VGaztea

Aginako zero bat, euskararen asteko ikuskizun bat

Aginako zero bat dugu 2015eko Gazte sortzaileak beka deialditik datorkigun lehen lana.

Ikuskizun honek literatura, musika eta irudiak nahasten ditu. Oinarri du Joxe Azurmendik 1968an argitaratu zuen Manifestu Atzeratua. Urrun geratzen da 1968. urtea, garai hartan zentsuratutako poema izan zen; hartara, testua ezin da, orduan eta orain, berdin irakurri. Tartean ez dago denbora bakarrik, gu ere bagaude. Zer esan nahi zuen, adibidez, nik ez dut bakerik nahi, zeren bakea ez da libertatea esaldiak garai hartan? Eta zer esan nahi du orain?

Aginako zero bat, beraz, Manifestu Atzeratuaren gaur egungo irakurketa da, gaur egungo baliabideez aurkeztutako performancea, Marco Bianchiren irudiz, Jon Aranbururen soinuz eta Manex Agirreren eta Gaizka Amondarainen ahotsez.

Non: Oihaneder Euskararen Etxea (garai bateko ur biltegia)

Noiz: azaroak 30, 19:30.

Doako sarrera, lekuak agortu arte

Hauxe izango dugu lehen aldiz ikusteko aukera, ez galdu!

Gazte Sortzaileak beka Gasteizko Udalaren Euskara Zerbitzuak sortu zuen Arabako Foru Aldundiaren Euskararen Foru Zerbitzuaren laguntzarekin, euskarazko kulturgintza bultzatzeko asmoz. Helburu garbiak ditu beka honek: gazteen artean sorkuntza bultzatzea eta Arabako kultura programazioetan eragitea, gazteek gazteentzat sortutako euskarazko jardueren bidez; hori bai, ahozkotasunari garrantzi berezia emanez.

2016an aurkeztuko lanak labean daude, 2017ko martxotik aurrera ikusteko aukera izango dugu eta orduantxe deialdi berria abian jarriko da. Bi kategoria izango dira: 17-24 bitartekoentzat, eta 25-35 urte bitartekoentzat. Seguru zer esana baduzula eta erakusteko gogoa eta ideiak, bada, hasi prestatzen zure proiektua!

RSS feed for comments on this post.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude