Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 maiatza 2019 11:29

 

Alkateorde Itziar Gonzalok Gasteizko VIII. Konkurtso Jardunaldien inaugurazioan hartu du parte; gaur eta bihar egingo dira horiek, Goiuri jauregian. Enpresa, administrazio eta zuzenbidearen alorreko 150 profesionalek baino gehiagok konkurtsoei buruzko legerian izandako azken aldaketak aztertuko dituzte eta, bereziki, kaudimengabeziari buruzko zuzenbidea.

 

Gonzalok Gasteizek zuzenbidearekin duen lotura historikoa azpimarratu du. “Nazioarteko zuzenbidea da lotura horren protagonista nagusia, baina badu bestelako adierazpen garrantzitsurik ere, konkurtsoei buruzko jardunaldi hauek, esaterako, zeinak hiriko biltzarren programazioan sendotu baitira”.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 otsaila 2018 10:27

Besteak beste, Bernardo Gutiérrez, Francisco Rojas, Emma Ortiz eta Jose Antonio Rodríguezek hitz egingo dute; ikastaroan Euskadi, Errioxa eta Nafarroako zenbait udalerritako teknikari eta politikoek eman dute izena.

Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuak gidatzen duen topaketa eta prestakuntza espazioak, Herritartasunerako Eskola Irekiak, herritarren partaidetzaren alorreko berrikuntzari buruzko jardunaldia antolatu du ostegunerako; Goiuri jauregian izango da, 10:00etatik 19:00etara.

Goizeko 10:00etan hasiko da jardunaldia, “Joera eta esperientzia berritzaileak herritarren partaidetzaren alorrean” gaitzat duen hitzaldiarekin; Bernardo Gutiérrezek —kazetaria, ikerlaria, eta Madrilgo MediaLab-Prado herritar-berrikuntzarako laborategietako komunikazio-arduraduna— herritarrek parte hartzeko mugimendu berriei buruz eta administraziorekiko beharrezko loturari buruz hitz egingo du.

12:00etan, herritar berrikuntzarekin lotutako zenbait esperientzia aurkeztuko dira, eta horiek garatu diren udalerrietan izandako oihartzuna azalduko da. Jun (Granada) udalerriko alkate eta txiolari ezagun José Antonio Rodríguez Salasek “Twitter, parte hartzeko eta gardentasunerako tresna gisa” izango du hizpide. Bartzelonako Udaleko Herritar Eskubideen, Kulturaren, Partaidetzaren eta Gardentasunaren Gerentziako Komunitate Jardueraren Zerbitzuko zuzendari Oscar Rebollok “Auzoa partaidetzaren ardatz gisa” gaia jorratuko du.  A Coruñako Partaidetzaren eta Berrikuntza Demokratikaren zinegotzi Claudia Delso Carrerak “Herritar laborategiak” izango du gaitzat, eta Gasteizko IGIko Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren koordinatzaile Juan Carlos Escuderok, azkenik, “Gasteizko mugikortasun iraunkorreko ereduaren hitzarmena: ikasketa partekatuko ariketa” azalduko du.

16:00etan, Novagob-eko zuzendariak “Partaidetzan berritzeko ikuspegi esperimentala” izenburua duen hitzaldia emango du: hainbat administrazio publikok beren gobernu-laborategien bidez berrikuntza publikorako prozesuetan martxan jarri dituzten ikuspuntu esperimentalak azalduko ditu.

Amaitzeko, 17:0etan, “Teoriatik praktikara. Berrikuntza publikorako ikuspegi esperimentala aplikatzen” lantegia egingo da, Emma Ortizen eskutik; Psikologiako lizentziadun horrek esperientzia handia du pertsonen prestakuntza eta garapen alorreko proiektuetan, eta lantegian udalerrietan erabil daitezkeen aukera eta ideia zehatzak identifikatzen saiatuko dira.

Ia 100 pertsonak (teknikariak eta politikariak) eman dute izena lantegian, hainbat erakundetakoak:  Zarautz, Hernani, Loiu, Sestao, Iruñea, Donostia, Mungiako eta Bilboko udaletakoak, Gipuzkoako Aldundikoak, eta Errioxako udalerriren batekoak.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 otsaila 2018 13:17

Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolaren jardueretako bat da hitzaldia

Giza eskubideen defendatzaile Helena Malenok “Hegoaldeko mugetako emakumeen istorio ikusezina” izenburua duen hitzaldia emango du bihar, Goiuri jauregian, milaka emakumek bizi duten errealitate isila ezagutarazteko.

Ikerlaria migrazioetan eta gizakien salerosketan aditua da, eta Caminando Fronteras kolektiboaren fundatzailea. Bihar, asteartea, bere ikuspegia eta esperientzia azalduko ditu Goiuri plazako jauregiko Martin de Salinas aretoan, 19:00etan hasita.

Sarrera doakoa da, lekuak bete arte.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 abendua 2016 13:54

Carlos Martín Beristain bitartekari eta giza eskubideen aldeko aktibista ezagunak lehen aldiz azalduko ditu publikoaren aurrean prozesu haren gakoak, zeina funtsezko mugarria izan baitzen euskal bake-prozesuan motibazio politikoko indarkerien biktimen partaidetzari dagokionez

Datorren astelehenean, abenduak 19, amaituko da “Elkarrekin bizitzen ikastea” programaren lehen denboraldia, Gleencree ekimenari buruzko hitzaldi batekin; 19:00etan izango da, Goiuri jauregian. Carlos Martín Beristain bitartekari eta giza eskubideen aldeko aktibista ezagunak Glencree ekimena nola gauzatu zen azalduko du, protagonista nagusietako bat izan baitzen.  Bertha Gaztelumendi kazetari eta dokumentalista izango da moderatzailea; “Mariposas en el Hierro” dokumental txalotuaren zuzendaria da, zeinean emakumeek bakea lortzerakoan duten papera aztertzen baitu.

Beristainek lehen aldiz azalduko ditu publikoaren aurrean prozesu haren “barrunbeak”, zeina funtsezko mugarria izan baitzen euskal bake-prozesuan motibazio politikoko indarkerien biktimen partaidetzari dagokionez”, nabarmendu du Bizikidetza eta Aniztasunaren zinegotzi Nerea Melgosak.

Elkarrekin bizitzen ikastea programa Bizikidetza eta Aniztasunerako Zerbitzuaren ekimena da, eta “hirian elkartzeko eta elkarrekin bizitzeko guneak sortzea du helburu, herritarrak kritikoagoak eta konstruktiboagoak izan daitezen, hiriko kontuetan parte aktiboa hartzeko“, gogoratu du Nerea Melgosak. Horretarako, herritarrei zabaldutako hainbat jarduera antolatu dira, elkarren artean trukatzeko eta ikasteko zein komunikatzeko guneak eraiki nahi baitira, oraingo denboraz haratago doan bizikidetza-eredua eraikitzeko erronkari erantzuna eman ahal izateko.

Share