VGaztea

Abiadurako eskaladarako horma berri bat

Hegoalde gizarte etxeko instalazioetan abiadurako eskaladarako horma bat jarri dute.

Abiadurako eskaladarako horma edo “speedwall” berria gehitu zaio udalaren kirol instalazioen sareari. Hegoalde gizarte etxean jarri da abiadura-diziplina entrenatzeko berariaz diseinatutako osagai hori. 15,44 metro luze eta 6 metro zabal da, bi eskalada-bide berdinetan banatuta, beraz, ziur aski eskalada mota ikusgarriena dena praktikatzeko zehaztapen ofizialak betetzen ditu. Estatu mailan bakarrik bost leku hauetan dituzte horrelako instalazioak: Gasteiz, Iruñea, Lugo, Huelva eta Madril.

Gasteizko Udalaren eta Euskal Mendi Federazioaren arteko elkarlanaren emaitza da kirol baliabide berria; azken horrek finantzatu du instalazioa. Eskalada mota hori oso teknikoa denez, Euskal Selekzioko kirolariek soilik erabiliko dute oraingoz. Hegoalde gizarte etxean jarri den hormaren bidez abiadura-eskaladarekiko zaletasuna zabaldu nahi da Gasteizen eta gertuko hirietan.

Abiadura horma zurez eta poliesterrez egina dago, eta norbera babesteko ekipamenduez eta kronometratzeko tresnez hornituta dago. Lehen diseinuak landu zirenetik 20 hilabeteko lana eskatu du, besteak beste, tamaina horretako elementu bat hartu ahal izateko lekurik onena aurkitu behar izan baita. Lehiaketaren bat egin artean, Eskaladako Euskal Selekzioko hautatzaile Sergio Delgadok eta selekzioko eskalatzaile Irati Zabalak egin zuten estreinaldia.

2020an Tokion egitekoak ziren Olinpiar Jokoetan zegoen aurreikusita eskalada (zailtasuna, boulder eta abiadura aldaeretan) lehen aldiz jokatzea, baina COVID-19aren ondorioz, 2021. urtera atzeratu behar izan dute. Abiaduran, Aris Sunsatu indonesiarrak (6,99 segundo) du hamabost metroko altuerako hormaren errekorra emakumeetan, eta Reza Alipour iraniarrak (5,48 segundo) gizonezkoetan.

Hobekuntzak Ariznabarrean

Bestetik, Gasteizko Udalak zenbait hobekuntza egingo ditu Ariznabarreko kiroldegiko rokodromoaren instalazioetan. Orotara 36.901 euroko inbertsioa egitea aurreikusi da, gune ezberdinetako osagaiak berritzeko (bertikala, arrapala, makurgunea eta sabaia).

Informazio gehiago.

RSS feed for comments on this post.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude