Prentsa Oharren banner

Gasteizko Udal Musika Bandak doako hiru kontzertu eskainiko ditu Félix Petite antzokian, urriaren 6an, 13an eta 20an

 

Gonbidapenak kontzertu egunaren aurreko astelehenetik eskuratu ahalko dira

 

Gasteizko Udal Musika Bandak udazkeneko kontzertu-zikloa eskainiko du Ibaiondoko gizarte-etxeko Félix Petite antzokian. Iaz bi kontzerturekin hasitako programak hiru kontzertu eskainiko ditu aurten, hiru asteazkenetan; urriaren 6an, 13an eta 20an, hain zuzen ere. Doako kontzertu hauetan Luis Orduña eta Iker Olazabal zuzendariek entzuleak gidatuko dituzte azalpen laburren bidez, modu aberasgarriagoan entzun dezaten.

“Emanaldietako programak anitzak dira, batez ere. udal bandak Principal antzokiko denboraldian aurkeztutakoaz bestelako errepertorioa sartu nahi izaten dugu eta. Beste urrats bat da Kultura hiriko auzoetara hurbiltzeko egin dugun apustuan” nabarmendu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Lehen kontzertua, urriaren 6an, zartzuela-musikari buruzko monografikoa izango da, eta bandaren zuzendari titular Luis Orduñak “Zartzuelaren historia laburra” proposatuko du. Obrak kronologikoki aurkeztuko dira: Francisco Asenjo Barbieri ospetsuaren “Pan y Toros” obratik (1864an estreinatua), Moreno Torrobaren “Luisa Fernanda” zartzuelarako musikara (1932an estreinatua).

Bigarren kontzertuan, urriaren 13an, Iker Olazabal zuzendariondokoak “Sevilla ala San Petersburgo?” izeneko errepertorioa gidatuko du. Nabarmentzekoak dira Nicolai Rimski-Korsakov eta Aram Katchaturian konpositore errusiarren obrak eta Agustín Lara edo Pascual Marquina bezalako andaluziar musikagileenak.

Azken kontzertua urriaren 20an izango da. Udal Bandak “Gerra eta bakea” kontzertua eskainiko du Iker Olazabalek zuzenduta. Pentsatu al duzue inoiz nola konposatzen den musika gerra bat deskribatzeko edo girotzeko?  Bakearen sinonimoa al da barealdia?  Gasteizko taldea alderdi horien inguruan hausnartzen saiatuko da errepertorio erakargarri bat lagun: John Williams, Johann de Meij, Oscar Navarro eta Wolfgang Korngold-en lanak, besteak beste.

Kontzertu-egunaren aurreko astelehenetik aurrera eskuratu ahalko dira gonbidapenak, 010 telefonora deituta.

Ibaiondo kartela

Informazio gehiago

 

 

 

 

Share

Udal Bandak Iradier Arenan joko du datorren igandean, FesTValari amaiera emateko

Kultura Biziaren webgunean eros daitezke sarrerak

 

Gasteizko Udal Musika Bandak itxiko du FesTValaren 2021eko edizioa, irailaren 5ean (igandea). Oso kontzertu berezia proposatuko dute horretarako, ‘Un concierto fuera de serie’ izenekoa, zeinean Gasteizko musikariek telebistarekin lotura handia duten piezak joko baitituzte.

12:30ean hasiko da emanaldia, Iradier Arenan, Udal Bandaren zuzendari Luis Orduñaren gidaritzapean, eta FesTValaren zuzendari Joseba Fiestrasek aurkezturik.

“Udal Bandak FesTValaren barruan jotzen duen lehen aldia da, eta lankidetza honek ilusio handia egin digu. Zinema eta telebistarako musika beti agertu ohi da gure errepertorioan, adin guztietako publikoaren gustukoa baita”, azaldu du Luis Orduñak.

Datorren igandeko egitaraua, batetik, telebistako familiei eskainiko zaie, hala nola ‘La familia Addams’, ‘Los Simpsons’ eta ‘Padre de familia’, eta bestetik, telebistako ekoizpen handiei, ‘Star Trek‘ eta ‘Juego de Tronos‘ telesailei, zehazki; askotan erabilitako melodiak ere (‘Spanish Flea’ eta ‘Peter Gunn’) joko dituzte.

Telebistarako musika landu duten bertako konpositoreak ere gogoratuko ditu Bandak, Carmelo Bernaolaren ‘Banda sonora de una generación’ bilduma eta Bingen Mendizabalek ‘La Regenta’ telesailerako konposatutako balsa eta polka joz.

Iradier Arenarako sarrerak Kultura Biziaren webgunean *(esteka jarri) eros daitezke dagoeneko: pistakoek 6 euro balio dute, eta harmailetakoek, 5 euro.

Gasteizko Telebista Jaialdia abuztuaren 31tik irailaren 5era bitartean egingo da. Kontzertuaz gain, programa zabala antolatu da: denboraldiko telesail nabarmengarrienen eta telebista-kateen programa berrien aurkezpenak, proiekzioak, omenaldiak, hedabideetako profesionalen mahai-inguruak, lan-jardunaldiak, telebista eta irrati lantegiak kalean, eta zuzeneko saioak.

Informazio gehiago

 

 

Share

Bertan behera utzi du Udal Bandak datorren igandeko —maiatzak 23— kontzertua

Gasteizko Udal Musika Bandak bertan behera utzi du datorren igandean —maiatzak 23— ‘New Orleansetik Abbey Roadera’ izenburuarekin Principal Antzokian emateko asmoa zuen familientzako kontzertua. Hain zuzen ere, 18:00etan izatekoa zen kontzertua, 6 urtetik gorakoei zuzendua, baina ezingo da egin.

Udalaren Antzoki Sareak itzuli egingo du sarreren zenbatekoa. Informazio gehiago esteka honetan.

Share

Udal Bandak ‘Talentu bakarlariak’ kontzertua eskaini du, Jesús Guridi Kontserbatorioko ikasleekin.

Hitzordua, ‘Gasteiz Talent’ zikloaren barruan, martxoaren 17an izango da, arratsaldeko 7etan.

 

Datorren asteazkenean, martxoaren 17an, Jesús Guridi Musika Kontserbatorioak ‘Talentu bakarlariak’ kontzertua eskainiko du. Bertan, Gasteizko Udal Musika Banda, Luis Orduñak zuzenduta, taula gainera igoko da, ikastetxeko bertako ikasleak babesteko. Hitzordua arratsaldeko zazpietan izango da eta streaming bidez jarraitu ahal izango da esteka honetan.

 “Musika-zaletu guztiak gonbidatzen ditugu ekimen honekin bat egin dezaten. Ekimena ‘Gasteiz Talent’ zikloaren barruan egingo da, Bandaren eta hiriko musika-eskolen arteko lankidetzan. Talentu handia dago hirian, ekitaldira joango den publikoak egiaztatu ahal izango duen moduan”, adierazi du Estíbaliz Cantok, Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotziak.

Errepertorioan, besteak beste, abesti hauek daude: C. Saint Saens-en ‘Morceau de Concerto’, Philip Sparke-ren ‘Symphonic Metamorphosis’; André Waignein-en ‘Three Movements. II Mov.’; Rita Defoort-en ‘A tribute to Benny Goodman’; André Waignein-en ‘Dunamis’; Ferrer Ferrán-en ‘Euterpe’ eta Pedro Iturralderen ‘Pequeña Czarda’.

Honako hauen partaidetzarekin: Elena Angulo tronpan, Sara Cuenca flautan, María Arriba klarinetean, Enara Eguileta saxofoian eta Enma Aguinaco pianoan.

Sarrerak Musikaetxean eskura daitezke (San Antonio kalea, 14 – Tel.: 945 16 11 34) jendearen arretarako ordutegian (08:30 – 21:00) ostegunetik, 2021eko martxoaren 11tik, aurrera. Pertsonako gehienez 4 gonbidapen.

Informazio gehiago

Share

(estekaz eguneratua) Marcel Ortegak zuzenduko du Gasteizko Udal Banda datorren asteazkenean Principal Antzokian

Bandaren abonamenduko laugarren kontzertua, ‘Horizonte XXII’, streaming bidez emango da, eta lehenengo aldiz rap-kantari batekin arituko da, Kloyrekin

 

Gasteizko Udal Musika Bandak Marcel Ortega izango du zuzendari gonbidatua abonamenduko bere laugarren kontzertuan, “Horizonte XXII”, datorren asteazkenean, otsailak 10, Principal Antzokian. Bandaren historian lehenengoz, rap-kantari batek ere hartuko du parte, Kloyk.

Bandak kalitateko errepertorioa eskainiko du, lehenengo aldiz jotzen duen piezaz osatua: “Asimov’s aviary”, Joel Puckett-ena (5’); “Febris ver”, Nancy Galbraith-ena; “Ikiru Yorokobi”, Roger Boutry-rena eta 6. Sinfonía 6, “Grafítica”, Andrés Valero Castells-ena.

“Jarraitu Bandari” ekimenari esker, kontzertua streaming bidez ikusi ahal izango da udalaren webgunean.

Zuzendariaren oharrak

Musikak mugiarazten gaitu, baina eragin ere egiten digu: historian zehar, sortzaile guztiek beren une historikoetako erronkak eta krisiak bizi izan dituzte artistikoki. Hala, Andrés Valerok Espainiako sorkuntzako azken hogei urteetako obrarik interesgarrienetakoa sortu du, dakarren mezuagatik zein hura adierazteko eragatik. Izan ere, azken batean, geure buruari hainbestetan egiten diogun galderan laburbiltzen dira geure mendeak planteatzen dizkigun erronkak: Nolako mundua utzi nahi diegu geure seme-alabei?

Nolako mundua hartuko dut oinordetzan XXII. mendeak XXI.a modelatu dugunon eskutik? Valero Castellsen “Sinfonia Grafítica”rekin batera, 80ko hamarkadan Roger Bountyk jada sumatzen zuen eta bizitzearen harribitxiaren aldarri batean bideratu zuen kulturartekotasuna; bibrazioz Nancy Galbraithek mamitzen duen naturarekiko eta haren betiereko birjaiotzearekiko mirespena; Asimoven irudimen mugagabea, zeina zientziaren ahalmenen aurretik baitzihoan eta Joel Puckettek soinutan imajinatu baitzuen. Laurek interpelatzen gaituzte, eta gu zein gure inguruko errealitatea seinalatzen gaituzte. Onartuko al dugu haien erronka?

Marcel Ortega

 

 

 

 

Share

Udal Bandak “Pangea, gure planetaren musika paisaia” kontzertua emango du datorren igandean, Principal Antzokian

Emanaldia 18:00etan hasiko da, eta familiei zuzenduta dago

Gasteizko Udal Musika Bandak “Pangea, gure planetaren musika paisaia” kontzertua emango du datorren igandean (otsailak 7), Principal Antzokian, Luis Orduñaren zuzendaritzapean. Emanaldia 18:00etan hasiko da, eta 6 urtetik gorako familiako kide guztiei zuzenduta dago.

Kontzertuan Abraham Cupeirok, zeina munduko musika tresnen bakarlari eta “Pangea” proiektuaren sustatzailea baita, eta Josune Vélez de Mendizábal aktore-narratzaileak hartuko dute parte.

“Orain dela 200 milioi urte, kontinente bakar eta erraldoi bat zegoen gure planetan: Pangea. Hura pitzatzen hasi, eta, denboraren poderioz, gaur egun ezagutzen ditugun kontinenteak sortu ziren. Kontzertuan, Lurraren parteak lotuko ditugu proposatzen dugun musika-bidaian. Pangea gure planetaren kultura-aniztasunaren aldarria da”, azaldu du Luis Orduñak, Udal Musika Bandaren zuzendariak.

Emanaldia “Familientzako musika” abonamendukoa da, eta ordu bat eta 15 minutu iraungo du.

Abraham Cupeiroren oharrak

“1910ean, Alfred Wegener meteorologo alemana, atlasa begiratzean, ohartu zen kontinenteen siluetak elkarrekin ahokatzen zirela, eta harrezkeroztik datuak biltzen hasi zen; datuak gero “Kontinenteen eta ozeanoen jatorria” bere liburuan argitaratu zituen. Berak zioenez, orain dela 300 milioi urte, mundua kontinente bakar batek osatzen zuen, Pangeak, zeinak grekoz “Lur osoa” esan nahi baitu.”

“Biologiaren ikuspegitik, teoria horrek azaltzen du ozeanoek bereizita dauden kontinenteetako espezieen arteko ahaidetasuna. Geologiaren ikuspegitik, azaltzen du zergatik dauden antzeko formatu geologikoak kontinente ezberdinetan. Lehorrean bizi gara gizakiok, baina ozeanoek ezartzen dute, agian, zer klima dagoen eta, zenbaitetan, zer orografia dagoen, eta nolako izaera duten toki bateko biztanleek.”

“Obra honekin, Lurra batu nahi dugu musikaren bidez, modu metaforikoan, funtsezkoa baita denok bat egitea geure planetaren suntsipena geldiarazteko. Bat egite hori ezinezkoa izango litzateke, hirugarren elementu batengatik izango ez balitz: airea. Izan ere, airerik gabe, musika-tresnen soinuak ezin izango luke espazioa zeharkatu eta gure belarrietara iritsi. Musika tresna horiei, apalago diren beste batzuk gehitzen zaizkie, zeinek iradokitzen baitituzte eraman nahi zaituztegun kulturak eta paisaiak.”

“Entzun dadila musika Lurraren hondo-hondotik, ozeanoen hondo-hondotik!”

Abraham Cupeiro

Share

‘0 km-ko musika’ izenburuaren pean, Udal Banda gasteiztarrekin elkartuko da berriro datorren ostiralean

Gasteizko taldeak doako zazpi kontzertu emango ditu irailera arte, eta horretarako sarrera erreserbatu beharko da.

 

Gasteizko Udal Musika Banda uztailaren 10ean, ostiralean, bilduko da berriro bertako publikoarekin, Covid-19ak eragindako nahitaezko geldialdiaren ostean. Eta ahalik eta ondoen egin nahi du, jai-giroko kontzertu alai eta oso gertukoekin.

“Gure publikoarekin berriro elkartzeko Uraren Ezkutuko Lorategia aukeratu dugu, gure egoitzaren ondo-ondoan. Eta bultzatu eta sendotu nahi dugun ildo baten barruan egingo dugu: Gasteizko eta Arabako atzoko eta gaurko musikagileei ahotsa ematea“, adierazi du Bandako zuzendari Luis Orduñak.

Hain zuzen ere, ‘0 km-ko musika’ proiektuak musikagile klasikoen lanak ez ezik, hala nola Felipe Hernando, Jesus Guridi eta Luis Arambururenak, artista garaikide garrantzitsuenak ere barne hartuko ditu, besteak beste, Bingen Mendizabal, Joselu Ruiz de Gordoa, Eduardo Moreno eta Silvia San Miguelenak.

“Konfinamenduan zehar konturatu gara zein garrantzitsua den gure inguruan dugun guztia, gure familia eta lagunak, bizilagunak eta gure baratzetako produktuez hornitu gaituzten saltokiak. Izan ere, aurreko hilabeteetan bizi izandako egoerak eta antzekoak baliagarriak izan daitezke dugunaz hausnartzeko eta hori baloratzeko, “esku-eskura edukitzeagatik” ez baitugu beti behar bezala baloratzen“, adierazi du Orduñak.

Zikloa uztailaren 10ean hasiko da, arratsaldeko zazpietan, eta iraileko beste bi egunetan jarraituko du. Lehenengo bi kontzertuak Araban XIX. eta XX. mendeetan jaiotako egileei eskainiko zaizkie, eta hirugarrena, Gasteizen jaio ez arren, ibilbide profesionala edo bizitza pertsonala Gasteizen edo Araban garatu duten egileei. Luis Orduñak zuzenduko ditu hiru saioak.

Nabarmenduak

Errepertorioak estreinaldi bat eta Udal bandak lehen aldiz joko dituen zenbait lan barne hartzen ditu. “Guretzat plazer handia da estreinaldiko lan bat aurkeztea, Urrezko Zeledon den Joselu Ruiz de Gordoa konpositorearen oparia. Bals dotore eta delikatua da, positibotasunez betea, eta ‘Izarren dantza’ izenburua du”, nabarmendu du zuzendariak.

Taldeak lehen aldiz interpretatutako piezei dagokienez, Eduardo Moreno, Silvia San Miguel edo Bingen Mendizabalen lanak ditugu, oso leku ezberdinetan estreinatu zirenak: Guardia, Estatu Batuak edo Televisión Españolako ekoizpenak. Horiez gain, Emilio Serrano, José Fresco eta Felipe Hernando egile arabarren lanak ere joko dituzte.

Beste hitzordu batzuk

Gasteizko Udal Bandak musikarekiko beste lau hitzordu eskainiko ditu irailera arte.

Uztailaren 17an, ‘Heroiak eta makurrak’ izenburua duen kontzertua eskainiko du Musika Bandak Uraren Ezkutuko Lorategian, eta besteak beste Conan el Barbaro, Alatriste eta Aitajauna pertsonaia ezagunei eskainitako konposizioak eskainiko ditu. Berriki zendu den Ennio Morriconeren omenaldia ez da faltako.

Uztailaren 24an, ‘Musika latindarra’-ren txanda izango da. Bandak lan ezagunak joko ditu, ‘La Cumparsita’ tangoa edo Perez Pradoren estiloko mamboa, esaterako.  Soinuzko bidaia izango da, Habanatik abiatuta Amerika osoa zeharkatuko duena, Oscar Navarro konpositore valentziarraren ‘Paconchita’ obertura latinoarekin amaitzeko.

Bi kontzertu horiek Iker Olazabalek gidatuko ditu.

Abuztuaren 4an jada, Udal Bandak ‘Urrezko Zeledon’ galan joko du, Principal antzokian, ‘Euskal Herriko jaiak’ izenburupean eta Luis Orduña zuzendari dela.

Programak irailean jarraituko du, eta Iker Olazabalek bi kontzertu tematiko gidatuko ditu Uraren Ezkutuko Lorategian. Irailaren 11n, ‘Pertsonaia historikoak’ saioak beren ideia, asmakizun, ekintza edo aurkikuntzen bidez munduan eragin erabakigarria izan duten ehunka pertsonaia ospetsu omenduko ditu. Esploratzaileak, filosofoak, konkistatzaileak… historiako pertsonaia garrantzitsu horiei eskainitako musika programatikoa.

‘Espazioko abentura’ saioak emango dio amaiera programazioari, irailaren 25ean. Konposizio asko eskaini zaizkio espazioarekin lotutako gaiei, edo horietan inspiratu dira, horregatik, bandak ‘Apollo 13’  filmeko musika hartuko du abiapuntutzat, Marcel Peetersek meteoritoei buruz landutako musikarekin jarraitzeko, Richard Strauss edo Gustav Holst bezalako konpositore historikoez ahaztu gabe.

Sarrerak

Sarrera erreserbatu beharko da doako ekitaldi horietara joateko, online, udalaren webgunearen eta Entradium plataformaren bidez, edo 945 16 16 18 telefonoan, 09:00etatik 15:00etara.

Share