Prentsa Oharren banner

Udalak iraunkortasunaren arloko politikak eta ekintzak jaso ditu argitalpen batean, “beste hiri batzuetarako gida eta tresna” izan daitezen

 

Ibilbidea eta egindako esku-hartzeak errepasatzeaz gain, “Vitoria-Gasteiz. Giza eskalako hiri bat” liburuak etorkizuneko jarduera-ildoak eta proiektuak aurkezten ditu

 

Alkateorde eta IGIko presidente Ana Oregik “VITORIA-GASTEIZ GREEN CAPITAL: giza eskalako hiri bat” liburua aurkeztu du gaur goizean. IGIk argitaratu du, azken 20 urteetan gure hirian mugikortasun iraunkorrari, biodibertsitateari eta azpiegitura berdeari lotuta egin diren politikak biltzeko.

“Oso tresna praktikoa da, eta Europako Hiriburu Berdea (2012) eta Global Green City (2019) izateak bultzaturik argitaratu dugu. Orrialde hauen bidez, gainera, hiri jasangarri eta erresiliente baterantz lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, pertsonak —haien osasuna, segurtasuna eta ongizatea— beste alderdi batzuen gainetik jarrita beti“, nabarmendu du Ana Oregik. Azaldu duenez, “neurri horiek liburu batean biltzea eta zabaltzea, horietako asko hiri-bizigarritasunaren alorrean jardunbide egokitzat jotzen baitira, Gasteizko herritarrei ezagutarazten laguntzen du eta beste hiri batzuei kopiatzerik izatea ahalbidetzen die, denok batera aurrera egin dezagun NBEk ezarritako GIHak betetzeko bidean, hirien etorkizuneko garapenari begira“.

Mugikortasunaren arloan, adibidez, kaleak oinezkoentzako bihurtzeko eta bizikleta sustatzeko politikak, garraio publikoaren berregituraketa edo lehen superetxadiaren egokitzapena gogoratzen dira.

Azpiegitura berdearen jarduketen artean, Eraztun Berdearen sorrera eta hiriko hainbat auzo eta espaziotan gauzatutako naturalizazio-proiektu ugariak nabarmentzen dira. Horien artean, erabilerarik gabeko orubeetan baratzeak eta hiri-basoak sortzea, landaredi autoktonoa sartzea eta faunaren babeslekuak sortzea, besteak beste.

“Jarduera horien bidez, batetik, motordun ibilgailuen trafikoa murrizten eta espazio publikoa handitzen ari da, eta, bestetik, natura hirian integratzen. Hori guztia lagungarria da airearen kalitatea hobetzeko, lurpeko ur-erreserbak handitzeko, uholde-arriskua murrizteko eta, azken finean, klima-aldaketari aurre egiteko eta hiria horretara hobeto egokitzeko “, adierazi du IGIko presidenteak.

Egindako ibilbidea eta esku-hartzeak errepasatzeaz gain, jarduera-ildoak eta proiektuak aurkezten dira, horien bidez etorkizuneko erronkei aurre egiten jarraitu nahi baitu Gasteizek.

Argitalpen hau COVIDen ondorioak pairatzen ari garen honetan iritsi da, eta agerian uzten du ingurumen osasungarria eta espazio publiko eta berdegune nahikoak eta kalitatezkoak izateko beharra“, nabarmendu du Ana Oregik.

Liburuan jasotako etorkizuneko erronken artean alkateordeak honako hauek aipatu ditu:

  • Gasteizko azpiegitura berdearen eraikuntza kolektibo eta partekatuan aurrera egitea, berdeguneak zabaltzeko eta azpiegitura berdea indartzeko kanpainak eta ekimenak sustatuz, gizarte-eragileen parte-hartzearekin.
  • Eraztun Berdea ixtea, Larragorri eta Mendebaldea proiektuen bidez.
  • Aramangeluko parke agroekologikoa sustatzea, Áncora de Abechuco lantegia zena birgaituz, hari lotutako ekipamendu berri gisa.
  • Olarizuko Lorategi Botanikoa sendotzea, erabilera publikoko ekipamenduak osatuz eta indartuz, eta ikerketa-, hezkuntza- eta sentsibilizazio-programa berriak bultzatuz.
  • Hiriko berdeari lotutako onurei buruz ikertzea eta ezagutza hobetzea.
  • Superetxadien ezarpenean aurrera egitea hiriko bizitegi-eremu osoan.
  • Superetxadien barrualdeetan oinezkoen lehentasuneko eremuak orokortzea, elkartzeko eta sozializatzeko espazio osasungarri gisa.
  • Bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbideen eskaintza sendotzea eta hobetzea, industrialdeekiko loturak
  • Eskola-bide seguruak
  • Bizikletentzako aparkaleku-irtenbide seguruen eskaintza zabaltzea.
  • Hiri-mugikortasunaren deskarbonizazioan aurrera egitea, garraio publikoaren elektrifikazioa eta hiri-logistikaren optimizazioa osatuz.
  • Aparkatzeko eskaintza arautua berrantolatzea, automobilen joan-etorriak arrazionalizatzera bideratutako kudeaketa integral baten bidez.

Liburua paperean eta digitalean argitaratu da, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, interesa duen edozein pertsona eta kolektibok eskuragarri izan dezaten. Argitalpena askotariko hartzaileei zuzenduta dago, eta, batez ere, administrazioetako teknikariei, hainbat sektoretako (mugikortasuna, lorezaintza, uraren kudeaketa, etab.) enpresa eta profesionalei, eta beste kolektibo sozial eta herritar batzuei.

Paperean, 250 ale argitaratu dira gaztelaniaz, 150 ingelesez eta 100 euskaraz, eta honako hauen artean banatuko dira: haiekin lan egiten duten hirien sareak, azterketa- eta ikerketa-zentroak, ingurumen-sektoreko enpresak eta haiekin lotutakoak, unibertsitatea eta herritarren kolektiboak, besteak beste.

Deskargatzeko estekak:

 

www.vitoria-gasteiz.org/ciudadaescalahumana

www.vitoria-gasteiz.org/humanscalecity

www.vitoria-gasteiz.org/gizaeskalakohiria

 

Share