Prentsa Oharren banner

Astelehenetik aurrera MUGI eta BARIK txartelekin ordaindu ahalko da Tuvisako autobusetan

Datorren astelehenetik aurrera, irailak 20, MUGI eta BARIK txartelekin ordaindu ahal izango da TUVISAko autobusetan. Txartel horiek udalaren garraio sozietateak kudeatutako eguneko eta gaueko linea konbentzionaletan bidaiatzeko balioko dute.

“Urrats berri bat eman dugu TUVISAren elkarreragingarritasunari dagokionez. Aurrerapauso garrantzitsua da, eta aurrera egiten jarraituko dugu garraio publikoa herritarrentzat erakargarriagoa izan dadin” azaldu du Tuvisako lehendakari eta eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

MUGI eta BARIK txartelak txartel anonimo gisa erabiliko dira TUVISAren autobusetan. Bidaiariek familia ugarien FN20 eta FN50 taldeentzako dauden tarifa hobaridunak baliatzerik izango dute. Gainerako erabiltzaileek BAT txartel orokorraren tarifa ordainduko dute – autobus-aldaketarako eskubiderik gabe–, eta horrenbestez nabarmen merkatuko zaie tarifa esku-dirutan ordaintzearekin alderatuta.

Share

Gautxori zerbitzua berreskuratuko du TUVISAk, bihartik

Gautxori zerbitzua berreskuratuko du TUVISAk, bihartik (ostirala). Hortik aurrera, gaueko 3:00ak arte funtzionatuko dute gaueko autobusek, Eusko Jaurlaritzak Covid-19aren pandemiari aurre egiteko dekretatutako azken araudi-aldaketetara egokituta. Birusa agertu aurretik zeuden gaueko lineei eragingo diete hobekuntzek —esteka honetan kontsulta daitezke—. Ordutegi berriek aldaketa txikiak izango dituzte eta bihar emango dira ezagutzera, Udalaren webgunearen bitartez.

Enpresak eta batzordeak gaur goizean egindako bileran adostu dute Gautxori zerbitzua berreskuratzea. Akordio horrek aukera ematen du hitzarmeneko puntu batzuk aldatzeko eta lanaldiak egokitzeko, horren bitartez gaueko zerbitzu murriztua eskaintzeko indarrean dagoen lege-araudiak irauten duen bitartean. “Eskerrak eman nahi dizkiegu langileei akordio hau lortzeko erakutsi duen jarrera onagatik. Positiboa da Gasteizentzat eta baita gure hiriko garraio publikoa berreskuratzeko bidean jarraitzeko ere”, azaldu du Raimundo Ruiz de Escudero Tuvisako presidenteak.

Neurri horrekin, garraio publikoaren zerbitzu hobea eskaini nahi die TUVISAk herritarrei, Udalaren garraio-enpresaren baliabideen kudeaketa ekonomiko arduratsua egiteaz batera. “Ahalegin handia egingo dugu Gautxori zerbitzua berreskuratzeko eta, hartara, herritarrei laguntzeko, oro har, baita Gasteizko gaueko jarduera ekonomikoari ere”, azaldu du TUVISAko presidente Raimundo Ruiz de Escuderok.

Oharra: datorren ostiralean, uztailak 9, ez da Gautxori zerbitzurik izango San Kristobal eguna dela eta, egun horretan zerbitzua murriztu egiten baita enpresa-hitzarmenean jasota dagoen bezala.

 

 

Share

TUVISAk errotazioko txanpon-txartela sortu Iradier Arenako aparkalekurako. Horri esker, aparkalekua erabiltzea sustatu eta hiriguneetan bigarren ilaran aparkatzeko joera gutxitu ahal izango da

Erabiltzaileek 5 eta 30 euro arteko hobariak jasoko dituzte.

 

TUVISAk Iradier Arenako aparkalekuaren erabilera sustatuko du hobaritutako errotazioko txanpon-txartel birkargagarria sortuta. Txartel hori eskuratzen duten pertsonek, egindako birkargaren arabera, 5, 15 eta 30 euro arteko hobaria izango dute. Garraioetako udal-sozietatearen kontseiluan onartu zuten erabakia eta gaur oniritzia eman dio Tokiko Gobernu Batzordeak.

Neurri honen bidez, Gasteizko Udalak Iradier Arenan errotaziora bideratutako aparkalekuen erabilera bultzatu, zonaldeko aparkaleku-mugak arindu eta Udalaren diru-sarrerak handitu nahi ditu. Baina, zehatzago esanda, ekimenaren helburua da Iradier Arenan denbora-tarte mugatuz aparkatzea zonaldeko ikastetxeetako gurasoentzako erakargarria izatea. Hain zuzen ere, formula hori inguruko ikastetxe batek proposatu zuen bigarren ilarak gutxitzeko estrategia gisa.

Txartelaren kostua 3 eurokoa izango da eta birkargek 5, 15 eta 30 euroko hobariak jasoko dituzte. 25 euroko karga eginda, erabiltzaileak 30 euroko saldoa jasoko du automatikoki. 60 eurorekin, aldiz, saldoa 75ra igoko da. Eta 70 euroko kargarekin, txartelean erabilgarri dagoen dirua 100 eurora arte igoko da automatikoki.

 

Txanpon-txartel berria hurrengo ikasturtetik aurrera jarriko da abian. Hurrengo hilabeteotan jakinaraziko dute TUVISAren eta Gasteizko Udalaren kanalen bidez nola erosi, birkargatu eta erabili ahal izango dugun txartela.

Share

TUVISAk enpresako emakume langileen lana aldarrikatzeko hitzaldiak antolatu ditu ikastetxeetan

Gasteizko ikastetxeetan hitzaldiak egiten hasi da aurten TUVISA, enpresako eta garraioaren sektoreko emakume langileen lana aldarrikatzeko. Ekimena M8a zela eta jarri zuen martxan, eta azken asteetan zehar gauzatu da, etorkizunean ere egiten jarraitzeko asmoz. Ekintza horretaz gain, udalaren mugikortasun-enpresak beste hainbat ekintza bultzatu ditu azken urteotan, sektore horretan emakumeek duten rol aktiboa erakusteko eta plantillan emakume langileen kuota handitzeko.

Ikastetxeetara egindako bisita horietan, TUVISAk emakume gidarien marrazkiak egiteko eskatu die ikasleei. Eta marrazki horietako batzuekin Gasteizko kaleetatik doazen hainbat autobus errotulatu dira dagoeneko.

Saio horiei esker, ikasleek TUVISAko emakume langileak zuzenean ezagutzeko aukera dute —gidariak, teknikariak zein kudeatzaileak—, eta, bide batez, emakume horiek garraio-enpresetan duten rol aktiboa sendotzen da, sektorean berdintasuna eskatzen eta erreferente femeninoak sortzen; ekintza horiek guztiak enpresaren gizarte konpromisoaren barruan sartzen dira.

Hala, bisita horietan TUVISA zer den labur azaltzeko aprobetxatzen da, eta hainbat gairi buruzko informazioa ematen zaie ikasleei: plantillan dauden emakumeen %, erabiltzaileen tipologia (10etik 7 emakumeak dira), plantillan emakumeen kopurua handitzeko burutzen diren neurriak… Gainera, TUVISAko emakume gidariek enpresaren barruan izan duten esperientzia azaltzen dute eta ikasleen galderei erantzuten diete. Horretaz gain, jolas moduko bat egiten da garraioaren sektorean aintzindari izandako emakumeak ezagutarazteko, besteak beste, Bertha Benz, Maria Teresa de Filippis, Catalina García, Rosa Parks eta Amelia Earhart, bai eta TUVISAn lan egin zuten lehen emakumeak ezagutzera emateko ere.

 

Share

Hilaren 24an BEA modeloko bi geltoki berri hasiko dira funtzionatzen Arabako Unibertsitate Ospitalearen inguruan

‘Kanpoko Kontsultak’, lehen ‘HUA/Txagorritxu’ izena zuenaren ordezkoa, eta ‘Txagorritxu’, lehendik ere bazegoena

Ostegunean, abenduak 24, BEAren bi geltoki berri hasiko dira erabiltzen, zeinek TUVISAren L2A lineari emango baitiote zerbitzu autobus elektriko adimentsua martxan jarri arte. Batetik, Pablo Neruda kaleko ‘Kanpoko Kontsultak’ (AUOaren aurrean), lehen ‘HUA/Txagorritxu’ izena zuenaren ordezkoa, eta bestetik, ‘Txagorritxu’ izenekoa, Euskal Herria bulebarrean lehen izen berarekin metro batzuetara zegoena ordezkatzen duena.

L2A linearen ‘Kanpoko Kontsultak’ geltoki berriarekin batera, zenbait aldaketa egin dira Pablo Neruda kaleko trafikoaren antolamenduan. Autobuserako —eta gerora, BEArako— errei esklusiboak izango ditu Leandro Viana kaletik, eta Pablo Neruda kalean barrena Zabalganeko biribilgunera joango da. Kontrako noranzkoan, berriz, ibilgailuek Pablo Neruda kalera jo ahalko dute biribilgunetik, baina ezingo dute Leandro Viana kaletik jarraitu, garraio publikorako baino ez baita izango bi noranzkoetan.

Hona hemen ‘Kanpoko Kontsultak’ geltoki berriaren kokalekua eta trafikoaren antolamendua irudikatzen dituen mapa:

L2B lineako ‘Kanpoko Kontsultak’ eta ‘Txagorritxu’ geltokiak ere laster inauguratuko dira. Geltoki horiek guztiak BEAk pertsona guztientzat goi mailako irisgarritasuna izan dezan diseinatu dira, espaloiaren eta ibilgailuaren arteko distantzia nabarmen gutxitzen duten plataformak baitituzte.

Nabarmentzekoak dira halaber geltokien  modernotasuna eta informazio-sistemak, nahiz eta horiek ez diren BEA abian jarri arte erabiliko.

BEAren geltokiak

BEAren geltokiek oso berrikuntza garrantzitsuak ekarriko dituzte gaur egungo autobus-geltokien aldean. Hiru tamaina ezberdinetakoak izan daitezke, handiak, ertainak edo txikiak, baina guztietan birkargatu ahalko da BAT txartela, eta tiketa erosi. BAT txartela balidatzeko gune bat ere izango dute, tranbian bezala; izan ere, ezinbestekoa izango da tiketa erostea edo txartela balidatzea BEAra igo aurretik, barruan ezinezkoa baita. Dena den, makinak ez dira funtzionatzen hasiko BEA ezarri arte, hau da, TUVISAren L2 linearen geltokia izaten jarraitzen duen bitartean, ohiko autobus-geltokiak bezala funtzionatuko du; hurrengo ibilgailuaren etorrera iragartzen duen sistema ere ez da martxan egongo.

BEAren geltokiak hiru motatakoak izango dira:

– GELTOKI HANDIAK: BAT txartela erosi ahalko da horietan. Bidaia baterako tiketa erosteko eta BAT birkargatzeko aukera ere izango da, eskudirutan edo banku-txartelez.

GELTOKI ERTAINAK: tiketa erosteko eta BAT birkargatzeko aukera izango da, eskudirutan edo banku-txartelez.

GELTOKI TXIKIAK: tiketa erosteko eta BAT birkargatzeko aukera izango da, baina banku-txartelez bakarrik.

Kanpoko Kontsultak eta Txagorritxu geltokiak ertainen multzoan sartzen dira.

 

Share

TUVISAk maiztasunak handituko ditu urtarrilaren 4tik aurrera, 10. linean zerbitzuen % 100 berreskuratuko du, eta larunbatetan ordutegiak hobetuko ditu bost ibilbidetan

Gaur egun pandemiaren aurreko zerbitzuen % 90 ematen ari dira dagoeneko

 

TUVISAk maiztasunak hobetuko ditu berriro urtarrilaren 4tik aurrera, nahiz eta bidaiarien eskaria % 50ekoa izan iazkoaren aldean. Udalaren garraio sozietateak ordutegien % 100 berreskuratuko 10. linean, eta larunbatetan ordutegiak hobetuko ditu bost ibilbidetan.

“TUVISAko teknikariek egunero aztertzen dute garraio publikoaren egoera, Gasteizen hautemandako garraio-premien eta udal enpresak dituen bitartekoen arteko oreka lortzeko. Orain, beste ahalegin bat egingo dugu ematen den zerbitzua hobetzeko”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Zehazki, 10. lineak 10 minutuan behingo maiztasuna berreskuratuko du lanegunetan; 2. lineak, 15 minutuan behingo maiztasuna larunbatetan, eta 5-7-10 lineako autobusak 20 minutuan behin igaroko dira larunbatetan. Gainera, industrialdeetara joateko aukera gehiago emateko, udalaren garraio sozietateak zerbitzu berezia jarriko du 5:25ean 3. linean (Zumakadi-Gamarra).

Hartara, zerbitzuak pandemiaren aurrekoen % 90 izango dira ia. Hona hemen maiztasun berriak: 

TUVISAk 150.000 euro baino gehiago inbertitu ditu  Covid-19ari aurre egiteko ekintzetan —norbera babesteko ekipamenduak, garbiketa-produktuak, desinfektatze-lanak, eguneroko garbiketa indartu eta areagotzea, segurtasun-manparak eta beste—. Aste honetan bertan, udal enpresak kanpaina bat abiatu du bertako dendetara hurbiltzeko garraio publikoaren erabilera sustatzeko, ‘Orain, erosketak autobusez’ lemarekin, eta Eguberrietako ordutegiak argitaratu ditu.

 

Share

TUVISAk bertako dendetara hurbiltzeko garraio publikoaren erabilera sustatu nahi du, ‘Orain, erosketak autobusez’ kanpainaren bidez  

 

Garraio publikoak eta tokiko merkataritzak eskua eman diote elkarri TUVISAk sustatutako kanpaina berrian. Izan ere, udalaren garraio enpresak ekimen bat abiatu du gaur Gasteizen mugikortasun iraunkorra eta gertuko merkataritzaren dinamizazioa batzeko. “Gasteizen erosten badugu, eta dendetara joateko mugikortasun-aukera iraunkorragoak erabiltzen baditugu, hau da, garraio publikoa, onura bikoitza da. Udalerriko merkataritzari sostengu ematen diogu eta karbono-aztarna murrizten laguntzen dugu“, azaldu du TUVISAko lehendakari eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

 

Udal enpresak kanpaina bat diseinatu du, ‘Orain, erosketak autobusez: TUVISAk zure dendara hurbilduko zaitu’ lemaren pean. Autobusetan, TUVISAren eta Udalaren pantailetan eta beste udal baliabide batzuetan jarriko da mezua. Hainbat helburu lortu nahi dira horren bidez: hiri- eta gizarte-eredua agerian jartzea, gizarte eta ingurumenari dagokienez kontsumo-eredu iraunkorra sustatzea, gizartearen beharrei erantzutea eta, aldi berean, auzo biziak eta hiri iraunkorrago bat sustatzea.

Bide batez, herritarrek garraio publikoarekiko konfiantza berreskuratu dezaten lortu nahi du kanpainak, osasun krisialdian nabarmen gutxitu baitzen bidaiarien kopurua. Izan ere, autobus publikoa garraiobide segurua eta jasangarria da, segurtasun eta higiene neurri guztiak betetzen dituena. TUVISAk astero aztertzen du zerbitzuaren eskaintza eta eskaria, eta 150.000 eurotik gora inbertitu ditu COVID-19aren kontrako berariazko zerbitzuetan: norbera babesteko ekipoak, garbiketa-produktuak, gel hidroalkoholikoak, berariazko garbiketak eta beste. Gainera, birusa agertu zenean ezarri ziren neurri sanitarioei eutsi zaie gerora ere: garbiketak, birizidekin; berariazko garbiketak, kontaktu lekuetan; maskarak; aireztapena; autobusaren barruan jateko debekua, eta abar.

 

Share

Autobus zerbitzu berezi berriek TUVISAko lineak indartuko dituzte puntako orduetan eta beharren arabera

TUVISAk zerbitzuak indartu ditu berriro, nahiz eta bidaiarien eskaria % 50ekoa izan, aurreko urtekoaren aldean. Eskariaren % 80 biltzen duten 2., 4., 5., 6. eta 7. lineetan lanegunetako maiztasunak % 100era igo ondoren, lau zerbitzu berezi berrik errefortzu-lanak egingo dituzte datorren astetik aurrera, puntako orduetan, TUVISAko presidente Raimundo Ruiz de Escuderok gaur jakinarazi duenez. Lehendik une jakinetan errefortzu-lanak egiten zituzten goizeko bost autobus bereziei eta arratsaldeko lauei gehituko zaizkie lau ibilgailu horiek, Jundizeko zerbitzuaz edo bestelako ordezkapenez gain. Lehen orduan eta eguerdian ibiliko dira lau autobus berriak, garraio konpainiako ikuskatzaileek antzemandako beharren arabera.

Ruiz de Escuderok gogorarazi duenez, TUVISAko teknikariek egunero kontrolatzen, aztertzen eta diagnostikatzen dute garraio publikoaren zerbitzuaren egoera, Gasteizen hautemandako garraio-premien eta udal-enpresak dituen bitartekoen arteko oreka lortzeko. “Eskaintzak, oro har, eskariak baino ehuneko 25-30 puntu gorago jarraitzen du”, azaldu du.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak azpimarratu duenez, 140.000 euro baino gehiago inbertitu ditu TUVISAk Covid-19ari aurre egiteko ekintzetan —norbera babesteko ekipamenduak, garbiketa-produktuak, desinfektatze-lanak, eguneroko garbiketa indartu eta areagotzea, segurtasun-manparak eta beste—.

Share

(Zuzenduta) 7. lineako maiztasunak hobetuko ditu TUVISAk aste honetan, pandemiaren aurretik zuen okupazioaren % 50era iritsia baita

Datorren astean hobetuko ditu TUVISAk 7. lineako maiztasunak, eta % 100ean funtzionatuko du, pandemiaren aurreko zerbitzu berberekin. “Azken egunotan egin dugun analisiak eta erabiltzaileen igoerak agerian utzi dute iritsia dela hobekuntza hori egiteko garaia”, iragarri du gaur goizean Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

2., 4., 5. eta 6. ibilbideei gehituko zaie hartara linea hori; izan ere, horietan lehendik areagotuak ziren zerbitzuak, pandemiaren aurreko egoerara ekartzeko. Puntako orduetan erabiltzaile gehien izan ohi dituzten lineak baitira. 7. linearen kasuan, berriki iritsia da Covid-19aren pandemiaren aurreko okupazioaren % 50era, eta horrek ekarri du hobekuntza horri ekitea, aste honetan. Okupazioan izan den igoera izan da erabakia hartzeko arrazoia, eta, bereziki, puntako orduetan izan dena, hau da, 7:30etik 9:00era bitartean eta 12:30etik 17:30era bitartean.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi eta TUVISAko lehendakari Raimundo Ruiz de Escuderok gogorarazi duenez, astero aztertzen ditu Udalaren garraio-enpresak zerbitzuaren eskaintza eta eskaria. “Gasteizen, TUVISAren autobusak erabiltzen dituzten bidaiarien eskaria, 2019koaren aldean, % 55aren eta % 60aren artean dago. Eta eskaintza % 85era igo da azken lanegun hauetan”, adierazi du, eta datu hauek eman ditu:

 

LINEAErabilera (%), 2019koaren aldean (eskaria)Egungo eskaintza (%), 2019koaren aldean
6% 57,47% 100
4% 59,18% 100
5% 64,43% 100
2A% 56,57% 100
7% 45,33% 63
2B% 54,01% 100
10% 47,85% 63
1% 43,94% 75
8% 43,52% 75
3% 70,47% 57
9% 39,57% 57

 

Orobat gogora ekarri du TUVISAko lehendakariak enpresak 140.000 euro inbertitu dituela Covid-19aren kontrako berariazko zerbitzuetan: norbera babesteko ekipoak, garbiketa-produktuak, berariazko garbiketak eta beste. Gainera, birusa agertu zenean ezarri ziren neurri sanitarioei eutsi egin zaie: garbiketak, birizidekin; berariazko garbiketak, kontaktu lekuetan; maskarak; aireztapena; autobusaren barruan jateko debekua, eta abar.

 

Share

Tuvisak Euskaraldiarekin bat egin du eta euskararekiko konpromisoa erakutsi du bideo baten bidez

TUVISA Udal garraio enpresak Euskaraldiaren bigarren edizioarekin bat egin du eta euskararekiko konpromisoa erakutsi du gaur goizean sare sozialen bidez zabaldu den bideo berri baten bidez.

 

Bideoa hemen ikusi daiteke:

 

Konpainiako langileak protagonista dituen eta ALEA eta Geu Elkartearekin elkarlanean egindako ikus-entzunezko piezan erakusten denez, Tuvisako autobusak espazio aproposak dira bai langileek baita bidaiariek euskal hizkuntza erabil dezaten.

Izan ere, udal enpresak hainbat ‘Arigune’ ere sortu ditu bere baitan (Euskaraldiak bigarren edizioan egin duen apustu nagusietako bat dira ‘Ariguneak’), euskararen erabilera enpresa barnean eta modu kolektiboan bultzatzeko helburuarekin. “Badakigu gizarte aldaketak epe luzekoak direla, baina pixkanaka Tuvisako erabiltzaileen eta langileen arteko hizkuntza ohiturak aldatzea nahi dugu. Euskararen aldeko apustu handia egiten dugu”, azaldu dute Tuvisatik.

Euskaraldian ez ezik, beste proiektu batzuetan ere parte hartzen du Tuvisak, hala nola Xederan, Administrazioan hizkuntzaren normalizazioa sustatzeko Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatutako sarean.

Share