Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 martxoa 2019 12:45

33 urteko moto-gidari bat zauritu zen atzo, 22:15ak aldera, Krispiñako errepidean basurde baten aurka talka egin ondoren. Talka horren ondorioz, gizonak lesioak izan zituen, nahiz eta bere kabuz iritsi ahal izan zen osasun-zentro batera.

Txirrinduan zihoan 36 urteko emakume bat zauritu zen atzo Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean erregistratutako istripu batean. Ez zen beharrezkoa izan osasun-zentro batera eramatea.

Udaltzainek beste bederatzi trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako deliturik egiteagatik. Horrez gain, 16 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 18 jarduera egin zituzten.

Babes-agindua urratzea

Udaltzaingoaren Agenteek atzo gauean 52 urteko gizonezko bat atxilotu zuten babes-agindu bat urratzearen delituaren ustezko egile gisa, neurri horren bidez babestutako emakumearen etxebizitzatik hurbil zegoelako. Gaur epailearen esku geratuko da.

Adreiluak lurrera erortzea

Suhiltzaileek atzo dei bat jaso zuten Mendiolabidea kaleko eraikin baten fatxadatik zenbait adreilu bide publikora erori zirelako eta zenbait ibilgailuri kalteak eragin zizkietelako. SPEISeko langileek inguru hori berraztertu zuten, eta erortzeko arriskuan zeuden gainerako elementuak kendu zituzten. Beste elementu batzuk eror zitezkeenez gero, babeserako pasabide bat eta hesiak jarri zituzten inguru horretan.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  21 martxoa 2019 13:12

Ibaiondo auzoan barneratutako orkatz bat erreskatatu du Udaltzaingoak gaur goizean. 092 zenbakira herritar batek egindako dei batek Inglares Ibaia kalean animalia horren presentziaren berri eman du, eta bertan, udaltzainek atxikita eduki dute Animalien Babeserako Zentroko langileak etorri arte, eta haiek, gero, Martiodako Suspertegira eraman dute. Orkatzak zauri bat zeukan hanketako batean.

 

Ukituak egiteagatik atxilotua

Udaltzaingoaren Agenteek 52 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, Zaramaga auzoan emakume bati ukituak egiteagatik sexu-abusuaren delitu baten ustezko egile gisa. Guardiako Epaitegian egoki diren izapideak bete ondoren, aske utzi zuten.

22 urteko beste gizonezko bat ere atxilotu zuten atzo, hura bilatzeko, atxilotzeko eta Kataluniako Epaitegi batean aurkezteko errekisitoria bat baitzeukan beraren gainean. Lantokian topatu zuten.

Udaltzainen aurkako atentatua

47 urteko emakume bat atxilotu zuten astelehenean, udaltzainen aurkako atentatu-delitu baten ustezko egile gisa.

Koordinazio Zentralak eskatuta, patruila bat Simon Anda kaleko merkataritza-establezimendu batera joan zen, lapurreta bat gertatu zelako bertan. Epaiketa azkarreko zitazio formala eman ondoren, emakumeak udaltzainetako baten aurka eraso egin zuen, eta horren ondorioz, atxilotu egin zuten. Agirrelandako polizia-etxean egoki diren izapideak bete ondoren aske utzi zuten.

Hiru auto-harrapaketa

Udaltzaingoak hiru harrapaketetan esku hartu du (bizikletek eragindakoak bi izan dira eta auto batek eragindakoa bestea) azken egun hauetan.

Astelehenean, 57 urteko txirrindulari batek 64 urteko oinezko bat harrapatu zuen Alava Jeneralaren eta Datu kalaren arteko bidegurutzean. Bi pertsonak zaurituta geratu ziren, eta ondorioz, anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zituen.

Estibalizko Andra Mariaren kalean handik pixka batera gertatutako beste harrapaketa baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Oinezkoen pasabidetik kanpo errepidea gurutzatzen ari zen gizonezko bat harrapatu zuen ibilgailu batek. Zaurituta geratutako 83 urteko gizonezkoa larrialdi-zerbitzuek artatu zuten, eta gero, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Egun berean bi ibilgailuk elkarren aurka talka egin zuten Donostia kalean. Talka horren ondorioz, ibilgailu bateko gidaria, 50 urtekoa, zaurituta geratu zen, nahiz ez zen beharrezkoa izan osasun-zerbitzuek artatzea.

Atzo Olagibel kalean gertatutako harrapaketa baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan bizikleta bat zegoen nahastuta. Bidegorrian behar bezala zihoan txirrindulari batek 85 urteko emakume bat harrapatu zuen, horretarako egokituta ez zegoen toki batetik gurutzatzen ari zela. Emakumea anbulantzian eraman zuten Santiago Ospitalera.

Moto-gidari bat zaurituta

40 urteko moto-gidari bat zauritu zen asteartean, Arriagako Atea kaletik zihoala bere ibilgailuaren kontrola galdu ondoren. Larrialdi-zerbitzuek Santiago Ospitalera eraman zuten.

Martxoaren 18az geroztik –astelehena– Udaltzainek beste 19 trafiko-istriputan esku hartu dute, nahiz ez den zauriturik izan, eta 4 pertsona ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik.

Udaltzainek atzo 49 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 24 jarduera egin zituzten.

Suhiltzaileen esku-hartzeak

San Frantzisko aldapan zaborren bilketa-sistemako postontzi batetik irteten zen kearen ondorioz, suhiltzaileek esku-hartze bat egin behar izan zuten atzo goizean. Arratsaldean, Legutio herrira joan ziren, egurrezko sukalde batean piztutako sutea itzaltzera.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  20 martxoa 2019 12:27

Abetxukoko Ezki kaleko etxebizitza batean tximinia batean izandako sutea itzaltzen esku hartu zuten atzo suhiltzaileek. SPEISeko langileek eskala batez lagunduta jardun zuten. Burgos kaleko paper-edukiontzi batean izandako sua itzaltzen ere esku hartu zuten.

Astelehenean Estibaliz hiribidean ibilgailu batek jo eta ibilgailuaren azpian harrapatuta geratutako oinezko bati laguntzera ere joan ziren.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak, Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:25

Udaltzaingoaren Agenteek atzo arratsaldean 38 urteko gizonezko bat atxilotu zuten bere bikotekide ohiarekiko urruntze-agindu bat urratu eta hari lesioak eragin eta jo izanaren delituen ustezko egile gisa.

Gertaera horiek 14:15ak aldera izan ziren; Koordinazio Zentralak patruila bati eskatu zion Voluntaria Entrega kalera joan zedila, herritar batek egindako deiaren arabera gizonezko batek emakume bat jo egin zuelako eztabaida batean, nahiz eta, horren ondoren, bertatik alde egin zuen Arriaga Parkerantz.

Udaltzain batzuk lekuko batzuekin eta biktimarekin elkarrizketatzen ziren bitartean, beste patruila batek ustezko erasotzailea han inguruan topatu zuen, eskainitako deskribapenari esker. Hura identifikatzean, egiaztatu zuten gizon horrek urruntze-agindu bat zuela biktimarekiko, eta beraz, atxilotu egin zuten. Gaur goizean epailearen esku geratu da.

Udaltzainen aurkako atentatua eta erresistentzia larria

Udaltzaingoaren Agenteek 39 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo goizean, udaltzainen aurkako atentatu eta erresistentzia larriaren delituen ustezko egile gisa.

Gertaera horiek 06:30ak aldera izan ziren, zaintza-lanak egiten ari zen patruila batek bi gizon borrokan ikusi zituenean. Udaltzainak haiek identifikatzen ari ziren bitartean, gizonetako batek udaltzain baten aurka eraso egin zuen eta erresistentzia larria egin zuen atxilotu zutenean. Agirrelandako bulegoetan beharrezko izapideak egin ondoren, aske utzi zuten.

Osasun publikoaren aurkako delitua

Udaltzaingoaren Agenteek atzo arratsaldeko azkeneko orduan 20 eta 22 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten, osasun publikoaren aurkako delitu baten ustezko egile gisa.

Gertaera horiek Pepe Ubis plazako lokal baten zaintza-lanak egiten ari ziren bitartean izan ziren, lokal horretan kokaina saltzen ari zirela jakin baitzuten. Egun batzuetan kontrol-lan horiek egiten aritu ondoren, ikusi zuten bezero batzuk tabernaren barrualdera sartu eta berehala irteten zirela, eta drogaren ustezko hornitzailea zein zen jakin ondoren, udaltzainek hura eta lokaleko zerbitzaria atxilotu zituzten, eta hauts gisako substantzia zuri bat zuten hiru zorrotxo atzeman zituzten. 500 euro inguruko diru-kopuru bat ere topatu zuten. Atxilotuak gaur goizean epailearen esku geratu dira.

Istripuak

Joan den martxoaren 15az geroztik –ostirala– 26 trafiko-istripu erregistratu dira, eta horietan 7 pertsona zauritu dira.

Ostiral eguerdian istripu bakun bat gertatu zen Arriagako Atea eta Pozoa kaleen arteko elkargunean, bizikleta gainean zihoan 34 urteko emakume batek bere bizikletaren kontrola galdu eta lurrera erori zenean. Bertara joandako anbulantzia bateko osasun-langileek artatu zuten emakumea, eta gero Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Egun horretan bertan, 15:15ak aldera, Valladolid kalean izandako auto-harrapaketa baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Ibilgailu bat eta patin batean zihoan oinezko bat nahastu ziren istripu horretan. Patin gainean zihoan 14 urteko gaztea zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen.

Bi ordu geroago 17 urteko txirrindulari bat zaurituta geratu zen Elorriagako Atea kalean auto batek jota istripua izan ondoren. Anbulantzia batek eraman zuen gaztea Txagorritxu Ospitalera.

Arratsalde horretan bertan beste auto-harrapaketa bat gertatu zen Wellington Dukea kalean. Oinezkoen pasabide batetik aulki gurpildunean zihoan oinezko bat jo zuen auto batek, nahiz eta aulkia ez zen irauli eta ez zuen osasun-laguntzarik behar izan gertaerak izan ziren unean.

Ostiralean, 19:30ean, Arriagako Atea kalearen 12 zenbakiaren parean gertatutako beste auto-harrapaketa baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Bizikleta bat nahastuta egon zen istripu horretan, 6 urteko haur baten oina zapaldu baitzuen. Adingabea anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

42 urteko emakume bat zauritu zen larunbat goizean bere bizikletan zihoala erori ondoren, Antso Jakitunaren kalean tranbiaren trenbidea gurutzatzen ari zenean. Txirrindulariak pibote baten aurka talka egin zuen eta lesioak izan zituen esku batean, eta horren ondorioz, larrialdi-zerbitzuek artatu eta Santiago Ospitalera eraman behar izan zuten.

Geroxeago beste istripu bat gertatu zen, Iturritxu kalean bi ibilgailuk, hots, motozikleta batek eta ziklomotor batek elkarren artean talka egin ondoren. Talka horren ondorioz, ziklomotorrean zihoan 45 urteko gidaria zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek artatu eta Santiago Ospitalera eraman zuen.

Alkoholemiak

Asteburuan Udaltzaingoak alkoholemiako sei prebentzio-kontrol egin ditu hirian, eta horietan, 120 gidarik baino gehixeagok egin behar izan dituzte arauzko probak. Horietatik bik emaitza positiboa eman zuten eta salaketa jarri zaie administrazio-bidetik.

Ohiko kontrol hauek alde batera utzita, Udaltzaingoak argiketak abiarazi dizkie beste 7 pertsonari, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik. Horiek guztiak ezohiko moduan gidatzen ari zirela harrapatu zituzten.

Kasu horietako batean, salatutako 55 urteko pertsona batek trafiko-istripua izan zuen Zadorra hiribidean, errepidetik irten eta erdibitzaile lorategidun batean amaitu baitzuen, zuhaixkei eta soropilari zenbait kalte eraginez, baita ibilgailuari berari ere. Alkoholemia-proban izandako emaitzetan 1.17-1.21 miligramo alkohol eman zuen arnastutako aire-litro bakoitzeko.

Udaltzainek asteburuan, guztira, 51 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren 38 jarduera egin dituzte.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 martxoa 2019 12:50

Udaltzaingoaren Agenteek 36 urteko gizonezko bat atxilotu dute bart gauean, bere bikotekide ohiaren gainean zeukan babes-agindu bat urratzeagatik genero-indarkeriako delitu batez ustezko egile gisa.

Udaltzaingoaren patruila batek bart gaueko 3ak baino lehentxeago ikusi du Errege Ateko lokal batetik irteten ari zela, urruntze-agindu bat ezarria zioten emakumearen ondotik. Gaur goizean epailearen esku geratu da.

Beraren gainean errekisitoria judizial bat zuen 20 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo Udaltzaingoaren agenteek, beste gazte batekin batera Olarizu hiribideko supermerkatu batetik salgai batzuk lapurtzen ahalegindu ondoren. Bi gazteek lapurtu nahi zituzten salgaiak hartu gabe alde egin zuten establezimendutik, dendako langileek zelatan zeudela sentitu zutelako.

Patruila batek geroxeago topatu zituen eta, dokumentaziorik aurkeztu ez zutenez, polizia-etxera eraman zituzten eta bertan egiaztatu zuten haietako baten gainean Bilboko Epaitegi batek bilatzeko eta atxilotzeko errekisitoria bat indarrean zuela, eta beraz, agindu hori betearazi zuten. Atxilotua gaur goizean epailearen esku geratu da.

Hiru pertsona zauritu dira istripuetan

82 urteko emakume bat zauritu zen Behe Nafarroa kalean ibilgailu batek harrapatu ondoren. Emakumea errepidea gurutzatzen ari zela gertatu zen; une horretan, norabide-aldaketa bat egiteko asmoz atzeraka zihoan ibilgailu batek harrapatu zuen emakumea. Bertaraino joandako larrialdi-zerbitzuek artatu zuten oinez zihoan emakumea, eta gero, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Zaramaga kalean gertatutako beste istripu baten nondik norakoak ere ikertzen ari dira; istripu horretan, ibilgailu bat eta motozikleta bat nahastuta egon ziren. Talkaren ondorioz, 45 urteko moto-gidaria eta ibilgailuan zihoan 68 urteko emakume bat zaurituta geratu ziren. Lehena anbulantzia batean eraman zuten Txagorritxu Ospitalera eta emakumea toki horretan bertan artatu zuten, ez baitzen beharrezkoa izan inolako medikuntza-zentrotara eramatea.

Udaltzainek, horrez gain, beste 11 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen inor zauritu eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik; 11 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 10 jarduera burutu zituzten.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 martxoa 2019 11:27

Oinez zihoan 54 urteko emakume bat zaurituta geratu zen atzo, Honduras kalean bizikleta batek harrapatu ondoren.

Bizikletan zihoan 18 urteko emakume batek beste bizikleta bat jo eta bere bizikletaren kontrola galdu ondoren, bizkarrean jo zuen oinez zebilen emakumea. Talka horren ondorioz, oinez zihoan emakumea lurrera erori eta lesio batzuk izan zituen, eta hori dela eta, anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen. Bizikletan zihoan emakumea ere artatu behar izan zuten larrialdi-zerbitzuek han bertan, nahiz eta ez zen beharrezkoa izan ospitalera eramatea.

Udaltzainek beste 13 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, nahiz ez zen inor zauritu eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik. Horrez gain, 17 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 10 jarduera egin zituzten.

Ur-ihesa

Suhiltzaileek gaur goizeko seietan esku hartu behar izan dute, Errege-erregina Katolikoen kaleko etxebizitza batean ur-ihes bat izan delako.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 martxoa 2019 12:56

Atzo Nazio Batuen hiribidean erregistratu eta lau ibilgailu nahastuta egon ziren istripu anizkoitz baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Talka horren ondorioz, ibilgailu batean zihoazen gidaria eta bidaiari bat, 40 eta 36 urtekoak hurrenez hurren, zaurituta geratu ziren, baita beste auto bateko 37 urteko gidaria ere. Lehenengo biak anbulantzia batean eraman zituzten Txagorritxu Ospitalera, eta azkena, aldiz, Santiago Ospitalera bideratu zuten.

78 urteko txirrindulari bat zaurituta geratu zen atzo istripu batean, Forondako Atea kaleko bidegorrian Voluntaria Entrega kalearen parean zihoala ibilgailu batek jo ondoren. Bertaraino joandako larrialdi-zerbitzuek artatu zuten gizona, eta gero, Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Udaltzainek zauriturik gabeko beste 10 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, eta 23 urteko gazte bat ikertzen ari dira, bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egiteagatik, droga-probak egiteari uko egin ziolako, Gasteizko Taldearen kalean arduragabeki zirkulatu ondoren.

Udaltzainek atzo 22 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 9 jarduera egin zituzten.

Hiru ibilgailuk su hartu dute

Suhiltzaileek gaur goizaldera –asteazkena– esku hartu behar izan dute, Oion kalean, Zabalganan, aparkatuta zeuden hiru ibilgailutan kalteak eragin dituen sute bat itzaltzeko. Sua ibilgailu horietako batean hasi zen eta, gero, beste bietara zabaldu zen. Gauerdia baino ordu erdi geroago jaso zuten deia parkean, eta bertara joan ziren suhiltzaileek aparra erabiliz itzali zituzten lamak; beren eginkizuna 1:17ak aldera amaitu zuten.

Andaluzia kaleko etxebizitza batean izandako sutea itzaltzera ere joan ziren. Su-lamek koltxoi batean, mantetan eta maindireetan kalteak eragin zituzten. Toki horretara iritsi zirenean, sua itzalia zegoen, baina kea zegoen eskaileran, eta horrenbestez, egurasteko lan batzuk egin behar izan zituzten.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 martxoa 2019 12:23

Bi pertsonak ‘besarkada metodoaren’ bidezko lapurretaren biktima izan direla salatu dute Udaltzaingoan.

Lehen kasua igande eguerdian gertatu zen; 88 urteko emakume batengana, Carmelo Bernaola pasealekuan barrena zihoala, beste emakume bat hurbildu zitzaion, ibilgailu batetik jaitsi ondoren, eliza bati buruzko galderak egiteko. Hari azalpen egokiak eman ondoren, lapurrak besarkada bat eman zion eskerrak eman nahian bezala, eta une hori urrezko eskumuturreko bat lapurtzeko aprobetxatu zuen.

Bigarren lapurreta atzo gertatu zen, Olarizu hiribidean; 79 urteko gizonezko batengana hurbildu zen emakume bat, limurtu nahian bezala, eta urrezko bi zintzilikario zituen kate bat lapurtu zion.

Bi lapurrek ibilgailuetan ihes egin zuten.

Patinete-gidari bat zauritu da

Atzo, Nieves Cano kalean gertatutako istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan bizikleta bat eta patinete bat nahastu ziren, eta patinetearen gidaria, 26 urteko emakumea, zaurituta geratu zen. Larrialdi-zerbitzuek arreta egin ondoren, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Udaltzainek zauriturik gabeko beste 11 trafiko-istriputan esku hartu zuten, eta 27 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira, bide-segurtasunaren aurkako delitua egin izanagatik, edari alkoholdunen eta drogen eraginpean gidatzen ari zelako.

Pertsona hori Errekaleor kalean geldiarazi zuen Ertzaintzaren patruila batek, ezohiko moduan gidatzen ari zela ikusi zutenean. Ibilgailuan hauts zuriz betetako zorrotxo bat zeraman, pentsatzekoa denez speed. Alkoholemia-proban emaitza positiboa eman zuen, baita THCn ere listu-proban. Horren ondorioz, izapideak egin zituzten Guardiako Epaitegira bidera zezaten.

Udaltzainek atzo 19 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 7 jarduera egin zituzten.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 martxoa 2019 13:17

Bost pertsona zauritu dira asteburu honetan hirian erregistratu diren trafiko-istripuetan.

Larunbatean, Lasarteko Atea eta Maite Zuñiga kaleen arteko bidegurutzean talka baten ondorioz izandako istripuan nahastutako bi ibilgailuetako batean zihoan 59 urteko emakume bat zaurituta geratu zen. Santiago Ospitalera eraman zuten.

Egun horretan bertan, 29 urteko beste emakume bat zauritu zen, Gasteiz hiribidean, bera zihoan herri barruko autobusaren barrualdean erori ondoren. Anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

Larunbatean, halaber, La Unión plazan istripu bat erregistratu zen, eta bertan, moto-gidari bat saihesten saiatu zen ibilgailu bat errepidetik atera zen eta, espaloira igo ondoren, denda baten erakusleihoaren aurka talka egin zuen azkenean. Gidatzen zihoan 36 urteko emakumea zaurituta geratu zen, eta osasun-zerbitzuek artatu ondoren, Santiago Ospitalera eraman zuten gero.

36 urteko txirrindulari bat bere bizikletatik erori zen atzo Bulevar de Salburua kalean, eta izandako lesioen ondorioz Santiago Ospitalera eraman zuten. Bizikletan zihoan 58 urteko beste emakume bat zauritu zen Astronomo kalearen eta Done Jakue hiribidearen arteko bidegurutzean, bizikletaren kontrola galdu eta lurrera erorita. Anbulantzia batek artatu eta Santiago Ospitalera eraman zuen.

Udaltzaingoak beste 16 trafiko-istriputan parte hartu du asteburu honetan, baina horietan ez da inor zauritu eta ez da inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. Horrez gain, 29 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 15 jarduera egin zituzten.

Asteburuan alkoholemiako 7 prebentzio-kontrol egin dituzte hirian, eta horietan, 150 gidarik egin behar izan dituzte arauzko probak. Horietako batek emaitza positiboa eman zuen eta salaketa jarri zaio administrazio-bidetik.

Gerrikoen kontrol-kanpaina

Udaltzaingoak trafiko-kanpaina berezi bat egingo du gaurtik hasi eta martxoaren 17a arte, segurtasun-gailen erabilera kontrolatzearren. Segurtasun-uhalen erabilera egiaztatzeko kontrolak egingo dira. Haurrak Atxikitzeko Sistemen (HAS) erabilera ere kontrolatuko da.

Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako 2018-2023 Plan Estrategikoan aurreikusitako zaintza eta kontrol-jardueren barruan jasoa dago kanpaina hau, eta horren oinarrizko helburua bide-segurtasuna bermatzea eta ezbeharren ehunekoak eta horiekin loturiko lesio-arriskuak murriztea da.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 martxoa 2019 12:38

94 urteko oinezko bat zauritu da Domingo Beltran kalean auto batek harrapatuta, errepidea behar ez bezala gurutzatzen ari zela ibilgailuak jo ondoren. Kolpearen ondorioz, gizona lurrera erori zen. Anbulantzian eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

Zabalgana hiribidean gertatu den eta ziklomotor bat nahastuta dagoen istripu baten nondik norakoak ikertzen ari da Udaltzaingoa. 20 urteko gidariak lesio batzuk jasan zituen sorbaldan, eta hori zela eta, anbulantzia batean eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

Udaltzaingoak beste 10 trafiko-istriputan esku hartu zuen, nahiz ez zen zauriturik izan, eta 22 urteko emakume gidari bat ikertzen ari dira gida-baimenik gabe gidatzeagatik. Patruila batek 14:00ak aldera ikusi zuen, Izardui Komandantearen kalean autoa gidatzen eta telefono mugikorretik hizketan zihoala. Dokumentazioa eskatu ziotenean, udaltzainek egiaztatu zuten ez zeukala gida-baimenik, ez zuelako inoiz atera, eta beraz, egoki diren izapideak egin zituzten Guardiako Epaitegian, Bide Segurtasunaren aurkako delitu bat egin izanagatik.

Udaltzainek atzo 12 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 9 jarduera egin zituzten.

Suhiltzaileen esku-hartzeak

Suhiltzaileek zenbait esku-hartze egin zituzten atzo, horma-zatiak, adreiluak eta teilatuko plaka bat erori zirelako Heraclio Alfaro, Koldo Mitxelena eta Legutianoko Atea kaleetan, hurrenez hurren. Zumabide kalera ere joan ziren lurrera erorita zegoen neurri handiko zuhaitz baten adarra baztertzera.

 

Share

Aurrekoak »