bannerviajerofinla

Sellaren jaitsiera + Europako Pikoak (Lagos)

Oporretako egun pare batzuk bai baina aurrekontu altuegirik ez? Lasai, badago guztiontzako plana. Nire kasuan, Asturiasera jotzea erabaki nuen. Iaz ere Sellaren jaitsiera egin nuen lagunekin eta aurten errepikatzea erabaki genuen. Gainera, aurten Europako Pikoetan ibilaldi txiki bat egin nahi izan genuen; guztira, lau egunetako txango aktibo, dibertigarri eta ekonomikoa.

Bazkaldu eta gero atera ginen Gasteizetik kotxez Ribadesellarako bidean. Bertan ez geneukan kanpinga hartuta, gehienetan ezin baita erreserbarik egin. Halere, kontuan hartu behar da Sellaren jaitsiera egiteko beharrezkoa dela erreserba egitea enpresaren batean. Enpresa guztiek antzerako eskaintzak egiten dituzte, baina kontuz ibili behar da datekin. Orokorrean jendez gainezka egoten da eta horrek giro aparta ematen dio ingurumenari. Jaitsiera Internazionaleko Egunean, ordea, jende gehiegi (eta profesionala) egoten da; egun hori, beraz, saihestekoa da.

Esan bezala, Ribadesellara heldu bezain pronto camping batera joan eta dendak montatu genituen (“two seconds” deritze… eta beste two, eta beste two…). Asturiasen inoiz egon ez bazarete, gomendio bat, udako zein neguko arropa eraman. Egunean zehar oso eguraldi ona egiten duen arren, gauetan izugarri hozten da eta campingean egonda eta kalean sukaldatu eta afaldu genuenez, berokia ez zen soberan egon.

Beraz, hurrengo egunean altxatu, bazkarirako bokatak egin eta goiz abiatu ginen Arriondasera, goizeko 10ak aldera. Bertan abentura zegoen gure zain. 17,5km-ko ur izoztutako ibilaldia geneukan gure zain. Hasieran aldapa txiki batengatik irristatzen zaituzte kanoarekin eta behera heltzerakoan guztiz bustitzen zara. Momentuan hotzez sufritzen da, baina hainbat metrotara lehenengo txiringitoarekin topo egiten da eta gorputza berotzen hasten da. Lehenengoan ez gelditzea gomendatzen dizuet, sagardoa askoz garestiagoa baita (lehenengoan sagardo botilak 5€, hurrengo guztietan 3tik behera); gainera hogei bat txiringito daude, soberan “atseden” hartzeko. Ibilaldia zuek nahi adina iraun dezake, guk egun osoa pasa genuen konpainiaz zein paisaiaz gozatzen. Bukatzean kanpingera eta barbakoa prestatu genuen eguna lasai asko bukatzeko.

Hurrengo egunean, Lagosera joan ginen. Europako Pikoetan dauden bi laku handik ematen diote izena eta benetan pena merezi dutela. Cobadongarako bidean dauden parkingetan kotxea utzi (goraino ezin baita igo) eta autobusean igo ginen. Goian hainbat ibilaldi egin daitezke, guk bertan gomendatzen dutena baino pixka bat luzeagoa egin genuen. Mendia gustuko baduzue, bertan argazki pare batzuk egiteaz gain, apur bat ibiltzea ere ondo legoke.

Bertako txangoa amaitzean, autobusarekin Cobadongasera bueltatu eta bertako ermita bisitatu genuen. Horren ostean kanpingera jo eta dutxa hartu ondoren, herrira hurbildu ginen Asturiasen famatuak diren “cachopo” batzuk afaltzera (xerra, zezina, ahuntz-gazta, zezina, xerra eta dena arrautzaztuta). Gozo-gozoa zegoen afari hori bukatzean, leher egindako gorputzek aguantatu arte farra bota eta hurrengo egunean berriz ere bueltatu ginen Gasteizera. Horretaz gain, bueltarako bidean Buelnako koba (hondartza kobaren barruan dago, liluragarria) eta Santillana del Mar bisitatu genuen.

Bukaerako gomendio bat: bidai osoan zehar, mugikorreko aplikazio bat erabili genuen, “Tricount”. Horrekin kontu ekonomikoak egitea askoz ere errazagoa da. Gasturen bat egitean, kopurua eta nork ordaindu duen sartu eta bidaiaren bukaeran berak kalkulatzen du nork zor dion dirua nori. Benetan oso erabilgarria eta erraza erabiltzekoa.

Behin Gasteizen, eta kanpingeko hiru gau eta gero, ohea primeran hartzen da. Hala eta guztiz ere, ezin dira ahaztu opor motz hauetan bizi izandako momentu apartak eta ikusitako leku paregabeak. Dudarik gabe, pena merezi duten lagunarteko bizipenak.

Arkaitz Lóriz (24 urte)

RSS feed for comments on this post. TrackBack URL

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude