bannerviajerofinla

Bidaiak. Nire Erasmusa

Bidaiak, bidaiak dira eta hasi egiten diren bezala, amaitu ere egiten dira. Laranja zuku batekin alderatuko nituzkeen. Lehenik, plangintza dator (laranja zatitu eta zukua atera); gero, garrantzitsuena prest daukagunean, onena dator, irudikapen eta igurikapena martxan jartzen ditugu (nolako zaporea izango du laranja honen zukuak? mmmm); ostean, azkarren pasatzen dena dator, ekimena bera (zukuak ahotik eztarrira eta eztarritik tripara bidaiatzen du); azkenik, oroitzapena, gustua geratzen zaigu (bitaminak lortu ditugu).

Orain dela hiru urte horrelako prozesu baten barrena ikusi nuen neure burua eta, denbora joan bada ere, zuku goxo horren zaporea mingainean dut oraindik. Galesera joan nintzen, gure etxearen antzekoa den Ingalaterran kokatutako herrialdera. Ipuinetako lekua zirudien, gazteluz, zelaiz eta urez beterik. Bandera ere nire buruko istorioekin bat zetorren, izan ere, dragoi gorri polita da. Hala ere, ni printzesa izan beharrean, ingeles irakasle ikasketa karrerako hirugarren mailako ikaslea baino ez nintzen, Erasmus programan, hain zuzen.

Ondo baino hobeto gogoratzen ditut lehenengo egunetako beldurrak eta sukaldatzeko arazoak, baina egoera horietan, gerora ulertu ahal izan dudan bezala, ikasten da gehien bat. Leku askotako lagunak egin nituen, nire ingelesa hobetu eta neure burua gehiago ezagutzeko beta ere izan nuen. Jaiak ez ziren falta, ezta bisitak eta turismoa ere. Dena den, gogor egin nuen lan eta nota onekin bueltatu nintzen nirera. Inork Erasmusa egin ala ez egin zalantzetan baldin badago, horiek guztiak alde batera uzteko eta abentura berri hori ekiteko gomendatzen diot nik. Atera zaitez zeure burbuilatik eta hasi mugitzen, zure txanda da!!

Itziar Uriarte (25 urte)