Prentsa Oharren banner

Bihar ezarriko ditu TUVISAk garraio publikoen alorrerako jarraibide berriak koronabirusaren aurka

 

  • Bihartik aurrera, Herritarrei laguntzeko bulegoetako lana 010 telefonoan zentralizatuko dira
  • Gasteizko Udalak neurri osagarri berriak hartzen jarraitzen du, COVID-19 gaitzaren transmisioa ekiditeko

 

Jende-pilaketak eta beharrezkoak ez diren joan-etorriak ekiditen jarraitzea: horixe da Gasteizko Udalak koronabirusari aurre egiteko operatibo bereziaren bitartez asteburuan hartu dituen erabakien muina eta ardatz nagusia. Atzo hartutako neurrien artean, azpimarratzekoak dira gaueko autobus zerbitzua (Gautxori) etetea, igandeetan Espainia plazan egiten den Bildumagileen azoka bertan behera uztea, eta Turismo Bulegoa ixtea. Aldi berean, bihar ezarriko dira TUVISAren zerbitzurako jarraibide berriak, eta bihartik aurrera, gainera, Herritarrei laguntzeko bulegoek telefonoz artatuko dituzte herritarrak.

 

Garraio publikoa

Gainerako garraio publikoak bezala (errepide bidezkoak, trenbideak eta tranbiak), TUVISAk % 40 eta 60 artean murriztuko du jarduera-eskaintza, unean-unean estimatutako eskariaren arabera. Neurri hau ezarrita ere, bermatuta egongo da herritar orok beren lantokietara eta oinarrizko zerbitzuetara iritsi ahal izango duela.

 

Herritarrentzako Arreta 010 telefonoaren bidez / Gizarte-zerbitzuak

Bihar hasita, Herritarrei laguntzeko bulegoen zeregina 010 informazio telefonoan zentralizatuko da; hartu dira horretarako beharrezko berrantolaketa-neurriak. Turismo Bulegoak ez du zerbitzurik emango igandetik beretik. Bat egingo du, hartara, ostiralean agindu zen Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoaren itxierarekin.

Bestalde, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak ez dute aurrez aurreko arta emango, premiazko kasuetan izan ezik, zeinetarako lehenago hitzordua eskatu beharko den telefonoz. Esteka honetan biltzen dira Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen telefonoak.

Era berean, bizitegi-bazterketa egoeran dauden pertsonentzako harrera-zentroen alorrean hartu beharreko neurriak zehazten ari dira, baliabide horien erabiltzaileen artean gutxieneko segurtasun-tartea bermatu ahal izateko.

Instalazioen itxierak Europa biltzar-jauregira ere zabalduko da gaurtik; azken egunetan bertan egitekoak ziren jardueren etenak eta atzeratzeak koordinatzen aritu dira, datozen egunetarako agenda hutsik utzi arte.

Azkenik, eten egin zen atzo igandeetan Espainia plazako arkupeetan 10:00etatik 15:00era bitartean egiten den bildumagileen asteko azoka.

 

Informazio gehiago: Gasteizen COVID-19 gaitzaren eragina murrizteko prebentzio-neurriak

Share

Neurri berriak garraio publikoan, eta berariaz adinekoei bideratutako zerbitzuetan, COVID-19 gaitzari aurre egiteko

 

 

Gaur goizean Eusko Jaurlaritzak iragarritako Osasun-Larrialdiko Adierazpena osatzeko neurriak hartzen jarraitzen du Gasteizko Udala, horien bidez koronabirusaren transmititzeko arriskua ahalik eta gehien murrizteko. Atzo bezala, esku-hartze nagusienak –zein aurreko egunetakoetara gehitu behar baitzaizkie–, neurri berriak oinarrizko zerbitzuei eragiten diete, esaterako garraio publikoari eta adinekoak artatzekoei.

 

Neurri berriak garraio publikoan

Euskadiko Garraio publikoaren erakunde arteko batzordearen azken bileran neurri gehiago hartzea erabaki da, zein TUVISA 00:00ettaik aurrera indarrean jartzek moduan den, azken egunetan TUVISAk iragarri dituenei gehituta.

  • Bidaiariek BAT txartelarekin ordaindu beharko dute zerbitzua, bertan behera utziko delarik txanpon/txartel bidezko ordainketa.
  • Ibilgailuen lehen ilarako eserlekuak ezin izango dira erabili. Xingola edo kartelen bidez adieraziko da horiek erabiltzeko debekua. Gidariak kutsatzea saihesteko neurria da.
  • Erdiko atetik egin beharko dira sartu-irtenak. Txartelaren balidazioa ere autobusen erdiko aldean dauden makinetan egingo da.
  • zerbitzua egoeraren arabera egokituko da; gerta daiteke unean-unean zerbitzuak indartzea edo ezabatzea erabakitzea, baliabideak optimizatzeko. Gaur egun, bidaiarien kopurua % 45-50 inguru murriztu da, TUVISAk dituen estimazioen arabera.
  • Autobus barruan metro bateko tartea gordetzea gomendatzen zaie TUVISAren zerbitzua erabili behar dutenei.
  • Zerbitzua amaitzean, gidari bakoitzak desinfektatuko du bere lan-tokia, TUVISAk emandako materialarekin.

 

Gizarte Zerbitzuak

Arabako Foru Aldundiak hartutako ebazpenarekin batera, eten egingo dira, aldi baterako, Adinekoei laguntzeko San Prudentzio zentro integralean eta etxebizitza komunitarioetara bisitak oro; aldi berean, sustatu egingo da zerbitzu horien erabiltzaileen eta beren senideen arteko telefono bidezko komunikazioa. Segurtasunaren aldeko neurria da, kutsaketak ekiditeko asmoz.

Gainera, astelehenetik aurrera Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek batez ere telefonoz artatuko dute; aurrez aurreko arta ere emango die hala eskatzen duten kasuetan, baina aldez aurretik hitzordua eskatuta. Aurretiazko hitzordua emango da, nahitaez telefonoz.

 

Telelana eta lanaldia malgutzeko neurri osagarriak udal-langileentzat

Indarrean dira oraindik ere Udaleko langileen artean arriskuak minimizatzeko neurriak. Zehazki, zabaldu egin dira telelanean aritzeko aukerak, familiako bizitza eta lana uztartzetik eratorritako hutsez gain. Aldi berean, antolaketa-aldaketak egin dira Gazteen Enplegurako Programa Eragilean zein Eskualdeko Enplegu Planean diharduten langileei bideratuta.

Gainera, aldaketak ezarri dira Herritarrei laguntzeko bulegoetan; izan ere, astelehenik aurrera aurretiazko hitzordu bidez artatuko dira herritarrak, hartara jende-pilaketak ekiditeko. Hitzorduak 010 telefonoan eskatu daitezke, martxoaren 14tik aurrera, 08:00etatik 20:00etara astelehenetik ostiralera, eta 08:00etatik 14:00etara larunbatetan.

Halaber, garbiketa-kontratua esleitu zaion enpresak prebentzio-neurriak hartu ditu, enpresa barruan koronabirusa kutsatzeko aukera ahalik eta gehien murrizteko. Horrenbestez, aldageletan sartzeko txandak ezarri dira, eta langileei eskatu zaie ez daitezela taldetan bilduta edo leku itxietan egon. Behin lan.txanda bakoitza amaituta, lantokia ahalik eta azkarren eta ahalik eta jende gutxienarekin harremana izanda uztea eskatzen zaie langileei.

 

Batzar-ekipamenduak eta beste udal-bulego batzuk

Udalaren batzar-ekipamenduei dagokienez, Gasteizko Udalak Europa batzar-jauregian egitekoak ziren beste bi jarduera bertan behera geratuko direla jakin du. Zehazki, UAGAk hilaren 19an egitekoa zuen Batzar Nagusia bertan behera uztea erabaki du; ez da egingo, ezta ere, martxoaren 23tik apirilaren 1era bitartean egitekoa zen Arabako LHko III. Azoka.

Bestalde, astelehenik aurrera Turismo bulegoaren ordutegia murriztuko da. Astelehenetik ostiralera 10:00etatik 17:00etara egongo da irekita, eta larunbat, igande eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara,

Martxoaren 16tik aurrera (asteartea) Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoa itxita egongo da jendearentzat. Bulego horren erabiltzaileak 30 urtetik beherako gazteak direnez gero, nahitaezko jo izan da segurtasun-neurri hau hartzea. Gazteei zuzenduriko arreta posta elektronikoko helbide honen bidez emango da:infogaztea@vitoria-gasteiz.org

 

Eragina udal-jarduera politikoan

Gaur eguerdian Eledunen Batzarraren aparteko saioan bildu dira udal-taldeak, eta bertan adostu dira udal-jarduera politikoari eta erakundeari dagozkien neurriak. Aho batez erabaki da hemendik aurrera ez dela batzorderik egingo, baldin eta gai-zerrendan ez erabakitzeko gairik ez badago. Udalbatzari dagokionez ere modu berean jokatuko da. Udalbatzaren bileretan boto eskuordetua baliatuko da, jende-pilaketa ahalik eta gehien murrizteko asmoz.

INFORMAZIO GEHIAGO ETA GOMENDIOAK: Udalaren esku-hartzea CO)VID-19 gaitzaren aurrean

Share

Gasteiz Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen koordinatzaile hautatu dute

 

Arabako hiriburuak herritar orori zuzendutako 225 hezkuntza-programa eskaintzen ditu

 

Gasteiz Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen koordinatzaile hautatu dute, Sevillaren lekukoa hartu baitu hiriburu hartan martxoaren 11tik gaur arte  egiten ari den topaketa batean. Gaur  egun Espainiako 216 hirik osatzen dute sarea.

Gorka Urtaran alkateak adierazi du “Urteak daramatzagu lanean, hezkuntza-komunitatearekin, gizarte-ehunarekin eta beste erakunde batzuekin partekatutako lidergoaren bidez. Hiritik ikastearen, hirian ikastearen eta hiria ikastearen aldeko apustua egiten dugu. Izan ere, hiria bera euskarri estrategikoa da gure etorkizunerako, aniztasuna, elkartasuna, askatasuna edo tolerantzia bezalako balioetan hazteko.  Gainera alkateak nabarmendu du Gasteiz prest dagoela beste hiri batzuekin sarean lan egiteko, gure gizarteen etorkizunerako funtsezkoak diren elementuetan. Zorionak, gaurtik aurrera, gure hiria hiri hezitzaileen sarean lider izan dadin inplikatutako pertsona eta eragile guztiei”.

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantoren hitzetan, berriz, “izendapenak udal teknikarien taldeak duela 30 urtetik egindako lana aitortzen du, horri esker 225 hezkuntza-programa eskain baititzakegu gaur egun. Gainera, aktiboki parte hartu dugu Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarean. 1995ean sustatu zuen taldean geunden, eta azken lau urteetan bi sare telematiko gidatu ditugu, hezkuntza konpentsazioaren alorrean. Esperientzia dugu, eta datozen bi urteetan sarearen buru izateko ilusioa“.

Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen XIV. Topaketaren lema “Sentitzen, arnasten eta besarkatzen duten hiriak” izan da. XXI. mendeko hiri hezitzailearen eredua eraikitzen tokiko gobernuek duten zereginaz hausnartzea zen helburua.

Ildo horretatik, Gasteizek “Eskola segregazioa eta hiri hezitzailea” gaiaren inguruko sarea aurkeztu du; Arabako hiriburua 2018-2020 aldian zuzentzen ari da sare hori, zeinean 23 hirik hartzen baitute parte.

Santanderrek ere aurkeztua zuen Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen koordinatzaile izateko hautagaitza, baina hura bazter utzi dute.

 

Zeharkako proiektua

Hezkuntzaren alorreko hausnarketak eta eztabaidak aparteko lekua hartu dute beti Gasteizen. Izan ere, udalerriei esleitzen zaien eskumen-esparrua gainditu du hezkuntza esku-hartzeak bertan.

Duela 15 urte baino gehiago ezarri zuen hiriak euskarri teorikoa, zeina hezkuntza balioen definizioan islatzen baita; balio horiexek ematen diote helburua bertan garatzen den hezkuntza-jarduerari.

Jarduera horien kanpoko ebaluazioa argigarria izan da. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Unibertsitateak enpirikoki frogatu zuen udalaren hezkuntza-programek gizartean duten konpentsazio balioa. 

Datozen urteetarako beste helburu bat ezarri da: “Hiri inklusiboa, hiri hezitzailea” izeneko sare berri baten buru izatea.

 

 

 

 

 

 

 

Share

Udalak adinekoen zentro soziokulturaletako jarduera mugatu du, eta jantoki zerbitzua baino ez dute eskainiko

  • San Prudentzio adinekoentzako zentro integralean ezarritako neurriak ere indartu dira

 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren gomendio sorta berria aplikatuz, Gasteizko Udalak adinekoen zentro soziokulturalen jarduera mugatzea erabaki du, eta jantoki zerbitzua baino ez da eskainiko. Neurri horren bidez, COVID-19 kutsatzeko arriskua ahalik eta gehien murriztu nahi da populazio ahulenetako bati arreta ematen dioten eremuetan. Astelehenean jada ikastaro eta lantegiak eten ziren adinekoentzako 15 udal zentroetan; oraingoan, elkartze aretoak, ile-apaindegia eta podologia zerbitzua itxi dira. Beste ezer adierazi arte, jarduera jantoki-zerbitzura mugatuko da.

Aldi berean, San Prudentzio adinekoentzako zentro integralean langile ez-sanitarioetako batek positibo eman duenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila egoera horretarako une oro ematen ari den jarraibideak aintzat hartzen ari dira, zentroko langileekin zein egoiliarrekin. Horretarako, langileentzako protokolo espezifiko bat aplikatu behar da, egoiliarrei jarraipen handiagoa egiteko neurriak jasotzen dituena. 

 

Garraio publikoaren arloko berariazko neurriak

TUVISA udalaren garraio agentzia etengabe ari da Gasteizko Udaleko Osasun Publikoko Zerbitzuarekin koordinatzen, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik datozen gomendioak betetzearren. Besteak beste, autobusen eta enpresako lantokien garbiketa areagotu dute.

Orain arte, autobusen higienea eta garbiketa areagotzeko agindua eman da, eta gidarien postuetan gel hidroalkoholikoak jarri dira. Hemendik aurrera, beste produktu desinfektatzaile batzuk erabiliko dira. Zehazki, alkidimetilbentzilamonio kloruroa eta etilen diamino tetrazetatoa. Langileei prebentziozko informazio guztia ere bidali zaie, eta autobusetan Osasun Sailaren gomendio eguneratuak dituzten kartelak jarri dira.

Era berean, ikastetxeak eta udal instalazioak itxita daudenez, TUVISA kontziliazio-neurriak, lizentziak eta baimenak aztertzen ari da, langileen beharrei erantzuteko. Malgutzeko neurriak ere aztertzen ari dira, lanpostuak eta haien beharrak aztertuz, zerbitzua bete ahal izateko.

 

Biltzar izaerako ekitaldi publikoak

Era berean, Gasteizko Europa eta Goiuri jauregietan aurreikusitako sei ekitaldi edo jarduera bertan behera geratu dira, atzo Osasun Ministerioak emandako aginduei jarraituz koronabirusaren transmisio komunitario handiko lekuetan 1.000 lagunetik beherako edukiera duten gune itxietan egiten diren ekitaldi publikoei dagokienez.

Hain zuzen ere, Fabio Baggiren ‘Immigranteak eta errefuxiatuak, bizikidetza eta herritartasun sortzaileak’ hitzaldi-solasaldia (hilaren 13an, Europa Jauregian), Plan Biko tailerra (hilaren 16an, Europan), Startup Europe Week (16tik 27ra, Goiurin), Eudelen Prestakuntza Jardunaldiak (hilaren 17an, Europan), 2020ko Etxe Berdeak programareb aurkezpena (hilaren 17an, Goiurin) eta Berritzeguneak haur hezkuntzari buruz antolatutako jardunaldiak (hilaren 28an, Europan).

Gainera, bi atzerapen izan dira. Lehena, Goiuri jauregian gaur egitekoa zen Erizaintzaren Historiari buruzko Jardunaldia, azkenean “udazkenean” egingo baita. Bigarrena, Gasteiz On merkatarien elkartearen ohiko moda pasarela da; hilaren 24tik 27ra bitartean egitekoa zen, eta apirilera atzeratu dute.

Bestalde, Turismo Bulegoak irekita jarraitzen du eta normaltasunez artatzen ditu erabiltzaileak, baina aldi baterako bertan behera utzi ditu bisita gidatu guztiak, hilaren 23ra arte.

 

Kultur jarduerak eta bestelakoak

Kultur ekitaldiei dagokienez, atzo bertan behera utzi zen Udal Antzoki Sarearen jarduera martxoaren 23ra arte, egun hori barne. Funtzioak ahal den guztietan atzeratzeko izapideak egiten ari dira, baina sarrera eskuratu duten erabiltzaileek zenbatekoa itzultzeko aukera izango dute. Dagokionean jakinaraziko da noiztik aurrera itzuliko den sarreren zenbatekoa. Bertan behera utzitako ikuskizunak ematekoak ziren konpainiekin egindako kontratuei dagokienez, izapidetze administratibo bakoitza berrikusten ari dira, bai arte eszenikoen sektorearentzat bai kutxa publikoentzat ahalik eta kalte gutxien sortzen duten neurriak aplikatzeko.

Era berean, atzo Osasun Ministerioak emandako jarraibide berriak ikusita koronabirusaren transmisio komunitario handiko lekuetan 1.000 lagunetik beherako edukiera duten gune itxietan egiten diren ekitaldi publikoei dagokienez, Monterhemoso kulturuneko jarduera guztia bertan behera utzi da gaurtik martxoaren 23ra arte, egun hori barne. Izan ere, datozen bi asteetarako aurreikusitako ekitaldi guztietan gainditzen da edukiera osoaren herena.

Ekitaldi publikoen esparruan, orobat, Gasteizko udaletxean egin ohi diren ezkontzei eragingo dieten neurriak hartu dira. Gaurtik aurrera, udaletxeko bulegoetara sartu ahal izango diren pertsonen gehieneko kopurua ez da, inolaz ere, 50 lagunetik gorakoa izango, bi aretotan banatuta: harrera aretoa eta Kinten aretoa. Hartara, espazio horien edukiera osoaren herena ez gainditzeko jarraibidea betetzen da.

Bestalde, eta ostalaritzako elikagaien esposizioari buruzko neurri espezifikorik dagoen kontsultatu denez, esan behar da elikagaiak ez direla identifikatu koronabirusaren transmisio-iturri edo -bide posible gisa. Hala ere, Gasteizko Udaleko Osasun Publikoko Zerbitzuak ostalaritza-sektoreari gogorarazten dio oso garrantzitsua dela higiene- eta osasun-arauak betetzea, edozein birus-mikroorganismo edo haren toxinak elikagaien bidez transmiti ez daitezen.

Gasteizko Udaleko Osasun Publikoko Zerbitzuak aldizka ikuskapen higieniko-sanitarioak egiten ditu elikagai-establezimenduetan, besteak beste ostalaritza-establezimenduetan. Pintxoak babestea nahitaezko neurria da, eta horretan eragingo dute ikuskapenek, elikagaien higieneari buruzko gainerako neurriekin batera. Ikuskapenean ez-betetze bat hautematen bada, administrazio-dosierra irekiko da.

 

Udal bulegoetan telelana ezartzea

Bestalde, Giza Baliabideen Sailak jada identifikatuta ditu telelanaren bidez bete daitezkeen profilak. Plantilla osoa hiru taldetan sailkatu du, ezaugarrien arabera. Batetik, nahitaez fisikoki egon beharra duten langileak, hirugarrenen eskubideak edo zaintzak bermatzen dituztenak: horiek ezin dute telelana egin. Beste bi taldeetan kideen balorazioa egiten ari dira sailetako zuzendariak eta Giza Baliabideen Saila.

Giza Baliabideei dagokienez, halaber, COVID-19aren transmisioari eusteko oraingo fase indartuaren barruan, aldatu egin da A eta B taldeetarako lan-eskaintza publikoan lanpostua lortu duten langileak sartzeko aurreikusita zegoen data: zehazki, apirilaren 1a praktiken hasiera-data gisa ezarrita duten pertsona guztiei maiatzaren 13ra aldatu zaie data hori.

Zehaztapen horietako gehienak alkate dekretu batean jasoko dira, COVID-19ari eusteko fase indartuari dagozkion prebentzio-neurriak eguneratzeko.

INFORMAZIOA ETA GOMENDIOAK: aurreko egunetan hartutako prebentzio-neurriak

Share

Udalak COVID-19ren eragina murrizteko prebentzio-neurriak handitu ditu

Gasteizko Udalak prebentziozko hainbat neurri ezarri ditu herritarren osasuna zaintzeko, Eusko Jaurlaritzaren erakunde arteko mahaian parte hartu ondoren. Mahai horretan koordinatu dira zerbitzu eta ekipamendu publikoetan hartu beharreko jarraibideak. Neurri horiekin batera, udalaren menpe dauden ikasketa zentroen jarduera etetea erabaki dute gaur eguerdian, Lakuako Gobernuko Osasun eta Hezkuntza sailek ezarritako jarraibideari jarraituz. Etete hori martxoaren 24ra arte izango da, asteartea, eta beste agindurik izan ezean ohiko jarduerara itzuliko da.

 

Martxoaren 10etik martxan jarriko diren neurriak:

 

– Gizarte-etxeetan jarduera etetea, bi zerbitzutan izan ezik: Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan eta Herritarren Arretarako Bulegoetan. Kirol instalazio guztietan ere jarduera etengo da.

 

– Bertan behera utzi da aurrez aurreko prestakuntza-jarduera guztia: udal hezkuntza-zentrotan jada hartu den neurria enpleguaren arloko prestakuntza-zentroetara hedatzen da (CETIC eta Ignacio Ellacuría), hala, gizarte-etxeetan eta adinekoen zentro soziokulturaletan emandako ikastaroen bloke osora.

 

– Eskola-kiroleko jarduera eta Udal instalazioetan egiten diren jarduera fisikoko ikastaro guztiak eten dira.

 

– Pertsona asko biltzen diren kirol eta kultura ekitaldiei dagokienez, zuzenean erantzungo zaio Eusko Jaurlaritzak esandakoari eta parte hartzaileen kopurua, ekitaldiaren lekua eta esparruaren gehieneko edukiera zehatz-mehatz aztertuko da.

 

– Adingabeen gizarte eta hezkuntzazentroen jarduera ere eten egin da.

 

Neurri horiek guztiak arautzen dituen funtsezko irizpidea adingabeak espazio itxietan elkartzea saihestea da. Koronabirusak bereziki ez die eragiten, baina gaixotasuna nahiko erraz transmititu dezakeen biztanleria-sektore bat da adingabeena.

 

Adinekoentzako zerbitzuen arloko neurri espezifikoak ere indartuko dira:

 

-Gizarte zerbitzuen kasuan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak zentro soziosanitarioei zuzendutako gomendioak eguneratzeko ardura hartu du Udalak. Horrek esan nahi du, familiek eta zentroetako erabiltzaileen bisitariek ezingo dutela bisitarik egin sukarra edo arnasketa-sintoma akutuak badituzte. Era berean, ospitaleratutako paziente bakoitzeko senideen bisitak murriztea gomendatzen da. Laguntzaileek ezin izango dute sukarrik edo arnasketa-sintoma akuturik izan.

 

Eskuen higienerako eta arnas higienerako neurriak ere zorroztuko dituzte, gainazalen garbiketak indartzeaz gain.

 

Neurri horiek guztiak hartzen badira ere, datozen egunetan zehaztapen gehigarriak egin ahal izango dira. Udal giza baliabideen arloan, bestalde, Udal langileen ordezkariekin bilera bat egitea aurreikusi da biharko (asteartea) ezarri beharreko neurri zehatzak aztertzeko.

 

Azkenik, Gasteizko Udalak eskatzen die familiei ulertu ditzatela ezarritako neurriak. Eta jarrai ditzatela Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ematen dituen prebentzio-jarraibide orokorrak.

Share

Gasteizek aitorpena jaso du Parisen, ingurumenaren arloan nazioarteko buru izateagatik

Ana Oregi zinegotziaren adierazpenak

  • Ana Oregi alkateordeak CDP erakundearen 2019ko A-List hirien aitorpen gorena jaso du, “beste hiri batzuek baino hiru aldiz ekintza klimatiko handiagoa egiten ari delako”
  •  Euskadiko hiriburua eta Bartzelona dira nazioarteko sailkapen horretan dauden estatuko bi hiri bakarrak, beste hainbatekin (Europa, Estatu Batu, Kanada, Australia, Hego Amerika, Japonia, Korea edo Hegoafrikakoak)

 

Gasteiz ekintza eta gardentasun klimatikoaren munduko lider izendatu dute Parisen, CDP (Carbon Disclosure Project) erakundearen hirien zerrendan aintzatespen handiena (A+) lortu baitu; nazioarteko erakunde horrek enpresa eta hiriei laguntzen die, korporazio handien ingurumen-inpaktua ezagutaraztearren.

 

Euskadiko hiriburua eta Bartzelona dira nazioarteko sailkapen horretan dauden estatuko bi hiri bakarrak, beste hainbatekin (Europa, Estatu Batu, Kanada, Australia, Hego Amerika, Japonia, Korea edo Hegoafrikakoak)

 

Ana Oregi alkateordeak gaur arratsaldean jaso du aitortza, gure hiria “klimaren aldeko ekintzan zerrenda horretan ez dauden hiriek baino hiru aldiz gehiago egiten ari delako. Horrek emisioak murrizteko eta berotze globalari aurre egiteko bost aldiz ekintza gehiago adierazten du, eta bikoitza egungo arrisku klimatikoetara egokitzeko, uholdeetatik hasi eta bero-boladetaraino “, nabarmendu du erakundeak.

 

Atzerri Gaietako Ministerioak Parisen duen egoitzan egin da CDP Europe Awards ekitaldia. Saritutako hirietako ordezkariek eta erakundeetako ordezkariek parte hartu dute, hala nola, Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen (bideokonferentziaz) eta Frantziako Atzerri Gaietarako Estatu idazkari Jean Baptiste Lemoyne; lehen mailako enpresa eta konpainien nazioarteko arduradun gorenek ere hartu dute parte.

Ana Oregik nabarmendu duenez, “hiri eta eskualdeek bermatzen dute kudeaketa eraginkorrena klima aldaketaren aurrean; izan ere, prebentzio- eta arintze-neurri nagusien % 80 inguru hurbilenean diseinatu eta garatzen dira, beharrezkoak ez diren energia-kontsumoak saihestuz, garraio orekatuak sustatuz, hondakinak murriztuz eta azpiegitura berriak eraikitzean lurralde-plangintza hobea eginez”.

Horren haritik, alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotziak gogorarazi du: “Gasteiz duela ia hiru hamarkada jabetu zen gure munduak dituen premiez eta aurre egin beharreko arazoez, eta neurriak hartzen hasi ginen, planak idazten, iraunkortasunaren bide hori urratzen jarraitzeko ongi kokatuta egotera garamatzaten politikak bideratzen. Ikusten dugu, eta pozgarri da, larrialdi klimatikoaren gainean kontzientzia hartzen ari dela jendea han eta hemen, mundu osoan, eta erakunde publikoei eskatzen dietela planak idatz ditzatela, neurriak ezar ditzatela. Harro gaude aitzindari izateaz, horretan ere, eta beste behin ere adierazten dugu gure konpromisoa, klimaren aldeko ekintzari dagokionez, hura murriztu eta hartara egokitu beharra baitaukagu, planetak bizi duen egoera oso larria dela onartuta”, nabarmendu du Ana Oregik.

 

CDPren kalifikazioa hiriak klima-aldaketarekin lotutako ekintza areagotzera bultzatzeko diseinatu zen. Kalifikazioa 850 hirik baino gehiagok 2019an CDP-ICLEI Txosten Bateratuen Sistemaren bidez emandako datuetan eta Ebaluazio-metodologian oinarritzen da.

 

Plataforma bateratuaren bidez, hiriek ingurumen-datu garrantzitsuak neurtzen dituzte, besteak beste, berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioak, klimarekin lotutako ahulguneak, eta isuriak murrizteko eta arriskuetara egokitzeko ekintzak. Sailkapena ‘A’-tik D- ‘-era doa, gardentasuna, datuen kalitatea eta ekintza-maila aintzat hartuta.

 

“A” kalifikazioa lortzeko, hiriak egokitze eta arintze praktika onenak erakutsi behar ditu, helburu anbiziotsu eta errealistak ezarri, eta helburu horiek lortzeko bidean aurrera egin duela erakutsi. Azkenik, hiriak plan estrategiko eta integralak izan behar ditu  hartzen ari diren ekintzen arrakasta bermatzeko, klima-inpaktuak eta hirian dauden herritarren, enpresen eta erakundeen kalteberatasuna murriztuz.

 

“COP 26 gailurraren urtean, munduko arreta estatuetako gobernuei zuzentzen zaie, karbonoa murrizteko konpromisoak areagotu ditzaten. Hiriak, ordea, aparteko lekuan daude premiazko neurriak hartzeko. 105 hiri horiek, Gasteiz barne, erakusten dute nola egin, beste batzuek jarraitu beharreko adibidea emanez, eta zorionak ematen dizkiegu buruan egoteagatik“, aipatu du CDPko hiri, estatu eta eskualdeetako zuzendari global Kyra Applebyk.

 

CDPk azaldu dutenez, Gasteiz arrazoi hauengatik hartu dute aintzat: klima-aldaketarekin lotuta estrategia sendoak garatzea; isuriak murriztu eta ebaluatzeko eta klima-arriskuak arintzeko azterketak eta ekintzak sustatzea, eta horiei buruzko informazio gardena ematea.

 

Zientziak ohartarazi duenez, emisio globalak erdira murriztu behar dira 2030erako, berotze globala 1,5 ºC-ra mugatu ahal izateko.

 

Gasteizek aurkeztutako txostena (https://81cf2db64486fa633062-3b335fb421c16cc71467d740b79b5793.ssl.cf3.rackcdn.com/comfy/cms/files/files/000/001/920/original/Ayuntamiento-de-Vitoria-Gasteiz-Cities_2019.pdf)

 

 

Gasteizi buruzko informazioa CDPren orrian (https://www.cdp.net/en/articles/cities/vitoria-gasteiz)

 

Share

(Argazkiaz eguneratuta) Gasteizek Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Alkateen Itunarekiko konpromisoa berritu du, klima-aldaketaren kontrako borrokan helburu zorrotzagoak ezarriz

Gasteizko Udala Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Europako Alkateen Itunari atxikitzea onetsi du Gobernu Batzarrak. Hartara, Gasteizek europar ekimen horrekiko konpromisoa berritu du, klima-aldaketaren kontrako borrokan bide-orri zorrotzagoa ezarriz.

Izan ere, Energia Iraunkorraren aldeko Europako Alkateen Itunak asmo handiagoei heldu nahi izan die azken urteetan, klima-aldaketa arindu eta hari ikuspegi integral batetik egokitzearren. “Hiriak Europa eta mundu mailan jaso dituen errekonozimenduak garrantzitsuak dira, baina orain erronka hiri benetan iraunkorra lortzeko neurriak arrakastaz garatzea da. Bide luzea dugu aurretik, eta ziur gaude egin beharra dagoela. Gure hiriak pauso garrantzitsuak eman ditu karbonoan neutraltasuna lortzeko. Eraikuntzetan emisioak murriztea eta mugikortasun eredu iraunkorrago baten aldeko apustua funtsezkoak dira modu koordinatuan garatzen ari garen zeregin horretan“, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Alkateen Ituna sinatuz, Udalak konpromiso hauek hartu ditu: berotegi efektuko gasen isurketen erreferentziazko inbentarioa eta klima-aldaketarekin lotutako kalteberatasunaren eta arriskuen ebaluazioa prestatzea; itunari atxiki eta bi urteko epean Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana lantzea, eraginak arindu eta horietara egokitzeko alderdiak barne hartuz, eta egoeraren txostena egitea bi urtean behin, ekintza-plana ekimenaren plataforman argitaratzen denez geroztik.

 

2020-2021rako helburuak

Alkateak gogorarazi du Udala dagoeneko prestatzen ari dela udalerriko energia eta klimarekin lotutako bide-orri berria 2030erako, eta 2020-2021erako helburu hauek ezarri direla: 2019ko emaitzen tarteko ebaluazioa egitea, Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plan berria definitzeko abiapuntutzat erabiltzearren; Gasteizko 2030erako trantsizio energetikoko ekintza-plan integratu bat lantzea, berotegi-efektuko gasen emisioen inbentario eguneratua barne hartuko duena, eta 2030erako isurketak eta energia-kontsumoa murrizteko ikuspegia eta berariazko helburua ezarriko dituena.

Orobat, Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saila klima-aldaketara egokitzeko tokiko plana lantzen ari da, besteak beste, klimarekin lotutako kalteberatasunaren eta arriskuen ebaluazioa eguneratuko duena.

Share

Alkatearen hitzetan, Gasteiz leku erakargarria da industriak bere erronkei erantzun berritzaileak eman diezazkien

Gorka Urtaranek UGTk industria-garapenareko gakoei buruz antolatutako jardunaldiaren hasiera-ekitaldian hartu du parte

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranen hitzetan, hiria “leku erakargarria da industriak oraingo erronkei erantzun berritzaileak eman diezazkien“. Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuak industria-garapenareko gakoei buruz antolatutako jardunaldiaren hasiera-ekitaldian, Arabako hiriburuaren barne produktu gordinaren % 30 ia industria-sektoretik datorrela nabarmendu du alkateak, eta lanpostuen % 25.

Gasteizek 11 milioi metro koadro ditu industrialdeetan, parke teknologikoak kontuan hartu gabe. “Gure hiria  ezaguna da nazioartean bere izaera iraunkorragatik eta ingurumenarekiko begiruneagatik, baina baita bertako garapen industrialagatik ere. Hori dela eta, iraunkortasunaren eta garapen ekonomikoaren arteko oreka lortzeko ari gara lanean. Ez dugu ahaztu behar gure etorkizuna industriarenari dagoela lotuta hein handi batean”, adierazi du alkateak. Ildo horretatik, Gasteiz leku erakargarria gertatzen da industriak dituen erronkei erantzuteko modu berritzaileak gara ditzan, trantsizio energetikoari, besteren artean.

Horren haritik, Eusko Jaurlaritzak 4.0 industriari laguntzeko hasitako bidea aipatu du alkateak. “Hori guztia enpresa, sindikatu eta erakundeen eskutik egin behar dugu, eta planetaren erronkei oro har eta industria-garapenari dagozkionei bereziki heltzearekin zerikusia duten eragile ororekin batera”, amaitu du.

 

Share

Gasteiz “haurren laguna den hiria” dela gogorarazten duten seinaleak jarri dira Gasteizko kaleetan.

Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren 30. urteurrenean

Gasteiz haurren lagun den hiria dela gogorarazten duten seinaleak jartzen hasi dira hirian. UNICEFek duela urtebete egin zion aitorpen hori Gasteizi,Oviedon.

Seinale berezi hauek Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren 30. urteurrenean jarri dira. Udalean ospatu egin du urteurren hori, eta honakoek hartu dute parte harrera ekitaldian: ehun haur inguruk, Gorka Urtaran alkateak, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak, UNICEFeko euskal komiteko lehendakari Isidro Elezgaraik eta udalbatzako beste zenbait zinegotzik.

Alkateak esan duenez, Gasteiz haurren eskubideen defentsan inplikatuta dagoen hiria da, eta horren adierazgarri da UNICEFek emandako ziurtagiria. “Lortu duguna ospatzeko eguna dugu gaur, baina batez ere , lortzear dugun horretan arreta jartzekoa. Udala garen aldetik, haurren eskubideen defentsan lanean jarraitu behar dugu, beren beharrak estalita izan ditzaten beti” adierazi du.

Bestetik, Isidro Elezgaraik azpimarratu egin du “Gasteizko udalak azken urteotan haurren eta nerabeen eskubideen alde egiten diharduen lana. Ilusio handia egiten digu seinale hori Gasteizko udalak hartutako konpromisoaren adierazlea izatea,  haurren eta nerabeen partaidetza aktiboaren aldeko apustua egiten duen hiriaren adierazgarria”.

Ekitaldian, haurren eskubideekin loturiko hainbat testu irakurri dituzte hainbat haurrek. Irakurketa hauen ondoren, Haurren zinegotzi Jon Armentiak haurrei adierazi dienez “hiriak haurren lagun den hiriaren aitorpena jasotzea ez zen arlo honetako lanen amaiera, baizik eta pizgarri bat egunez egun zuen eskubideen alde lanean eta zuek adierazten dizkiguzuen eskari eta kezkei erantzuten jarraitzeko”.

Ekitaldia amaituta, bertaratuak Andre Maria Zuriaren plazara joan dira, eta bertan ikusi ahal izan dute hiriko hainbat tokitan jarriko diren seinaleetako lehena. Hauxe da seinalearen testua: “Vitoria-Gasteiz. Haurren lagun den hiria. 2018-2022”

Seinaleen kokapena

Etxanobetarren etxeko parkea, autobus geltokia, Aranbizkarreko parkeko jolasgunea, Zabalganeko skatepark-a, Andre Maria Zuriaren plaza, Florida parkea, Mendizorrotzeko aparkalekua, Europa jauregia, Olarizurako oinezko sarbidea eta Salburuko parkea.

 

 

Share

Alkateak 2019-2023 agintaldirako plana aurkeztu die herritarrei; kalitateko zerbitzu publikoak, ekonomia berdea eta abangoardiako azpiegiturak dira horren helburuak

 

Udal gobernuak gizartearen ehun bat ordezkarirekin partekatu ditu datozen urteetarako Agenda Gasteiztarrak jasotzen dituen edukiak

 

Gasteizko alkateak, udal gobernua lagun, datozen lau urteetarako agintaldi-plana aurkeztu du gaur arratsaldean herritarren ordezkarien aurrean, hamarkada osoaren ikuspegia ere kontuan hartuta osatu dena. Abian jartzekoak diren ekimen nagusiak biltzen ditu Agendak. Hobeto kudeatzeko entzutea eta partekatzea beharrezkoa delakoan, alkatearen miltzaldiaren ondoren sektorekako mahaietan hasi dira lanean; plana balioetsi eta hainbat gairen inguruko proposamenak eta lehentasunak azaldu dira: mugikortasuna, gizarte politikak, jarduera ekonomikoa eta enplegua, hirigintza eta ingurumena, kultura eta kirola, etab.

Gorka Urtaranek azpimarratu du agintaldi-planak oinarriak ezarri nahi dituela kalitateko zerbitzu publikoak mantentzeko, ekonomia berde eta dinamikoa garatzeko, eta Europako tamaina ertaineko hirien artean abangoardian egotea ahalbidetuko duten azpiegiturak edukitzeko. “Azken batean, superhiri bat izateko”, laburbildu du.

Agenda Gasteiztarrak jasotzen ditu zehatz-mehatz proposatutako ekintzak: “gure etorkizunerako agenda da, datozkigun erronkei eta aldaketei aurre egin ahal izateko, klima-aldaketatik hasita“. Hori dela eta, Agenda Gasteiztarraren hiru lehentasunak dira ekonomia berdea sustatzea, hiri berdetik ekonomia berdera hurbilduz; kalitateko zerbitzu publikoen aldeko apustua egitea, hobekuntzak sartuz bizi-kalitate onena duen hiria izaten jarraitu dezagun, eta hiriko proiektu handiak garatzea, gero eta lehiakorragoak diren hirien artean Gasteizen kokapena indartu ahal izateko.

Parte hartzeko topaketan bildutako ehun pertsonaren eta gehiagoren aurrean, alkateak Udalaren “argazkia” erakutsi du: 3.200 langile ditu erakundeak, eta horiei udal zerbitzuak ematen dituzten enpresetan diharduten beste 1.500 langile gehitu behar zaizkie, garbitzaileak edo berdeguneen zaintzaileak, esaterako. Erakundearen aurrekontu-proiektua 2020rako 438 milioi eurokoa da udal enpresak barne hartuta, eta 300 milioitik gora eguneroko funtzionamendura bideratzen dira.

Udal gobernuak aurkeztutako plana 6 ardatz eta 85 proiektutan egituratzen da, eta 500 milioi euroko aurrekontua du.

Mugikortasun iraunkor eta seguruaren ardatzak funtsezko proiektuak barne hartzen ditu: abiadura handiko trenaren etorrera lurpetik, Forondako aireportua bultzatzea eta autobus elektriko adimentsua martxan jartzea. Ildo horri jarraituz, Mobility lab delakoak mugikortasunaren alorreko berrikuntzarako nazioarteko zentroa bihurtu nahi du gure hiria, irtenbide berriak sortu eta enplegurako eta garapen ekonomikorako nitxoak bilatuko baititu. Horri bide-segurtasunaren planaren hobekuntza gehituko zaio, patin elektrikoak eta bizikletak erabiltzeko araudi berria barne.

Bigarren ardatza pertsonen segurtasuna da. Udaltzaingoak baliabide gehiago eta hobeak izango ditu: agente gehiago, prestakuntza hobea, koordinazio hobea eta ibilgailu-flota berritua. Zerbitzu publikoei dagokienez, garbiketarako eta hondakinen bilketarako zerbitzu berria nabarmentzen da, birziklatzea handitzea ahalbidetuko baitu, baliabide hobeak izatea eta zerbitzua indartzea, hiri garbiagoa izatearren. Adinekoei arreta berezia ematen zaie, programa eta jarduera berriak eskainiko baitzaizkie eta bi zentro soziokultural berri irekiko baitira.

Ekonomiak eta enpleguak osatzen dute hirugarren ardatza, lehentasunetan lehenak baitira. Ekonomia berderantz hurbiltzea da asmoa. “Munduko hiri berdea izatera ekarri gaituen aldaketa-prozesuan izandako esperientziaren balioa nabarmendu behar dugu, gure ekonomia ere berdea izan dadin, eta erreferentziazkoa gainerakoentzat“, adierazi du Urtaranek. Hori gauzatzeko zenbait tresna prestatzen ari dira: industria plan berria; toki garapeneko bulegoa abian jartzea, inbertsioak erakartzearren; industrialdeak eraberritzea; ekitaldiak eta turismoa sustatzea, eta ekintzaileei laguntzea.

Laugarren ardatzak auzoak eta hiriaren diseinua lantzen ditu. “Lanean ari gara hiri trinkoagoa eta kohesionatuagoa lortzeko. Horregatik, auzoetan 100 milioi euro inbertitzeko programa sustatuko dugu agintaldian“, gogoratu du alkateak. Arlo horretan ezinbestekoa da auzoak zaindu eta mantentzea, kaleak eta plazak eraberrituz, berdeguneak eta argiteria hobetuz… Erdi Aroko hirigunea biziberritzeko estrategia ere barne hartzen du ardatz horrek, biziagoa izan dadin, ondare historikoaren balio nabarmenduz eta bertako kaleetan merkataritza eta jarduera sustatuz.

Tokiko merkataritzari laguntzeko neurriek leku berezia dute agintaldi-planean. Horri gehitu behar zaio izapideak malgutzea, aparkatzeko beharrei erantzutea, negozio berriak irekitzea erraztea… Kirol  eta kultur proiektuei laguntzeko ekintzak ere sustatuko dira, aisialdi eta kultura eskaintza hobetzearren, zenbait entitateri sostengu emanez jarduerak antolatu ditzaten. Hiriko kultur eta kirol azpiegitura handien bultzada nabarmentzen da alor horretan, eta horien artean, Principal antzokia eraberritzea eta entzunaretoa eraikitzea.

Seigarren ardatzean, azkenik, Herritarren Partaidetzaren Plana ageri da: Herritartasun Eskola Irekiaren jarraipena eta gardentasun-atariaren hobekuntza aurreikusten dira, iruzur fiskalaren kontrako plana eta zergetan murrizketak eginez birziklatzea sustatzeko plana ahaztu gabe. 

Saioan parte hartu duten pertsonak udal partaidetza-organoetako kideak ziren, batetik, eta ausaz aukeratu ondoren telefonoz deitutako herritarrak, bestetik. Agintaldi-planean jasotako ekintzez haiek azaldutako balioespena eta iritziak kontuan hartuko dira, urtero antolatzekoak diren beste topaketa batzuetan jarraipena egitearren. Parte hartzeko dinamika baten bidez jaso dira ekarpenak, sektorekako mahaietan, aldez aurretik interesgarritzat jotako gaien arabera.

 

Share