Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 apirila 2019 11:28

-Vitoria-Gasteiz Smart Green City Planean jasotako neurrietako bat da, eta egitura guztiak onik uzteko eta irisgarritasunaren aldetik egokitzeko balioko du

-Horrelako kontratuetan ohikoa den bezala, enpresa adjudikaziodunak inbertsio handia egin beharko du, eta Udalari gutxienez 70.000 euroko kanona ordaindu euskarriak publizitaterako ustiatzearen truke

-Kontratuak 28 milioi eurotik gorako prezioa du, inbertsioa eta hiri-altzariak 15 urtez mantentzea barne

 Hiru enpresa aurkeztu dira hiri-altzariaren kontratu berriaren lizitaziora: JCDecaux, Promedios eta Induze. Bukatu da eskaintzak aurkezteko epea. Kontratua otsailaren 22an onetsi zuen Urtaranen Gobernuak, Tokiko Gobernu Batzarrean. Gasteizko markesinak berritzeko eta modernizatzeko, eta Vitoria-Gasteiz Smart Green City Plana garatzeko, kontratuak barne hartuko du tamaina handiko pantaila digitala duten 20 markesina berri jartzea eta geralekuko 40 argibide-gune berri jartzea, besteak beste.

Horrelako kontratuetan ohikoa den bezala, enpresa adjudikaziodunak inbertsio handia egin beharko du hiri-altzarietan (ia bost milioi euro), eta Udalari kanon bat ordainduko dio espazio publikoa erabiltzeagatik. Gutxienez 70.000 eurokoa izango da, baina lehiaketara aurkezten diren enpresek kopuru hori gainditu ahalko dute eskaintzan. Horren truke, markesinen eta kontratuan aurreikusitako hiri-altzarien publizitate-ustiapena kudeatuko du adjudikaziodunak; dena den, udalaren publizitaterako tarteak erreserbatu beharko ditu. Udalak kalkulatu du kontratuaren prezioa 28 milioi eurotik gorakoa dela, inbertsioa eta altzarien mantentzea barne; gauzatzeko epea 15 urtekoa da. Inbertsioak zazpi hilabeteko epean egin beharko dira.

Markesinei dagokienez nabarmendu beharra dago Patxi Mangado arkitekto nafarraren jatorrizko diseinuarekin jarraitzea erabaki dela, dagoeneko Gasteizekin identifikatzen den diseinu modernoa eta funtzionala dela iritzita. 20 markesina berriek, dena den, tamaina handiko LCD pantaila digital bana izango dute; pantailek eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan funtzionatuko dute. Erasoen kontrako eta eguraldi txarretik babesteko elementuak ere izango dituzte. Konektagarritasunari dagokionez, Ethernet, 3G/4G, Bluetooth, Wifi eta NFC teknologiak baliatzeko prestatuta egongo dira.

Geralekuko 40 argibide-gune berri instalatzea ere barne hartzen du kontratuak, baita kontratuan sartutako altzari guztien metalezko egitura eguneratzea ere. Gaur egun, honako elementu hauek daude Gasteizen: 222 markesina, hirian eta industrialdeetan, eta beste 28, kontzejuetan; 4 argibide-taula elektroniko; 178 MUPI; 10 komun; 20 erloju-termometro; 96 zutoin, autobus geralekuetan; 17 zutoin, taxi geralekuetan, 53 informazio-panel, eta geralekuko 98 argibide-gune.

Onik uztea eta irisgarritasunaren aldetik egokitzea

Onik uzteak lan hauek hartuko ditu barne: osorik garbitzea (baita eranskailuak kentzea ere), herdoildutako zatiak lixatzea, korrosio-kontrako inprimaketa duen pinturaren esku bat ematea, eta herdoilaren aurkako ezaugarriak dituen pinturaren bi esku. Binilo apaingarriak eta TUVISAren binilo korporatiboak eta informaziozkoak aldatuko dira.

Orobat, irisgarritasunaren arloko araudira egokituko dira geralekuak, eta euskarri iskiatikoa duten eserlekuak jarriko dira. Altzarien gutxieneko altuera ere aldatuko da, itsuei edo ikusmen-desgaitasuna duten pertsonei irisgarritasuna bermatzearren.

Halaber, enpresa adjudikaziodunak pantailadun 20 markesina berriez hornitzeaz gain, gaur egungoetako 40 ordeztuko ditu —BEAren markesina berriak jarriko ditu haien ordez—. Horretaz gain, lekuz aldatuko ditu autobus-geralekuko 30 zutoin.

BEAren markesinen mantentzea eta publizitate-ustiapena ere kontratu honen adjudikaziodunaren ardura izango da, eta berez garbitzen diren zortzi komun jarri beharko ditu, TUVISAko gidarientzat. Gainera, pantaila sarean erakundearen komunikaziorako tarteak utzi beharko dizkio Udalari.

Nabarmendu beharra dago adjudikatzeko irizpideetan proposamen tekniko eta ekonomikoaz eta ingurumen- eta irisgarritasun-irizpideez gain beste alderdi batzuk hartuko direla kontuan, hala nola kontratuaren luzapena laburtzea, Udalari publizitate-tarteak uztea, eta pantaila kopurua handitzea.

Abuztuan lizitatu zuen Udalak kontratua, eta enpresa bakarra aurkeztu zen. Enpresa hark ez zituen betetzen eskatu beharreko gutxieneko betekizunak, Udal Zerbitzu Teknikoen arabera. Horren ondorioz, adjudikazioa hutsik geratu zela deklaratu zuen Tokiko Gobernu Batzarrak. Enpresak errekurtso berezia jarri zuen bera prozeduratik kanpo uztearen aurka. Ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak ebatzi zuen enpresaren errekurtsoa ezestea, eta zuzentzat jo zuenadjudikazioa hutsik geratu zela deklaratzeko Tokiko Gobernu Batzarraren erabakia.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  3 abuztua 2018 12:31

-Vitoria-Gasteiz Smart Green City Planean jasotako neurria da, egitura guztiak onik uzteko eta irisgarritasunaren aldetik egokitzeko

-Horrelako kontratuetan ohikoa denez, enpresa esleipendunak inbertsio handia egin beharko du, eta Udalari gutxienez 70.000 euroko kanona ordaindu euskarriak publizitaterako ustiatzearen truke

-Orobat, 25 markesina berri jarriko dira

-Kontratuak 28 milioi eurotik gorako prezioa du, inbertsioa eta altzariak 15 urtez mantentzea barne

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean iragarri duenez, Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko hiri-altzarietarako kontratu berria onetsi du. Gasteizko markesinak berritu eta modernizatzearren, eta Vitoria-Gasteiz Smart Green City Plana garatuz, 85 hazbeteko 17 pantaila digital jartzea eta geltokietarako 25 egitura berriz hornitzea barne hartuko du kontratuak, beste berritasun batzuen artean.

“Horrelako kontratuetan ohikoa denez, enpresa esleipendunak inbertsio handia egin beharko du hiri-altzarietan, eta Udalari kanon bat ordainduko dio espazio publikoa erabiltzeagatik. Gutxienez 70.000 eurokoa izango da, baina lehiaketara aurkezten diren enpresek kopuru hori gainditu ahalko dute eskaintzan”, azaldu du alkateak. Horren truke, esleipendunak markesinen eta beste hiri-altzari batzuen publizitate-ustiapena kudeatuko du, kontratuan aurreikusitakoari jarraituz, udalaren publizitaterako lekua ere erreserbatuta. Udalak kalkulatu du kontratuaren prezioa 28 milioi eurotik gorakoa dela, inbertsioa eta altzarien mantentzea barne; gauzatzeko epea 15 hilabetekoa da. Inbertsioak sei hilabeteko epean egin beharko dira.

Markesinei dagokienez nabarmendu beharra dago Patxi Mangado arkitekto nafarren jatorrizko diseinuarekin jarraitzea erabaki dela, diseinu modernoa eta funtzionala dela iritzita, eta dagoeneko Gasteizekin identifikatzen dena.

17 LCD pantaila digital handi jarriko dira, 85 hazbetekoak, eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan funtzionatuko dutenak. Erasoen kontrako eta eguraldi txarretik babesteko elementuak ere izango dituzte. Konektagarritasunari dagokionez, Ethernet, 3G/4G, Bluetooth, Wifi eta NFC. teknologiak baliatzeko prestatuta egongo dira.

Markesinetan integraturik geltokiko 126 argibide gune berri instalatzea ere barne hartzen du kontratuak, baita kontratuan sartutako altzari guztien metalezko egitura eguneratzea ere. Gaur egun, elementu hauek daude Gasteizen: 222 markesina hirian eta industrialdeetan, eta beste 28 kontzejuetan; 4  argibide taula elektroniko; 178 MUPI; 10 komun; 20 erloju-termometro; 96 zutoin autobus geltokietan; 17 zutoin taxi geltokietan, 53 informazio-panel, eta geltokiko 98 argibide gune.

Onik uztea eta irisgarritasunaren aldetik egokitzea

Onik uzteak lan hauek hartuko ditu barne: osorik garbitzea (baita eranskailuak kentzea ere), herdoildutako zatiak lixatzea, korrosio-kontrako inprimaketa duen pinturaren esku bat ematea, eta herdoilaren aurkako ezaugarriak dituen pinturaren bi esku. Binilo apaingarriak eta TUVISAren binilo korporatiboak eta informaziozkoak aldatuko dira.

Orobat, irisgarritasunaren arloko araudira egokituko dira geltokiak, eta euskarri iskiatikoa duten eserlekuak jarriko dira. Altzarien gutxieneko altuera ere aldatuko da, itsuei edo ikusmen desgaitasuna duten pertsonei irisgarritasuna bermatzearren.

Enpresa esleipendunak, halaber, 25 markesina berri hornituko ditu, eta oraingoetako 40 lekuz aldatuko —BEAren markesinek ordezten dituztenak—. Era berean, autobus geltokietako 30 zutoin eta geltokiko 110 argibide gune lekuz aldatuko dira.

BEAren markesinen mantentzea eta publizitate-ustiapena ere kontratu honen esleipendunaren ardura izango da, eta berez garbitzen diren zortzi komun jarri beharko ditu, TUVISAko gidarientzat. Gainera, pantaila sarean erakundearen komunikaziorako lekuak utzi beharko dizkio Udalari.

Esleitzeko irizpideetan nabarmendu beharra dago proposamen tekniko eta ekonomikoaz eta ingurumen eta irisgarritasun irizpideez gain beste alderdi batzuk hartuko direla kontuan, hala nola kontratuaren luzapena laburtzea, Udalari publizitate-espazioak uztea, eta pantaila kopurua handitzea.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 urria 2017 13:20

Vitoria-Gasteiz Smart Green City Plana onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, zerbitzu publikoak modu eraginkorragoan kudeatu eta herritarren bizi-kalitatea hobetze aldera berrikuntza bultzatzea helburu duen ekimena. Hiru ardatz estrategikotan egituratua dago plana —udal kudeaketa, hiri-iraunkortasuna eta kohesio soziala—, eta hainbat arlotako zerbitzuak modernizatzeko 17 proiektu biltzen ditu, hala nola garraio publikoa, argiteria, ur-hornikuntza, garbiketa, zergen ordainketa, kontratazioa, ekintzailetza eta beste. Plan honen iraunaldia zazpi urtekoa izango da, 2017. urtetik 2024. urtera arte, hain zuzen.

“Gure hiriak bizi-kalitatearen erreferente izaten jarraitzea nahi dugu Vitoria-Gasteiz Smart Green City Planaren bitartez. Gure iraunkortasun-politikei esker lortu dugu iraganean, eta etorkizunean, berriz, hiri adimentsuaren baliabideekin konbinatu behar dugu hiri berdearen alderdi hori. Vitoria-Gasteiz Smart Green City Planaren bitartez planteatzen ditugun 17 modernizatze-proiektuak direla medio, hobekuntza nabarmenak egin nahi ditugu udal zerbitzuen prestazioan, efikazia handiagoa lortu informazioaren erabilera adimentsuaren bitartez, Administrazioaren eta herritarren arteko harremanak hobetu, gardentasuna areagotu, eta garapen sozial eta ekonomikoari aukera berriak eskaini. Azken batean, gaur egun Green Capital gisa ezagutzen bagaituzte, etorkizunean Smart & Green Capital gisa identifika gaitzatela lortu behar dugu”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak. Ildo honetan, Urtaranek azpimarratu du bere legealdi planaren helburu estrategikoen bat hiri adimenduna eta berdea dela.

Hiri-iraunkortasuna, azpiegiturak eta mugikortasuna

 Vitoria-Gasteiz Smart Green City Planaren ardatz estrategiko bistakoena, hirian bertan eta azpiegituretan izango duen islagatik, hiri-iraunkortasunari, azpiegiturei eta mugikortasunari dagokiena izango da. Barne hartzen dituen sei proiektuen artean, nabarmentzekoa da Smartkesinak izenekoa, zeinetan aurreikusten baita autobus-geltoki estrategikoetan markesina interaktiboak jartzea, teknologia aurreratua baliatuz aukera emango baitute garraiobideak kontsultatu, ibilbidea planifikatu eta zenbat denbora itxoin behar den jakiteko.

Mugikortasun iraunkorraren eta osasungarriaren alorreko beste proiektu nabarmen bat Smart parkinga da, zeinek hainbat neurri barne hartzen baititu hiriko aparkalekuen kudeaketa hobetzeko, eta telefono mugikorraren bidezko ordainketa ahalbidetuko baitu, baita libre dauden lekuei buruzko informazioa hobetu ere, efikazago izateko.

Oinarrizko hiru zerbitzuk ere —ur-hornidura, argiteria eta hondakinen bilketa— badute lekua Vitoria-Gasteiz Smart Green City Planean, kudeaketa adimentsurako proiektuetan. Argiteria publikoaren kasuan, argiak aldatzeaz gain, aginte-zentroetatik piztu eta itzaltzeko tele-kontrola baliatzea aurreikusten da, aurrezpen energetikoa eta ekonomikoa lortze aldera. Ur-hornidurari dagokionez, ur-kontagailuen tele-irakurketarako sistema ezartzearen alde egiten da, eta orobat hornikuntza- eta saneamendu-azpiegiturak urrutitik kontrolatu, zaindu eta kudeatzearen alde, guztia ere kontsumo-aurrezpenak lortzeko helburuarekin .

Hondakinen bilketaren arloan ere bada kudeaketa adimentsurako proiektu bat; hartara, jarritako sentsoreak eta informazio gehigarria baliatuko dira bitartekoak hobetzeko, efizientzia areagotzeko eta herritarrei prestazio hobeak eskaintzeko. Parke eta lorategien ureztapena hobetzeko proiektuak ixten du iraunkortasunaren ardatz estrategikoa.

Gizarte-kohesioa, giza garapena eta garapen ekonomikoa

 Beste sei proiektu gizarte-kohesioaren, giza garapenaren eta garapen ekonomikoaren ardatz estrategikoan sartzen dira. Horien artean dago Vitoria-Gasteiz City Lab proiektua, orain artean hiria beren garapen teknologikoak ingurune errealetan probatzeko interesa zuten enpresen eskura jartzeko balio izan duen Laborategi Hiria proiektuaren bilakaera. Vitoria-Gasteiz City Lab proiektuarekin, enpresa laguntzaileekiko lan-esparrua zabaldu nahi da, erabilera-datu kualitatibo eta kuantitatiboak ustiatu eta argitaratuz.

Kultur-, kirol- eta aisialdi-ekitaldien agenda bateratua sortzea da kohesioaren eta garapen sozialaren arloko bigarren proiektua. Herritarren intereseko ekitaldiak eta turismoaren alorrekoak integratuko ditu tresna horrek, hala ekimen publikoak nola pribatuak, eta bilaketa-iragazkiak erabiltzeko aukera emango, hainbat irizpideren arabera.

Bloke honetan sartzen dira, era berean, berrikuntza-ekosistema bat garatzeko proiektua, ekintzaileei laguntzeko ataria, Smart Tourism kontzeptuaren bidezko kudeaketa turistikoa, eta ekonomia zirkularra ezartzea.

Kudeaketa bikain, garden eta efizientea

Azkenik, bost proiektu biltzen dituen beste bloke bat barne hartzen du Vitoria-Gasteiz Smart Green City Planak kudeaketa bikain, garden eta efizientearen arloan, zerbitzuak modu koordinatuago, gardenago eta elkarlanera eta herritarren partaidetzara irekiagoan eskaintzeko aukera emango duten tresnen bitartez udal-antolakuntza eraldatzeko xedearekin.

Proiektu horien artean dago kontratazio adimentsuaren bidezko erosketa publiko berritzailea. Era horretako kontratazioan planteatzen da baldintza-agirian hornitzaileak smart zerbitzuen eskaintza egitera akuilatuko dituzten balioespen-irizpide edo klausulak sartzea, Udalaren eta enpresen arteko harreman koordinatuagoa ahalbidetuz.

Orobat nabarmentzekoa da, iruzur fiskalaren kontra borrokatu eta zergak ordaintzeko tarifa laua ezartzeko proiektua, zerga-prozesuak digitalizatzean oinarritua, zergadunei zerbitzu hobea emateko, beren zerga-betebeharrak betetzeko erraztasunak emanez.

Kudeaketa adimentsuaren alorrean sartzen da, era berean, bulego analitikoa sortzeko proiektua, Smart Green City planeko proiektuak abian jartzen direlarik sortzen diren datuen analisia egin dezan, erabakiak hartzeko garrantzizkoa den informazioa emateko eta, hartara, herritarren eskariei aurrea hartzeko.

Gardentasunaren eta partaidetzaren arloko beste bi proiekturekin ixten da ardatz estrategiko hau: bata gardentasun-ataria eta datu irekien ataria dinamizatzeko, baliozko eduki gehiagorekin, eta bestea, herritarren zuzeneko partaidetzan oinarritua, aurrekontu parte-hartzaileak diseinatzeko.

2016ko urtarriletik 2017ko irailera bitartean landu da Vitoria-Gasteiz Smart Green City Plana, bost fasetan, eta zuzendaritza-komite bat eta koordinazio-bulego tekniko bat edukitzea aurreikusten da, planteatutako ekintzetatko bakoitza kudeatu, koordinatu, kontrolatu eta jarraipena egiteko. Orobat aurreikusten da planaren ezartze-maila neurtzea, hainbat adierazle kuantitatiboren bitartez.

 

 

 

 

 

Share