Prentsa Oharren banner

Gamarra Nagusiko zenbait espazio berritzeko lanak esleitu dira

Udal Gobernuak Gamarra Nagusiko zenbait gune eraberritzeko kontratua Construcciones Arana enpresari esleitzea onartu du gaur, 93.249,13 euroko zenbatekoan, BEZa barne, eta 2 hilabeteko egikaritze-epearekin.

Herriaren sarrerako espaloia zabalduko da, Bastobi kalean, eta oinezkoentzako bidea hobetuko, espaloietan beheraguneak jarri eta zebra-bideak pintatuz, haurrentzako jolaslekua dagoen plazako espaloiraino. Herrira sartzeko bide hori da ibilgailuentzat egokitutako sarbide bakarra, eta 3,8 metroko zabalera du lekurik estuenean. Horrez gain, haurrentzako jolaslekua dagoen plaza eraberrituko da; zoladura elastikoa jarriko da hormigoizkoaren ordez,  bankuak ordeztuko eta haur-jolas berriak jarriko. Zoladura elastikoaren azpian bi hustubide jarriko dira, euri-uren sareari lotuta.

Plaza inguratzen duen horma ere eraberrituko da, oso hondatuta baitago hainbat lekutan, sarrera lekuz aldatuko da, zebra-bidearen parean gera dadin, eta estalkia jarriko zaio, urak eragiten duen narriadura saihesteko.

Artandi kalean, lotu egingo dira bi espaloi, galtzadaren tarte bat oinezkoei lehentasuna emateko moldatuz, zebra-bide bat pintatuz eta espaloietan beheraguneak jarriz, irrisgarritasuna ahalbidetzeko.

Share

Esleitu dira udaletxeko estalkia berritzeko lanak

Tokiko Gobernu Batzarrak Esparza Obras y Proyectos SL enpresari esleitu dizkio udaletxeko teilatua eraberritzeko lanak, 282.479,15 euroan (BEZa barne), hau da, hasierako prezioa 88.000 euro baino zertxobait gehiago beheratu da.

“Estalkia oso hondatuta dago, eta horrek filtrazioak eta kondentsazio-hezetasuna sortzen ditu. Horregatik, teila guztiak berrituko ditugu, eta isolamendua instalatuko dugu, eraikinaren portaera termikoa hobetzeko eta kondentsazioak eragozteko“, azaldu du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek.

Bide batez, beste alderdi batzuk hobetuko dira, esaterako, segurtasun-neurriak ezarriko dira gerora mantentze-lanak egin behar direnerako.

Lanak gauzatzeko epea 190 egun naturalekoa da.

Udaletxea eraikin neoklasikoa da; Justo Antonio Olagibel arkitektoak diseinatu zuen, eta 1791ko abenduaren 24an inauguratu zen, egun hartan egin baitzuen Udalak lehen saio instalazio berrietan.

 Beste esku-hartze batzuk

Horretaz gain, Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak udal eraikinak mantendu eta hobetzeko beste lan batzuk egitea aurreikusi du: Ibaiondoko gizarte etxeko estalkiak konpontzea, 79.609,68 euroko aurrekontua (BEZa barne) eta gauzatzeko 45 eguneko epea aurreikusita, eta estalkiak berritzea San Ignacio ikastetxe publikoko haurren eraikinean zein Gurutzmendi haur-eskolan, 80.426,34 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).

Orobat, aldagela bat egokituko da Oreitiasoloko lantegiko solairuartekoan, 163.714,04 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).

 

 

Share