VGaztea

Vitoria-Gasteizen hasiko dira Unibertsitate Orientaziorako Azokak 2017

Erkidegoko hiriburuetan egingo diren hiru Unibertsitate Orientaziorako Azoketatik lehena burutuko du UPV/EHUk

Larunbatean, urtarrilak 28, 9:00etatik 14:00etara, UPV/EHUko Arabako Campuseko Farmazia Fakultatean (Unibertsitateko ibilbidea, 7), UPV/EHUk egingo dituen Unibertsitate Orientaziorako hiru azoketatik lehena ospatuko du.

Unibertsitate Orientaziorako Azoka unibertsitate-aurreko ikasleei, haien gurasoei eta bigarren hezkuntzako irakasleei zuzendua dago, nahiz eta edozeinek parte har dezakeen. Sarrera librea da. Egitasmoaren helburua da UPV/EHUko graduei buruzko informazio zehatza ematea, unibertsitate-aurreko ikasleen zalantza guztiak argitu eta ikasketen aukeraketa errazteko. Zalantzak banan-banan zein taldeko informazio-saioen bidez argitu ahalko dira.

Halaber, unibertsitateko zenbait zerbitzutako langileek informazioa emango diete ikasleei unibertsitatera sartzeko bideen, mugikortasun-programen, graduondokoen, tasa nahiz beken, unibertsitateko ostatu nahiz garraioaren, kirol-jardueren, unibertsitate-orientazioaren eta abarren gainean ere. Nahi izanez gero, Orientaziorako Azoka egunean bertan, Campus bakoitzeko unibertsitate-egoitza bisitatzeko aukera izango duzu aldez aurretik izena emanez honako webgunean http://resaresidencias.es/paisvasco.Donostia eta Bilbo

UPV/EHUren Unibertsitate Orientaziorako Azokak hiru campusetan egiten dira; ondoz ondoko hiru larunbatetan. Arabako Campusean burutu ostean, Gipuzkoako Campusean egingo dira, otsailaren 4an, Ignacio Maria Barriola Zentroan (Elhuyar plaza, 1. Donostia), eta azkena Bizkaiko Campusean, otsailaren 11ean, Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Lehendakari Agirre hiribidea, 83. Sarriko, Bilbo).

UPV/EHUko unibertsitate-ikastegi guztietako zenbait irakaslek eta Ikasleentzako Argibide Zerbitzuak azoketan parte hartuko dute hiru larunbatetan; egun bakoitzean Campus batean, hain zuzen ere. Hortaz, azoka bakoitzean UPV/EHUko hiru campusetan ematen diren gradu guztiei buruzko informazioa eskainiko da. Iaz, 2016ko edizioan, azoketara 7.800 pertsona bertaratu ziren.

Informazio gehiago: www.ehu.eus/eu/web/sou/unibertsitate-orientaziorako-azokak.

UPV/EHUk urtero garatzen du Unibertsitatera Sartzeko Programa, unibertsitate-aurreko ikasleek ahalik eta informazio gehien izan dezaten ikasketak hautatu aurretik, eta Unibertsitate Orientaziorako Azokak programa horren baitan kokatuta daude, haren bigarren fasean, hain zuzen. Lehen fasean, unibertsitate-aurreko ikasleei interesatzen zaizkien graduei buruzko Jarduera Praktikoak burutu ziren. Eta, programari amaiera emateko, Ate Irekien Jardunaldiak egingo dira, martxoan. Horietan parte hartzeko, otsailaren 13etik 26ra bitartean, bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako beren ikastetxeetan eman beharko dute izena ikasleek edo unibertsitateko web gunean: www.ehu.eus/sou/jardunaldi-irekiak.

RSS feed for comments on this post.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude