VGaztea bloga

VGaztea

In Situ ArtFestival – Bertako saltokiak lekuko artisten bila

In Situ Art Festival proiektuak Gasteizko tokiko saltokien erakusleihoetan artistikoki esku hartzeko eta saltoki horien, tokiko artisten eta herritarren artean sinergiak sortzeko deialdi bat proposatzen du. Proiektu irekia eta parte-hartzailea da, bertako saltokietan kontsumitzearen garrantzia nabarmendu nahi duena, saltoki txikiak eta arte-sorkuntzan aritzen diren gazteak ahalduntzeko.

Ekimen hau Haziak ideia gazteen lehiaketaren bultzadarekin garatu da, eta Gauekoak programazioaren parte da.

Bertako artista gazteentzako deialdia

In Situ arte jaialdiak deialdi bat ireki du gazte sortzaileek beren sorkuntza esku-hartzea egin dezaten tokiko saltokien erakusleihoetarako.

Zehazki, Gasteizen bizi, ikasi edo lan egiten duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteak aurkeztu daitezke deialdira. Epea apirilaren 20tik maiatzaren 9ra bitartekoa da, bi egun horiek barne.

InSitu ArtFestival deialdiko oinarriak

In Situ ArtFest flyerra

Hiritar guztientzako jarduerak

Bertako artistentzako deialdiaz gain, InSitu ArtFestival jaialdiak hiritar guztiei zuzendutako jarduerak ere antolatu ditu.

  • Ekainaren 4ean – In Situ ArtFestivalaren aurkezpena.
  • Ekainaren 19an – Bisita gidatuak esku-hartze artistikoetara.
  • Uztailaren 2an – Amaiera-saioa eta sari-banaketa.
    tiempo libre
Kontaktua eta sareak

insituartfest@gmail.com

www.insituartfestival.com

Instagram

Jugatx Astorkiaren ‘Impr Pant’ erakusketa Montehermoso kulturunean

Montehermoso

Martxoaren 18tik apirilaren 18ra arte Jugatx Astrokiaren ‘Impr Pant” erakusketa ikusi ahalko da Montehermoso kulturuneko Jovellanos aretoan. Udalaren kultur zentroak Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatearekin batera sustatzen duen deialdian hautatutako proiektuen arteko bigarrena da.

‘Montehermoso+UPV/EHU’ lemaren pean, programak komisario baten laguntzarekin proiektu artistikoak garatzeko aukera eskaintzen die bigarren zikloko, gradu-ondoko eta doktoretzako ikasleei, ondoren Montehermoson bakarka aurkezteko.

Erakusketa

Jugatx Astorkia Arte Ederretan lizentziaduna da, EHUn, eta Vigoko unibertsitateko sorkuntza eta ikerketa masterra du. Hainbat erakunderen bekak izan ditu: EHU, Bizkaiko Foru Aldundia, BBK, EITB…

Hainbat ikerketa taldetan ere parte hartu du –PREKARIART, GIZAARTEA, besteak beste– eta hainbat erakusketa egin ditu 2016tik hona: Sevillan, Zaragozan, Pontevedran eta Bilbon.

Informazio gehiago.

Giza Eskubideak eta Sorkuntza Artistikoa. 2021eko deialdia

Montehermoso Kulturuneak eta Garapenean Laguntzeko Udal Zerbitzuak egiten dute deialdi hau. Hainbat kultura eta/edo arte ekintzen bidez, munduan dagoen giza eskubideen egoeraren gainean, bereziki, Udalarekin harreman egonkor eta jarraitua duten herrietan –bertan giza eskubideak babesteko eta garapenerako proiektuak burutzen dituelako– dagoen egoeraren gainean, gogoeta eta azterketa kritikoa egiteko markoa sortuko duen proiektua hautatzea du xede deialdi honek.

Deialdiaren gehieneko zenbatekoa 14.999 euro + BEZ (% 21) izango da. Proiektua ekoitzi eta gauzatzetik eta Montehermoso kulturunean erakusgai jartzetik sortzen diren gastuak barne hartu beharko ditu zuzkidura horrek.

Gasteizko Udalak, bere aldetik, kostu hauek hartuko ditu bere gain:

-publizitatearen eta zabalkunde instituzionalaren kostuak, hala nola hirian egiten den publizitatea, gonbidapenak, aretoko orriak eta Montehermoso kulturuneko bannerra.
-aretoetako arreta eta zaintza-langileen kostuak.

Era berean, muntatze eta desmuntatze lanen ondorio diren beste kostu batzuk ere hartu ahal izango ditu bere gain Udalak, edo proiektuan jaso gabeko ekintza edo jarduera osagarriak, gehienez 6.000 euro arte. Montehermoso kulturuneko tresneria teknikoa eta giza baliabideak gehituko zaizkio horri,erabilgarri badaude eta proiekturako egoki badira.

Proiektuak aurkezteko epea 2021eko apirilaren 23ra arte izango da. Erantsitako eskabidea bete behar da. Izapideak online egin daitezke egoitza elektronikoaren bidez edo aurrez aurre Herritarren Arretarako bulegoetan.

Informazio gehiago.

Montehermoso. Proiektu artistikoak hautatzeko deialdia

Montehermoso

Sorkuntza artistikoaren alorreko gehienez hiru arte sorkuntzako proiektu eta ikusentzunezko proiektu bat hautatuko dira, 2022ko urtarriletik irailera bitartean Montehermoso kulturunean aurkezteko.

Epea

2021eko apirilaren 6ra arte.

Betebeharrak

  • Jarduteko erabateko gaitasuna duten eta sektore publikoarekin kontratatzeko debekurik ez duten artistek, erakundeek nahiz elkarteek aurkeztu ahal izango dituzte proiektuak.
  • Proiektuek argitaratu gabeak izan beharko dute, eta Montehermoso kulturunean aurkeztu beharko dira, aurrerago adierazten den epean.
  • Udalarekin inolako zorrik ez izatea, halaber zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharrekoak ordainduta izatea.

Dokumentazioa

  • Eskabidea pdf
  • Eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharrekoak ordaindu dituela eta sektore publikoarekin kontratatzeko debekuaren mende ez dagoela jasotzen duen erantzukizunpeko aitorpena.
  • Proiektuaren titularraren nortasun-agiriaren edo agiri baliokidearen fotokopia.
  • Proiektuaren titular den pertsona edo entitatearen ibilbidea edo curriculuma.
  • Beste batzuekin batera aurkeztuz gero, entitatearen nahiz haren ordezkariaren ibilbide edo curriculumaz eta datuez gain, harekin batera parte hartzen duten agenteen gaineko informazio osoa ere aurkeztu beharko da.
  • Proiektuaren dosierra, hauexek biltzen dituena:
    • Proiektuaren izenburua eta garapena.
    • Behar teknikoak.
    • Gauzatzeko egutegia.
    • Gutxi gorabeherako aurrekontu banakatua, finantziazio propioa izan lezaketen kontzeptuak zehazten direlarik.

Informazio gehiago.

Inmersiones XIII

Inmersiones XIII

 

Etxe eremuan, eremutik, eremurako edo eremuarekin egiteko “errezeta” lehiaketa.

Lehiaketan parte hartzeko, nahikoa da sare sozialetan “errezeta” bat argitaratzea (facebook, twitter, instagram, pinterest, flickr, etab.) izenburuan ondorengo traolak jarriz: #cuestionesdomesticas #espaciodoméstico #inmersiones2020.Aldi berean, bidali irudi hori (gehienez 5MB) argazkiaren estekarekin edo URL helbidearekin batera posta elektronikoko helbide honetara: asociacioninmersiones@gmail.com. Adierazi mezuaren gaian “Inmersiones 2020ko errezeta lehiaketa”. Nahi beste errezetarekin parte har daiteke.

Antolakuntzak lehiaketari buruzko epaia jakinarazi ondoren, pertsona irabazleak errezeta eman behar du kalitate onenaz, Inmersiones 2020ko katalogoan sartzeko.

Lehiaketak 300 €-ko sari bakarra eskainiko dio irabazleari.

Informazio gehiago.

Tetrapack 2020ko erakusketa

Noiz

Hasiera eguna: 2020/10/30, hasiera ordua: 19:30, amaiera eguna: 2020/11/29, amaiera ordua: 14:00

Deskribapena

Inaugurazioa Gauekoak Tetrapack urriaren 30ean, 19:30ean. Amarica aretoan.

Erakusketaren parte hartzaileak: Nuria Pérez-Cárcamo, Itzal Zubillaga eta Elisa Talbik, Siham Zannoutik, Khadija Zannoutik, Fatma Haimedek, Deborah Aiguayuk, Rodaina Hamidek osatutako gazte taldea.

Erakusketa. 2020ko urriaren 30etik azaroaren 29ra arte.

Tetrapack, Gazte Klik-Klak argazki eta bideo digitalaren lehiaketaren emaitza da. Sormena artistikoren sustapena izan nahi du eta, alde berean, sortzaile berriei aukera eman nahi die erakusketa guneak erabiltzeko bere lanak ikusgai izateko. Sormen gazteari saria eman nahi zaio baina, ordain ekonomikorik ez dago. Gazte Klik Klak-en saritutakoen lana zabaltzeko asmoz, prestakuntza prozesu batean oinarritutako proiektu berri baten partaidea izatea nahi dugu. Horrek irabazleentzat esan nahi du taldeko erakusketako parte hartzaileak izatea bere lanak agerian jartzeko, horretarako argazkilaritza bideo sorkuntza eta arte plastikoen adituen tutoretza eta laguntza izango dute. Erakusketa hau Vitoria-Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuak eta Arabako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Sailak antolatu dute.

Informazio gehiago.