Prentsa Oharren banner

Zaramagako BIZANak Miguel Llanes artista arabarraren erakusketa hartuko du, material birziklatuekin egindako figurez osatua

Miguel Llanes artista plastikoaren “Vivir aprovechando” erakusketa egongo da ikusgai bihartik aurrera Zaramagako BIZANean. Uztailaren 23ra arte, material birziklatuekin egindako figura-bilduma ikusteko aukera egongo da adinekoentzako gune horretan.

20 urtez baino gehiagoz, artista arabarrak Atalako baserriko lantegi-etxean (Sarrian, Zuiaren erdian) ideia eder eta iradokitzaileak irudikatu ditu forma eta genero desberdinetan, bidean aurkitu dituen material birziklatuak erabilita.

Bere obra ezkutuan egon da denborak aurrera egin ahala, egoera berezi batzuetan izan ezik, hala nola duela hiru urte Bilboko Casilda parkean aire zabalean egin zuen erakusketa.

Zaramagako BIZANeko erakusketa zentroko adinekoen jarduera batzordeek antolatu dute, eta Miguel Llanesek barruko espazio batean egiten duen lehena da.

Share

Informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina egingo da Zaramagan, nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko

Auzoko 30 saltoki, erakunde eta gizarte eragile baino gehiago arituko dira ekimenean.

Datorren larunbatean, nahi gabeko bakardadearen aurkako kanpaina bat hasiko da Zaramagan. Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak sustatu du Adinekoen elkarguneak eskatuta, eta gaur aurkeztu dute udalean Jon Armentia arloko zinegotzi arduradunak eta Elkarrekin taldeko Gema Zubiaurrek, udal gobernuarekin lortutako aurrekontu-akordioaren bidez ekimena laguntzen duen taldekoak.

Zaramaga adineko bizilagun kopuru handienetako duen auzoa da, baita bakarrik bizi diren adinekoen ehuneko handiena duena ere. Bertan egingo diren ekintzen helburua da “herritarrak sentsibilizatzea adin guztietako pertsonei eragin diezaiekeen arazo horretaz”, bai eta egoera horretan daudenentzako laguntza eta baliabideen berri ematea ere.

Hogeita gizarte-eragile baino gehiago izango dira laguntzaile kanpainan. Horien artean, saltegiak, erakundeak, parrokiak, Zaramagako Adinekoentzako Zentro Soziokulturala, Gasteiz On, Zaramagako merkatarien elkartea, Bulebar merkataritza zentroa eta ekimena bultzatzen duen taldea, hau da, Arabako Itxaropenaren telefonoa, Gurutze Gorria, SECOT eta Piztu zure auzoa programa.

Jon Armentiak adierazi duenez, “Horiek guztiek bakardadeari aurre egiteko baliabideen berri emango dute, eta gizarte-antena gisa funtzionatuko dute, bakarrik bizi diren eta bakarrik sentitzen diren pertsonak detektatu eta gure zerbitzuetara bideratzen lagunduko digutelako”. Horretaz gain, bere nahia adierazi du, “Guztion artean gizarte zaintzailea eraikitzea;  laguntza eta babesa emango duen gizartea.  Izaki sozialak gara berez, eta sufritu egiten dugu harreman sozialik ez badugu. Hori saihestu egin behar dugu, bereziki adinekoen taldea bezalako sektore-ahuletan”.

Bestalde, Gema Zubiaurre Elkarrekin taldeko zinegotziak adierazi duenez, “ezin dugu onartu, eta ez dugu onartu behar, gure adinekoek bizitzako azken urteetan bizitzeaz atseginik hartu gabe bizitzea, egunak bata bestearen atzetik pasatzen ikusiz, beti berdin, inolako estimulu edo ilusiorik gabe. Bakardadea prebenitu behar dugu, eta jada halakorik bada, bakardaderik nahi ez dutenen bizitzetatik ahal den neurrian desagerraraz dadin lan egin behar dugu”. Elkarrekin taldetik, azpimarratu egin nahi dugu horrelako ekimenak bultzatzen eta horretan sailari laguntzen jarraituko dugula”.

 

Jarduera-programa

“Zure zain gaude” eta “Egiozu aurre bakardadeari” mezuak lagun, hainbat ekintza eta ekitaldi izango dira datozen asteetan. Horien artean azpimarratzekoak:

  • Informaziorako materiala banatzea.
  • Bakardade historiak eta egoerak erakustea kalean, maiatzaren 15ean eta 29an. Adinekoentzako zentro soziokulturaletakoek bakardadeari buruz duten ikuspegia emango digute, eta hausnarketa egitera gonbidatuko.
  • “Bakardadearen aurka, norberaren gorputza eta emozioak zaintzea” lan-saioa, Zaramagako adinekoentzako zentro soziokulturalean.
  • Hiru informazio-panel handi jartzea Laudio plazan, Iparralde gizarte-etxean eta Zaramagako azokaren aurrean, eta horietan, Jamesek (14 urte), Julianek (71 urte) eta Antoniak (85 urte) bakardadeari nola egin dioten aurre kontatuko da.
  • Bakardade-egoeraren lekukotasunak biltzen dituen bideo bat zabaltzea

Kanpainak arreta  Zaramaga auzoan jartzen badu ere, iaztik hiri guztian lantzen ari da bakardadearen arazoa Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Saila.

Piztu zure auzoa” programaren bitartez egiten du, hasieran adinekoentzako hiru zentro soziokulturaletan hasi zen programa hau, zentro guztietara zabaldu baitzen. Programa horrek auzoko bizitza hobetzen du; izan ere adinekoen, auzokoen, elkarteen eta saltokien konpromisoari esker, auzoak abegikorragoak bihurtzen baitira, adinekoek harremanetan eta eguneroko bizitzako jarduerak egiten jarrai dezaten.

Informazio +: https://bit.ly/3fbn9fF

 

Share

Gasteizko Udalak, Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Elizbarrutiak erabaki dute martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa jartzea Zaramagako San Frantzisko elizan

  • Lekua kudeatuko duen fundazio bat sortzea sustatuko dute lau erakundeek

 

  • 2014tik ez da elizkizunik egin eliza horretan

Gorka Urtaran audioa

Gasteizko Zaramaga auzoan dagoen San Frantzisko Asiskoaren elizak hartuko du martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa. Hala erabaki dute gaur goizean, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, eta Juan Carlos Elizalde Gasteizko Elizbarrutiko gotzainak.

Lau erakundeek asmoen protokolo bat sinatu dute gaur Zaramagako elizan bertan. Dokumentu horretan, era berean, alderdiek fundazio bat edo antzeko formula bat sortzea adostu dute, oroimen-zentroa sustatu eta kudeatzeko, eta Arabako hiriburuko Elizbarrutiak elizaren erabilera lagako dio sortutako fundazioari, martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroaren sorreran aurrera egin dezan.

San Frantzisko Asiskoaren elizan eta haren ingurune hurbilean 1976ko martxoaren 3an gertatutakoei lotutako karga emozional handia dela-eta, dokumentuan jasotzen denez, “oroimen-zentroa kokatzeko lekurik egokientzat” jotzen da eliza hori. Gainera, tenpluak ez du elizkizunik hartzen 2014tik.

1976ko martxoaren 3an, bost pertsona hil ziren polizia armatuak elizan eta inguruetan egindako tiroen ondorioz. José Castillo García, Bienvenido Pereda Moral, Romualdo Barroso Chaparro, Francisco Aznar Clemente eta Pedro María Martínez Ocio izan ziren. Gainera, ehunka pertsona zauritu ziren.

Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, Udala eta Gasteizko Elizbarrutia bat datoz esatean data hori “Gasteizko memoria kolektiboan grabatuta” dagoela eta gertakari horien oroitzapena “San Frantzisko Asiskoaren elizari lotuta” dagoela. Hain zuzen, oraindik ere tiro-markak ikus daitezke tenplu horren fatxadan.

Egun ‘historikoa’

Erakundeak bat etorri dira gaurkoa egun “historikoa” dela adieraztean. “Gaur behin betiko kitatzen hasiko gara martxoaren 3ko gertaerekin eta haien biktimekin dugun zorra”, adierazi du horren harira Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu eta Zaramaga auzokoak. “Erakunde-lidergotik eta gizarte-lankidetzatik abiatzen den proiektu baten aldeko apustua egiten dugu, erakunde memorialisten, biktimen familiartekoen eta martxoaren 3ko biktimen militantzia zuten langileen sindikatuen parte-hartzea duen proiektuaren aldekoa. Norabide horretan ari gara lanean, eta, horretarako, bilerak eta kontaktuak izan ditugu azken hilotan”.

“1976ko martxoaren 3an, gertaera tragiko eta tamalgarri batzuk izan ziren eliza honetan. Gaur, lehen harria jarri dugu hemendik aurrera oroimenaren gune eta elkarbizitzarako itsasargi izan dadin”, azpimarratu du. Artolazabalen ustez, “oroimenerako, egiarako eta aitortzarako eskubidea ez da preskribatzen”, eta beharrezkoa da “egiarako oroimen bat, etorkizunerako oroimen bat, bizikidetzarako oroimen bat” gogoan izatea. Ildo horretatik, sailburuak adierazi duenez, “Estatua da martxoaren 3an Gasteizen polizia armatuak indarkeria modu indiskriminatu eta ez-legitimoan erabiltzearen erantzulea”, eta “Espainiako estatuak, egindako kaltea aitortzeaz gain, bere autokritikan eta aitorpenean irmoa izan behar du: bidegabea izan zen, erabat bidegabea”.

Ildo beretik mintzatu da Ramiro González Arabako diputatu nagusia, eta honako hau azpimarratu du: “indarkeriaren biktima guztiek dute egiarako, erreparaziorako eta justiziarako eskubidea”. Era berean, esan duenez, “kasu honetan, denbora gehiegi behar izan da. 45 urte igaro behar izan dira zentro hau posible izateko. Urte asko daramatza Arabako gizarteak aldarrikapena egiten”.

Era berean, honako hau gogorarazi du: “urte hauetan guztietan, biktimak, askotan, aitorpenik eta erakunde-laguntzarik gabe sentitu dira”. “2008. urtera arte itxaron behar izan zen erakunde-aitorpena egiteko”, esan du Arabako Foru Aldundiak Arabako Domina martxoaren 3ko biktimei eman izanaren harira; kolektibo horri egiten zaion lehen erakunde-aitorpena da.

Bestalde, Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak gogorarazi du justizia hitza Gasteizko gizarteak urteotan baliatu duen estandartea izan dela. “Duela 45 urte, sarraskiaren ondoren, baten batek pintada ikonikoa egin zuen, odolez, eliza honetatik hurbil dagoen zoladuran, eta, haren bidez, justizia eskatzen zuen, bost langile horien erailketagatik”.

Alkatearen iritziz, justizia eta erreparazioa egoteko, “ezinbestekoa da memoria egotea. Gaur urrats garrantzitsua eman dugu, 1976an Vitoria-Gasteizen erail zituzten bost langileak, oraindik merezi duten aintzatespena jaso ez dutenak, azkenean aintzatetsi ditzaten, polizia-abusuen biktima gisa –terrorismoaren biktimekin parekagarri–. Martxoaren 3ko Biktimen Memoria Zentroa gertakariak izan ziren elizan bertan egotea erreparazioaren eta memoriaren alde irmotasunez lan egitea da, eta horretan jarraituko dugu Udalean”.

Juan Carlos Elizaldek amaitu du hitzaldien txanda, eta eskerrak eman ditu Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Udalak elkarrekin antolatu duten ekimen honengatik. Erakunde horiek Gasteizko Elizbarrutia ere gonbidatu dute proiektu horretan parte hartzera. “Apezpikutzak atsegin handiz onartu du gonbidapen hau; izan ere, guztion borondatea da hemen eta leku honen inguruan oraintsuko historiako une kritiko eta erabakigarri batean bizitza galdu zuten bost pertsona horiei omenaldia egitea, halako gertakaririk berriz gerta ez dadin”. Apezpikuak honako hau ekarri du gogora: “duela lau hamarkada, oraindik demokraziarik ez zegoenean, Espainiako Trantsizioan, bete-betean, parrokietan bilera asko egiten ziren eta, haietan, apaizek obreroen bileretarako ireki zituzten tenpluak. Haiek guztiak ere gogora ekarri nahi ditugu”.

Prelatuak, gainera, honako hau nabarmendu nahi izan du: “Zaramagako eliza honek tenplu honi bizitza eman zion eta auzoan, Artzain Onaren eta Belengo Amaren parrokietan, bizirik jarraitzen duen kristau-elkartearen memoria gordeko du, igandero, tenplu honetan, euskaristia ospatzen zuten eta kristau-erantzukizunean oinarritzen ziren obreroen familia horien fedearen oinordeko gisa”. Beraz, “Arabako elizak ere uste du elkarlanean jardun behar duela gainerako erakundeekin eta, horretarako, gure historia kolektiboaren une hau idazten lagundu, zerbitzatzen jarraitu nahi duen gizarte honen zati den aldetik”.

 

 

 

Share

Udalak adinekoen nahi gabeko bakardadeari buruzko sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian Zaramagan

Hiriko auzo zaharkituenetako bat da, eta 64 urtetik gorako 1.025 pertsona bizi dira bakarrik bertan

 

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak adinekoen nahi gabeko bakardadeari buruzko sentsibilizazio-kanpaina bat egingo du Zaramagan, auzoko gizarte-eragileekin batera. Gobernu taldeak Elkarrekin taldearekin egin zuen aurrekontu-akordioari esker bultzatu da ekimena, zeinaren helburua baita auzokoak arazo horretaz kontzientziatzea eta Zaramagan bakarrik bizi diren 64 urtetik gorako 1.025 pertsonei sostengu ematea.

Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentiak eta Elkarrekin taldeko zinegotzi Gemma Zubiaurrek aurkeztu dute gaur kanpaina, “bakardadeari aurpegi emateko, osasun publikorako erronka handia baita. Pertsonok izaki sozialak gara, eta giza harremanen faltak sufrimendu fisikoa eta mentala ekar diezaguke. Erakundeek, gizarte-eragileek, familiek… partekatu behar dute desafio hori, guztiok baitugu zaintzen duten gizarteak sortzeko erantzukizuna. Kanpaina hau, nolabait, salbamendu-uztaia izango da bakarrik dauden adineko askorentzat, eskaintzen dizkiegun baliabideek eta komunitatearen laguntzak bakardadetik irteteko balioko baitiete”, azaldu du Armentiak.

Gemma Zubiaurreren hitzetan, berriz, “arduradun publikook bakardadeari aurrea hartzeko betebeharra dugu, eta bakarrik daudelarik hala egon nahi ez duten pertsonen bizitzatik desagerrarazten saiatzekoa. Aurrekontu-akordioaren emaitza den programa hau beste urrats bat da adinekoen autonomia eta haien sare sozialak lehenesten dituzten gizarte politiken defentsan. Gasteizen inork ez luke sentitu behar ez duela behar besteko laguntza fisiko eta emozionalik bizitza oso batez gozatzeko. Horregatik da hain garrantzitsua programa hau hirian adineko gehien duen auzoetako batean egitea“.

Duela egun batzuk abiatu zen Zaramaga auzoan bakardadeari buruzko sentsibilizazio-kanpaina: world kafea egin zen, adinekoen partaidetzarekin.

Datozen asteetan beste ekintza batzuk antolatu dira:

  • Auzoko baliabideen mapa lantzea, bakarrik dauden adinekoek nora jo dezaketen jakin dezaten. Denda eta entitate laguntzaileetan jarriko da eskuragarri.
  • Kalean informazio-euskarriak jartzea, bakardadeari aurre egiteko dauden baliabideen berri emateko.
  • Kaleko ekintzak (performancea), auzokoak bakardadearen arazoaz kontzientziatzeko.
  • Bideo bat egitea. 

Abenduaren erdialdera hasiko dira ekintzak zabaltzen. Horiek antolatzeko Adinekoen Elkarguneko bakardadeari buruzko batzordeak landutako proiektua hartu da kontuan, beste agente batzuen ekarpenekin batera: SECOT, Itxaropenaren telefonoa, Gurutze Gorria, Geriatria eta Gerontologia Euskal Elkargoa eta udaleko adinekoentzako zentro soziokulturalak.

 Piztu zure auzoa

Era berean, joan den urrian jarri zen martxan Zaramagan Piztu zure auzoa programa, zeina adinekoentzako zentro soziokulturalek garatzen baitute bakardadeari aurre egiteko.

Piztu zure auzoa programaren bidez, komunitatea adinekoen zaintzan inplikatzen da, loturak sortuz eta egunerokoan aurki ditzaketen egoera zailetan laguntza emanez.

Gasteizko bost alderditan gauzatzen ari da programa, Landazuri, Pilar, Koroatze, San Prudentzio eta Zaramagako adinekoen zentroen bitartez. Datorren urtean hiri osora zabalduko da.

 

Share

43 zuhaitz ordezkatuko ditu Udalak Pilar eta Zaramaga auzoetan, Zuhaitzak Kudeatzeko Planaren barruan

Gereziondo, haritz eta intxaurrondoak jarriko dira egoera txarrean zeuden platano eta katalpen ordez

 

Dosierra Pilar Zaramaga zuhaitzak

Pilar eta Zaramaga auzoetan 43 zuhaitz ordezkatzen ari da Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saila egun hauetan, Zuhaitzak Kudeatzeko Planean aurreikusitakoaren ildotik. Gereziondo, haritz eta intxaurrondoak jarriko dira egoera txarrean zeuden platano eta katalpen ordez, egokiagoak baitira espezie horiek ingurune horretarako, eta ederragoak. Espezie autoktono horiek zaintzea errazagoa da, eta merkeagoa, plaga-arrisku txikiagoa dute eta, gainera, inguruko biodibertsitatea hobetzeko balioko dute.

Kartelen bidez eman da lan horiei buruzko informazioa: Paraguai kalean, gereziondoak jarriko dira, 15 platanoren ordez; Caracas kalean, haritzak, 12 platanoren ordez; Paraguai kalearen eta Arriagako Kofradiaren artean, elorri zuri bat, platano baten ordez, eta Gasteizko Kuadrillaren kalean, gereziondoak, 15 katalparen ordez. Orobat kenduko ditu Udalak 22 zuhaitz: Gasteizko Kuadrillaren kalean, zedro bat eta hiru 3 zipres; Azazeta Mendatearen kalean, lau ezki; Honduras kalean, 13 platano, eta Paraguai kalearen eta Arriagako Kofradiaren artean, platano bat. Leku horietan ez da beste zuhaitzik landatuko, ez baitago nahikoa lekurik. Hori bai, Azazeta Mendatearen kalean, beste leku batean bada ere, bi gereziondo eta intxaurrondo bat landatuko dira.

Ordeztu edo kenduko diren zuhaitz gehienak platanoak eta katalpak dira, hots, Pilar eta Zaramaga auzoetan ugari diren espezietakoak, espaloietan eta eraikinen fatxadetatik gertu zeudelako baldintza egokietan hazterik izan ez dutenak.

“Lan tekniko eta zientifikoan oinarrituta kudeatzen dira hiriko zuhaitzak. Ulertu beharra dago zuhaitza ikuskatu ondoren hartzen direla erabakiak, tresnen bitartez aztertu eta erabateko ebaluazioa egin ondoren, hots, egoera fisiologikoa, sendotasuna eta hautsi edo erortzeko arriskua aztertu ondoren”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Pilar eta Zaramaga auzoetarako 2014an adostutako kudeaketa-planetan zona horretako zuhaitz-masa aztertu zen, eta inguruko bizilagunekin hitzartutako hainbat inausketa eta ordezkapen proposatu. Zuhaitz urtetsuak daude bi auzo horietan, eta hainbat arazo ematen dituzte: fatxadetatik oso gertu dauden tamaina handiko espezieak, espezie bakar baten nagusitasuna (platanoak), urteetan inausketa ugari egin zaizkien zuhaitzak… Senda ibilbideko eta Cervantes ibilbideko zuhaitzak ere aztertu ditu Udalak berriki, zein egoeratan dauden eta zein arrisku dituzten jakite aldera. Hain zuzen ere, ihartutako hainbat adar kendu dira Senda ibilbidean, erortzeko arriskua zela eta.

 

Arbolazaina

115.000 zuhaitz daude hirian, Eraztun Berdeko zuhaiztiez gain. Guztiek ere onuragarriak dira oso, gizarte osoarentzat eta ingurumenarentzat. Hori bai, konplexua da kudeaketa, eta planifikazioa eskatzen du. Hain zuen ere, Hiri Paisaiaren Atalean jardungo duen arbolazain profesional bat gehitu berri du Udalak plantillan, zeinen zereginen artean egongo baitira inausketen plangintza, zuhaitz-ordezkapenak, landaketak, ureztapenak, Hiriko Zuhaitzen Gida-planaren eta kudeaketa-planen jarraipena egitea, hiri-zuhaitzen arriskuen ebaluazioak egitea, hiriko zuhaitzen egoera fitosanitarioaren azterketak egitea, Hiriko Zuhaiztiak Kudeatu eta Babesteari buruzko Ordenantza berrikustea eta hiriko zuhaitzen inbentario digitala eguneratzea, besteak beste.

 

Zuhaitzak kentzea

Euskal Herria bulebarrean eta Zumakadi ibilbidean 23 zuhaitz moztera behartuko dute autobus elektriko adimentsuaren obrek hurrengo egunotan, eta kolektore bat ordezkatzeko obrek, berriz, Navarro Villoslada kaleko 7 zuhaitzi eragingo diete. Segur aski, datorren astean izango da hori.

 

Datu orokorrak

Gasteiz hiri osoan 115.000 zuhaitz inguru daude. Nahikoa da begiratu azkarra ematea Espazio Publikoaren Zerbitzuak sustatutako azken proiektuei egiaztatzeko Udala zuhaitzez hornitutako kalitateko espazio publikoak diseinatzen ari dela. Askotariko adibideak ditugu: hiri-bilbean (Tornay Medikuaren kalean eta Salvador eta Peru kaleetan lerrokadura-zuhaitz berriak landatzea), auzoetan (azpiegitura berdearen barruko proiektuak, Gasteiz Hobetuz programan sartutakoak), hiri inguruko parkeetan (Olarizuko lorategi botanikoa, Nebera gaina, Jundiz), eta abar.

Gainera, zuhaixka autoktono ugari landatu dira azken hilabeteetan, hegazti eta intsektuen biodibertsitateari mesede egiten diotenak, eta korridore ekologiko gisa balio dutenak; esate baterako, Zurbanoko atean edo Mariturri hiribidean. Anfibioentzako putzuak ere egin dira, Zabalganean, Ekialdeko parkean…

2016tik, 6.108 zuhaitz landatu dira Gasteizen, guztira 2.251 aleko saldo positiboarekin.

Share