Prentsa Oharren banner

Enplegu zinegotzi Igor Salazarrek ongietorria egin die Araba Ekinean-en barruko ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketaren finalistei

  • Tokiko 20 ekintzailek beren proiektuak defendatuko dituzte gaur arratsaldean, Europa jauregian
  • Aurtengo edizioan inoizko kopuru handiena lortu da, 64 ekimen aurkeztu baitira lehiaketara, 2020an baino 21 gehiago

 

‘Zure ideiak balio du’ lehiaketaren finalistek beren ideiak defendatuko dituzte epaimahaikideen aurrean, eta haiek Arabako negozio-proposamen onenak aukeratuko dituzte. Gasteizko Udaleko Enplegu, Prestakuntza eta Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrek egin die ongietorria Europa biltzar jauregiko Francisco de Vitoria auditoriumean.

“Udaleko Ekonomia Sustapenaren Sailean badakigu ez dela gure hiriko ehun ekonomikorako gauza baliotsuagorik negozio-ideia berriak dituzten eta gauzak aldatzeko lanean hasteko gogoa duten ekintzaileak baino. Horrexegatik gaude Araba Ekinean-en ekosistemaren sustatzaileen artean, gure lurraldean eta gure hirian berritzaile direnei laguntzen baitie plataforma horrek. Ezberdin pentsatzen dakiten pertsonak behar ditugu, aurre egin beharreko erronka berriei erantzuteko“, nabarmendu du Enplegu zinegotzi Igor Salazarrek bere mintzaldian.

‘Zure ideiak balio du’ lehiaketak partaidetza-errekorra gainditu du 2021an, orotara 64 parte-hartzaile izan baititu. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak —SPRI taldearen eta BIC Arabaren bitartez— eta Vital Fundazioak sustatutako Araba Ekinean aliantzaren barruan antolatzen da.

Epaimahaiak 20 finalista aukeratu ditu, zeinak hamar sarietako bat irabazteko lehiatuko baitira; orotara 11.000 eurotik gora banatuko dira. Gaurkoan, finalistek 5 minutu izango dute proiektuak aurkezteko eta epaimahaia zein publikoa beren kategorian onenak direla konbentzitzeko. Urriaren 5ean (asteartea) jakinaraziko da azken erabakia, Araba Ekinean-en barruko Ekin Day jardunaldi zentralean.

 

 

 

 

Share

‘Zure ideiak balio du’ lehiaketako 17 finalistek beren ekintzailetza-proiektuak aldeztuko dituzte gaur, Europa jauregian

Negozio-ideiak baloratuko ditu epaimahaiak, eta bertaratutakoek Publikoaren Sari Berezia aukeratu ahal izango dute.

 

Covid-19aren ondorioz Arabako ekitaldi guztiak bertan behera utzi ondoren, atzera ekin zaio lehiaketari.

‘Zure ideiak balio du’ lehiaketaren XVI. edizioan finalista suertatu diren 17 proiektuen egileek beren ideiak aldeztu ahal izango dituzte gaur arratsaldean, eta Arabako negozio-proposamen onenak aukeratuko ditu epaimahaiak. Maider Etxebarria alkateorde eta zinegotziak zuzentzen duen Ekonomia Sustapenaren Sailak beste erakunde batzuekin batera antolatutako ekitaldi horrekin, atzera ekingo zaio Araba Ekinean 2020 ekimenari. Ekitaldira joan nahi dutenek, izena eman dezakete dagoeneko, alavaemprende.com webgunean —edukiera mugatua izango du—. 300 eurotik 4.000ra bitarteko sariak eskuratu ahal izango dituzte irabazleek, beren negozio-ideiak garatzeko. Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak —BIC Arabaren bidez— eta Vital Fundazioak bultzatutako Araba Ekinean ekimenaren elementu nagusietako bat da lehiaketa.

“Erakundeok ekintzailetza sustatzen jarraitzea funtsezkoa izango da ekonomiak eta enpresek Covid-19ak ekarritako krisiari gaina har diezaioten. Bizi dugun koiuntura zail honetan, berebiziko bultzada eman behar diegu eraldaketari eta berrikuntzari, bai industrian, bai merkataritzan eta turismoan. Testuinguru horretan zaindu beharreko programetako bat da Udalarentzat Araba Ekinean proiektua, baita hirian enplegua mantentzeko ere”, adierazi du Ekonomia Sustapeneko zinegotzi Maider Etxebarriak.

43 proiektu aurkeztu ziren edizio honetara, guztira, izaera oso heterogeneokoak, sustatzaileen profilari, garapen-mailari eta lurralde barruko jatorriari dagokienez. Hauen ordezkariek osatzen dute epaimahaia: Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Arabako BIC, Vital Fundazioa, Secot-Alava, Ajebask, Arabako Ganbera, Hetel, Ikaslan, SEA, Bultz-Lan, Emprendiza, Michelin Fundazioa, ASLE, Hazi, Deustuko Unibertsitatea, Gasteiz On, Ferrovial, RPK, On4u Global Services, Metxa, Amurrio Bidean, Laudioko Garapen Agentzia, EHU, Eroski eta Aclima, eta finkatutako kategorietako bakoitzeko proiekturik onenak hautatu ditu. Gaur aurratsaldean aurkeztuko dira, 19:00etatik aurrera, Europa biltzar-jauregiko Francisco de Vitoria Auditorioan.

Aurkezpen laburrak egingo dira, eta proiektu guztien artetik kategoria bakoitzeko —Ideiak, Iraunkortasuna, Merkataritza eta turismoa, Nekazaritzako elikagaiak, Industria eta zerbitzuak— irabazle bana aukeratuko du epaimahaiak. Gainera, proiektu finalisten artetik, Metxaren Sari Berezia eta Enpresen eraldaketa sozialaren RPK Sari Bereziaren irabazleak hautatuko dituzte Metxa eta RPK-ko arduradunek. Era berean, zuzenean aukeratuko dute ikusleek Publikoaren Sari Bereziaren irabazlea. Urriaren 6an —Ekintzailetzaren Eguna— emango da sarien berri. Europa biltzar-jauregiko Francisco de Vitoria aretoan izango da ekitaldi hori ere.

Sarrera librea izango da, edukiera bete arte, nahiz eta aldez aurretik izena eman beharko den. Jorge Loza komiko ikerlari gasteiztarrak, ComiConócete-ren fundatzaileak parte hartuko du.

Era berean urriaren 6an Europa jauregiko Francisco de Vitoria aretoan izango den Araba Ekinean-en Ekin Breakfast ekitaldirako ere eman daiteke izena dagoeneko. Bi ekitaldietarako sarrera doakoa da eta parte hartzeko www.alavaemprende.com webgunean eman behar da izena.

Hauek dira kategoriak, babesleak eta finalistak:

Ideiak: oraindik garatu ez badira ere, originaltasunagatik edo etorkizunerako proiekzioagatik aintzat hartu beharrekoak diren ideiak baloratuko dira. 500 eurokoa izango da saria, eta On4u Global Services enpresak babesten du.

Canalones Vol y Nesa (Aliaksandr Sas, Imanol Merino, Ander Alonso eta Ana Isabel Pérez-en proiektua): errazago garbitzeko, biratze-sistema automatikoa duten erretenak. Urrutiko aginte baten bitartez, 130°ko bira lortzen da, zikinkeria berez eror dadin, eta hartara ekiditeko zorrotenak trabatzea eta teilatu, horma eta sabaietan iragazketarik eta hezetasunik sortzea. Eguzki-panel baten bidez elikatuko da.

eBlaa (Carlos Rodríguezen proiektua): gailu mugikor eta mahaigainekoetarako plataforma anitzeko software-aplikazio bat sortu eta administratzea, modu autonomoan egin ditzan honako hauek: 1. Industria-sistemarekiko lotura, 2. Datuak bildu, prozesatu eta biltegiratu, eta 3. Informazioa ustiatu.

ATG Kids Lab (Ainhoa Bueres de Oliveira, Estefanía Ávila, Johana Torre, Nerea González, Anya Carro, Aitana Barambones eta Laura Domingoren proiektua): jarduera erraz eta interaktiboen lantegiak, haurren eguneroko bizitzan zientziaren munduko kontzeptu transbertsalak integratzeko, bestela aspergarriak eta zailak gerta litezkeen irakasgaiak irakasteko.

Iraunkortasuna: garapen iraunkorraren balioak hobekien islatzen dituen proiektuaren saria. 500 euro. Ingurumenaren euskal klusterrak —Aclima— babestua.

Andromeda moto (Mario Alonsoren proiektua): Motoziklismoko arropa larruazaletik ehun sintetikoetara igarotzea bizkortu nahi duen enpresa, motozaleek segurtasun eta erosotasun handiagoa izan dezaten, animalien ongizate handiagoa sustatzearekin batera.

Cajas Aprovecha (Eva Berra-ren proiektua): bezeroek sobran geratzen zaiena etxera eramateko kutxak banatzea osatalariei, alferrik gal ez dadin. Era berean erabil liteke euskarri bera janariak etxean entregatzeko ere, plastikoa baino material jasangarriagoa eta birziklagarriagoa izaki.

Bimove (José Arián Rosalesen proiektua): bizikletaz leku jakin batera joateko ibilbiderik onena kalkulatzeko aplikazioa —bizikletak uzteko lekuen inguruko informazioa eta beste barne—.

Merkataritza eta turismoa: arlo horretan garatzen diren proiektu guztiak baloratuko dira. 1.000 euroko saria, Gasteiz Onek babestua.

Mi plan perfecto (Elizaveta Okulova eta Onintza Hainesen proiektua): aisialdi-planak, hainbat gairen inguruko lantegi, esperientzia eta jardueren formatuan, Euskadi ezagutzeko, 0 km-ko aisialdi arduratsua, ekologikoa eta iraunkorra sustatzea helburutzat hartuta.

Kombi (Sandra Lauzuricaren eta Iñigo Martínezen proiektua): abenturazaleentzako bidaiak, karabana batean, helmuga jakin gabe. Bidaian, aurrera egiteko gainditu beharreko erronkak eta askatu behareko pistak.

Gobak (Arkaitz Corcueraren proiektua): txakurrentzako diseinu eta fabrikazio propioko osagarrien marka. Jantzien kalitatea, izaera berritzailea eta diseinua dira bereizgarri nagusiak, merkatuko beste batzuen aldean. Partikularrei saltzen zaie nagusiki, banatzaileen bitartez nahiz merkataritza elektronikoaren bitartez.

Nekazaritzako elikagaiak: sektore horretan sustatzen diren ekimenentzako saria. 1.000 euro. Eroskik babestua.

Museo del Órgano (Marco Bianchi, Jon Rey eta Diego Apellanizen proiektua): proiektu hori dela medio, Arabako bost baratzerekin elkarlanean arituko da hiriko jatetxe hori, jatetxearen egunez egunekoan integratuko baitira haiek, eta alderantziz. Jatetxeak izango du zer esanik landatu beharrekoak planifikatu eta programatzeko orduan. Apustu integrala, jatetxeko kartan eta buffet osoan produktu lokalak, ekologikoak eta sasoikoak eskaintze aldera.

Orit (Maialen Carrasco, Víctor Hugo Ledo eta María de los Mozosen proiektua): 25 urtetik 35era bitarteko gazteei zuzendutako aplikazioa. Bestela bota egingo luketen janaria argitaratzen dute, inguruko pertsonekin partekatzeko. Elikagai-hondakinen ingurumen-inpaktua murriztea du helburu. Gainera, produktuak hobeto aprobetxatzeko errezetak eskaintzen ditu, eta erabiltzaileei aukera ematen die elikagaien industriako enpresekin elkarreragiteko, eskaintzen berri izateko eta gastua murrizteko.

Industria: 1.000 euroko saria, industriaren arloko proiekturik onenarentzat, Michelin Fundazioak babestua.

Recyycle (Antonio Martínezen proiektua): erabilera industrialeko eta partikularreko plastikozko ondasunak konpontzeko zentroa, berrerabilpena sustatzeko eta hondakin plastikoen sorrera murrizten laguntzeko. Soldadura baliatuz, hainbat elementu konpon litezke, hala nola hiri-hondakinen edukiontziak, hiri-altzariak, ibilgailuen osagaiak, biltegiak edo palletak.

La Guinda (Ismael Canoren proiektua): 20 urte baino gehiago dituen gozogintza-lantegi baten jarraitutasun-prozesua, ekintza berritzaileak barne, hala nola online tresnen erabilera, zabalkunde-kanpainak edo kontsumo-joera berriei erantzutea.

Another 3D (Unai Samaniegoren proiektua): 3Dko piezen lantegia —3Dko inprimaketa zuzena—, eta egiteko molde bat behar duten material tradizionalekin piezak ekoiztea. Metalezko moldeak erabiltzeari uztea da asmoa, eta erretxinaz inprimatutako moldeak erabiltzea, gogorragoak.

Zerbitzuak: merkataritzaren eta turismoaren arlokoak ez diren pertsonen beharrak asetzeko ekimenik onena sarituko da. 1.000 euroko saria, Ferrovialek emana.

Agase bi (Ana García-Serranoren proiektua): Business Intelligence tresnak, negozio txikietara egokituak, enpresa handiek beren emaitzak hobetzeko eta baliabideak optimizatzeko erabiltzen dituzten bitartekoak erabil ditzaten, kontrol-panelen inplementazioaren bidez.

Psikopompo (Sofía Rodríguezen proiektua): musikarekin eta kulturarekin zerikusia duten adinekoentzako bizipen-esperientziak eskaintzen dituen proiektua —zahartze aktiboaren sustapena—. Instrumentuak, mihise eta pinturak, zinema-proiekzioak, opera, balleta eta beste etxera nahiz egoitzara eramatea, taldekako lantegia, edo abesti bat sortzea, norberaren bizitzaren historiarekin.

Reclamaciones aéreas online (Marcos Galán eta Daniel Galánen proiektua): hegaldiak bertan behera uztearen, overbookingaren, ekipajeak galtzearen eta abarren ondorioak jasaten dituzten bidaiariei modu legitimoan dagozkien kalte-ordainak erreklamatzen laguntzeko zerbitzu juridikoa. Prozesua errazteko inprimaki automatizatua erabiltzea.

Publikoaren Sari Berezia: finalisten aurkezpenera joaten direnek hautatuko dute. 300 euro.

Metxa Sari Berezia: izen bereko proiektu-azeleratzaileak proiekturik berritzaileen eta eskalagarrienari emango dion saria: leku bat hurrengo Metxa Bootcamp-ean, 4.000 euroko baliokoa.

Enpresen eraldaketa sozialaren RPK Sari Berezia: aurkeztutako proiektu guztien artetik —kategoria guztiak barne—, eragin sozialik handiena eta onena duen proiektua hautatuko du RPK-ek, industria eta eraldaketa soziala parez pare lerroka daitezen. 1.000 euroko saria.

 

Share