VGaztea

EGK-k Gazteriaren Euskal Lege-proiekturako ekarpenak aurkeztu ditu

EGK

Gazteriaren Euskal Lege-proiekturako proposamenak aurkeztu ditugu Eusko Legebiltzarrean. Maialen Olabe presidenteak hartu du hitza Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean eta lege-proiektuan egindako ekarpenak nabarmendu ditu. Ekarpen hauek hainbat gazterekin landu ondoren sortutako txosten betearazle batean jasotzen dira. Batzordean izan diren talde parlamentario guztiek EGKren lana eskertu dute, helarazitako ideiak aztertu eta landuko dituztela aitortuz.

Gazteek bizi duten egoeraren analisi orokor bat egin ondoren, Olabek lege honen beharra azpimarratu du. Izan ere, adostasunetara heltzeko unea heldu da eta gazteak babesteko erantzun bat egon behar da. Gazteria Lege partekatu bat sortzea zein hau betetzeko konpromiso errealak hartzea inoiz baino beharrezkoagoa dela ere uste dugu.

Lanketa eta proposamenak

2019ko maiatzaren 15an Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak txosten betearazle bat aurkeztu genuen, hainbat gazterekin lanketa bat egin ondoren. Lehenik, 2019ko lehen hilabeteetan, legea goitik behera irakurri, aztertu eta beste autonomia erkidegoetako legeekin konparatu genuen. Ostean, behin materiala landuta, gazteekin topaketa burutu genuen 2019ko apirilean ekarpenak eta proposamenak jasotzeko. Azkenean, lege-proiektuari 31 ekarpen egin dizkiogu. Proposamen horietatik 10 onartuak izan dira. Onartuen artean, lege-proiektua terminologikoki eguneratu da, gardentasuna bermatu da, neurrien eta programen emaitzak argitaratuz eta gaur egungo bizitza-proiektu eredu desberdinetara egokitu da.

Hainbat proposamen ez dira onartuak izan legearen xedetik kanpo geratzen direlako, baina etorkizuneko dekretu eta estrategietan ezartzeko eskaera egin du Olabek. Gainera, berebiziko garrantzia ematen diogu lege-proiektuan gazteria kolektiboaren eskubideen aitortza egiteari, gazteen egoerari aurre egingo dion arau-markoa xedatzeko helburuarekin.

Legeari ekarpenak egiteko prozesuan parte hartu duten gazte guztien lana balioan jarri du EGK-ko presidenteak eta legebiltzarkideei eskatu die parte hartu duten gazteen esfortzuari erreparatzea eta egindako proposamenak etorkizuneko erabakietan kontuan izatea.

RSS feed for comments on this post.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude