Prentsa Oharren banner

Kultura Sailak 65.000 euro jarriko ditu zenbait ekitaldi antolatzeko, World Press Photo eta Korterraza, horien artean

Gasteizko Udalak 65.000 euro baliatuko ditu hiriko zenbait kultur ekitaldiri laguntzeko, besteak beste, World Press Photo, Korterraza eta Arabako Argazkilarien Elkarteak 2021ean antolatutako jarduerak.

Batetik, Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Periscopio argazkigintzako kultur elkartearekin, World Press Photo erakusketa antolatzeko; Montehermoso kulturunean ikusi ahalko da, udazkenean. 2020an, 125 herrialdetako 4.282 prentsa-argazkilari profesionalek 73.996 argazki aurkeztu zituzten guztira lehiaketara. Horietatik 157 hautatu dira Gasteizera etorriko den erakusketarako. Udalak 40.000 eurorekin lagunduko du.

Bestetik, Kultura Kalean elkartearekiko hitzarmena onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, 17.000 euroz hornitua, Korterrazaren hamabigarren ediziorako. Uztailaren 7tik 11ra bitartean egin da ekitaldi hori, Iradier Arenan, eta urteko film labur nabarmengarrienek eta zenbait kontzertuk osatu dute programa.

Azkenik, Arabako Argazkilarien Elkarteak 8.000 euro jasoko ditu 2021eko kultur programaziorako, zeinak lantegiak, hitzaldiak, argazkiak egiteko irteerak, erakusketak, etab. barne hartzen baititu.

“Hitzarmen hauen bidez, gure hiriko agendan sendotuta dauden kultur jarduerak egiten jarraitu ahal izatea bermatzen dugu, pandemia gorabehera. Tokiko eragileek beren proposamenak osasun egoerara egokitzeko egiten duten ahalegina eskertu nahi dut, lan handia baita“, nabarmendu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

 

Share

Kultura Sailak 39.000 emango ditu ‘World Press Photo’ erakusketarako

Gasteizko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Periscopio kultur elkartearekin eta, horren bitartez, Hezkuntza eta Kultura Sailak 39.000 euro jarriko ditu udazkenean ‘World Press Photo’ erakusketa Montehermoso kulturunean egiteko.

World Press Photo prentsa-argazkilaritzaren arloko nazioarteko lehiaketarik garrantzitsuena da, eta urtean zehar zenbait hiriburutatik igarotzen da. Aurten pandemiak eragindako egoerara egokitu behar izan du.

“Gasteizko garai bateko ur biltegia agertoki paregabea da urtez urte harritu eta hunkitzen gaituen erakusketa ezagun horretarako. Gure gizartearen isla fidela da, eta hortik estanpa sinpatikoen eta irudi erdiragarrien arteko kontraesana“, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Arabako Bertsozale Elkartea

Bestetik, Gasteizko Udalak 15.000 euro emango dizkio Arabako Bertsozale Elkarteari, 2020an hirian bertsolaritzaren arloko transmisioa, sustapena, ikerketa eta zaletasuna bultzatzera zuzendutako jarduerak egin ditzan. Oraingoan COVID-19ak sortutako egoera berrira egokitu beharko dituzte jarduerak.

“Hitzarmen honek gure helburu nagusietako bi batzen ditu. Batetik, herritarren gizarte-bizitzako hainbat esparrutan euskararen erabilera sustatzea, bereziki  kulturan eta aisialdian. Bestetik, herritarren arteko harremanak eta horien bizi-kalitatea esparru guztietan —maila indibidualean nahiz kolektiboan— hobetzera bideratutako jarduerak sustatzen dituzten kolektiboei bultzada eman eta garatzen laguntzea“, azpimarratu du zinegotziak.

 

 

Share