Osasunaren Udal Zerbitzuak 18.755 euro bideratu ditu Gasteizen adikzioei buruzko diagnostikoa egiteko
Tokiko Gobernu Batzordeak lankidetza-hitzarmena onartu du gaur goizean Droga-menpekotasunen Deustuko Institutuarekin, Vitoria-Gasteizen adikzioen arloan dagoen errealitateari buruzko diagnostikoa egiteko. Osasunaren Udal Zerbitzuak 18.755 euro bideratuko ditu azterlan horretara. Azterketa bost hilabetez egingo da, eta emaitzak Adikzioei buruzko V. Toki Plana egiteko erabiliko dira.
Diagnostiko kuantitatibo eta parte-hartzailea egingo da, herritarren partaidetza-prozesu baten bidez datuak bildu eta aztertuko dituena. Horren helburua izango da adikzioek (substantziekin eta substantziarik gabe) hirian duten egoera aztertzea. “Lortutako emaitzetatik abiatuta, Udalak bere erantzuna eta esku-hartzeak optimizatu ahal izango ditu adikzioak eragindako arazoen ondorioak murrizteko”, azaldu du Maider Etxebarria alkateak.
Diagnostikoaren emaitzari esker, adikzioak eta portaeraren beste nahasmendu batzuk gutxitzeko V. Toki Plana egin ahal izango da. Droga-menpekotasunen Deustuko Institutuarekin elkarlanean egingo da. Hain zuzen ere, erakunde hori drogak eta adikzioak ikertzen eta horiei buruz aholkatzen ari da 1989tik. Drogekin lotutako gaiei buruzko prestakuntza emateko, horren inguruan lan egiten duten profesionalak birziklatzeko eta ikertzeko sortutako lehen unibertsitate-institutua da.