Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  7 ekaina 2017 11:00

Larunbatean, ekainak 10, ateak irekitzeko ohiko jardunaldia egingo du Agirrelandako suhiltzaileen etxeak. Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak lanerako erabiltzen duen materialaren zati bat erakutsiko du, eta erakustaldiak ere egingo ditu, larrialdietan nola jokatzen duten ikusterik izan dezaten bisitariek.

Jardunaldia 10:30ean hasiko da, suhiltzaileen ibilgailuen erakusketa batekin. 11:00etan, zirkulazio istripuetan harrapatutako pertsonak askatzeko maniobra egingo da.

12:00etan, erakustaldia egingo da altueretarako ibilgailuak baliatuz, eta simulakroa NBQ larrialdietan (nuklear, biologiko edo kimikoak) erabiltzen den material bereziaz.

Jardunaldiak 13.30era arte iraungo du, eta txikientzako gaztelu puzgarriak ere izango dira.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 martxoa 2017 14:26

Arana-Santa Luziako azpi-estazio elektrikoko transformadore batean sortutako sute txiki batek elektrizitate etenak eragin ditu Gasteizko zenbait alderditan.

Gasteizko suhiltzaileek 12:30ak pasata jaso dute abisua, eta dagoeneko itzali dute sua.

Instalazioaz arduratzen den elektrizitate-enpresako teknikariak zerbitzua osorik lehengoratzen ahalegintzen ari dira, etenak hiriko zenbait alderditako negozio, enpresa eta etxebizitzei eragin baitie, bai eta semaforo-erregulazioari ere.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  20 urtarrila 2017 09:59

Suhiltzaileak eta FCC-GMSMren langileak gaur goizean goizetik lanean ari dira bide publikotik izotza kentzeko, hiriko iparraldean bereziki eragin duen bart goizaldeko izotzaren ondoren.

Ordu hauetan, garbiketa-operazioaren lehentasuna Zaramagako tunelen eremua da; bertan ari dira gatzuna sakabanatzen, baina gauza bera egiten ari dira Honduras, Wellintongo Dukea, Landaberde, Pamplona, Baiona kaleetan eta Lakuabizkarrako inguruetan, Zaramaga, Nafarroako Errege-Erreginak eta Gasteizko taldea kaleetan, Zaramaga auzoan, eta baita Bergarako atea, Kantabrikoaren hiribidea, Barratxi eta Gamarrako atea industrialdeetan ere.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 urtarrila 2017 13:26

Gasteizko Udaleko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak hainbat gomendio egin dizkie herritarrei, tenperatura baxuek pertsonen osasunean eta mugikortasunean eragiten dituzten eragin negatiboak saihesteko, ahal den neurrian.

Tenperatura minimoak direla eta, Euskalmetek abisu horia deitu du; Arabako hiriburuan -6 gradutara irits daiteke. Egoera honen aurrean, honakoa gomendatzen dute suhiltzaileek:

Oinezkoak

  • Kasu egin espaloi eta kaleetan egon litezkeen izotz geruzei, eta saiatu haien gainean ez ibiltzen.
  • Ez ibili izotz zatiak erortzeko eremu arriskutsuen azpialdean, esaterako, zuhaitzak, teilatu-hegalak eta bestelako eraikuntza edo instalazio altuak.
  • Jantzi arropa egokiak bero egoteko eta tenperatura baxuei aurre egiteko, eta oinetako egokiak erabili zoru itsaskorrarekin. Babestu bereziki burua eta eskuak, estali ahoa aire oso hotza arnas ez dezazun.
  • Erne ibili berokuntza sistemekin, dagozkien azterketak eta mantentze-lanak izan ditzaten. Arreta berezia eskaini berokuntza sistema osagarriei, alegia, sutontzi edo berogailuei, etxeko istripuen arriskuarengatik, eta aireztapen-baldintza egokiak bermatu errekuntza-gasetarako, eta sua hartzeko arriskua duen edozein materialetik urrutiratu berogailuak.

Gidariak:

  • Ahal dela erabili garraio publikoa.
  • Aztertu pneumatikoen, balazten eta izotz-kontrako likidoaren egoera, eraman beti kateak, erregai depositua beteta eta berotzeko elementuak. Eta, ahal dela, eraman beti telefono mugikorra aldean.
  • Bidaia egin beharrean bazaude aurretik eskatu informazioa bideetako egoeraz eta eguraldiaren gorabeherei buruz. Jaso argibideak Euskalmeten bitartez eta/edo Eusko Jaurlaritzako Trafikoko telefonoan: 902112088.
  • Ez gidatu edo geratu/aparkatu izotz zatiak erortzeko eremu arriskutsuen azpialdean, esaterako, zuhaitzak, teilatu-hegalak eta bestelako eraikuntza edo instalazio altuak.
  • Izotz zatiak eta eremuak aurrez aurretik ezagutzen jakitea, balaztak erabili ez izateko. Errepidean izotza dagoela sumatzeko aztarna batzuk dira honako hauek:
  1. Haizetakoaren gaineko izotza.
  2. Hezetasun maila handia eta eguzki distiratsua.
  3. Antzigarraren eremu zuri antzekoak edo kale-inguruetan izotza egotea.
  • Jaitsi abiadura poliki-poliki eta eutsi oso murriztuta.
  • Ez galgatu edo norabidea zakarki aldatu.
  • Ez azelerazio edo desazeleraziorik egin, ezta beste ibilgailurik aurreratu.
  • Gogoan izan gainerako ibilgailuen norabidea eta jokabidea, ustekabekoa izan baitaiteke. Normalean baino segurtasun-distantzia handiagoak utzi.
  • Zure ibilgailua gelditu egiten bada, geratu bertan, barruan, motorra martxan daukazula eta berogailua jarrita, eta noizbehinka berriztatu airea. Ez lorik egin. Eskuratu mantaren bat eta egon ondo berotuta.

Hartu beharreko neurriak gorputzaren hozte larria edo hipotermia kasua gertatuz gero:

  •  112 larrialdietarako telefonora deitu.
  • Biktima pixkanaka berotu, ez bat-batean.
  • Mugitu oso poliki eragindako zatiak, masajeak eginda, izozte-zantzurik egoten denean izan ezik.
  • Ez eman edateko alkoholik. Eman salda, infusioak, etab.
  • Eragindako zatietan babak sortzen badira, ez inoiz ziztatu.
Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 urtarrila 2017 13:30

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Gasteizko parkeko suhiltzaileek  19 ume eta bi heldu erreskatatu dituzte Andagoia herrira sartzeko zubiaren azpian urak harrapatuta geratu den eskola-autobus batetik.

09:30 aldera gertatu da. Baia ibaiak gainezka egin eta urak A-4356 errepidetik Andagoiara sartzeko errepidea hartu du, eta bertatik igarotzea oztopatuz; horrek ezustean harrapatu du ibilgailuaren gidaria.

Autobusak 35 leku du, eta inguruko ikasleak Izarrako ikastetxera eraman ohi ditu. Bertan mugitu ezinda gelditu da, ura gurpilen altuerara iristen baitzitzaion, eta bidaiariak ezin ziren bertatik atera. Horrenbestez, suhiltzaileek joan behar izan dute, eta txalupa pneumatiko baten laguntzaz, besoetan atera dituzte banan-banan 19 umeak eta haiekin zihoazen bi helduak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 abendua 2016 14:35

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Urtero bezala, Gasteizko suhiltzaileek pixkanaka tradizio bihurtzen ari den ekintza bete dute: Arabako Unibertsitate Ospitalean (Txagorritxu) pediatria solairuan ingresatuta dauden umeei opariak banatzea. Era ikusgarrian egin ere, beren lanean askotan ohi duten bezala, geletara leiho batetik sartu baitira, 35 metroko altuerara iristen den eskala-kamioiaren laguntzaz.

Hamabost suhiltzaile boluntarioek opariak banatu dituzte, eta bisita bitxiak ume zein nagusien harridura eragin du. Gelaz gela ibili dira, Olentzero edo Errege Magoak balira bezala, eta suhiltzaile-kaskoak, margoak, koadernoak, panpinak eta beste opari batzuk banatu dituzte, Eguberriak ospitalean igaro behar duten umeei egonaldia arintzeko asmoz.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 abuztua 2016 14:19

Atzo arratsaldean, Principal antzokiko sabai akustikoari eusten dioten kableetako bat hautsi egin zen, eta agertokiaren gainera erori elementu bat. Lurrean jo zuen, eta hainbat kalte eragin bi habetan, baina egitura ondatu gabe, eta ez zen inor zauritu.

 Egokitze-lanak egiten ari ziren bitartean gertatu zen ezbeharra, baina oraindik ezin izan da jakin zergatik hautsi zen kablea.

 Suhiltzaileak bertaratu ziren, eta, antzokiko teknikariek lagundurik, lurrera jaitsi zuten sabai akustikoa. Arriskuak ekiditeko, pieza eskegita dagoen bi motorretako bat erabili zuten horretarako.

 Lehenengo momentutik, lanean jarri zen Kultura Zerbitzua, ez bakarrik egoera konpontzeko, baizik eta orobat bermatzeko aurki bertan izatekoak diren ekitaldiak egiterik izango dela. Esate baterako, Europa jauregiko aretoak blokeatu ziren ahalik eta lasterren, Principal antzokian egin ohi den FesTVala bertara aldatzeko.

Nolanahi ere, bihar arte ezingo da jakin zenbat denbora beharko den gaur bertan hasiko diren konponketa-lanak burutzeko. Baina bai ziurta daiteke FesTVala egin egingo dela, okerrenean ere Europa jauregira aldatuta, baldin eta ordurako obrak bukatzerik ez badago.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 ekaina 2016 14:21

 

 

 

 

 

 

 

 

Agirrelandako suhiltzaileen etxeak ateak irekitzeko jardunaldia antolatu du ekainaren 18rako, larunbata, bisitariek Gasteizko suhiltzaileen instalazioak eta lana  ezagutzerik izan dezaten.

Jardunaldiak 10:30etik 13:30era iraungo du. Hiru ordu horietan, bertaratzen direnek Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak lanean erabil ohi duen materiala ezagutu ahalko dute, eta erakustaldiak ikusi.

Orobat, bertan dituzten ibilgailuen erakusketa egingo dute, zeinean ez baita faltako Magirus antzinako kamioia.

Goizeko hamaiketan, zirkulazio istripuan harrapatutako pertsonak askatzeko maniobra egingo da.

Hamabietan, altuerako maniobrak egingo  dira, beso artikulatuarekin, bai eta suhiltzaileen etxean duten entrenamendu dorrean ere; halaber, gas ihesean nola jokatu behar den erakutsiko dute.

Orobat, Asiako liztorrak daudenean nola esku hartzen duten erakutsiko dute. Liztor mota hori ugaltzen ari da Araban, eta eraikinetako pertsiana eta leihoetan habia egiten dutenez partikularrek askotan deitu behar izaten diete suhiltzaileei ken ditzaten.

Txikienentzako gaztelu puzgarriak izango dira jardunaldi osoan.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 ekaina 2016 17:04

Udal gobernuak langile autonomoentzako TAOko tarifa laua sortzea aztertuko du, araututako eremuetan aparkatu behar dutenean jardutea errazago izan dezaten. Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok iragarri du neurria, PSE-EE udal gobernuan sartu berri delarik bere sailaren jarduera-ildoak azaltzeko egin duen agerraldian.

Autonomoentzako TAOren bidez, “profesional horietako askok beren lana egiteko izan ohi duten arazoa konpondu nahi da. Uste dugu neurri egokia izan daitekeela aparkalekuen arauketa hobetzeko eta hirian jarduera ekonomikoa sustatzeko”.

Orain ez bezala, zenbait ordu –oraindik ez da zehaztu– txartelik jarri gabe aparkatu ahal izateko aukera ematea da asmoa, urtean zenbateko finko bat ordainduta.

Orobat, bere sailak bide segurtasunaren alorrean dituen planak azaldu ditu Carlos Zapaterok. “Ia egunero izaten dira txirrindulariak eta oinezkoak tartean diren istripuak. Zerbaitek huts egiten duen seinale da hori. Premiazkoa da horri heltzea, txirrindulari, oinezko eta gidarien arteko bizikidetza posible izan dadin, eta alde guztientzako segurua. Kontzientzia zabaldu eta neurriak hartu behar dira, eta horretan ari gara”, azaldu du zinegotziak.

Bestetik, Udaltzaingoa delituei aurre egitean eraginkorragoa izan dadin, beste polizia eta aginte judizialekiko koordinazioa hobetzeaz gain, ikerketa sustatuko da, “bereziki gizartean alarma sortzen duten kasuetan, esaterako, etxebizitzetako lapurretetan, horrelako delituak eragotzi eta egileak harrapatzeko”.

Era berean, Carlos Zapaterok iragarri du segurtasun barrutiak sortuko dituztela, hau da, “udalerria banatuko da, eta horietan solaskideak izendatuko ditugu inguruko elkarte, merkatari, ostalari eta taldeekin harremanetan jar daitezen. Hartara, pertsona eta kolektibo horiek beti erreferentzia bat izango dute segurtasunarekin lotutako kezkak azaltzeko”.

Indarkeria matxistak ere kezkatzen du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi berria, horrenbestez, indartu egingo da Genero Indarkeriarako Taldea, “beste agente, gizarte zerbitzu eta aginte judizialekin koordinatuz”.

Orobat, gobernuaren helburua da Udaltzaingoko plantillaren prestakuntza eta barne egonkortasuna sustatzea eta plantilla handitzea.

Su Itzaltze eta Prebentzio Zerbitzuari dagokionez, Carlos Zapaterok aurreratu du materialak berrituko direla, arnasketa autonomoko ekipo berriak erosita, eta oraingo eskala-kamioia dela. “Lana eraginkortasunez egin ahal izatea nahi dugu, bitarteko egoki eta modernoekin, eta langileak etengabe prestatuz”.

Azkenik, Arabako Foru Aldundiko arduradunekin biltzen ari direla jakinarazi du, zerbitzua lurralde historiko osoan emateko hitzarmen berria aztertu, idatzi eta sinatzeari begira:“ UCEIetako kideek eta zerbitzua erabiltzen duten udalek azaldutako arazoak  konpontzen saiatuko gara”.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 abendua 2015 12:45

Promozio berria jabetu da lanpostuaz gaur, San Martineko eraikinean egindako ekitaldian

Gasteizko suhiltzaileen etxeak langile gehiago izango ditu aurrerantzean, gaur promozio berria jabetu baita lanpostuaz, azterketa, merezimendu-lehiaketa eta prestakuntza aldiak gainditu ondoren.

Alkateorde Borja Belandiak eta Funtzio Publikoko zinegotzi Iñaki Prusillak banatu dizkiete agiriak suhiltzaile berriei, San Martineko udal eraikineko ekitaldi-aretoan.

2013ko LEPri dagozkio lanpostuak. Oposizio eta lehiaketa fasean 2014ko irailean amaitu ziren. 2015eko maiatzean, prestakuntza fasea bukatu eta tutorizatutako eta ebaluatutako praktiketako 6 hilabete egin zituzten; hautatutako pertsonak hartu dute gaur karrerako funtzionarioaren plaza.

Beste 26 pertsonak ere oinarrizko prestakuntza ikastaroa  egin dute Arkautiko Akademian. Gasteizko parkearen eta Udalak Arabako Foru Aldundiaren kudeatzeko gomendio batez kudeatzen dituen Su Itzaltze eta Salbamenduko Eskualdeko Unitateen beharrak beteko dituzte langile horiek. Langile horiek kargua hartu dutelarik, Gasteizko parkeko lanpostu gehienak karrerako funtzionarioek betetzen dituzte.

 

 

Share

Aurrekoak »