Prentsa Oharren banner

Afrikar komunitatea gogoan hartu du alkateak, Afrikaren Mundu Egunean

Gaur, maiatzak 25, Afrikaren Mundu Eguna ospatzen da, kontinenteko ia herrialde guztiek independentzia lortu ondoren Afrikako Batasunaren Erakundea sortu zela ospatzeko. Aurten, osasun-krisia dela eta, ezinezkoa egokitu da Udalak hirian dauden afrikarren kolektiboei harrera egitea, aurreko urteetan bezala. Nolanahi ere, sare sozialetan zabaldu den bideoaren bitartez, Udalaren babesa helarazi die alkateak, eta hurrengo urtean berriro harrera-aretoan biltzeko gonbidapena egin die.

Afrikako Batasunaren Erakundearen sorreraren 57. urteurrenean, Udalaren elkartasuna helarazi die Gorka Urtaranek afrikar komunitateari eta Covid-19ak kaltetutako pertsona eta familiei, baita konfinamendua baldintza zailetan igaro behar izan dutenei eta lanik gabe geratu direnei ere. Horrez gain, gogora ekarri du Udalak eutsi egingo diola elkartasunari, garapenerako lankidetza-programak direla medio, eta, bereziki, Afrikan pandemiari aurre egiteko, Larrialdietarako Arabako Funtsaren bitartez, Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko elkarlana dela medio.

“Badakigu afrikar diasporako hainbat organizazio kultur aste bat prestatzen ari zinetela garai honetarako, eta ezinezkoa izan dela, alerta sanitarioagatik. Hala ere, berriro bilduko gara datorren urtean, eta kultur astea eta Afrikaren Eguna ospatuko”, adierazi du alkateak.

Bestalde, Garapenerako Lankidetzako zinegotzi Jon Armentiak esker ona helarazi die, “hainbat kolektibo afrikar beren kontinenteko kultur aniztasuna zabaltzeko hirian egiten ari diren ahaleginagatik, elkarrizketa eta kulturaren nahiz artearen arloko trukeak bultzatzen baitituzte, eta hausnarketa sustatu eta pentsamendu kritikoa sortzen, hainbat topaketatan. Oraingo honetan oso bestelakoak dira kontuak, pandemiak erabat mugatu baikaitu, baina, hala ere, urte osoan egiten duten lana eskertu nahi diegu. Aberastu egiten baikaitu, eta Gasteizen aniztasunean oinarritutako elkarbizitza lortzen laguntzen”.

Afrikarren komunitateari zuzendutako alkatearen bideoa

 

 

Share

Gasteiz Turismo Helmuga Adimentsuen Sare Nazionalean sartu da

Gasteizek bat egin du Turismo Helmuga Adimentsuen Sare Nazionalarekin. Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak sustatutako plataforma horrek alderdi hauetan nabarmentzen diren lekuak identifikatzeko balio du: berrikuntza, abangoardiako azpiegitura teknologikoak, irisgarritasuna, bisitariaren integrazioa eta bertako biztanleen bizi-kalitatearen hobekuntza. Arabako hiriburuak urtarrilean aurkeztu zuen DTI sarean sartzeko hautagaitza, Madrileko turismo nazioarteko azokan (FITUR). Eta maiatzaren 20an onetsi zen eskabidea Espainiako Turismo Helmuga Adimentsuen Sarearen batzorde eragilean, Industria, Merkataritza eta Turismo ministro Reyes Maroto buru zela.

Turismo Helmuga Adimentsuak proiektua, zeina SEGITTUR sozietatearen bitartez kudeatzen baita, aitzindaria da estatuan eta nazioartean; haren helburua da lehiakortasuna hobetzea eta turismoaren garapena gobernantzan eta erantzukidetasunean oinarritzea, teknologia berrien laguntzarekin. Batzordearen ondoren, ministroak nabarmendu zuen udalerrien egitekoa funtsezkoa dela turismo adimentsu eta segurua sustatu eta bermatzeko, eta protagonistak izango direla sektore hori suspertzen, sektore gakoa baita, bai ekonomian duen pisuagatik bai gizarte- eta lurralde-kohesioari egiten dion ekarpenagatik.

“Covid-19aren krisiak are arrazoi gehiago ematen dizkigu gure indarguneak aldezteko eta turismo-helmuga berritzaile eta jasangarriaren eredua sendotzeko. DTI sareari atxikitzea beste urrats bat da helmuga seguru, irisgarri, osasungarri eta masifikatu gabe gisa kokatzeko estrategian. Azken batean, kalitate handiko helmuga gisa”, nabarmendu du Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzi Maider Etxeberriak.

Share

Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak pandemian zehar haur eta nerabeak babesteko sustatu dituen ekimenak partekatuko ditu UNICEFen mintegi batean, online

Gasteizko esperientzia erreferentea izango da Haurren Lagun diren Hirietako udalentzat

Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak hitzaldia emango du “Haur eta nerabeak babestea COVID-19aren garaian” izeneko online mintegian; UNICEFek antolatu du biharko, maiatzak 26, Haurren Lagun diren Hirien jarduera-programaren barruan.

Espainian, Gasteiz, Sevilla eta Irun aukeratu ditu foro horrek eredu gisa, beren esperientzia beste tokiko gobernu batzuei azal diezaieten. “Gure partaidetzarekin pandemian zehar udaletatik haurrei ematen ari zaien erantzuna hobetzen lagundu nahi dugu. Programak aldatuz eta moldatuz abian jarri ditugun ekintzen balioa nabarmendu nahi dugu“, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Udaleko psikologo Jessica Bittman eta Yanira San Vicentek eta Familiei Laguntza eta Zaintza Emateko Ataleko buru  Belén Ceberiok azalduko dituzte Arabako hiriburuan aurrera aterako ekintzak eta horiekin lotutako metodologiak eta gakoak, beste udal batzuentzat jardunbide egokien eredu izan daitezen.

Zehazki, herritar orori zuzendutako gizarte eta hezkuntza laguntza aurkeztuko du Gasteizek, eta babes gabezia arrisku arina eta moderatua duten haurrak dituzten familiei laguntza eta zaintza emateko baliabideetan egindako egokitzapena.

Bestetik, esku hartzen duten udal profesionalei laguntzeko taldearen esperientziaren berri emango dute, taldeentzako aurrez aurreko zein interneteko laguntza aurkeztuz, baita beste ekimen batzuk ere: telefono bidezko sostengua, erruki lantegiak, eta hil zaizkien pertsona maiteengatiko doluari aurre egiten laguntzeko materialak familia eta haurrentzat.

 

Share

Adinekoentzako zentro soziokulturalek podologia eta ile-apaindegi zerbitzuak irekiko dituzte

Maiatzaren 25ean (astelehena) irekiko dira adinekoentzako zentro soziokulturaletako informazio, ile-apaindegi eta podologia zerbitzuak, itxita egon baitira koronabirusaren pandemia dela eta.

Deseskalatzearen 2. fasearekin batera irekiko dira zerbitzu horiek, behar diren segurtasun-neurriak hartuta eta aldez aurretik hitzordua eskatuta.

Zentro hauetako ile-apaindegiak irekiko dira: Arana, Ariznabarra, Koroatzea, Pilar, Lakua-Arriaga, San Kristobal, Sansomendi, Txagorritxu eta Zaramaga. Ohi bezala, zerbitzua ematen duen langilearekin zuzenean hartu beharko da hitzordua.

Podologia kontsultei dagokienez, zentro hauetakoak irekiko dira: Arana, Koroatzea, Lakua-Arriaga, San Kristobal, San Prudentzio, Txagorritxu eta Zaramaga. Ekainean, covid-19aren ondorioz hitzorduak bertan behera utzi zitzaizkien erabiltzaileei emango zaie arreta. Uztailaren aurrera emango dira hitzordu berriak.

Hala ile-apaindegian nola podologia zerbitzuan areagotu egingo dira garbiketa eta desinfekzio lanak, eta segurtasun-neurriak hartuko dira, hala nola eskularruak eta maskarak erabiltzea edo lekuak egokitzea itxarongeletan hainbat pertsona elkartu ez daitezen.

Tenperatura hartzea

Zentro soziokulturaletako informazio-zerbitzuak ere berriro hasiko dira lanean: aipatutako zerbitzuetarako sarbidea kontrolatuko dute, eta tenperatura hartuko dute kutsatzerik ez gertatzeko.

Share

Argiteria publikoa hobetzea Madril, Andaluzia eta Valladolid kaleetan

Datozen hilabeteetan, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak argiteria publikoa hobetuko du Madril, Andaluzia eta Valladolid kaleetan. Tokiko Gobernu Batzarrak kontratua Montajes Eléctricos ELCA enpresari esleitzea onetsi du, 69.496,40 euroan.

“Lanean jarraitzen dugu Gasteizko auzoak hobetzeko. Oraingoan, argiteria eta energia eraginkortasuna optimizatuz“, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

LED teknologiako 223 luminaria instalatuko dira aipatutako kaleetan, orain artekoak baino eraginkorragoak izaki. Energia-kontsumoa murrizteko aukera ematen du horrek —kontsumo elektrikoa (kwh) eta atmosferara egiten diren CO2 emisioak—, eta argiteria publikoaren energia-eraginkortasunaren araudiarekin bat datozen argiztapen- eta uniformetasun-mailak lortzekoa. Gainera, orain dauden argiek eragiten duten itsutzea eta argi-kutsadura ekidin nahi dira, baita mantentze-kostuak gutxitu ere, luminaria horien bizitza baliagarria konbentzionalena baino askoz luzeagoa baita. A energia-kalifikazioa lortuko da berrikuntzaren ondoren.

 

Share

Udalaren Liburutegi Sareak maileguak jasotzeko zerbitzua gaituko du maiatzaren 25ean (astelehena)

Maileguak ekainaren 5a baino lehen itzuli beharko dira gizarte etxeetan, aldez aurretik hitzordua eskatuta.

 

Udalaren Liburutegi Sareak maileguak jasotzeko zerbitzua abiaraziko du maiatzaren 25ean. Etxeetan liburutegiko liburuak, CDak edo filmak dituztenek ekainaren 5a baino lehen itzuli beharko dituzte.

Une honetan, 8.554 pertsonak dute COVID-19k eragindako alarma-egoera deklaratu aurretik hartutako materiala (20.372 funts. guztira).

“Mailegu kopurua handia denez, itzulketa aldez aurreko hitzordua jarrita egitea erabaki dugu, jende-pilaketak saihesteko, eta prozesua segurtasun berme osoz egingo dela bermatzeko” adierazi du Gasteizko  Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Materialak maileguan hartu ziren gizarte etxe berean itzuli behar dira, aldez aurretik hitzordua eskatuta, udalaren webgunean (eguneko 24 orduetan), edo 945 161618 telefonoan (astelehenetik ostiralera 9:00etatik 20:00etara).

Gizarte etxeak itxita daudenez, bakoitzak gune bat egokituko du, sarreratik gertu, zerbitzua eskaintzeko.

“Ez da isunik egongo adierazitako epean –maiatzaren 25etik ekainaren 5era– utzitako materialentzat” Dokumentuak berrogeialdian egongo dira 15 egunez, eta epe hori igarota, bere tokira itzuliko dira. Orduan agertuko dira eskuragarri katalogoan” adierazi du zinegotziak.

Udalaren Liburutegi Sareak zerbitzuak modu mailakatuan eskainiz irekiko dira, egoera administratibok aukera ematen duenean.

Share

Edukiera handiagoa izango dute udal baratzeek, eta ordutegi zabalagoa, 2. fasera igarotzean  

 

Edukiera handiagoa izango dute udal baratzeek, eta ordutegi zabalagoa, 2. fasera igarotzean, baina, nolanahi ere, osasun-agintariek emandako jarraibideak bete beharko dira: segurtasun-distantzia mantendu, lanabesak eta bestelakoak garbitu, eskuak garbitu eta maskarak erabili.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak jakinarazi duenez, hauek izango dira baratzeetan —banaka nahiz taldean— aritu ahal izateko baldintza berriak.

EDUKIERA

Edukiera arrazoiak direla medio, eta baratzeetan lan egiteak berezko duenez elkarrengandik distantzia batera aritzea, hauek sartu ahal izango dira baratze komunitarioen ekipamendura:

  • partikularrei lagatako lursailen kasuan, titularra eta harekin doan beste pertsona bat, distantziaren eta higienearen inguruko gomendioak betetzen direlarik. Beren kargu dituzten menpeko pertsonak berekin eraman ahal izango dituzte, baina inolaz ere ezingo da izan lursail bakoitzeko bost pertsona baino gehiago.
  • kolektiboei lagatako lursailen kasuan, lursail bakoitzeko gehienez bost pertsona aritzea baimentzen da, distantziaren eta higienearen inguruko gomendioak betetzen direlarik.
  • dibertsitate funtzionala dutenen kolektiboei lagatako lursailen kasuan, lursail bakoitzeko gehienez hamar pertsona aritzea baimentzen da —hezitzaileak eta laguntzaileak barne—, distantziaren eta higienearen inguruko gomendioak betetzen direlarik.

ORDUTEGIAK

Gehienez lau orduz aritu ahal izango da baratzean, egunean.

Urarteko baratzeen kasuan, zabaldu egingo dira irekiera-ordutegia eta tutoretza-ordutegia. Astelehenetik ostegunera, 8:00etatik 19:00etara egongo dira zabalik baratzeak, eta ostiralean, berriz, 8:00etatik 15:00etara. Aparkalekua itxita egongo da, edukieraren kontrolaren inguruko arrazoiak direla eta.

Baratzeko lanean aritzeko bakarrik egongo dira zabalik Zabalortuko eta Lakuakolore baratzeak. Horretan dihardutenak baino ezingo da sartu ekipamendura.

GOMENDIO OROKORRAK

Osasun-agintariek emandako jarraibideak bete beharko dira: segurtasun-distantzia mantendu, lanabesak eta bestelakoak garbitu, eskuak garbitu eta maskarak erabili.

Informazio-kartelak jarriko dira hainbat lekutan, hala nola sarreretan eta etxoletan, eta errespetatu egin beharko dira bertan adierazten diren jarraibideak.

Pertsonaren batek sintomak baditu, ez du baratzera joan behar.

Hiri-baratze ekologikoak

 

Share

Bost motozikleta berri gehituko zaizkio Udaltzaingoaren flotari

Tokiko Gobernu Batzarrak Udaltzaingo Zerbitzurako zenbait ibilgailu renting sistemaren bidez hornitzeko kontratua esleitzea onetsi du.

Bost motozikleta dira, 645 zentimetro kubikokoak, eta 109.190 euro (BEZa barne) ordainduko da horiengatik; kontratuak mantentze integrala, matxuren konponketa, 24 orduko asistentzia eta piezen ordezkapena barne hartzen du.

Cooltra Motos SL enpresak hornituko ditu bost motozikletak, zeinek Euro 4 emisio araudia betetzen baitute; gehieneko potentzia deklaratua 69 CVkoa da, minutuko 8.800 biratara. Udaltzaingoaren ohiko errotulazio, argi, biltegiratze eta babes sistema osagarriak barne entregatuko dira.

 

 

Share

Arte eta Lanbide Eskolari 2020rako bigarren ekarpena ematea onetsi da

Tokiko Gobernu Batzarrak Arte eta Lanbide Eskolari 2020rako bigarren ekarpena egitea onetsi du: 200.000 euro, eskolaren jarduerak garatzeko.

“Arte eta Lanbide Eskolak artea, sorkuntza eta artearekiko zaletasuna hurbildu nahi dizkie gasteiztarrei, zeinak oso beharrezkoak baitira garai hauetan. Izan ere, osasun krisialdian kulturara jo dugu pandemiak eragindako ezinegona eta ziurgabetasuna arintzeko sendabide gisa”, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Udala Eskolako Patronatuko kidea da, Arabako Foru Aldundiarekin,  Euskalerriaren Adiskideen Elkartearekin eta Arabako Merkataritza eta Industria Ganberarekin batera.

Ikastegiaren aurtengo aurrekontua 990.785 euro da, eta Udalak 400.000 euro jartzen ditu.

Eskola

Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolaren jatorria Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak 1774an sortutako Marrazketa Eskola dugu.

Geroztik eta ia etenik gabe jardun du irakaskuntzan, eskola hainbatetan handituz eta eraldatuz, garai bakoitzaren beharretara egokitzearren.

Hasierako marrazketa eskolei beste arte eta artisau arloekin lotutako ikasgaiak gehitu zitzaizkien, bai eta industriarekin eta merkataritzarekin lotutako ikasketak ere.

Arte plastikoen zentro honek ikasgai hauek ematen ditu gaur egun: sorkuntza plastikoa, marrazketa, margogintza, eskultura, teknika grafikoak, zeramika, larrua, zura, koadernaketa,  ikus-entzunezkoak eta argazkigintza.

Eskolak mila ikasletik gora ditu, eta arlo artistiko ezberdinetan espezializatutako 15 irakaslek osatzen dute klaustroa.

COVID-19ak eragindako osasun krisialdia dela eta, Eskolak ‘Crear desde casa’ ekimena aurkeztu zuen, itxialdian zehar sormena lantzeko bloga. Eskolaren www.escueladeartes.org web-orrian dago eskuragarri. “Beira-arasa birtuala” ere jarri dute, etxetik atera gabe ikasleen lanak ikusi ahal izateko.

EHUrekiko hitzarmena

Bestetik, Euskal Herriko Unibertsitatearekiko lankidetza-hitzarmen markoa onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, zeinaren helburu nagusia baita batera jarduteko ildoak garatzea hezkuntza ikerketa eta berrikuntzaren alorrean, ezagutza zientifikoa eta gizarte errealitatearen ezagutza uztartuz, Gasteizko Udalaren eta EHUren hezkuntza jarduerak orientatzeko. Jarduera-ildo horiek berariazko hitzarmenen eta/edo kontratuen bidez garatuko dira, horien izaeraren arabera; kontratuek aplikatzekoa den araudia bete beharko dute.

Hitzarmenak hamabi hilabeteko indarraldia izango du sinatzen den egunetik, eta besterik gabe jo ahalko da luzatutzat , urtetik urtera, gehienez ere lau urtez.

 

 

 

Share

Autobus-geltokiak sarrerak eta irteerak antolatu ditu distantzia fisikoa erraztu ahal izateko, eta zenbait gomendio plazaratu ditu bidaiarientzat

Gasteizko autobus-geltokiak sarrerak eta irteerak aldatu ditu distantzia fisikoa erraztu ahal izateko, azpiegituratik dabiltzan pertsonen segurtasuna bermatzearren. Prozedura argia ezarri da bidaiariak era ordenatuan mugitu daitezen, sartzeko eta irteteko bideak zehatz-mehatz adierazita.

 

Euskal Herria bulebarretik eta Euskaltzaindiaren plazatik atondora daramaten ate nagusietatik sartuko da geltokira. Nasetatik irteteko, berriz, Euskal Herria bulebarrera eta geltokiaren eta Rafael Alberti kalearen artean dagoen oinezkoen ibilbidera ematen duten alboko irteeretatik joan beharko da.

Horretaz gain, udal azpiegitura horretako kudeatzaileek bidaiarientzako gomendioak biltzen dituzten zenbait kartel egin dituzte, kutsatzea eragotzi eta COVID-19aren pandemia geldiaraztearren. Besteak beste, geltokian autobusera igotzeko unean bertan sartzeko aholkatzen du Udalak, itxaron behar izanez gero aire zabalean geratzeko, autobusetik jaitsi ondoren hurbilen dagoen atetik irteteko eta geltokiaren barruan maskara erabiltzeko. Eta, jakina, gainerako erabiltzaileekin bi metroko segurtasun tartea zaintzeko. Orobat, mapak jarri dira nasetatik kanpora errazago ateratzeko. Gurutze Gorriko boluntarioek tenperatura hartuko diete bidaiariei.

 

Share