VGaztea

“Euskaldun-berriak?” eta “Paperbizi” crowdfunding kanpainak, BATERA, abian

BATERA: kultur proiektuak elkarrekin diru-laguntza deialdiak Euskaldun-berriak? eta Paperbizi proiektuak saritu ditu. Euren egileek, Gasteizko Kauldi Iriondo eta Estibaliz Agirre gazteek, hilabete pasa dute ideia egikaritzeko crowdfunding-a prestatzen. Kanpainak gaur abiatu dira. Iriondok eta Agirrek 40 egun izango dituzte beharrezkoa zaien dirua biltzeko.

Estibaliz Agirre eta Kauldi Iriondo gazte gasteiztarrak dira iazko urrian martxan jarritako Batera: kultur proiektuak elkarrekin deialdiko irabazleak. Saria dela eta, hilabete eman dute crowdfunding kanpainak prestatzen Itsulapikoa.eus plataforman ezagutzera emateko; gaur jarri dituzte abian. Antolatzaileek plataformako arduradunak eskertu nahi izan dituzte emandako laguntza guztiagatik.

Paperbizi proiektuan parte hartzeko.

Euskaldun-Berriak? Proiektuan parte hartzeko.

Aurkeztutako lan guztien artean epaimahaiak bi proiektu hauek aukeratu zituen, Iñaki Lazkano Oihaneder Euskararen Etxeko ordezkariaren hitzetan “beren orijinaltasuna, ikuspegi artistikoa, euskararekiko atxikipena, parte hartzerako joera eta Gasteizko hiriarekin duten lotura” dela eta.

Paperbizi, Gasteizko begirada anitzen arte-liburua pertsonei buruzko proiektu bat da, argazkilaritza, marrazkigintza eta euskara lotuko dituen proiektua: arte-liburu bat. Estibaliz Agirrek hirian beren aztarna berezi eta artistikoa uztea  proposatzen die gasteiztarrei. “Parte hartzen duten guztien argazki, marrazki eta testuekin Gasteizko pertsona desberdinen leku kuttunak eta hiriarekiko ikuspuntuak biltzen dituen arte-liburu bat osatuko dut”. Gasteizen aurki daitezkeen txoko eta momentu desberdinak zabaldu nahi ditu, “baina batez ere, parte-hartzaile bakoitzari hirian aztarna pertsonala uzteko aukera paregabea eskaini nahi diot”, azaldu du gazteak.

Euskaldun-berriak? argazkilaritza erreportaje bat da, erakusketa bat, proiektu pertsonala. “XXI. mendeko Euskal Herriko komunitate euskalduna sozialki eraldatzen ari da aldiro; egungo gazteria heltzen doan heinean, gazteria berritzen doa etengabe. Beraz, euskaldun “berriak” momentuoro ari dira sortzen, eta  honela,  kultura eta hizkuntza bera ere etengabe eraldatzen dira. Gaur egun, euskal gazteria oso anitza da, eta proiektu honetan gazteria euskaldun honek lekuarekiko eta hizkuntzarekiko duen harremana islatu nahi dut, hirietako zein herri txikietako euskarari eta euskaldunen ahotsei irudia ematea da nire helburua”, zehaztu du bere egileak, Kauldi Iriondok.

RSS feed for comments on this post.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude