VGaztea

Xtraclubek irailaren 14an irekiko du epea gazteentzako aisialdi eta denbora libreko jardueretan izena emateko

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak Xtraclubaren 2021eko udazkena-negua denboraldirako programazioa jarri du abian. Aisialdi, kultura, abentura eta kirolarekin lotutako 35 jarduera eskainiko ditu orotara, formatu ezberdinetan: lantegiak, gaikako ikastaroak, abentura irteerak, erakustaldiak eta kultur bidaiak. Guztira 662 leku dira, 12 urtetik 18 urtera bitarteko gazteentzat. Irailaren 14an irekiko da izena emateko epea, 8:30ean.

Gazteria Zerbitzuaren helburua da 12-18 urte bitarteko gazteei asteburuetan eguneko aisialdirako eskaintza egitea, aisialdi positiboa sustatzeak gazteen identitatea eraikitzen lagunduko duelakoan, baita arrisku-jokabideak prebenitzen ere. Aisialdi ludiko, hezitzaile eta osasungarria eskaintzen da, eta gazteei sozializaziorako eta elkartzeko aukera ematen.

Denboraldi honetarako programatutako jardueren artean, argazkilaritza, dantza urbanoa, kantua, parkour eta komiki ikastaroak mantendu dira, eta berritasun gisa, k-pop koreanoa eta lineako patinaje artistikoa. Orobat, 14 lantegi egingo dira gizarte-etxeetan, askotariko gaiez eta material mota ugari baliatuz.

Abentura jarduerek naturaren erdian aritzeko aukera eskaintzen dute: hipika hondartzan, surfa, kayak, zuhaitz zirkuituak, rokodromoa, mendi ibilerak,  bizikletaz ibiltzeko bide berdeak…

Hiriko irteerek  (kart-ak, ihes-gela, puzgarrien ginkana,…) eta hiritik kanpoko kultura bidaiek ere (Santanderreko badia itsasontziz, “Egun bat zaldi baten bizitzan”, “Donostiako termak”, …) presentzia nabarmena izango dute.

Jarduera horietaz gozatu ahal izateko, Covid-19aren aurreko kontingentzia plana mantenduko da, zeinak Xtraclub programako aisialdi eta denbora libreko jarduerak segurtasunez egin ahal izateko protokoloak eta prebentzio-neurriak biltzen baititu.

Web-orrian (www.vitoria-gasteiz.org/xtraclub) dago eskuragarri Xtraclub programazioari eta Covid-19aren aurreko kontingentzia planari buruzko informazio guztia.

Internetez www.vitoria-gasteiz.org/xtraclub, telefonoz (010 eta 945 161080) edo zuzenean (OMIJen, gizarte-etxeetan eta udal kiroldegietan) eman ahalko da izena.

Xtraclubeko jardueretan parte hartzeko baldintzak:

Herritarren Udal Txartela (HUT) indarrean izatea; doan lortu daiteke herritarrei laguntzeko bulegoetan. Udalaren kirol instalazioetako bazkideek % 40ko deskontua izango dute jardueren prezioan.

Irailaren 14tik aurrera eman ahalko da izena, gehienez ere hiru jardueratan. Leku hutsik geratzen bada, 2021eko irailaren 21etik aurrera hiru jardueratan baino gehiagotan izena emateko aukera emango da.

 

RSS feed for comments on this post.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude