Prentsa Oharren banner

Gasteizko Udalak eta Arabako Medikuen Elkargoak suspertzeko teknikei buruzko prestakuntza eskainiko diete herritarrei, online

 

  • Prestakuntza-programaren barruan, bihotz-birikak suspertzeko eta desfibriladoreak erabiltzeko teknikak irakatsiko dira, nagusi, ume eta bularreko haurrengan biziraupen-katea albait lasterren aktibatzeko

 

Gasteizko Udalak eta Arabako Medikuen Elkargo Ofizialak bihotz-birikak suspertzeko (BBS) eta aire-bideen buxadura gertatzen denerako oinarrizko maniobrak ikasteko prestakuntza-programa berria jarri dute abian, online; horren helburua da herritarrei era errazean irakastea oinarrizko maniobrak nola egin, bizia arriskuan dagoen egoerak antzeman, biziraupen-katea aktibatu, eta nagusi, ume eta bularreko haurrengan oinarrizko maniobrak egiten jakin dezaten.

Bost bideo labur dira. Horietan, Osakidetzako Larrialdietako langileek era erraz, didaktiko eta oso grafikoan azaltzen dute nola egin BBS maniobrak bihotz-biriketako geldialdia izan edo zerbait kontrako eztarritik joanez gero, eta nola erabili zuzen desfibriladorea. Doan eskura daitezke bi entitateen web-orrietan: www.vitoria-gasteiz.org eta www.icoma.eus.

Gasteizko Udalak eta Arabako Medikuen Elkargoak urtero antolatzen dute “BihotzAraba – Bihotzaren hamabostaldia”, eta horren barruan aurrez aurreko eta doako hamar ikastaro praktiko eskaintzen zaizkie herritarrei BBS maniobrei eta aire-bideen buxadura gertatzen denerako oinarrizko maniobrei buruz, baina COVID-19aren pandemiak  hori irailean egitea eragotzi zuen. Hala ere, bi erakundeek ahalik eta pertsona gehien prestatzen jarraitzeko konpromisoa dutenez, proiektu berri bati ekin eta prestakuntza onlineko bertsiora egokitu dute, jende gehiagorengana iritsi ahal izateko, osasun krisia baretu eta ohiko formatura (lantegi praktikoak, manikiak erabiliz) itzultzeko aukera izan arte.

 

Biziraupen-katea aktibatzea

Arnasa gelditzen denean, igarotzen den minutu bakoitzeko % 10etik % 20ra bitartean gutxitzen dira errekuperatzeko aukerak. Zenbat eta jende gehiago egon prestatua bizia arriskuan dagoen egoera horietan erantzuteko, aukera handiagoak izango dira biziraupen-katea behar bezala aktibatzeko.

Arabako Medikuen Elkargoko idazkariorde Alberto López de Ocárizek aurkezpenean gogora ekarri duenez, bihotz-biriketako geldialdien % 80 ospitaleetatik kanpo eta inguruan osasun langilerik ez dagoela gertatzen dira; hori dela eta, elkargoak horrelako prestakuntza ematen jarraitzeko konpromisoa du, ahalik eta herritar gehienengana iristearren.

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek, berriz, zabalkunderako prestakuntza horretan parte hartzera animatu ditu gasteiztarrak. “Larrialdi egoera bat antzemateko eta suspertzeko teknikak zuzen aplikatzeko gai den pertsona sare handia izatea dugu Gasteiz hiri seguruagoa, partaidetzakoa, elkartasunekoa eta guztion osasunarekin konprometituta dagoen hiria izateko modurik onena”. 

INFORMAZIO GEHIAGO ETA BIDEOAK: Bihotz-biriketako geldialdiak artatzeko baliabideak

Share

Errege Magoak, Olentzero eta Mari Domingi Mendizorrotzeko kiroldegian elkartuko dira Gasteizko haurrekin

Sarrera doakoa da, eta aldez aurretik erreserba egin beharko da.

Osasun egoeragatik ezin denez espazio publikoan desfilerik egin, Kultura Zerbitzuak beste aukera bat prestatu du Errege Magoak, Olentzero eta Mari Domingi urtero bezala Gasteizera irits daitezen, eta egungo araudiak onartzen duen haur kopuru handienarekin elkartzerik izan dezaten leku seguruan. Horixe iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok gaur goizean, Eguberrietako kultur programazioa aurkezteko egindako prentsaurrekoan.

“Abenduaren 23an eta 24an “Hator, hator, Olentzero eta Mari Domingi’ ikuskizuna izango da Mendizorrotzeko kiroldegian. Bi egun horietako bakoitzean, 30 minutuko 4 emanaldi egingo dira (400 pertsonarentzat bakoitza). Oso hitzordu bereziak izango dira; ez dira faltako musika, dantzak, abestiak eta ilusioa. Besteak beste, Folklore Akademiak eta Udalaren erraldoien konpartsak hartuko dute parte” adierazi du Cantok.

Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik hitzordua eskatu behar da. Gonbitak abenduaren 17ko 9:00etatik aurrera eskuratu ahalko dira udalaren webgunean edo telefonoz (945 16 16 18, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara).

Abenduaren 24ko azken emanaldia, 18:00etakoa, streaming bidez ikusi ahalko da zuzenean, udalaren webgunean, eta ikusgai izango da Eguberrietan herritar orok atsegin hartzerik izan dezan.

Errege Magoak

Errege Magoak ere iritsiko dira hiria magiaz betetzeko. Gaspar, Melchor eta Baltasarrek urtarrilaren 4an eta 5ean hartuko dituzte Gasteizko haurrak Mendizorrotzeko kiroldegian. “‘Ya vienen los Reyes Magos’ ikuskizuna 30 minutuko 6 emanalditan eskainiko da (400 pertsonarentzat bakoitza. Ez dira musika, ikusizko ustekabeak eta ilusioa faltako” adierazi du zinegotziak.

Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik hitzordua eskatu behar da. Gonbitak abenduaren 28ko 9:00etatik aurrera eskuratu ahalko dira udalaren webgunean edo telefonoz (945 16 16 18, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara).

Urtarrilaren 5eko 18:00etako saioa streaming bidez ikusi ahalko da zuzenean udalaren webgunean, eta ikusgai izango da hurrengo egunetan.

Haurrentzako ikuskizunen erakustaldia.

Halaber, abenduaren 26tik 30era, haurrentzako ikuskizunen XVII. erakustaldia izango da Mendizorrotzean. Aurten handitu egin da programa, eta bost ikuskizunen 10 emanaldi izango dira.

Abenduaren 26an ‘Txiki Rock’ ikuskizunak abiaraziko du programa. Euskaraz izango da eta txikienak euskal rockean murgiltzen hastea nahi du. Bi emanaldi izango dira, 16:30ean eta 19:30ean. Abenduaren 27an, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken lana – ‘Amaren intxaurrak’– eskainiko da, 12:00etan eta 18:30ean.

Abenduaren 28an, haurrentzako  ‘El lago de los cisnes’ opera eskainiko da, 12:00etan eta 18:30ean. Gaztelaniaz. Abenduaren 29an, berriz, ‘Kantu kolore’. Zuzeneko musika, koreografia, umorea eta energia txiki eta helduentzat. 12:00etan eta 18:30ean.

Azkenik, abenduaren 30ean, ‘Naviland, el musical. El lugar donde viven los Reyes Magos’ programa izango da, 12:00etan eta 18:30ean. Gaztelaniaz

Sarrerek 5 euro balioko dute, eta abenduaren 9ko 9: 00etatik aurrera erosi ahal izango dira udalaren webgunearen bidez edo telefonoz (945 16 16 18, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14: 00etara).

 Neurri bereziak Mendizorrotzeko kiroldegian

Protokolo berezia ezarri da Mendizorrotzeko kiroldegian egingo diren 3 proposamenetarako. COVID-19aren ondoriozko edukiera-murrizketak kontuan hartuta, eta ahalik eta haur gehienek bertaratzeko aukera izan dezaten, haur bakoitzeko pertsona bakarra sartu ahalko da. Heldu bakoitzak, ahal den neurrian, haur bat baino gehiago eramatea gomendatzen du Kultura Zerbitzuak.

Pertsona bakoitzak gehienez bost sarrera erosi  ahalko ditu, edo gehienez bost gonbidapen erreserbatu, eta emanaldi bakarrera joan ahalko da. Sarrerak edo gonbitak izendunak dira, ez daude zenbakituta, eta nahitaezkoa da aldean eramatea, adina edozein delarik ere. Eserlekuak banakakoak izango dira. Sarrerak ematean esleituko dira, eta ezingo dira aulkiak dauden lekutik mugitu.

Abesbatzen kontzertuak

Gasteizko Eguberrietako programan ohikoak izaten dira abesbatzak, eta aurtengoan ere izango dira, baina beste modu batera antolatuta osasun-krisia dela eta. Gizarte etxeetako ekitaldi-aretoetan egingo dira, abenduaren 19tik urtarrilaren 3ra bitartean. Hauxe da programa:

  • Nurat: abenduaren 19an, Aldabeko gizarte etxean
  • Urkanta: abenduaren 20an, Salburuko gizarte etxean
  • Urkanta: abenduaren 21ean, Ariznabarreko gizarte etxean
  • Mairu: abenduaren 22an, Salburuko gizarte etxean
  • Tantak: abenduaren 23an, Zabalganeko gizarte etxean
  • Samaniego: abenduaren 26an, Arriagako gizarte etxean
  • Mairu: abenduaren 30ean, Araneko gizarte etxean
  • Ausartak: urtarrilaren 3an, Arriagako gizarte etxean

8 kontzertuak 19:00etan hasiko dira, eta gonbitak abenduaren 5etik aurrera erreserbatu ahalko dira, gizarte etxeetan edo udalaren webgunean.

Jaiotza monumentala

Floridako jaiotza monumentala abenduaren 4an inauguratuko da, 16:00etan, eta urtarrilaren 6ra arte bisitatu ahalko da, 10:00etatik 21:00etara. Segurtasun-neurriak gordetzeko, jaiotzaren barruko bideek noranzko bakarra eta nahitaezkoa izango dute, jendea gurutzatzea ekiditeko.

Misterioaren kokalekua izango da aurtengo beste berrikuntzetako bat. Ezingo denez haitzuloaren barruko aldea erabili, haitzuloaren sarreraren kanpoko aldean jarriko dira Ama Birjinaren, San Joseren eta Jesus haurraren irudiak.

Olentzero eta Mari Domingiren etxea

Olentzero eta Mari Domingiren etxea ere beste leku batean jarriko da aurten, Zulueta jauregiaren lorategian hain zuzen ere, jendearentzako espazioa zabalagoa izateko. Senda ibilbidetik izango du sarrera, eta irteera, berriz, Musikaren ibilbidetik. Horrela, nahitaezko noranzkoa duen ibilbide bakarra egongo da.

Olentzero, Mari Domingi eta Astotxoren irudiek 10:00etatik 21:00etara hartuko dituzte hiriko haur guztiak. Abenduaren 4an, 16:00etan, inauguratuko da, eta urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik.

Eguberrietako Kultur Egitaraua

Share

Instalazioak bizikideentzat erreserbatzeko aukera jarri du martxan Kirol Zerbitzuak

  • Kirol planak egiteko hiru ildo gomendatzen zaizkie familiei eta gazteei

 

Azaroaren 26tik aurrera, osteguna, udalaren kirol instalazioak erabiltzeko beste aukera bat izango da: bizikideentzako erreserbak. Udalaren kirol ekipamenduak erabiltzeko aukera honen bitartez, sei kirol-modalitate eta kirol-jarduera anitz bat egin ahal izango da, beti ere ezarritako jende-kopuru muga gainditzen ez badu taldeak (2 pertsonatik 6ra artekoak).

Bizikideentzako erreserbak egiteko aukerak, funtsean, azaroaren 7tik aurrera bertan behera geratu ziren kirolei eragingo die, hau da osasun-agintariek COVID-19ari aurre egiteko ezarritako murrizketek eragindako kirolei. Une hartan bertan behera geratu zen hainbat gune erreserbatzeko aukera: frontoiak, tenis-, padel-, squash- eta badminton-pistak eta mahai-tenisean aritzekoak. Orain, Eusko Jaurlaritzari ekipamendu horiek seguru erabiltzeko aukerei buruzko kontsulta egin, eta berarekin koordinatuta, erreserbak egiteko modu berri bat gaitu da: bizikideena. Hauek joko dira bizikidetzat: elkarrekin, eraikin berean bizi diren adingabeak eta helduak.

Kirol mota hauetarako egin daiteke bizikideentzako erreserba, beti ere bakoitzerako ezarritako gehieneko pertsona kopurua kontuan hartuta:

  1. Bizikideentzako badmintona. (geh. 4 pertsona)
  2. Bizikideentzako frontoia (esku pilota, gomazko paleta, paleta argentinarra eta frontenisa). (geh. 4 pertsona)
  3. Bizikideentzako padela (geh. 4 pertsona)
  4. Bizikideentzako squasha (geh. 2 pertsona)
  5. Bizikideentzako tenisa (geh. 4 pertsona)
  6. Bizikideentzako mahai-tenisa (geh. bi pertsona mahaiko)

Zazpigarren aukera bat ere egongo da: bizikideentzako kirol-jarduera anitza. Gorputz- eta kirol-jarduera, edo izaera ludikoko joko motorra da, espazioaren ezaugarrietara egokitua (futboleko ate 1 eta 2 saski dituen kantxa edo kirol modulua), bertan, baloi-jolasak,  indiakak, sokak….Gehienez 6 pertsona erreserbako. Erreserba egiten dutenek beren jolas- eta kirol-materiala erabili beharko dute, debekatuta egongo delarik kantxako zorua honda dezakeen edozein material erabiltzea.

Erreserba egiteko moduari dagokionez, Gasteizko udalaren webgunean edo, aurrez aurre, Informazio eta Kontrol Zerbitzuetan egin ahalko da. Erreserba erabili aurretik, bizikidetza egiaztatu beharko da Informazio eta Kontrol Zerbitzuan, horretarako NANa, errolda-agiria edo familia-errolda aurkeztuta. Bi orduz erreserbatu ahalko da aretoa, zortzi egun lehenagotik.

 

 

Gazte eta familientzako planak

Halaber, Kirol eta Osasun Sailak hiru motatako kirol- eta jarduera-planak prestatu ditu familientzat eta gazteentzat. Eskola kirola eta kirol federatua bertan behera geratu direnez, horien alternatiba gisa prestatutako planak dira, eta filosofia berbera mantentzen dute, kirola bizikideen artean edo talde txikitan egitea. Informazio guztia ostegunean bertan jarriko da udalaren webgunean, hiru kategoriatan banatuta:

  1. 5 urtetik beherako haurrak dituzten familientzako planak: txikienekin atsegin hartzeko eta aktibo egoteko berariaz prestatutako hamar jarduera.
  1. 5 urtetik gorako haurrak dituzten familientzako planak: familiarekin egiteko hamar jarduera edo kirol:  Eraztun Berdean bizikletaz ibiltzea, korrikalarientzako ibilbideak, altxorra bilatzea edo geocatching, besteak beste. Hainbat planetan, udalaren kirol instalazioak erabiltzeko aukera izango da, bizikideentzako erreserbaren bitartez.
  1. Gazte eta nerabeentzako planak: berariaz gazteentzat prestatutako hamar aukera, esaterako, skatean  ibiltzeko hastapenak, abentura-kirola, fitness mota desberdinak egiteko aukerak.

“Zalantzarik gabe, osasun agintariek kirol-jardueretarako ezarri dituzten mugek baldintzatu egiten dute udal instalazioetan egin daitekeen oro. Beti saiatzen gara jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko aukerei etekin handiena ateratzen, pandemiaren ondoriozko baldintzak kontuan hartuta. Hori dela eta, gaitu egingo ditugu bizikideentzako erreserbak eta familia eta gazteentzako kirol planak” adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopezek.

Ostegunetik aurrera, gaituta egongo dira, udalaren webgunean, bizikideentzako erreserbak egiteko eta jarduera eta kirol planak kontsultazeko aukerak.

Share

Florida Parkearen 200 urteko historian zehar ibilbide originala eta dibertigarria egiten du Udalak editatutako koaderno didaktikoak

Lehen Hezkuntzako 6. mailako geletan eta Adinekoen Zentro Soziokulturaletan banatuko du Udalbatzak, dohainik

 

Florida Parkearen 200. urteurrena Lehen Hezkuntzako 6. mailako geletara eta Adinekoen Zentro Soziokulturaletara gerturatuko du berdegunearen gaineko denbora-pasen koadernoak.  Urteurrena gogoratu eta, aldi berean, modu original eta entretenigarrian hezteko balio du Udalak haren Protokolo eta Komunikazio Zerbitzuaren bidez diseinatu eta editatutako argitalpenak.

Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotziak eta Vicente Perales koadernoaren diseinatzaileak aurkeztu dute lana gaur goizean.  “Haurrei eta adinekoei iritsiko zaie koaderno hau, hiriko birika berde honen 200. urteurrena ospatzen, haren historia zabaltzen eta gozatzen jarraitzeko helburuz”, azaldu du Gasteizko zinegotziak.

Euskaraz eta gaztelaniaz dago koadernoa, eta koloretan inprimatutako 48 orrialde ditu, joko adimentsu eta sortzaile pila batez beteak. 0} Labirintoak, margotzeko marrazkiak, puntuak lotzea, hizki-zopak, sudokuak, gurutzegramak, antzara-joko oso berezia… Dibertsio-olatu bat.

Denbora-pasa bakoitza gertakari historiko batekin, parkearen ezaugarri batekin edo parkearen erabileretako batekin lotuta dago.  Hala, plano historikoak, zuhaitz-espezieak, kioskoa, Errege Godoak, hiritarrek parkea zertarako erabiltzen duten eta harekin lotuta zer ohitura dituzten islatzen duten prentsako kronikek zatiak, gaur egun eremu horretan bizi diren pertsonaia batzuk (Eduardo Dato, Manuel Iradier, Igancio Aldecoa eta Wynton Marsalis) eta Florida Parkearen bi mendeko historiako gertakari garrantzitsuenak jasotzen dituen ‘timeline’ bat agertzen dira argitalpenean zehar. Amaitzeko, koadernoa egiteko erabilitako erreferentziak egiaztatzeko balio duen bibliografia bat txertatu dute: orain dela gutxi berriro ere editatu duten ‘Florida parkea, 200 urteko historia’ liburutik hasi eta Udal Artxibategiko hemerotekan bildutako argitalpen historiko eta artikuluetara.

Gasteizko Udalak 5.000 ale editatu ditu. 2.800 ale hiriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleei banatuko dizkiete. 450 ale, berriz, Adinekoen Zentro Soziokulturaletan banatuko dituzte, Udalak Justo Antonio Olaguibel pertsonaiaren inguruan editatu zuen koadernoarekin egin bezala, Gasteizko adinekoen artean harrera ona izan baitzuen.

Urtean zehar Florida Parkearen 200. urteurrena ospatzeko hainbat jarduera sustatu ditu Udalak: liburuxkak, turismo-jarduerak, ‘Florida parkea, 200 urteko historia’ liburua berriro editatzea, erakusketa bat, plakak jartzea, maitasunaren zuhaitza landatzea… Programazio bete-betea, COVID19ak eragindako pandemia gorabehera.

 

 

Share

500.000 euro bideratuko ditu Gasteizko Udalak itxierak kaltetutako ostalariei laguntzera

Eusko Jaurlaritzarenekin bateragarri izango diren itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen aparteko programa bat prestatzen ari da Ekonomia Sustapenaren Arloa

Ostalarientzako aparteko laguntza-programa berri bat prestatzen ari da Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saila, 500.000 euroko aurrekontuarekin, pandemiaren kalteak arintzeko.

Beste erakunde batzuen laguntzen osagarri izango dira dirulaguntza horiek, eta Eusko Jaurlaritzaren azaroaren 6ko itxiera-dekretuak eragindako establezimendu guztiek eskatu ahal izango dituzte. Gasteizen, 1.300 negozio inguru dira sektore horretan, laguntza berri horiek eskuratu ahal izango dituztenak.

Itzuli beharrik gabeko laguntzak izango dira, eta sektorearen beharrei erantzungo diete. Gastu arruntak estaltzeko baliatu ahal izango dira, hala nola argia, ura, berokuntza, lokalaren alokairu-kuota, hipoteka-kuota —lokala erosi dutenen kasuan—, gestoria-gastuak, aholkularitza, telefonia-gastuak eta beste, baita taberna eta jatetxeetako ohiko zerbitzua emateak sortzen dituen bestelako gastuak ere.

Era berean, laguntzek atzerako eragina izatea adostu da, lokaletan urriaren 25az geroztik sortutako gastuak ordaintzerik izan dadin, orduan ezarri baitzen bigarren alarma-egoera.

Alkateorde eta Ekonomia Sustapeneko zinegotzi Maider Etxebarriak zuzentzen duen udal arloa prestatzen ari den laguntza-programa berri hori hurrengo asteetan argitaratuko da, eta orduan jakingo dira deialdiaren xehetasunak. Ahalegin handia da plan hori Ekonomia Sustapenerako Sailarentzat, ahalik eta gehien erraztuko baitu tramitazioa, eskabideak aurkezteko erraztasunak emate aldera, eta langile gehiago jarri beharko dira, eskabide guztiei erantzuteko.

“Oso kontuan izan ditugu sektorearen eskaerak, aparteko neurri horiek martxan jartzeko orduan. Ahalegin handia ari da egiten saila, lehengoaz gain, baina laguntza-ildo horiek beharrezkoak dira ostalaritza hain egoera kritikoan dagoen honetan”, nabarmendu du Maider Etxebarriak.

Deialdi berri honekin, Gasteiz izango da ostalaritzarako laguntzak eskaintzen dituen lehen euskal hiriburua, Javier Hurtado sailburuak iragarritako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarenen osagarri. Koronabirusaren krisia hasi zenetik, beste ekintzarik ere bultzatu du udal gobernuak, hala nola ekonomia suspertzeko plana (2,7 milioi), terrazak zabaltzea edo tasa eta zergak bertan behera utzi eta atzeratzea.

 

Share

Streaming bidez emango ditu kontzertuak udal bandak, azaroaren 25etik aurrera

Isabel Rubiok zuzenduko du, datorren asteazkenean, ‘Haizea alde’ saioan

Gasteizko Udal Musika Bandak streaming bidez emango ditu kontzertuak azaroaren 25etik aurrera, ‘Jarraitu bandari’ ekimenari esker. Hala iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotziak, gaur goizean egindako prentsaurrekoan.

“‘Jarraitu bandari’ ekimenarekin, publiko zabalago batengana iritsi nahi dugu. Pandemiak eragindako edukiera-murrizpena dela eta, 400 gasteiztar baino ez daitezke joan bandak Principal antzokian egiten dituen kontzertuetara. Neurri horrekin, handitu egingo dugu edukiera, zeharka, denboraldi honetan programatutako hitzordu interesgarriez gozatzeko aukera jende gehiagok  izan dezan”, jakinarazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Udalaren webgunearen bitartez jarraitu ahal izango dira saioak, esteka honetan.

Gainera, emanaldiak burutzen direlarik, edozein unetan berreskuratu ahal izango dira, grabazioak Youtuben geratuko baitira. “Horrela, Gasteizko Udal bandaren lana, klik bakar batekin, munduko edozein lekutatik ikusi ahal izango da”, gaineratu du Cantok.

Era berean, kontzertuen audioa eskainiko du Radio Vitoriak, Udal bandako zuzendari Luis Urduñak proposatutako errepertorioekin gozatzeko aukera izan dezaten entzuleek.

Azaroaren 25ean, asteazkenez, Principal antzokian izango den udal bandaren bigarren abonamendu-kontzertua aurkezteko prentsaurrekoan izan da Urduña, zinegotziarekin batera. Isabel Rubiori utziko dio zuzendari-makila zuzendariak —prentsaurrekoan izan da hura ere—, ‘Haizea alde’ emanaldian banda zuzendu dezan.

“Emakumeek musikan jokatzen duten papera nabarmentzeko garaia da. Hori dela eta, emakumezko orkestra-zuzendari gonbidatu bat izango dugu, lehenengo aldiz. Isabel Rubio, Vigo 430 orkestrako eta Granadako Gazte Orkestrako zuzendari laguntzailea, Estatuko eta Europako musika-zuzendari gazte nabarmenen artekoa dugu”, azaldu du Luis Urduñak.

“Curriculum ikaragarria du, eta bere dohainek guztiz egokia bihurtzen dute, kontzertu honetan gurekin aritzeko. Zailtasun handiko errepertorioa ekarri digu, interes handikoa, musikarientzat nahiz entzuleentzat”, gaineratu du.

Isabel Rubiok adierazi duenez, “artea, oro har, eta musika, bereziki, beti izan dira babesleku eta adierazpide gizakiarentzat. Emozioak areagotzen ditu musikak, paisaiak eta oroitzapenak iradokitzen; kausa komun baten ereserki izan liteke. Balia dezagun tresna zoragarri hau, Gasteizko Udal Musika Banda, baikortasunari eta alaitasunari ateak irekitzeko, garai nahasi hauetan.”

María José Belenguerren ‘Las Carboneras del Nalón’ eta Amando Blanquerren ‘Entornos’ lanak barne hartzen ditu egitarauak, Gasteizko Udal Musika Bandak lehenengo aldiz joko dituen piezak. Errepertorioa osatzeko, Alfred Reeden ‘Curtain Up!’, Mark Camphousen ‘A Movement for Rosa’ eta Johan de Meijen ‘Songs from the Catskills’.

“Udal bandaren bigarren abonamendu-kontzertuaz, ‘Haizea alde’ honetaz gozatzera animatzen ditugu gasteiztarrak, dela zuzenean, Principal antzokian, dela internet bidez”, adierazi du Estibaliz Cantok.

Isabel Rubiori buruz

Orkestra zuzendari murtziarra, gaur egun Vigo 430 orkestraren eta Granadako Gazte Orkestra Sinfonikoaren zuzendari laguntzailea. 2018/19 denboraldian Valentziako orkestrako zuzendari laguntzailea izan zen. Espainiako Gazte Orkestra Nazionala, Valentziako Erkidegoko Orkestra Federala, Sine Tempore Ganbera Orkestra eta Madril, Bilbo, Alacant, Pontevedra eta Santiagoko udal bandak zuzendu ditu.

San Pedro del Pinatar eta Santomerako banden zuzendari titularra izan zen, Murtzian, eta Lalíngo bandarena, Pontevedran.  Brussels Philarmonic Orchestrako eta Tournaiko Chapelle Musicaleko kidea izan zen, Belgikan, eta Murtziako Eskualdeko Orkestra Sinfonikokoa.

Irabazle izan zen Alacanteko Orkestra Zuzendaritzako I. Lehiaketan, Villena Hiriko Nazioarteko I. Zuzendaritza Lehiaketan eta Bilboko Orkestra Zuzendaritzako I. Topaketetan. Era berean, ohorezko aipamena eta lehen saria jaso zituen Kartagenako VI. eta X. ‘Concurso de Música Entre Cuerdas y Metales’ lehiaketetan. Atzerrian, hainbat zuzendaritza-lehiaketatan izan da hautatua: Frantzian (Besançon), Portugalen, Alemanian, Holandan eta Italian, non ‘Guido Cantelli’ Nazioarteko XI. Sarian finalerdira iritsi baitzen.

Ospe handiko jaialdietan zuzentzen du, hala nola Cuencako Erlijio Musikaren Asteko Nazioarteko Jaialdian, Valentziako Orkestraren Konposizio Topaketetan, Portugaleko Ourearte Music Festen, CullerArts Nazioarteko biolin Lehiaketan eta Malagako Nazioarteko Zinema Jaialdian.

Hurrengo konpromisoen artean, hauek ditu: Espainiako Gazte Orkestra Nazionalean Lucas Macíasen laguntzailea aritzea eta Castellóko Gazte Orkestra Sinfonikoa eta Murtziako Eskualdeko Orkestra Sinfonikoa zuzentzea, gonbidatu gisa.

Informazio gehiago

 

 

Share

‘Déjà vu’ ikuskizunarekin inauguratuko da, igandean, Eguberrietako denboraldia, Principal antzokian

Salgai daude, dagoeneko, familientzako ikuskizun horretarako sarrerak, ohiko lekuetan

 

Datorren igandean, azaroak 29, inauguratuko dute Gasteizko antzokiek Eguberrietako denboraldia, Manolo Alcántararen konpainiaren ‘Déjà vu’ ikuskizunarekin —bigarren ikuskizuna dute, ‘Rudo’ren ondoren—.

Berriro ere, protagonismo berezia bereganatzen du eszenografiak. Etengabe eraikitzen ari zen espazio bat bazen orduan, oraingo honetan, berriz, protagonistak —Kafkaren ipuin bateko gizon arrunta, errutinak gogaitua— ezinezko abenturak amesten dituen markoa izango da. Gurearen antzeko unibertso oniriko bat, non objektuek ezinezko neurriak hartzen dituzten, izan behar luketen baino handiagoak edo txikiagoak diren.

Oso ikuskizun bisuala da; lausotu egiten dira errealitatearen eta fantasiaren arteko mugak. Ahotsak eta biolinak sortutako soinu-unibertsoak —errepikakorra, bizia, alaia— pertsonaiaren dualtasuna nabarmentzen du. Unibertso oniriko batera eramango gaitu. Ikuskizun bereziki iradokitzailea, ausarta eta liluragarria da… umore finez josia.

“Antzerki fisikoarekin mugakide den eta beste diziplina batzuetan, hala hola txotxongiloetan eta proiekzioetan, oinarritzen den zirku pertsonal honek lilura ditzan uztera animatzen ditugu familiak. Jakin-mina, intuizioa eta gauzak modu berezian azaltzeko gogoa dira eragile bertan”, adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Manolo Alcantarak sortua da antzezlana, eta berak zuzenduko du, baita agertokira igo ere, Laia Rius, Andreu Sans eta Silvia Compterekin batera.

18:00etan izango da emanaldia, Principal antzokian, behar diren segurtasun-neurriekin. 6 urtetik gorako ikusle ororentzat. Sarrerak dagoeneko salgai daude, leihatilan, telefonoz edo Udalaren webgunean. 9 euro balio dute.

Beste hitzordu batzuk

Era berean, salgai daude sarrerak Korrontzi & Xabier Amurizaren emanaldirako —abenduaren 30ean izango da, Principal antzokian—. Izaroren kontzertuko sarrerak, berriz, agortuta daude dagoeneko.

Udalaren Antzoki Sarearen Eguberrietako programazioko gainerako ikuskizunetarako sarrerak abenduaren 1ean jarriko dira salgai, 10:00etan, ohiko lekuetan.

Informazio gehiago

 

 

Share

Autobus zerbitzu berezi berriek TUVISAko lineak indartuko dituzte puntako orduetan eta beharren arabera

TUVISAk zerbitzuak indartu ditu berriro, nahiz eta bidaiarien eskaria % 50ekoa izan, aurreko urtekoaren aldean. Eskariaren % 80 biltzen duten 2., 4., 5., 6. eta 7. lineetan lanegunetako maiztasunak % 100era igo ondoren, lau zerbitzu berezi berrik errefortzu-lanak egingo dituzte datorren astetik aurrera, puntako orduetan, TUVISAko presidente Raimundo Ruiz de Escuderok gaur jakinarazi duenez. Lehendik une jakinetan errefortzu-lanak egiten zituzten goizeko bost autobus bereziei eta arratsaldeko lauei gehituko zaizkie lau ibilgailu horiek, Jundizeko zerbitzuaz edo bestelako ordezkapenez gain. Lehen orduan eta eguerdian ibiliko dira lau autobus berriak, garraio konpainiako ikuskatzaileek antzemandako beharren arabera.

Ruiz de Escuderok gogorarazi duenez, TUVISAko teknikariek egunero kontrolatzen, aztertzen eta diagnostikatzen dute garraio publikoaren zerbitzuaren egoera, Gasteizen hautemandako garraio-premien eta udal-enpresak dituen bitartekoen arteko oreka lortzeko. “Eskaintzak, oro har, eskariak baino ehuneko 25-30 puntu gorago jarraitzen du”, azaldu du.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak azpimarratu duenez, 140.000 euro baino gehiago inbertitu ditu TUVISAk Covid-19ari aurre egiteko ekintzetan —norbera babesteko ekipamenduak, garbiketa-produktuak, desinfektatze-lanak, eguneroko garbiketa indartu eta areagotzea, segurtasun-manparak eta beste—.

Share

6.660 pertsona joan dira Montehermoso kulturunera World Press Photo 2020 erakusketa ikustera

Erakusketa egokitu egin behar izan da pandemiak eragindako neurrietara

Guztira 6.660 pertsona joan dira World Press Photo 2020 erakusketa ikustera; Gasteizko Montehermoso kulturuneko ur biltegian egon da ikusgai, urriaren 16tik azaroaren 15era.

Pandemia dela eta, Gasteizko erakusketa osasun-agintariek ezarritako neurrietara egokitu behar izan da, esaterako jende kopuruaren mugara eta mugikortasunaren arloko murrizketetara.

Hala ere, bisitari kopurua –6.660 pertsona– ona izan da antolatzaileentzat. “COVID-19aren egoera izan arren, gasteiztarrak urteko irudirik zirraragarrienak ikustera bertaratu dira Montehermosora” azpimarratu du Gasteizen World Press Photo-ren sustatzaile den Paco Valderramak.

2021eko edizioa

Duela 18 urtetik  etenik gabe ikusi ahal izan da World Press Photo Gasteizen; hurrengoan ere leku berean jarriko da, Montehermosoko ur-biltegian, urriaren 15etik azaroaren 14ra.

Share

Udalak 230.000 euro emango dizkie hiriko guraso elkarteei  

Gasteizko Udaleko Gobernu Batzarrak Gasteizko ikastetxeetako gurasoen elkarteentzako laguntzak onetsi ditu gaur, 233.399,98 euro, zehazki.

Guraso elkarteek eta irakaskuntza kooperatibek 2020-2021 ikasturtean ikasle eta familientzako hezkuntza jarduerak antolatzen laguntzea da deialdiaren helburua, horiek sortutako gastuen finantzaketari ekarpena eginez.

 “Bereziki azpimarratu nahi ditut COVID-19ak sortutako osasun-krisialdiaren kudeaketak ikasle eta familiengan eragin dituen beharrekin lotutako jarduerak”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok. “Haiek hezkuntza esparruan eta hezkuntza komunitatearen osaeran duten esku-hartzea sustatu nahi da, jarduera horiek eragin garrantzitsua baitute ikasleen prestakuntza osoan eta, beraz, eskola arrakastan“, erantsi du.

Hurrengo zerrendan zehazten da zein elkarte izan den onuradun eta zein zenbateko onartu den bakoitzarentzat:

  • AMPA OIHAN  GE: 4.361,10 euro
  • AMPA BAMBI- LANDAZURI  GE: 3.713,28 euro
  • AMPA MALIZHAEZA  GE: 6.411,95 euro
  • AMPA ZADORRAKO ZUBIA GE: 3.087,50 euro
  • AMPA IKASBERRI  GE: 3.511,80 euro
  • AMPA ALDAIABERRI  GE: 3.009,46 euro
  • AMPA IZARTEGIA  GE: 7.500,00 euro
  • AMPA ZURIBER  GE: 6.317,81 euro
  • AMPA DIMACIP  GE: 5.502,56 euro
  • AMPA ERREKABARRI EGUZKIA GE: 7.500,00 euro
  • AMPA IBAIKIDE  GE: 5.256,41 euro
  • AMPA EL POLVORIN GE: 5.942,92 euro
  • AMPA EGUZKILORE  GE: 4.325,72 euro
  • AMPA JAKINTZA  GE: 4.372,42 euro
  • AMPA MARITURRI   GE: 4.675,30 euro
  • AMPA CERVANTES GE: 6.517,96 euro
  • AMPA NIÑO JESUS GE: 2.952,73 euro
  • AMPA EL LAGO  GE: 5.906,85 euro
  • AMPA EHARI  GE: 4.044,18 euro
  • AMPA BASARTEA –  RAMON BAJO GE: 3.135,53 euro
  • AMPA AINTZIRA-SENIDEAK  GE :5.020,88 euro
  • AMPA SAN MARTÍN  GE: 7.500,00 euro
  • AMPA OLAITU GE: 5.142,30 euro
  • AMPA BEATO TOMÁS DE ZUMÁRRAGA  GE: 4.237,66 euro
  • AMPA LEKUEDER  GE: 5.985,62 euro
  • AMPA UMANDI  GE: 3.952,12 euro
  • AMPA NCLIC GE: 1.862,62 euro
  • AMPA ARMENTXO GE: 5.186,38 euro
  • AMPA SAN JOSE DE CALASANZ  GE: 6.564,74 euro
  • AMPA CARMELITAS SAGRADO CORAZON  GE: 3.455,76 euro
  • AMPA HOGAR SAN JOSE GE: 2.324,28 euro
  • AMPA  NAZARETH  GE: 2.014,73 euro
  • AMPA MERCEDARIAS GE: 4.155,62 euro
  • AMPA OLABIDE GE: 4.403,80 euro
  • AMPA MADRE PAULA MONTAL GE: 2.312,28 euro
  • AMPA CORAZONISTAS  GE: 5.996,98 euro
  • AMPA LUIS QUERBES GE: 3.617,21 euro
  • AMPA PEDAGOGICA SAN PRUDENCIO GE: 7.500,00 euro
  • AMPA AMPACI – COLEGIO INMACULADA GE: 2.198,86 euro
  • AMPA MARIANISTAS GUILLERMO CHAMINADE GE: 3.972,13 euro
  • AMPA PADRE ARRUPE JESÚS OBRERO GE: 3.510,47 euro
  • AMPA MANUEL ZALDIVAR  GE: 2.169,51 euro
  • AMPA ITURRIBERO GE: 3.910,75 euro
  • AMPA SAMANIEGO  GE: 7.500,00 euro
  • AMPA AUZO AMETZA GE: 5.998,92 euro
  • AMPA  EKIALDERANTZ  GE: 3.745,30 euro
  • AMPA BASTOBI  GE: 3.775,99 euro
  • AMPA ERDIZKA GE: 5.517,24 euro
  • AMPA HERRANDARRAK GE: 4.160,96 euro
  • AMPA ETORKIZUN ALEA GE: 4.401,77 euro
  • AMPA MENDIBE GE: 3.259,62 euro

Guztira: 233.399,98 €

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share