Prentsa Oharren banner

11 negoziok baliatuko dute 21 Zabalgunearen lonjak alokatzeko programa

Programari jarraipena emateko, beste deialdi bat egingo du Udalak, hainbatek egin baitituzte programaren inguruko kontsulta. 

 

Martxoaren 22an bukatu zen lokalak erosteko aukerarekin alokatzeko 21 Zabalguneak eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak elkarlanean bideratu duten programa. Guztira, hamaika interesdun izan dira. Lehen aukera gisa, hirigune historikoko lokal bat eskatu dute zazpik; Salburuko lokal bat bik eta Zabalganeko lokal bat beste bik.

Lokal horiez gain, beste 9 lonja erreserbatu dira hirigune historikoan Ekonomia Sustapenaren eta Enpleguaren Sailak kudeatzen duen enpresa-mintegia handitzeko. Hasiera batean, horietako zazpi egokituko dira. 

Jarduera hauetarako eskatu dira hamaika lokalak, deialdian:

 

  • 2 aholkularitza-zerbitzu
  • 2 denda
  • Jantzigintza-lantegi 1
  • Moda diseinatu eta merkaturatzeko, 1
  • Sukaldaritza-lantegi 1
  • Dastatze eta show coocking espazio 1
  • Fisioterapia 1
  • Eskolan laguntzeko akademia 1
  • Komunikazio-zerbitzu bat

Aurkeztutako eskabideak baloratzeari ekin zaio, programaren oinarriak aintzat harturik, eta laster emango da adjudikazioen berri.

“Oro har, nahiko pozik gaude izan den erantzunarekin; are gehiago kontuan izanik zein zirkunstantzia zailetan egin den deialdia, pandemia dela eta”, azaldu dute 21 Zabalguneko arduradunek.

Eskabide formalez gain, beste bederatzi interesdunen eskabideak jaso dira oinarrietan ezarritako epetik kanpo, baita hainbat kontsulta ere. “Hurrengo hilabeteetan beste deialdi bat egitera animatu gaitu horrek, programari jarraipena emateko. Ana Oregi, 21 Zabalguneko presidenteak programa berriro aztertzeko konpromisoa hartu du 21 Zabalguneko kontseiluan.

Share

Gasteizek erabiltzen ez diren 65 merkataritza-lokal eskainiko ditu alokairu-baldintza berezietan, tokiko merkataritzari laguntzeko

  • Horietako 20 Hirigune Historikoan daude, 22 Salburuan eta 23 Zabalganean
  • Onetsitako deialdia  ALHAOn argitaratzen denetik 30 eguneko epea emango da eskabideak aurkezteko

 

21 Zabalgunea sozietateak 65 merkataritza-lokal eskainiko ditu alokairu-baldintza berezietan, erosteko eskubidearekin, orain erabiltzen ez diren leku horiek biziberritzen laguntzeko.

Alkateak duela urte erdi iragarri zuenaren ildotik, gaur abiatu da tokiko merkataritza ezartzen laguntzeko programa: horren bidez,  merkataritza- eta zerbitzu-jarduera berriak martxan jarri nahi dituzten ekintzaileei aretoak eskainiko zaizkie alokairuan erosteko eskubidearekin (20 Hirigune Historikoan, 22 Salburuan eta 23 Zabalganean), arrisku ekonomikoa gutxitzea ahalbidetuko dien sistema batez, eta enpresa-proiektuaren hasieran negozioaren bideragarritasuna neurri handiagoan bermatuz.

“21 Zabalguneak birgaitzeko eta gizartea eta ekonomia biziberritzeko agentzia gisa sendotzeko asmoa du. Ekimen honen bitartez, orain erabilerarik ez duten aretoak eskainiko ditugu Hirigune Historikoan eta auzo berrietan, tokiko merkataritzaren sarea zabaltzen laguntzeko. Hartara, bi helburu lortuko ditugu: tokiko ekintzaileei aukerak ematea eta orain jarduerarik ez duten espazioak berraktibatzea“, azaldu du 21 Zabalgunearen lehendakari Ana Oregik.

Zehazki, aretoak gehienez zazpi urtez alokatzeko aukera emango da, eta errentak lokalaren balioaren % 3tik (lehen urtean) gehienez % 5era (bosgarren urtean) artekoak izango dira; gainera, aretoa guztiz egokitu beharra bada errenta-hobaria izango da. Aretoa egokitzeko eta jarduera martxan jartzeko egin beharreko gastu handia berdinduko da hartara.

Zazpi urteko epea amaitu ondoren, jardueraren titularra den ekintzaileak aretoa utzi edo jabetzan erosteko aukera izango du. Salmenta-prezioan ere hobaria ezarriko da tasazio ofizialaren ehuneko zehatz baten arabera, dagoeneko ordaindu diren errenten zati bat kenduta.

Gaur onetsi dira oinarriak, eta deialdia ALHAOn argitaratzen denetik hasita 30 eguneko epea izango da alokairuez baliatzeko eskabideak aurkezteko. 21 Zabalguneko teknikariek balioetsiko dituzte proposamenak, eta eskabidean lehenetsi den lokal mota, enpresaren tamaina eta hautaketa prozesuan eskuratutako puntuazioa kontuan izanik esleituko dira lokalak.

Balioespena gainditu baina areto erabilgarririk ez dagoelako lokala lortzerik izan ez dutenak itxarote-zerrenda batean sartuko dira.

Halaber, 21 Zabalguneak 9 lokal erreserbatu ditu. Erdi Aroko hiriguneko enpresa-zentrora bideratuko dira.

 

Share

Gasteizek etxebizitzak birgaitzeko laguntzei dagozkien 1.882.983 euroren ordainketa aktibatuko du hilabete honetan, eta 1.850 familiarengana iritsiko dira

 

Ana Oregik laguntza horien eragin biderkatzailea nabarmendu du: 15,9 milioi euroko obrak egin dira, eta BEZarekin lotutako sarrerak 1,6 milioi euro izan dira

 

21 Zabalgunea datorren astean hasiko da jakinarazpenak bidaltzen eta etxebizitzak birgaitzeko laguntzak ordaintzen hori eskatu duten ia 2.000 familiei. Orotara, udal sozietateak 1.882.983,84 euroren ordainketa aktibatuko du abenduan, Ana Oregi 21 Zabalgunearen presidenteak iragarri duenez.

Azaroaren 26an, 21 Zabalgunearen Kontseiluak erabaki zuen obra amaierako agiria aurkeztu dutelarik ordaintzeke zeuden laguntza guztiak ordaintzea, 2018ko deialdira artekoak (hori barne).  Zehazki, 2018ko 1.566 eskabide ordainduko dira (1.421.272,00 euro guztira),  2017ko 242 eskabide, (302.405,29 euro), 2016ko 57 eskabide (127.325,91 euro) eta 2012-2015 aldiko 19 eskabide (31.980,64 euro).

Hartara, obra-amaierako ziurtagiria aurkeztu dutelarik kobratu gabe zeuden pertsona eta erkidego guztien laguntzak estaliko ditu udal sozietateak, dirulaguntza jasotzeko ezinbestekoa baita agiri hori.

Laguntzetan emandako euro bakoitzeko beste bederatzi joan dira obretara

Ana Oregik nabarmendu duenez, familiei etxebizitzak birgaitzen eta mantentzen laguntzeaz gain, horrelako ekintzek eragin garrantzitsua dute tokiko ekonomian. Izan ere, abenduan ordaintzekoak diren 1,8 milioi euro horiek 15,9 milioi euroko balioa duten obrak “mugitu” dituzte, lizentziak barne. Horri BEZagatik sortutako ia 2 milioi euro (1,6 milioi zehazki) gehitu behar zaizkio.

“Udalaren laguntzarekin familiek egiten dituzten inbertsio horiek eragin biderkatzailea dute, jarritako laguntzaren ia halako 10, eta bultzada garrantzitsua ematen diote tokiko jarduera ekonomikoari”, azpimarratu du Ana Oregik, eta gogoratu du bere gobernuaren helburu nagusietako bat dela eraikin eta etxebizitzak energia-eraginkortasuna kontuan hartuz birgaitzea. “Azken urteetan, mugikortasun iraunkorra izan da eta izaten ari da hiria eraldatzeko gakoetako bat. Gasteizko aukera eta erronka berria urrezko auzoen birgaikuntza da“.

 Igogailua berritzea, EIT eta estalkiak zein fatxadak birgaitzea

Obra-amaierako ziurtagiria aurkeztu duten lan gehienak igogailua berritzeko (% 40), EITetarako (% 19,8), inguratzaileak eta estalkiak birgaitzeko (% 10,5) eta ataria irisgarri egiteko (% 8,4) izan dira.

2018an eskabide gehiago aurkeztu ziren, baina deialditik kanpo geratu ziren partida agortuta zegoelako, arauak hala ezartzen baitu. 2019an ez zen araurik argitaratu, baina eskabideak aurkeztu ziren hala ere. Azkenik, 2018an eta aurreko urteetan arauaren barruan aurkeztutako eskabide batzuk ordaindu gabe daude oraindik, obra-amaiera aurkeztu arte ezin baitira ordaindu —baliteke batzuek ez aurkeztea, eta bertan behera geratzea—.

Share