Prentsa Oharren banner

Azaroaren 1etik aurrera, berriro zabalduko dira gizarte-etxeetako gela irekiak

  • Interesdunek dagoeneko eman dezakete izena, eta lehenengo aldiz herritarren udal txartela baliatu ahalko da zerbitzua erabiltzeko

Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak iragarri duenez, azaroaren 1ean berriro zabalduko du hiriko gizarte-etxeetan eskaintzen duen Gela Irekien zerbitzua.

Gela Irekiak edozein pertsonaren eskura daude jarduera artistikoren bat garatzeko, zaletasunagatik edo prestakuntzaren osagarri gisa. Praktika artistikorako espazioak dira, ez ikaskuntzarako; beraz, erabiltzaileek modu autonomoan garatzen dute beren jarduera, begirale edo irakaslerik gabe.
Osasun-larrialdiko egoerak gela horiek ixtera bultzatu zuen, erabilera libreko espazioak izanik ezin baitzen bermatu COVID-19aren kontrako prebentzio-neurriak beteko zirela, hala nola seguritate-distantzia, maskaren erabilera edo espazioen eta materialen higiene egokia.

Orain, osasun-bilakaerak neurri handi batean normaltasunetik gertu dagoen egoera batera itzultzea ahalbidetu duenean, Gela Irekiak berriro zabalduko dira. “Oso pozgarria da zerbitzua berriro eskaini ahal izatea, pintura, zurgintza, joskintza, zeramika, eskulanak eta abar gustuko dutenek horretaz gozatzerik izan dezaten… Beste aurrerapauso bat izango da normaltasun berrirantz, berritasun garrantzitsu bat eginda: interesdunek gizarte-etxeetan eman ahalko dute izena, txartel berezirik eskatu beharrik gabe, horren ordez Herritarraren Udal Txartela (HUT) gaitu ahalko baitute ikasgeletara sartu ahal izateko”, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

2021-22 denboraldirako (azaroaren 1etik uztailaren 15era) zabalik dago jada gizarte-etxeetan izena emateko epea; 13 euroko kuota ordaindu behar da edozein espezialitatetako gela irekia erabili ahal izateko gizarte-etxeetan, ezarritako ordutegien barruan.

Informazio gehiago

 

Share

Udalak ia 6 milioi inbertituko ditu datozen hiru urteetan gizarte-etxeetako aisialdi eta denbora libreko jardueretan

Borja Rodríguezen ardurapean dagoen Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak proposaturik, Aldabe, Landatxo, Iparralde, Judimendi, Arana, Hegoalde, Ariznabarra, Pilar, Arriaga, Lakua, Abetxuku, Ibaiondo, Salburua eta Zabalganeko gizarte-etxeetako aisialdi eta denbora libreko zerbitzuak kontratatua Ludoland SL enpresari esleitzea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak.

Kontratuak (6.060.903,41 eurokoa baita) baitan hartzen ditu ludoteken, ludokluben, kanpoko jolas-jardueren, eta Ibaiondo, Pilar, Salburua eta Zabalganeko gizarte-etxeetan elkartze-areto gisa dauden lau kafetegien funtzionamendurako giza baliabideak eta baliabide materialak. Aisialdiko eskaintzan baliabideak optimizatzeko helburuak betetzen ditu proposamenak, eta jarduerak modu koordinatuan konektatu gizarte-etxeen sareko jarduera-ildoekin, Udalaren zeharkako planen eta plan estrategikoen nahiz garapen iraunkorreko helburuen arabera, aisialdiko eskaintza erronka horretan laguntzeko tresna bihurtzeko.

2021eko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra arte iraungo du kontratuak, eta gehienez beste bi urtez luzatu ahal izango da.

 

 

Share

Hemen da udaberria “Poesiak jota dago Hegoalde” ekimenaren eskutik

Gizarte-etxeak herritarrak gonbidatzen ditu bertsoak eta kantak bidaltzera, haiekin San Kristobal auzoa janzteko.

 

Hegoalde gizarte-etxeak beste ekimen bat proposatu du udaberri honetarako: “Poesiak jota dago Hegoalde”. Elkarlaneko jarduera poetikoa da, eta helburu du gizarte-etxea eta san Kristobal auzoko beste komunitate- eta elkarte-eremu batzuk olerkiz eta kantez betetzea maiatzean.

Horretarako, apirilean gonbidatzen ditu hala nahi duten guztiei parte har dezaten, eta olerki edo kanta bat bidal dezaten posta elektronikoz hegopoemak@vitoria-gasteiz.org helbidera, edo, bestela, bertako instalazioetan jarritako postontzian utzi.

Testuak norberak eginak zein beste norbaitenak izan daitezke. Ildo horretan, udal-sareko liburutegietako langileek literatura-aholkuak emango dituzte olerki interesgarriak aurkitzeko haien apalategietan dauden liburuen artean.

“Gabriel Zelaiak esan zuen bezala, “Etorkizunez kargatutako arma da poesia”… eta hala, jarduerarekin lortu nahi dugu minutu batzuk ematea poesian oinarrituta etorkizunari buruz pentsatzen. Pandemia-garaietan jendea animatzeko errezeta eraginkorra da”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura Saileko zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Informazio gehiago

Share

Auzo Eszenak 8 ikuskizun eskainiko ditu otsailetik maiatzera bitartean

Sarrerak otsailaren 17tik aurrera erosi ahalko dira gizarte etxeetan eta internet bidez

 

Auzo eszena programaren denboraldi berriak 8 ikuskizun eskainiko ditu Gasteizko gizarte-etxeetan otsailaren 28tik maiatzaren 30era.

Programa honen bitartez, Gasteizko talde ez profesionalei aukera eman nahi diegu beren lanak jendaurrean aurkezteko, eta, halaber, gizarte etxeetako eszena espazioen aprobetxamendua areagotu eta arte eszenikoak lantzen dituzten bertako taldeei lanak aurkezteko agertoki finko eta egonkorra eskaini nahi diegu” adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Umorea, antzerkia, magia, bakarrizketak, komedia musikalak eta abar izango dira otsailetik maiatzera bitartean, haur, familia, gazte zein helduentzat. Ikuskizunetako hiru Covid 19a dela eta bertan behera geratutako programaziotik berreskuratu dira.

Pandemia dela eta, areagotu egin dugu tokiko ehuna zaintzeko ahalegina, mantendu egin ditugularik dirulaguntzak, hitzarmenak eta Auzo Eszena bezalako programak, oso garrantzitsuak baitira gure hiriko konpainientzat” gaineratu du Cantok.

Igandean eskainiko dira, Arana, Aldabe, Ariznabarra, Arriaga, Salburua eta Zabalganeko gizarte-etxeetako ekitaldi aretoetan.

Otsailaren 28an Las Mil y Una konpainiaren ‘Viajando a través de la música y la poesía’ ikuskizunak emango dio hasiera programari, Aldabeko gizarte-etxean.

Martxoan bi ikuskizun izango dira. 14an, Imperfeccionismo Mágico taldearen ‘Cuatro micrófonos y algo más’, Ariznabarreko gizarte etxean; 28an, Artekoren  ‘Madré coraje y sus hijos’, Arriagako gizarte etxean.

Apirilaren 18an, Los Criscípulos taldeak ‘Furia’ lana eskainiko du Salburuko gizarte-etxean.

Amaitzeko, era askotako lau ikuskizun izango dira. Maiatzaren 9an, ‘Hasta los tacones’ lana eskainiko du Pánico Escénico taldeak Zabalganeko gizarte-etxean; Hilaren 16an, Pro-ismoren txotxongiloen ‘El zapateado más breve del mundo’ lanarekin atsegin hartu ahalko da Aldabeko gizarte-etxean.

Maiatzaren 23an, Juango Monagok ‘Relatos Inesperados’ bakarrizketa eskainiko du Araneko gizarte etxean, eta, maiatzaren 30ean, ‘Compuesta y sin Mario’ lana aurkeztuko du Sin Querer Teatro konpainiak Zabalganeko gizarte-etxean.

Horiek dira Auzo Eszena programak otsailetik maiatzera eskainiko dituen 8 lanak. Urritik abendura beste zortzi izango dira,

Emanaldi guztiak igandeetan izango dira, 19:00etan hasita, eta zorrotz beteko dira covid-19aren aurkako araudiak unean-unean ezartzen dituen osasun-neurri guztiak.

Otsailaren 17an jarriko dira sarrerak salgai gizarte etxe eta kirol-instalazio guztietan -pilotalekuetan izan ezik- zein internetez, emanaldia hasi baino ordubete lehenagora arte. Sarrerek 3 edo 5 euro balioko dute.

AUZO ESCENA PRIMAVERA 21-programa

AUZO ESCENA kartela

 

 

 

Share

Astelehenean, hilak 26, hasiko da azaroko kultur ikastaroetan izena emateko epea

Gasteizko gizarte-etxeek jarduera artistikorako 151 proposamen berri eskaintzen dituzte.

 

Datorren astelehenean, urriak 26, irekiko da Gasteizko gizarte-etxeetako azaroko jarduera artistikoetarako izena emateko epea.  Izan ere, aurten, COVID-19a dela eta, hilabetez hilabete programatu dira lantegiak.

“Urriko balantzea oso ona da, eskainitako ikastaroen ehuneko 99a egin dugu. Horrek argi uzten du gasteiztarrek aisialdi hezitzaileko jarduerak berreskuratu nahi dituztela “ adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Hainbat jarduera artistikoren hastapenekin lotutako 151 proposamen berri prestatu dira azarorako: antzezte arteak, artisautza, dantza eta musika, marrazketa eta pintura, irudi eta argazkigintza….. Adin guztietako jendearentzako jarduerak.

Ikastaroak osasun-egoera berrira egokitu dira, eta hainbat prebentzio-neurri hartu: ikastaroko leku kopurua murriztea, pertsonen arteko tartea mantentzea, maskara erabiltzea, materialak eta tresnak desinfektatzea, klaseen artean denbora izatea….

Gizarte etxe eta kirol instalazio guztietan eman daiteke izena, baita udalaren webgunean ere.

Share

409 ikastaro egokitu eskainiko dituzte gizarte-etxeek urrian, eta hilekoa izango da programazioa

  • 18.110 leku eskainiko dira, eta ez da zozketarik egingo izena emateko —irailaren 1ean hasiko da izen-ematea—

  • Murrizketak izango dira, eta edukiera-kontrolak, eta desinfektatu eta aireztatu egin beharko da ikastaroen artean

Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Saileko zinegotzi Borja Rodríguezek aurkeztu du, Iñaki Gurtubai alkateordearekin batera, Gasteizko gizarte-etxeen sarearen 2020-2021 kanpainako jarduera eta ikastaroen programa, gaur goizean. Martxoan erabat itxi ziren instalazio horietako zerbitzuak pixkanaka berriro irekitzeari ekin ondoren, krisialdi sanitariora egokitu dute udal sailek programazioa —kultura-, hezkuntza-, kirol-, osasun- eta gizarte-jarduerak—.

“Gizarte-etxeen sarea funtsezkoa da gasteiztar askorenentzat, berebiziko garrantzia dute beren bizitzan hurbileko ekipamendu eta zerbitzu horiek. Erronka handia izan da programazioa egokitzea, segurua izan dadin, eta zuhurtzia handiz jokatu da. Udal teknikarien ahaleginari esker lortu da. Kultura-, hezkuntza-, kirol- eta gizarte-eskaintza zabala izango da. Nolanahi ere, erabiltzaileei eskatu beharra daukagu arauak zorrotz bete ditzatela”, nabarmendu du Borja Rodriguezek.

Pandemiaren beste agerraldirik egokituz gero bizkor erreakzionatu ahal izateko, ikastaro gehienek hilabeteko iraupena izango dute. Izena emateko iraileko lehenengo txandan, guztira 18.110 leku eskainiko dira, 409 jardueratarako. Aurten ez da argitaratuko informazio-liburuxka, aurreko urteetan bezala. Zerrenda, ordea, eskuragarri dago dagoeneko Udalaren webgunean, eta gizarte-etxeetan bertan ere ikusgai jarrita egongo da.

Era berean, ez da zozketarik egingo lekuak banatzeko. Irailean hasiko da izen-ematea, eta lehenengo bi egunetan online eta 010 telefonoaren bidez bakarrik egin ahal izango da. Horretarako, indartuko egingo da telefono bidezko arreta. Izena eman ondoren, gizarte-etxeetara joan ahal izango da ordainketa egitera, webgunean bertan egin ez bada; baita libre geratu diren jardueretan izena ematera ere.

Prebentzioari dagokionez, neurri espezifiko ugari hartu dira eta hartuko dira, hala nola, edukiera edo zirkulazioa kontrolatzea eta desinfektatzea. Gizarte-etxeetara sartzeko, indarrean dauden arau sanitarioak bete beharko dira, orain bezala: maskara nahitaez erabili, distantziak mantendu eta eskuak maiz garbitu. Gainera, ikasleek edo begiraleek, saioa bukatzean, hamar minutuz lan-eremua desinfektatzen jardun dezatela erabaki ahal izango da. Halaber, jarduera batetik bestera gutxienez 15 minutuko tartea utziko da, sarrera eta irteeretan gurutzea ekiditeko eta lekuak aireztatzeko. Horrez gain, kirol jardueretan nahitaezkoa izango da banakako toalla eta ur botilatxoa erabiltzea, eta kaleko oinetakoak kendu eta kirol oinetakoak janztea.

Murrizketa guztiak gorabehera, eskaintzak eutsi egiten dio herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten aisialdi-ohitura osasungarriak sustatzeko helburuari.

Prezioei dagokienez, % 40ko murrizketa izango dute abonatuek, euskara-ikastaroetan izan ezik, horiek beste murrizketa-irizpide batzuk baitituzte. Era berean, langabezian daudenek % 15eko murrizketa gehigarria izango dute.

Izen-ematea

Gaurtik bertatik kontsulta daiteke jardueren eskaintza Udalaren webgunean, eta hauek izango dira izena emateko epeak:

  • Irailaren 1etik 6ra bitartean, aurreko urteko ikasleek eman ahal izango dute berriro izena euskara-ikastaro berean.

  • Irailaren 1etik 9ra bitartean, aurreko urteko ikasleek eman ahal izango dute berriro izena igeriketa-ikastaro berean.

  • Gainera, irailerako bakarrik izango den kirol-eskaintza egiten da —izena emateko epea irailaren 1ean hasiko da—.

  • Irailaren 7an, gainerako ikastaro guztietarako izen-ematea irekiko da.

  • Irailaren 14an Xtrakluberako izen-ematea hasiko da.

77 kirol-jarduera

Datorren ikasturteko kirol-programazioari dagokionez, eskaintzaren baliorik handietako bat aniztasuna dela nabarmendu du Iñaki Gurtubai alkateordeak: 77 jarduera desberdin eta 9.560 leku izango dira guztira, urrian, azaroan eta abenduan. Aniztasuna, modalitateak kontuan hartzen badira, baina baita nori zuzenduta dauden kontuan hartzen bada ere:

• 1.377 leku haurrentzat.

• 205 leku gazteentzat.

• 6.069 leku helduentzat.

• 230 leku edozein adinetakoentzat (jarduera irekiak).

• 1.639 leku adinekoentzat.

• 40 leku familientzat.

Aurreko urteetakoen aldean, hainbat diziplina berri izango dira, hala nola ibilaldi aktiboa eta teknologia (jarduera fisikoa eta aplikazio mugikorren erabilera konbinatuko dituzte adinekoek), jarduera fisikoa eta zentzumenen memoria (60 urtetik gorakoak estimulazio kognitiboko lantegira joango dira, bost zentzumenak berreskuratzeko eta garuna aktibatzeko), jarduera fisikoa eta mindfulnessa (hori ere adinekoei zuzendua) eta cross training modalitateak, hainbat adinetakoentzat.

“Programazio hau testuinguru erabat berrian antolatu behar izanak ekarri digun zailtasuna gorabehera, orain arte ez bezalako segurtasun-jarraibideak bete beharra baitago, eta ikastaroak eta lantegiak egoera aldakor honetan diseinatzeak ekarri duen ziurgabetasuna gorabehera, teknikariek egin duten ahalegina eta eskaini dioten denbora eskertu nahi ditut. Beste urte batez, kalitateko eskaintza dugu, kirola eta osasuna batzen jarraitzeko aukera emango baitigu, hain zuzen ere, osasunak inoiz baino garrantzi handiagoa duen honetan”, adierazi du Iñaki Gurtubaik.

49 kultur ikastaro

Udalaren urrirako kultur eskaintzaren barruan, jarduera artistikorako hastapen-ikastaroak daude. Guztira, 149 ikastaro eskaintzen dira, 87 espezialitatetan, haur, gazte eta helduei zuzenduta. Guztira, 1.838 leku. Ikastaroen iraupena murriztearen ondorioz, moldatu egin da edukia, proiektu artistiko jakinetara edo trebetasun artistiko zehatzetara egokituz, eta hilean 4 edo 5 saiotan landuko dira horiek.

Bestalde, Udalaren Liburutegi Sareak irakurketa sustatzeko jarduera ugari eskainiko ditu, hala nola haur eta helduentzako ipuin-kontaketak, solasaldiak, liburu-aurkezpenak… Irakurketa erraza lantzeko irakurketa-klub bat ere jarriko da martxan, irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzenduta. Gainera, liburutegi-sareak berak eskainiko ditu behar diren liburuak.

Ludoteken eskaintza; familiak eta adinekoak

Urrian, halaber, gizarte-sustapeneko 156 jarduera eskainiko dira; gutxi gorabehera, 1.879 leku. Herritar orori zuzendutako jarduerarik ere izango da. Guztira, 22 jarduera izango dira, eta 346 leku: biodantza, ongizaterako topaketak, bindfulness eta abar.

Era berean, eutsi egingo zaio haurrei eta familiei zuzendutako jardueren eskaintzari. Guztira, 67 jarduera eskainiko dira, eta 789 leku. Arlo horretan, motibazioa eta ikasteko ohiturak lantzen dituzten jarduerak mantentzen dira, baita sozializazio-prozesua, emozioen adierazpena eta haurren ongizatea bultzatu nahi dituzten beste jarduera batzuk ere. Ludoteka eta ludoklubetan ere irekiko da izena emateko epea. 143 txanda eskainiko dira, 1.951 leku, 11 urte arteko haurrentzat.

Familiei eta gurasoei seme-alaben hezkuntza-prozesuan laguntzeko jarduerak ere sartzen dira eskaintzan. Halaber, Senidegune programa, zeinen bitartez 3 urte arteko eta 4 eta 6 urte bitarteko haurren gurasoen hezkuntza-lanean laguntza ematen baita. Bilobak zaintzen dituzten aitona-amonei eta haurdun dauden emakumeei eta horien bikotekideei ere zuzentzen zaie.

Eta, azkenik, adinekoen sektoreari zuzendutako jarduerak mantentzen dira, guztira 32 jarduera eskaintzen baitira, 418 leku. Bereziki, gaitasun kognitiboak hobetzen laguntzen duten jarduerak dira, zahartze-prozesu positiboa bultzatzen dutenak. Eskaintza horri guztiari, gainera, adinekoen zentro soziokulturalen jarduera-eskaintza zabala gehitu behar zaio: 234 talde, guztira 2.692 leku.

Share

Gizarte etxeetako ludoklub eta ludotekek jarduerak eskainiko dituzte ekainaren 29tik aurrera, 3 astez, txandakako sistema bidez.

 

  • Jolasaren bidez txikien mugimendua, adimen emozionala eta sozializazioa sustatzea dute xede.
  • 168 txanda egongo dira, adinen araberako hiru kategoriatan, 2.172 pertsonari arreta emateko.

Gasteizko gizarte etxeetako ludoteka eta ludokluben sarea ekainaren 29tik uztailaren 17ra bitartean zabalik egongo da eta udako jarduerak eskainiko ditu, konfinamenduaren ondoren txikiak jolasaren inguruan elkartu eta atsegin hartzeko. Jolasa – haurren ikaskuntza eta garapenerako jarduera naturala– mugimendua, adimen emozionala eta sozializazioa bultzatzeko lanabes izango da. Orobat, egunerokoan covid-19a prebenitzeko hezkuntza ere landuko da.

Ludoklub eta ludotekak jarduera eskaintza anitza eskainiko dute astelehenetik ostiralera, hiru txandatan, adinaren arabera banatuta. Zehazki, 168 txanda izango dira, eta 2.172 haur hartu ahal izango dituzte.

Jarduera-programa honen bitartez, haurren arteko aisialdia berreskuratzeko aukera eman nahi diegu Gasteizko haurrei, eta hilabete hauetan alde batera utzi behar izan duten sozializaziori ekiteko berriz, baina prebentzioz jakina. Prebentzioa ahalik ondoen zaintzen saiatuko gara, taldeak murriztuz, txanda sistema ezarriz, aire zabaleko jarduerak lehenetsiz eta hainbat higiene-neurri hartuz” adierazi du gizarte etxeen zinegotzi Borja Rodriguezek.

Aste bakoitzean txanda bakar batean eman ahalko da izena, eta hiru txanda-mota egongo dira. Batetik TXIKI. 125 txanda izango dira 2015-2011 urteetan jaiotakoentzat, hau da ludoteketan egoteko adina dutenentzat (4-8 urtekoak, jaiotzaren urtea eta hilabetearen arabera). Honako gizarte etxeetan eskainiko da: Aldabe, Pilar, Iparralde, Ibaiondo, Arriaga, Lakua, Hegoalde, Ariznabarra, Arana, Salburua eta Zabalgana. Goizeko ordutegia izango du. 9:15etik 9:30era harrera mailakatua egingo da (lau ume sartuko dira 5 minuturo). 9:30etik 13:15era jarduera egingo da. Azkenik, 13:15etik 13:30era irten egingo dira, sartzeko sistema berbera erabilita.

Bestetik, HANDI. 30 txanda 2010-2007 urteetan jaiotakoentzat, hau da, ludoklubean egoteko adinekoentzat (9-12 urte bitartekoak). Ibaiondo, Lakua, Salburua eta Zabalganeko gizarte etxeetan eskainiko dira. Goizeko ordutegia izango dute, eta ludoteketako jarraibide berberak. 9:15etik 9:30era harrera mailakatua egingo da (lau ume sartuko dira 5 minuturo). 9:30etik 13:15era jarduera egingo da. Azkenik, 13:15etik 13:30era irten egingo dira, sartzeko sistema berbera erabilita.

Azkenik FAMILY. 13 txanda egongo dira 2016-2013 urteetan jaiotakoentzat (3-6 urte bitartekoak jaiotzaren urtea eta hilabetearen arabera), eta adingabe bakoitzeko heldu batentzat. Arriaga, Ibaiondo, Iparralde, Hegoalde, Lakua, Salburua eta Zabalganeko gizarte etxeetan eskainiko da. Kasu honetan, arratsaldeko ordutegia izango du. Zehazki, 17:15etik 17:30era harrera mailakatua; 4 familia bost minuturo. Jarraian jarduera, 17:30etik 19:15era, eta azkenik irteera mailakatua (4 familia 5 minuturo).

Ekainaren 23tik 26ra bitartean eman ahalko da izena, udalaren webgunean eta 010 telefonoan. Gizarte etxeetan ezingo da aurrez aurre izena eman. TXIKI eta HANDI kategorietako prezioa (3,5 ordu) 3,95 eurokoa da bazkideentzat eta 6,58 eurokoa bazkide ez direnentzat. FAMILY kategoriako prezioa (1,5 orduko iraupeneko jarduera) 3,39 eurokoa izango da bazkide den familia-unitateko eta 5,64 euro bazkide ez den familia-unitateko.

Jarduera-programan hainbat neurri hartu dira covid-19aren kutsadura prebenitzeko:

  • Parte hartzaile kopurua 12 haurrekoa izatera mugatu da txanda bakoitzean (FAMILY kategoriako txandetan helduak gehitu beharko zaizkio)
  • Tenperatura hartu eta eskuak garbituko dira sarreran
  • Sarrerak eta irteerak modu mailakatuan egingo dira. Familiei sartzeko eta irteteko ordutegia ezarriko zaie.
  • Helduek maskara erabili behar dute derrigorrez, eta txikiek ere bai (ahal den neurrian).
  • Ahal dela, jarduerak aire zabalean egingo dira.
  • Barruko lekuak handiak eta egokituak izango dira.
  • Jardueretan erabilitako materialen garbiketa jarraitua egingo da.
Share

Bihar, asteartea, irekiko dira gizarte etxeetako elkartze-aretoak eta kafetegiak

Ekainaren 9an (asteartea) irekiko dira 14 gizarte etxeetako elkartze-aretoak eta Pilar, Ibaiondo, Salburua eta Zabalganeko kafetegiak, distantzia, edukiera eta higiene neurriak hartuta.

Elkartze-aretoak astelehenetik ostiralera irekiko dira, jaiegunetan izan ezik, ohiko ordutegian; Landatxo, Arana, Ariznabarra eta Abetxukuko gizarte etxeetan, ordea, goizez bakarrik irekiko dira.

Prebentzio gisa, edukiera gutxitu da, distantzia gordetzea bermatu ahal izateko. Orobat, ibilbide seguruak ezarri dira, sarrera eta irteeretan jendea gurutzatu ez dadin, eta protokolo bat landu da, aretoko langileek erabiltzaileak hartu eta mahaia esleitu diezaieten. Leku guztiak beteta badaude, kanpoaldean itxaron beharko da, lurrean adierazitako distantzia gordez. Maskara erabili beharko da sartzeko, eta eskuak gel desinfektagarriz garbitu. Altzariak ezingo dira lekuz mugitu, eta desinfektatu egingo dira erabili ondoren.

14 urtetik beherakoek heldu batek lagundurik joan beharko dute, eta higiene protokolo bat ezarri da jolas materialak entregatu, erabili eta itzultzeko.

Mahaietan baino ezingo da jolastu, eta haurrentzako txokoak kendu egingo dira; familientzako kitak prestatuko dira horiekin jarduteko, eta erabili ondoren desinfektatu egingo dira.

Orobat, ez da paperezko prentsarik izango, baina lehen astetik aurrera prebentzio neurriei egokitutako jarduera-programa bat aurkeztuko da.

Kafetegiak astelehenetik ostiralera irekiko dira, jaiegunetan izan ezik, ohiko ordutegian. Prebentzio gisa, edukiera gutxitu da, distantzia gordetzea bermatu ahal izateko. Ibilbide seguruak ere ezarri dira, sarrera eta irteeretan jendea gurutzatu ez dadin. Maskara erabili beharko da sartzeko, eta eskuak gel desinfektagarriz garbitu.  Barran eskatu beharko da kontsumizioa, eta bertan ordainduko. Ondoren, bezeroari mahai bat esleituko zaio, eta kafetegiko zerbitzariek eramango diete eskatutakoa. Erabili eta gero, desinfektatu egingo dituzte altzariak.

Egoera aldatu ahala prebentzio neurriak ere aldatuz joango dira.

 

 

 

Share