Prentsa Oharren banner

Farmakutsaduraren alorrean mundu mailako aditu Tomas Brodin Gasteizen izan da bisitan

Tomas Brodin mundu osoko zientzialari ospetsuenetako bat da farmazia-produktuek ingurumenean sortzen duten arriskuaren ebaluazioaren alorrean, eta Gasteizen izan da bisitan Basque Sustainable Pharmacy izeneko berrikuntza programaren barruan, zeina Gorka Orive eta Unax Lertxundi zientzialariek gidatzen baitute.

Brodin alkatearekin eta Basque Sustainable Pharmacy-ren arduradunekin elkartu da, eta Vitoria-Gasteiz Green Deal itunaren bitartez Udalaren laguntza jasotzen duen ikerketa proiektuaren aurrerapenen berri eman die.

Tomas Brodin Uretako Ekologiako irakaslea da Umeå-ko unibertsitatean (Suedia). Haren lanek erakutsi dutenez, ibaietako botiken kontzentrazioak portaera-ezaugarriak aldarazten dituzte uretako ornogabe handiengan zein arrain basatiengan, eta eragin larriak izan ditzakete ekosisteman. Lan horrek lotura zuzena du Gasteizen egiten ari denarekin, sendagaiak zentzuz erabiltzeko irtenbideak identifikatu eta garatu nahi baitira bertan.

Share

Udal langileek parte hartuko duten loaren kalitateari buruzko ikerketa hil honetan hasiko da

  • BioArabak eta Osakidetzak Gasteizko Udalaren eskutik burutzen duten Vitoria-Gasteiz Sleep Smart City proiektuaren barruan egingo da

 

Ekainaren 4an, ostiralean, irekiko da epea loaren efizientziari buruzko ikerketa aitzindari batean parte hartu nahi duten udal langileek boluntario gisa izena eman dezaten. Epea ekainaren 16an amaituko da, eta 202 pertsonaz osaturiko lagin bat lortu nahi da, Vitoria-Gasteiz Sleep Smart City proiektuaren barruan egingo den ikerketa burutu ahal izateko.

Loaren alorrean aditu diren medikuek gomendioak emango dizkiete banaka eta modu interaktibo eta birtualean parte-hartzaileei, txat baten bidez, eta gomendio horiek lo-defizita duten pertsonen loaren kantitatea zein kalitatea hobetzen duten egiaztatzea izango da ikerketaren helburua. Parte-hartzaileen loari buruzko datuak bi modutan bilduko dira: modu objektiboan, jarduera-eskumuturreko baten bidez, eta modu subjektiboan, astero loari buruzko galderak eginez, web-galdetegi baten bidez.

Laginarekin honako ezaugarri hauek dituzten pertsonen talde adierazgarri bat osatu nahi da: 18 eta 65 urte bitarteko pertsonak, osasuntsuak, gutxi edo gaizki lo egiten dutenak, eta loaren arloko patologiarik diagnostikatu edo tratatu gabekoak. Lagina 101 pertsonako bi lantaldetan banatuko da. Aldez aurretik ikerketaren ezaugarrien berri emango zaie eta jarduera-eskumuturrekoak jasoko dituzte; izan ere, eskumuturrekoek hainbat datu bilduko dituzte, hala nola loaldian egiten dituzten mugimenduak, guztira lo egiten duten edo esna dauden denbora, eta loaren efizientzia.

Parte-hartzaileen erdiak —ausaz hautatua— kontsulta birtuala izango du astean behin Osakidetzako Loaren Unitateko mediku-taldearekin, zuzeneko online txat baten bidez, programatutako ordu-tarte batean, zalantzak argitu eta banakako aholku eta gomendioak emateko.

Parte-hartzaileen beste erdiak ez du ¨live-chat¨ sistema baliatuko mediku-taldearekin komunikatzeko. Haien kasuan, astero aztertuko dira jarduera-eskumuturrekoen datuak, baina loarekin lotutako gomendiorik eman gabe.

Urtebetez iraungo dute datu-bilketak eta gomendio-bidalketak. Ondoren, azken neurketa bat egingo da, eta lortutako emaitzak alderatuko, behin betiko azterketari forma emateko. Horren guztiaren helburu nagusia da loaren inguruko laguntzaile birtual bat garatzea, zeinek gomendio banakatuak emango baititu, loaldia areagotu eta efizientzia hobetzeko.

“Gero eta hobeto dakigu gaizki lo egiteak ondorio negatiboak dituela osasunean, errendimendu kognitiboan eta produktibitatean. Udal langileek parte hartuko duten ikerketa honekin pauso garrantzitsu bat emango da loaren kalitatea hobetzeko; horrek onura pertsonalak ekarriko dizkie parte-hartzaileei, eta ikerketaren emaitzek onura komunitarioa izan dezakete guztiontzat”, azpimarratu du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

Vitoria-Gasteiz Sleep Smart City proiektua Vitoria-Gasteiz Green Deal delakoaren ekintzetako bat da. eta protagonista izan zen atzo Ingurumenaren Biltzar Nazionalaren azken jardunaldian, Arabako ESIko Loaren Unitate Funtzionalaren buru eta Bioaraba Osasun Ikerketaren Institutuko ikertzaile Carlos Egeak egindako aurkezpenari esker.

 

Share

Gasteizek Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Alkateen Itunarekiko konpromisoa berretsi du

Gasteizek klima-aldaketaren kontrako borrokarekiko konpromisoa berretsi du, Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Ituna sinatuz; Europako Batzordeak eta Alkateen Itunaren Europar Bulegoak sustatzen dute hori.

Joan den martxoan Bruselan ekitaldi bat egitekoa zen, baina nazioarteko osasun krisialdiak bertan behera uztera behartu zuen. Hala ere, eta Gorka Urtaran alkateak jakinarazi duenez, energia politiken alorreko zenbait konpromiso jasotzen dituen akordio hori sinatu du Gasteizek.

Hiriak Europa eta mundu mailan jaso dituen errekonozimenduak garrantzitsuak dira, baina orain erronka hiri benetan iraunkorra lortzeko neurriak arrakastaz garatzea da. Bide luzea dugu aurretik, eta ziur gaude egin beharra dagoela. Gure hiriak pauso garrantzitsuak eman ditu karbonoan neutraltasuna lortzeko. Eraikuntzetan emisioak murriztea eta mugikortasun eredu iraunkorrago baten aldeko apustua funtsezkoak dira modu koordinatuan garatzen ari garen zeregin horretan. Gainera, agenda argia dugu, gure Green Deal itunak markatua, hiri berdetik ekonomia berdera igarotzeko. Vitoria-Gasteiz Green Deal planak hori lortzeko garatzen ditugun ekimenak bideratuko ditu. Planetak dituen erronkei aurre egiteko irtenbideak erakartzea da asmoa, gure hirian lekua izan bailezakete”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

2008an hartu zuen EBk klimari eta energiari buruzko neurri-multzo bat 2020. urteari begira. Ondoren, Europako Batzordeak Alkateen Ituna sortu zuen, tokiko agintariei laguntzeko energia iraunkorraren arloko politikak ezartzeko egiten duten ahaleginean. Alkateen Itunak tokiko eta eskualdeetako agintari ugari mugiarazi ditu klima-aldaketaren eraginak arintzeko ekintza-planak garatu eta inbertsioak horretara bideratu ditzaten. Alkateen Itunaren arrakasta ikusirik, 2014an Mayors Adapt ekimena sortu zen, kudeaketa publikoaren eredu berean oinarritua; horren bidez, hiriei eskatzen zitzaien konpromiso politikoak bere egiteko eta klima-aldaketaren ondorio saihestezinei aurka egiteko neurriak hartzeko.

Gaur egun, 57 herrialdetako 7.000 agintari (tokikoak eta eskualdeetakoak) bildu dira ekimenera, zeinek askotariko aktoreren partaidetza eta horretan diharduten bulegoen laguntza tekniko eta metodologikoa barne hartzen dituen mugimendu baten indarguneez baliatzen baitira.

Itunaren sinatzaileek ikuspegi komuna partekatzen dute 2050erako: haien lurraldeen deskarbonizazioa azkartzea, klima-aldaketaren ondorio saihestezinen eraginei egokitzeko gaitasuna handitzea, eta herritarrek energia seguru, jasangarri eta merkea eskuratu ahal izatea.

Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Alkateen Ituna sinatuz, Udalak konpromiso hauek hartzen ditu: berotegi efektuko gasen isurketen erreferentziazko inbentarioa eta klima-aldaketarekin lotutako kalteberatasunaren eta arriskuen ebaluazioa prestatzea; itunari atxiki eta bi urteko epean Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana lantzea, eraginak arindu eta horietara egokitzeko alderdiak barne hartuz, eta egoeraren txostena egitea bi urtean behin, ekintza-plana ekimenaren plataforman argitaratzen denez geroztik.

 

 

 

 

Share