Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Talde politikoen adierazpena  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  31 urtarrila 2019 12:16

Joan den asteburuan hil zen Oier Gómez Mielgo preso ohi gasteiztarra, urtetan gaixo egon ondoren. Izan ere, 2012an, espetxean zegoela, Hodgkin-en linfoma bat diagnostikatu zioten, zeinaren ondorioa gaixotasun larri eta sendaezina izan baitzen.

2017ko udaberrian onetsitako mozio batean, Gasteizko Udalak erabaki zuen eskumena zuten Frantziako agintariei eskatzea presoaren egoera kontuan har zezaten, hau da, gaixotasun larri eta sendaezina zuela. 2017ko apirilean zigorra etetea erabaki zuen Parisko epaitegiak, eta geroztik Lapurdin artatu dute, azken egunetara arte.

Gasteizko Udalak elkartasuna eta babesa adierazten die Oier Gómezen senide eta gertukoei.

Gaixotasun larriak dituzten presoek beharrezko diren tratamendua eta zainketak jaso behar dituzte. Beste edonork bezala, gaixotasunari ahalik eta baldintza onenetan aurre egiteko eskubidea dute, gainditu ahal izateko. Espetxetik ateratzeko eskubidea gaixotasuna sendaezina izan arte ukatzea heriotza-zigorraren baliokidea da presoarentzat. Oierri ukatu egin zitzaion beharrezko diren tratamendua eta zainketak jasotzeko aukera, eta espetxean egoteak zaintza eta arreta egokiak garaiz jasotzea eragotzi zion, senide eta lagunen hurbiltasuna eta laguntza izatea eta konfiantzazko medikuek artatu ahal izatea.

Gasteizko Udalak aktiboki lan egingo du Oier Gómezenaren antzeko kasurik berriro gerta ez dadin. Gaur egun 21 euskal preso daude espetxean askatu aurretik Oier Gómezek jasan zituenen antzeko baldintzetan. Egoera horiek azter ditzaten eskatzen die Gasteizko Udalak agintari judizialei, eta behar diren neurriak har ditzaten haien narriadura fisiko edo psikikoa eragozteko, espetxetik ateratzea, besteak beste.

 

 

 

Share