Prentsa Oharren banner

Gasteizek 68.600 euroko laguntza emango du Erdi Aroko hiriguneko merkataritza dinamizatzeko

Gasteizko udal gobernuak  FEDASOC Erdi Aroko Hiriguneko Merkataritza eta Zerbitzu Elkarteen Federazioarekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du gaur,  hiriko Alde Zaharrean merkataritza sustatzeko jarduera-programa bat garatzeko, Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoaren ildotik. Hitzarmena sinatuz, Udalak 68.600 euroko laguntza ekonomikoa aktibatu du, promozionatzeko eta irudia hobetzeko jarduerak egin ditzaten.

Dirulaguntzaren zati bat, 51.000 euro, Eguberrietako kanpainan zenbait jarduera antolatzeko erabiliko da. Gainerakoa, 25.500 euro, Almendrako Azoka sustatu eta antolatzeko izango da; ekimen hori dagoeneko sendotuta dago, 2004az geroztik egiten baita hileko lehen larunbatetan.

Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak adierazi duenez, hitzarmena “funtsezkoa da FEDASOC elkartearentzat, oso urte zaila izan baita. Hiriko merkataritzak inoiz baino gehiago behar gaitu, eta erakundeok sektoreari laguntzeko neurriak hartzeko betebeharra dugu; dena dela, nabarmendu nahi dut herritarrek ere funtsezko zeregina dutela profesional horiei laguntzeko. Gasteizko Udaletik bertako merkataritzan kontsumitzeko eskatzen dugu. Betikoan, bizi guztikoan”.

Share

Udalak Gabonetako argiztapenaren osagarri, bola argitsu handi bat jarri du Andre Maria Zurian

  • Gasteiz ON elkartearen eskutik, erdiguneko plaza 12 metroko apaingarri batekin dekoratuko da

12 metroko diametroa duen gabonetako bola batek apainduko du Andre Maria Zuria plaza Gabonetan. Gasteizko Udalak Gasteiz ON merkatarien elkartearen eskutik eta Arabako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean bultzatutako argi-egitura originalak aurtengo Gabonetako argiztapena osatuko du, Gasteizko zentro neuralgikoa apainduz.

“Une egokia da jendea tokiko eta hurbileko merkataritza aukeratzera bultzatzeko, gainerako kontsumo-aukeren aurrean. Horregatik, Gabonetako kanpaina hau bereziki dinamizatuko dugu, sektorearen beraren eskutik, besteak beste, argiztapenean inbertituz”, adierazi du Maider Etxebarria alkateorde eta Sustapen Ekonomikoko zinegotziak.

Udal Sustapen Ekonomiko, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak Gabonetako argiztapena hobetzeko ahalegina egin du aurten. Izan ere, herriko merkataritzak fakturaziorik handiena izan duen garaietako bat izan da abendua, eta pandemia hasi zenetik behera egin du kontsumoak. Argi-kontratuaren esleipenduna Iluminaciones Ximenez izan zen, Vigo, Madril, Malaga eta Iruñea bezalako hirietako Gabonetako dekorazioaren ardura duen enpresa bera. Andre Maria Zuriaren Gabonetako bolaz gain, eta Gasteiz On elkartearen eskutik, pinu itxurako beste argi-egitura bat izango du aurten Gasteizek Arka plazan. Argiak abenduaren 4an, ostiralean, piztuko dituzte.

Share

Urriaren 2an (ostirala) amaituko da epea coronavirusari aurre egiteko materiala erosteko laguntza berriak eskatzeko

  • Gelak, maskarak eta manparak erosteko deialdi honetan, Udalak malgutu egin ditu betekizunak, saltegi eta enpresa gehiagotara iristearren

Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenaren Sailak urriaren 2ra arte (ostirala) izango du zabalik epea saltoki eta enpresek osasun krisialdiak sortutako gastuei aurre egiteko laguntza berriak eskatzeko. Bigarren deialdi honek 200.000 euroko aurrekontua du babes- eta higiene-materiala eskuratzeko. Programa Ekonomia Suspertzeko Planean sartuta dago, zeinak COVID-19ak tokiko sare ekonomikoan duen eragina arintzeko asmo handiko laguntzak eta ekimenak biltzen baititu.

Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean daude maskarak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak, manparak, prebentzioko eta higiene sanitarioko materiala eta instalazioak desinfektatzeko materiala, hala nola gel edo xaboi desinfektatzaileak. Birusak eragindako aholkularitza- eta kontsultoria-gastuak ere finantzatzen dira, baita itxialdian eraldaketa digitalarekin lotuta egin diren inbertsioak ere. Jarduera eten zelarik, ekipoak eta makinak martxan jartzeko beharrezko gastuak ere barne hartzen ditu. Aurkezten diren proiektuek gutxienez 500 euroko inbertsioa aurreikusi beharko dute saltoki, taberna, jatetxe eta ile-apaindegien kasuan, eta 1.000koa gainerako sektoreetan.

Alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak adierazi duenez, “laguntza hauek funtsezkoak dira hiriko sektore ekonomikoen eskari nagusietako bati erantzuten baitiote. Lehen deialdian 300 eskaeratik gora jaso ziren eta orain, elkarteen eskaria aintzat hartuta, malgutu egin ditugu betekizunak, dirulaguntzak merkatari, ostalari eta enpresari gehiagorengana irits daitezen.”

Sektorearen iradokizunek hainbat betekizun egokitzeko balio izan dute. Hala, bigarren deialdian 50 langile baino gutxiago (lehen deialdian 10 langile baino gutxiago) eta urteko negozio-bolumena 10 milioitik beherakoa duten enpresak aurkez daitezke (aurrekoan 2 milioitik beherakoa izan behar zuen). Halaber, kendu egin da negozioaren antzinatasunaren muga (lehen bi urtekoa zen).

Share