen lehiaketaren epizentroa. Igandean, Mendizorrotzako kiroldegian jokatuko den final handia izango da amaierako jaialdi nagusia. Partidu guztietarako sarrerak izango dira dohainik.

Aurkezpenean honako hauek hartu dute parte, Txiki Koparen erakunde sustatzaile nagusia den Vital Fundazioaren presidenteak, Jon Urrestik; Germán Mongek, Saskibaloi Euskal Federazioaren presidenteak eta Araski klubaren presidentea den Livia Lópezek, eta eurekin batera izan dira Estíbaliz Cantok, Vitoria-Gasteizko Udalaren Kultura, Hezkuntza eta Kirola zinegotzia, Igone Martínez de Luna, Euskara, Kultura eta Kirol arloko foru diputatua; eta Maider Etxebarriak, Eusko Jaurlaritzaren Turismo eta Ostalaritza zuzendaria.

Vitoria-Gasteiz emakumezkoen saskibaloiaren hiriburu bilakatuko da martxoaren lehenengo egunetan. Izan ere, Erreginaren Kopa bertan jokatuko da eta hitzordu garrantzitsuenetako bat da emakumezkoen kirolari dagokionez. Gainera, aldi berean, kirol horren etorkizuna bilduko duen beste lehiaketa bat ere jokatuko da. Txiki Kopa da, Arabako hiriburuan, hamahiru taldetan banatuta, haur-kategoriako 150 jokalari inguru bilduko dituen torneoa.

Lehiaketa

Martxoaren 1ean, ostirala, goizeko 9:00etan, aldi berean jaurtiko da baloia airera Ibaiondoko gizarte etxeko hiru zelaietan. Une horretatik aurrera 23 partidu jokatuko dira kirol-eremu horretan, eta martxoaren 3an, igandea, amaituko da ekitaldia, Mendizorrotzako kiroldegian, Erreginaren Kopako egoitzan, jokatuko den final handiarekin.

Beste alde batetik, joko garbia ere izango da protagonista lehiaketan. Parte hartzen duten talde guztiak atxiki behar zaizkio jokorako eremuetan kirolaren aurkako edozein portaera errotik ateratzearen aldeko konpromisoari, bai jokalariak, bai talde teknikoko kideak, bai bertaratzen diren zaleak ere.

Igandean, behin torneoa amaituta, sariak banatuko dira Mendizorrotzako kiroldegian. Kirol garaikurrez gain (lehiaketa irabazten duen taldeari, jokalari onenari, boskote onenari edo hiru puntuko saskiratze lehiaketa irabazi duen jokalariari), beste bat emango zaio ‘fair play’ taldeari, joko garbiaren eta kirol-legearen baloreak ondoen ordezkatu dituen taldearen lana azpimarratzeko.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 urtarrila 2019 14:37

 

 

 

 

 

Gorka Urtaranek erakunde, federazio eta kluben artean  txapelketa antolatzeko izandako lankidetza nabarmendu du, eta “hiriak dena emango” duela.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek emakumeen saskibaloiko Erreginaren Kopa  jaso du gaur, Espainiako Saskibaloi Federazioko lehendakari Jorge Garbajosaren eskuetatik. Gasteiz izango da txapelketaren egoitza, otsailaren 28tik martxoaren 3ra bitartean. Udaletxeko harrera aretoan egin da ekitaldia, eta Gasteizko alkateaz eta Federazioko lehendakariaz gain bertan izan dira Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia, Estíbaliz Canto; Euskadiko Saskibaloi Federazioko lehendakaria, Germán Monge; Arabako Saskibaloi Federazioko lehendakaria, Luis Miguel Corres, eta Araski emakumezkoen saskibaloi-klubeko lehendakaria, Livia López.

Gorka Urtaranek erakunde, federazio eta kluben arteko lankidetza nabarmendu du, “lan egiteko modurik onena baita. Denok elkarrekin batu egiten dugu”.  Gasteizko alkateak gogoratu du, halaber, “Gasteiz hiri zoragarria [dela], eta kirola gustuko [dugula]. Gustuko dugu kirola egitea, eta gustuko dugu Erreginaren Koparen antzeko ekitaldiak gure udalerrian egitea. Hiriak dena emango du hitzordu horretan, aurten aurreikusita dauden beste batzuetan bezala, urte biribila izango baita“. Eta erantsi du: “Estatuko gainerakoei, Europari eta munduari erakutsiko diegu lehen mailako ekitaldiak har ditzakegula, bikaintasunez“.

Jorge Garbajosa presidenteak esan du “saskibaloiaz hitz egitean Gasteizen pentsatzen duzu” eta “Kopa honi esker, gero eta gehiago identifikatuko da hiria emakumeen saskibaloiarekin”. Garbajosak espero du “guztion oroimenean” geratuko dela kopa hau.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  20 maiatza 2018 21:53

BELGRADOKO FINAL FOURRAREN BIDEOA

Arabako diputatu nagusia, Gasteizko alkatea eta Kultra eta Hizkuntza Politika Sailburua serbiar hiriburuan izan dira Europako saskibaloi ekitaldi garrantzitsuenaren garapena bertatik ikusteko

 

GORKA URTARAN ALKATEAREN AUDIOA

2019ko Final Fourraren etxea da Gasteiz jada. Fenerbahce eta Real Madrid taldeen arteko finalaren atsedenaldian egin den ekitaldian, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuak antolaketaren testigua hartu dute Belgradoko president of the City Assembly Nikola Nikodijevicen eskutik. Honek gainera euskal erakundeetako ordezkariei zortea opa die hurrengo urtera begira.

 

Hartu eman horren aurretik eta ondoren, lauek serbiar hiriburuan egin den ekitaldiaren inguruko antolaketari buruz hitz egin dute.  Eta Gonzalez, Urtaran eta Zupiriak aholku eta abisu guzti hauek ondo apuntatu dituzte, 2019ko edizioa arrakastatsua izan dadin Araba, Gasteiz eta Euskadirentzat. “Ekitaldi honek antolakuntza oso garrantzitsua duela transmititu digute, baina Gasteiz, Araba eta Euskadi prest daudela ere esan digute, batez ere azpiegituren aldetik”, esan dute.

 

Belgradoko alkateaz haratago, hainbat hitzaldi izan dituzte beste zenbait pertsonekin, Saski Baskoniako zuzendari nagusi Jesús Vázquezekin batera. Adibidez, la talde finalistetako zuzendaritzetako ordezkariekin edota Euroligako batzordeko agintariekin. Besteak beste, Jordi Bertomeu Euroligako presidente eta zuzendariarekin ere izan dira. Berarekin 2018ko Final Four honen inguruan hitz egin dute. Baina, batez ere, hurrengo urtekoaren inguruan, noiz Gasteiz Europako saskibaloi hiriburua izango da.

 

“Jardunaldi osoan zehar ekitaldi honek duen garrantzia ezagutu dugu. Hamarnaka herrialdetara transmititzen da Final Fourra, saskibaloiaren munduko pertsona garrantzitsu asko biltzen da leku berdinean. Horrek guztiak argi erakusten du Final Fourra gure lurraldearentzat ekimen diferentziala izango dela. Hemendik urtebetera lehenengo mailako erakustokia izango dugu Gasteizen”, esan du Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak. “Hemen egotearekin gainera ekitaldiaren atzetik dagoen guztia ezagutu dugu. Ikasi dugu gainera modu koordinatuan lan egin behar dugula hurrengo urtean edizio arrakatatsuena lortzeko”.

 

 

Antzekoa esan du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. “Gasteizen Final Fourra egitea gure hiriari egiten zaion errekonozimendua da. Alde batetik, lehenengo mailako saskibaloi talde bati, Baskoniari, egiten zaion errekonozimendua da. Baita bere afizioari egiten zaiona ere. Gainera, sari hau erakundeen lanari egiten zaion errekonozimendu bat bezala ulertu behar dugu, gaur egun Buesa Arena bezalako azpiegitura bat izateko lan egin dutelako. Gainera, ajente guztien lanari egiten zaion errekonozimendu bat dela uste dug. Denbora askoz lan egin dugu, modu diskretuan, amets hau egin bihurtu izan dadin. Guztiz ziur nago Gasteizentzat ekitaldi ahaztezina izango dela 2019ko Final Fourra. Are gehiago, Europa guztiarentzat ere ahaztezina izango da.

 

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ere kirol ekitaldi honek gurean izango duen eragin positiboaz hitz egin du: “Belgradon bertatik bertara ikusi ahal izan dugu Final Four-ek duen dimentsio ikaragarria, eta irudikatu ahal izan dugu ekitaldi honek gurean izango duen eragin handia. Final Four-ek hainbat gauza positibo ekarriko ditu 2019an Gasteiz, Araba eta Euskadira. Inpaktu ekonomiko positiboa ekarriko du, gure herria mundu zabalera proiektatzeko aukera emango digu eta jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko baliagarria izango da”.

Share